Beste morroi-mota bat ere badute: hala nola atzerritar langile behartsu baina kementsu batek bere baitarik erabakitzen duelarik haien zerbitzura etortzea. Morroi hauek guziz gizonki darabiltzate eta lanean gogortuak izanez, besteek baino lan gehiago emaiterik ez balute, ez litzateke haien zortea beste herritarrena baino batere txarragoa. Eta batek joan nahi baldin badu -nahiz ez den maiz gertatzen- ez dute bortxaz atxikitzen; ez eta ere eskuak hutsik bidaltzen.
Eriak, erran bezala atxikimendu handiarekin artatzen dituzte: deusen eskasik ez dute osasuna bihur liezaiekeenik, ez sendagailurik ez jateko edo edateko berezirik. Eta ezin sendatuzko gaitz batek joak direnak, haien ikustera joanez, haiekin solastatuz, hots ahal bezainbat haiek mainatuz, soleitzen dituzte.
Eritasuna bizkitartean ez baldin bada bakarrik ezin sendatuzkoa, baina oraino etengabeko oinaze izigarrien kausa, orduan apezak eta kargudunak heldu zaizkio aholku emaitera eriari: bere biziko eginkizunak ez dituenaz geroz betetzen ahal eta herioa ezin urrunduz daraman bizia besteentzat poxelu bat eta beretzat zama bat denaz geroz, ez dezala gehiago bere burua utz izurriak hirotzera eta gaitzak jatera. Ez dadila hiltzeko beldur izan oinaze huts denaz geroz bizia harentzat. Itxaropenak azkarturik, ezin jasanezko bizi honi ihes egin diezaiola presondegiari eta estira-orratzei bezala, edo berak bere buruaz beste eginez edo berak besteei eskatuz ken diezaioten bizia. Hori eginez, nola ez duen herioak biziko gozoaz gabetzen, baina oinazetik ateratzen, zuhurki jokatuko da eta bestalde nola apezen -hau da Jainkoaren arartekoen- aholkuei jarraikitzen zaien bere debozionea eta saindutasuna erakusten du. Kontseilu horien arabera, edo goseak hiltzen dira beren baitarik, edo loakarrarazten dute beren burua; hil daitezen ohartu ere gabe. Baina ez dute nehor hilarazten berak ez baldin badu nahi eta ez dizkiote ere nehori hartzen zituen artak kentzen. Ohoragarri daukate bizkitartean erran dugun gisan, nork bere burua hiltzera uztea. Bestela, bere buruaz beste egiten duena senatoreen eta apezen onarpenik gabe, hura ez dute nahi ez suan erre ez lurrean ehortzi; eta haren gorputza aurtikitzen dute ahalkegarri, ehorzketarik gabe, lohidoi batera.
Hemezortzi urteak bete aintzin, ez dira emazteak ezkontzen; gizonak ere ez, lau urte gehiagorekin baizik. Gizona ala emaztea, ezkon aintzin, ixilka lizundu dela frogatzen baldin bada, garrazki gaitzesten dute; eta bati ala besteari debekatzen zaie ezkontzea, non ez dien Buru Lehenak hutsaren barkamena emaiten.
Bestalde nahigabea gertatu den etxeko aita eta ama, bat bestea bezain handizki desohoratuak dira; ez dutelakotz behar bezala begia atxiki. Zergatik dute gaztigatzen hoin gogorki gaitz-mota hori? Zeren ohaidego aldakor horiek oro ez balira osoki eragozten iduritzen baitzaie laster nehor gutik onar lezakeela ezkontzako maitasun-lokarrietan sartzea; han behar delakotz lagun bakar berarekin bizi guzia iragan, eta gainera bizimolde horren araberako unadura jasan.
Ezkontidea hautatzerakoan, badute ordea utopiarrek ohitura bat, guri guziz zoroa eta behinkoaz irrigarria iduritzen zaiguna eta haiek guziz hertsiki begiratzen dutena: emaztegaia beraz, ezkongabea ala alarguntsa, biluz gorritan aurkezten dio andre zuhur eta ohoragarri batek bere senargaiari; eta berdin gizongaia, biluzirik gizon zuhur batek bere andregaiari.
Baina guk desegokia kausitzen genuelarik ohitura hori eta irrifarrez gaitzesten, haiek harrituak zeuden, beste herri guzien erokeria handia ikusiz: behor bat erosten delarik alabaina eta diru puska bat arriskatzen, zer artarekin ez da, tratua egin aintzin biluz hurran delarik animalia, bere zela eta pilda guzietarik biluzten, arnesen azpian zauri gaizto zerbait gorde dakion beldurrez? Ezkontidea hautatzean ordea -bizi guziko zoriona ala zorigaitza hautu horri doakiolarik- hain ezaxolki dihardute non, gorputz guzia jantziz estalia delarik, ahurraren eremuarekin bakarrik -aurpegia baizik ez da ikusten- estimatzen dute emazte osoaren balioa, gero hura hartzen eta arriskatzen -ez arrisku tipia- zerbait akats ager baledi ondotik gaizki heltzea harekin.
Ezen ez dira denak aski zuhur izpirituko dohainei behatzeko bakarrik; eta jende zuhurren ezkontzan ere ezin da gutiets gorputzeko dohainek izpiritukoei eransten dieten gehiagoko hura. Halako zauri itsusia gorde daiteke jantzi ederrenen azpian non senarraren bihotza osoki urrunt baitezake andrearenganik; nahiz ez zaien ja zilegi bereiztea elkarretarik. Horrelakorik gerta baledi ezkondu ondoan behar luke bakoitzak bere zorigaitza jasan; baina ezkon aintzin legeari dagokio horrelako ataketan erortzetik herritarren zaintzea.
Utopiarrak hainbat gehiago arduratu dira gai honetaz, beren eskualdeetan bakarrak direlakotz ezkonlagun bakoitzarekin gelditzen direnak eta herioak baizik hauts ez dezakeen ezkonlokarria onartzen dutenak, non ez den adulteriorik edo bat edo bestearengatik bizimolde ezin jasanezkorik. Kasu horietan Senatuak emaiten dio iraina jasan duen lagunari ezkontidez aldatzeko baimena; hobenduna kondenatzen dutelarik sekulakotz bakarrik bizitzera desohorean.
Kasu horietarik hara, hobenik ez duen emazte bat gibelera igortzea gogoz kontra, zerbait narrio etorri zaiolako aitzakiarekin, ez dute nehoiz, neholaz onartzen. Basakeria hutsa daukate, beharrik handienean delarik nehor baztertzea eta zaharrei -zahartzaroa delarik gaitz guzien ama eta gaitz gaiztoena bera- dudazko fede eskas bat emaitea.
Senar-emazte batzuek halere, bizimolde onik ez dutelarik elkarrekin eta bakoitzak bere aldetik bizi atseginago baten eramaiteko lagun-gai berri bat aurkitu duelarik, bereizten ahal dira gogo onez eta ezkontza berri bati lotzen; ez hargatik Senatuaren baimenik gabe. Senatorek, aldiz, ez dute bereizketarik onartuko, berek beren ezkonlagunaren laguntzarekin kasua artoski ikertu aintzin, eta horrela ere, ez dute errazki erabakiren, zeren baitakite ongi ezkontza berri baten errazegi egiteko menturak ez duela batere ezkonlagunen arteko maitasuna finkatzen.
Morroitza garratzenaz zigortzen dituzte ezkontza-hausleak; eta bi hobendunak beren aldetik ezkonduak baldin baziren, irainduak izan diren ezkonlagunak lagun hobenduna utzirik ezkon daitezke elkarren artean edo iduritzen zaien beste batekin. Bizkitartean iraina jasan duenetarik batek hain gaizki ibili zaion laguna beti maite baldin badu, ez diote debekatzen aintzineko ezkontzari jarraikitzea; bere laneko gaztigu-lekura lagun hobendunarekin joaitekotan. Horrelakoetan gerta daiteke baten urrikiak eta bestearen garrak eta atxikimenduak Buru Lehenaren bihotza hunkitzea, eta honek orduan bi senar-emazteak aske uztea. Huts berean berriz erortzen denari haatik, emaiten diote herio-zigorra. Beste gaizkileentzat ez du legeak gaztigurik finkatzen: Senatuari doakio aldi bakoitz gaizkinaren gaiztakeriaren arabera erabakitzea. Beren senarrek zentzatzen dituzte emazteak; eta haurrak beren burasoek; non ez duen gaizkilearen gaiztakeriak berak eskatzen moraltasun publikoarengatik gaztigu publikoa.
Gaizkile handienak oro morroitza gaztiguaz zigortu ohi dituzte; zeren gaztigu hori beste edozein bezain gogor baitzaio gaiztaginari eta gaiztaginak berehala xahutzen dituen presakako erailtze bat baino baliagarriago herriari. Haien heriotzea baino baliosago da haien lana alde batetik eta bestetik haien gaztiguaren irakaspena iraunkorrago beldur zentzagarri bat sarrarazteko. Jazartzen direlarik eta bihurtzen gaiztaginak, orduan bai kalitzen dituzte abere basa hezgaitzak bezala, ez presondegiak ez kateek ez dituztenaz geroz menderatzen ahal.
Beren gaztigua jasaiten badakitenek, aldiz, ez dute zeren etsimendutan eror: luzaz jasan dituzten oinazeek guritu dituztelarik haien gogo-bihotz gogorrak eta beren urrikiaren berme erakutsi dutelarik berek egin gaizkiaz damutuago direla haren ondorioz pairatu gaztiguaz baino, orduan morroitzaren pena arin edo osoki ken diezaieke bai Buru Lehenak bere barkatzeko eskuaz baliatuz bai populuak bere botzez erabakiz. Lizunkeriara deitzen duenari ala lizunkerian diharduenari auzi bera egiten zaio zeren auzi guzietan entseiu nabari eta deliberatua, ekintzaren beraren pareko baitaukate: ez dute uste alabaina xede gaiztoak huts egin baldin badu, hori baliatu behar zaiola neholaz huts egin ez zezan ahalak oro egin dituenari.
Bufoiak asko maite dituzte: haietaz trufatzea gaitzesten dute; baina haien zorakeriez irri egitea zilegi zaie. Irri eginez bestalde, bufoiei zerbitzu egiten zaie eta nehor aski iluna eta mokorra baldin bada, edozein jostakinen solasez edo keinuez irri tuntik ez egiteko ez diote sekula hari bufoirik emanen; ezen beldur dira, bufoi batek berez daukan dohain bakarra, abusatzeko dohaina, ez beste bihi bat, balia ez dezakeen nagusi horrek ez diezaion erakuts hartzen duen atxikimendu-doia.
Gizon eskoil edo moldegaitz batez trufatzea ahalkizungarri da, eta itsusi; ez trufatua denarentzat, baina trufariarentzat; zoro horrek, senda ez dezakeen gaitz batez hobendun egiten baitu hobenik ez duen gaixo bat.
Bere berezko itxura ederraz artarik hartzen ez duena haientzat nagia da eta alferra. Baina esnurinak erabiltzen dituena ere fazatsutzat daukate. Badakite ezen ongi frogaturik, beren senarren begietan emazten begirunea eta zintzotasuna gomendagarriago direla haien itxura eta grazia baino. Eta itxurak berak batzuk biltzen baldin baditu ere, ez du nehor loturik atxikitzen bertuteak eta jauspenak baizik. Utopiarrek ez dituzte bakarrik beren herritarrak gaizkitik urruntzen gaztiguen beldurrez; baina bultzatzen ere dituzte onera ohoreak hitzemanez: horra zergatik, herriko plazetan ezartzen dituzten herritar aipatuen eta herria handizki zerbitzatu dutenen irudiak; iragan ekintzen oroitzapena begiratzeko eta ondotik datozenei aintzinekoen ospeari esker, bertuterako akuilu bat eskaintzeko xedetan. Azpijokoz kargu zerbait eskuratu nahi izan duenak sekula deus horrelakorik ardiesteari uko egin behar dio.
Guziz maitagarria da elkarrekin daramaten bizia: kargudunak adibidez, ez dira ez handiosak ez beldurgarriak; "aitak" deitzen dituzte eta hala dira egiazki. Herritarrek eskaintzen diete hartzen duten begirunea; baina nahi ez dutenak, ez dituzte horretara behartzen. Buru Lehena bera, ez du ez koroak ez jantziak bereizten; bere aurrean eramaiten dioten gari-azauak baizik. Eta berdin, aintzinean eramaiten dioten tortxak ezagutarazten du Apez Nagusia.
Lege ainitzik ez dute utopiarrek; dituzten erakundeekin guti aski baitute. Oroz gainetik beste herriak gaitzesten dituzte; hainbeste lege eta irazkin izanki eta, beti berriak behar dituztelakotz. Haien iduriko, nehork irakurtzeko gehiegi badiren eta nehork ulertzeko nahasiegi diren legeak begiratzera herritarrak hertsatzea, bidegabekeria handia da.
Abokatuek gainera ez dute lekurik haien uhartean; jende horiek maltzurki itzulikatzen dituztelakotz legeak eta jukutriaz eramaiten auziak. Auzilari bakoitzak berak zaindu behar du bere burua: abokatuari erran liezaiokeen hura bera erran biezaio epaileari. Itzulinguru gutiago izaiten da horrela eta errazkiago argitzen egia; zeren mintzo dena ez baitu nehongo abokatuak "alegia egiten" eskolatu. Epaileak orduan denak bederazka eta zuhurki haztatzen ditu; bihurrien jukutrien kontra jende xehea lagunduz.
Beste herrialdeetan ez da erraz horrelakorik ikusten beren lege korapilatsuen meta izigarriarengatik. Baina Utopiako uhartean herritarrak oro jakintsu dira legegintzan; ezen erran bezala, alde batetik legeak biziki guti dira eta bestetik zenbat eta argiago, hainbat eta zuzenago erraza da haien adierazpena. Lege guziak alabaina egiten dira haien arabera, bakoitzak jakin dezan non zer duen eginbide. Baina zailegi baldin bada legearen argitzea, nehor guti da hartaz baliatuko; nehor gutik dezakeelakotz uler haren adierazpena; adierazpen hori aldiz arruntena baldin bada eta ageriena, argi da legea herritar guzientzat.
Jende xeheari dagokiola bestalde, hura baita gehiengoa, hura ere gehienik argitu-beharra, zer axola zaio hari legeak izan edo ez izan? Gero egin ondoan, haien adierazpena nehork ez badezake eman non ez duen izpiritua guziz zorrotza eta gainera haien luzaz eztabaidatzeko ez baldin badu astirik. Baina horrelako ikerketarik ezin du egin jende xehearen izpiritu urriak, egunean eguneko ogia irabazi-beharrez diharduelarik bizi guzian.
- * *
Utopiarren auzo zenbaitek haien bertute harrigarriak ikusirik, beren gain jarriak direnek jakina, -andana bat baitzuten lehenago tiranoen menetik askaturik- eta beren baitarik epaileak jesaten dizkiete; batean urte batentzat, bestean bostentzat. Epe hori bete eta, beren sorterrira laguntzen dituzte, ohore eta goresmen guziekin eta berriak ekartzen aintzinekoen orde.
Ohitura hori duten auzo-herriek gaitzeko hobari ederra egiten diote beren erresumari ezen erresumaren on-gaitzak epaileen ohiturei dagozkie eta hautu hoberik ezin dute egin: nehongo diruak ez ditu erosiko alabaina, laster etxera itzuli behar dutenaz geroz deusetako diru hori ez bailukete. Eta bestalde nehoren alde ez kontra ez dira isuriegiak izanen, ez dutenaz geroz nehor ezagutzen. Bi gaitz horiek, alderdikeria eta diru-gosea sartzen direlarik bada auzitegietan, ordu berean zuzentasuna bera, hau da erresumaren zain nagusia errautsia da. Kargudunek eskatzen dizkieten herri horiek beraz utopiarrek deitzen dituzte "herri elkartuak". Besteak, haien laguntzaz bestalde baliatu direnak "adiskideak" deitzen dituzte.
Tratatuak aldiz, hots beste herriek hainbeste aldiz sinatzen, hausten eta erreberritzen dituzten hitzarmenak ez dituzte utopiarrek nehongo herri-bihi batekin izenpetzen. Zertako egin hitzarmenik? diote. Naturalezak berak ez ote dio aski finki lotu gizona gizonari? Eta uste ahal duzu naturaleza erdeinatzen duena, hitz huts batzuez arduratuko dela? Aburu horretaratu dira bereziki ikustearekin zein zintzotasun gutirekin urrungo lehor haietan printzeek begiratzen dituzten beren kontratu eta hitzarmenak.
Europan jakina, Kristau-fedea eta erlisionea nagusi diren eskualdeetan oroz gainetik, kontratuetako hitza guziz saindua eta hautsiezina daukate: eta hori zor zaio, printzeen beren bihotz on eta zuzenari alde batetik, Pontifize Nagusien edo Eliz Buruzagien larderia beldurgarriari bestetik; hauek, alabaina ez dute lehenik berek deus hitz emaiten non ez duten gero artoski hura betetzen. Beste printze guziei agintzen ahal diete orduan, hitz emanak oro, gisa guziz begira ditzaten eta iheska dabiltzanak berriz hertsa ditzakete, elizaren gaztiguez eta beren larderiaz.
Zinez zuzen dabiltza Elizgizonak ahalgegarri daukatelarik, "fededun" izen ederra daramatenak berak beren hitzarmenetan "fede txarreko" agertzea.
Baina, ekuadoreko gurpilak baino gehiago bere bizimoldeak eta ohiturek gure mundu honetarik urrun daukaten Mundu Berri hartan, ez dute sineste-izpirik tratatuetan: zenbat eta elizkizun saindu gehiagorekin baitituzte ospatu, hainbat lasterrago dituzte hausten. Ezen ez da gaitz hitzarteetan huts bat edo beste atzemaitea; espres aintzinetik artezki utzi baitituzte, hartzen dituzten lokarriak ez daitezen nehoiz hain tinki izan non ez duten ihesbide zerbait uzten; handik gero tratatuak aginduari eta norberak eman hitzari, batean itzurtzeko amoreagatik.
Horrelako ez dut erranen "urdekeriak", baina bai itzulikak eta zimardikak egiten balira jendarteko kontratuetan, printzeei beren aholkuetan egitate horiek berak kontseilatzeaz harro-harro diren jaun horiek berek, bekaina altxatuz urkamendia merezi duen krimenaz oihu legikete. Horra zergatik badirudien, bertute herrikoi eta apal baten itxura hartzen duen justizia guzia erregeren gailurretik biziki urrun dagoela. Edo iduri luke bederen bi justizia badirela: bata herri xehearentzat egina: oinezkoa da eta herrestan dabil; alde orotarik loturik estekan daukate, bere zedarriak ez ditzan nehoiz gaindi. Bestea berriz printzeen bertutea da: herriarenetik hain urrun eta hain libre non ez baitzaio deus debekaturik; gogoko ez duena baizik.
Han nonbaiteko printzeen ohiturek, erran bezala eta beren hitzarmenen begiratzeko duten fede txarrak adierazten dute nik uste, zergatik utopiarrek ez duten nehorekin trataturik egiten. Beste iritzirik lukete menturaz hemen gaindi bizi balira.
Bizkitartean estatuek beren hitzarmenak xerrentuki begira balitzate ere, iduritzen zaie agindu guzien zin eginez finkatzeko ohitura hori behargabe sartua dela: muno batek edo errekarte batek, alegia bereizten dituen bi herri naturak elkarren lagun egin ez balitza.
Baina delako ohitura hark sinestarazten die auzoei, elkarri arrotz eta etsai izaiteko jaioak direla; eta elkarren galtzetan aritzeko eginbide dutela non ez dieten tratatuek eragozten. Hitzarmenak finkatu ondoan gainera, ez da oraino adiskidantzarik agertzen, bahitzeko eskubideak maiz irauten baitu; hitzarmenak idazteko momentuan ohitura hori eragozteko zehaztasun argirik ez dutelakotz sartu, zuhurtzia eskasez.
Utopiarren arabera nehor ez da beraz nehoren etsaia, neholako kalterik egin ez dion ber. Tratatuen lana egiten du naturalezaren elkartasunak; borondate onak fin eta finkiago biltzen ditu gizonak hitzarmenek baino eta bihotzak ere hitzek baino.