Edukira joan

Zenbait damaren esker txarra

Wikitekatik
Zenbait damaren esker txarra  (1870s) 
Bilintx

Zenbait damaren esker txarra


1
Atzo, probetxu gabe,
etxeko auzuan,
egondu nitzan zure
zai egun osuan;
gaur suertez ikusitzen
zaitutan kasuan,
itz egiñ biar dizut
izketa gozuan.
          
2
Zeiñ-ta politak diran
arrosa, jazmiña,
azuzena, liriyo
eta klabeliña,
danak bat egiñta're
ez dirade diña
igualatzeko nere
maite atsegiña.
          
3
Nai det jakiñ dezazun
oraiñ beriala
txit asko nai dizutan
neskatxa zerala;
gaur zu ikusitziak
poztutzen nau ala,
nun iruritzen zaitan
jai aundi bat dala.
          
4
Au da mundu guziyak
ongi dakiyena:
zu zerala dama bat
grazi utsa dena;
bat oietan badezu
erotzen naubena,
artan arkitzen dizut
grazirik geiena.
          
5
Izan ere gorputza
dezu aproposa,
ikusi utsarekiñ
ematen du poza;
beste iñor ez dala
zu beziñ airosa,
erri guziyan dago
banatuba boza.
          
6
Patxaran ibiltzia
dago gaur bolaran,
pausaje fiña oraiñ
zergatik moda dan;
eta zu ikustia
modako patxaran,
ez dakizu neretzat
nolako ditxa dan!
          
7
Nik esan ta zuk jakiñ
biazu ezikan
lau andregai dakazkit
artu nai ezikan;
ezkonduko nitzake
gaur bertan kasikan,
besterekiñ ez bañan
zurekiñ pozikan!
          
8
Amoriyorik gabe
pasatu eziñez,
nik damak maite ditut,
aitortzen det ziñez:
begiyakiñ guziyak,
milla bai mingañez,
bañan biyotzarekiñ
zu besterikan ez!
          
9
Zu zera, bai, zu zera,
damatxo maitia,
nere desiuaren
zeruko atia;
biyotz onez nerekiñ
bat egiñ zaitia,
eta biziko zera
kontentuz betia.
          
10
Ortarako aguro
genuke eguna,
nik nai detana balitz
biyok nai deguna;
bañan zure asmua
da txit ezaguna
ez dezu estimatzen
nere naitasuna.
          
11
Ditxa bat ez dit opa
fortuna zekenak,
negarrez daramazkit
ordurik geienak;
eziñ aundiyagoko
oñaze ta penak,
sufritutzen bizi naiz
zuregatik denak.
          
12
Miñ abetaz kupitzen
ez baldiñ bazera,
nere buruba nua
betiko galtzera
Matxo'ra iyoko naiz
andik botatzera,
duben altubenetik
Gaztelu atzera.