Edukira joan

Arrazoimen praktikoaren kritika/I. Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneen dedukzioaz

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
I. Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneen dedukzioaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

I. Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneen dedukzioaz

Analitika honek erakusten du arrazoimen hutsa praktikoa izan daitekeela, hau da, bere kabuz, enpirikoa den ororekin zer ikusirik izan gabe, nahimena determina dezakeela; eta hori egitate baten bitartez, non arrazoimen hutsa gugan egitatean praktiko gisa agertzen den, alegia, etikotasunaren printzipioak duen autonomiaren bitartez; horren bidez arrazoimenak nahimena ekitera determinatzen du. - Aldi berean erakusten du egitate hori nahimenaren askatasunaren kontzientziarekin era banaezinean dagoela lotuta, harekin bat dela ere bai; eta horren bidez zerizan arrazoidun baten nahimenak bere zerizan hori sentsuen munduko zati gisa halabeharrez kausalitatearen legeen menpe ezagutzen duen arren beste kausa eraginkorrak bezala, aldi berean eremu praktikoan, hots, berbaitango zerizana den aldetik bere buruaz jabetzen da gauzen ordena adimenduzko bateko izate determinagarri gisa, ez bere buruaren begiespen berezi baten arabera, baizik eta haren kausalitatea sentsuen munduan determina dezaketen lege dinamiko jakin batzuen arabera; izan ere, beste leku batean nahikoa frogatu da askatasunak, egozten zaigunean, gauzen adimenduzko ordena batera eramaten gaituela.

Orain arrazoimen huts espekulatiboaren kritikaren zati analitikoa horrekin alderatzen badugu, orduan bien arteko alde bitxia nabarmentzen da. Haren lehen datua ez zuten oinarrizko esakuneek osatzen, baizik eta sentimenezko begiespen hutsak (espazioak eta denborak), zeinak apriorizko ezagutza ahalbidetzen zuen eta gainera sentsuen objektuentzat soilik. - Adigai soiletatik begiespenik gabe ezinezkoa zen esakune-oinarri sintetikoak izatea, baizik eta haiek sentimenezkoa den hari lotuta baino ezin daitezke sortu, eta beraz, esperientzia ahalgarriko objektuei lotuta, zeren adimenaren adigaiak soilik ahalbidetzen baitu, begiespen horrekin lotuta, esperientzia deitzen diogun ezagutza hura. - Esperientziako objektuetatik haratago, beraz, gauzetatik haratago noumeno gisa, arrazoimen espekulatiboari ukatu egiten zaio arrazoi osoz ezagutzaren baten emaitza positibo oro. - Baina horrek hainbeste lortzen zuen, ezen noumenoen adigaia, hau da, halakoak pentsatzeko ahalgarritasuna, baita beharrezkotasuna ere, segurtatu egiten baitu, eta adibidez, askatasuna, negatiboki hartuta, onartzea, arrazoimen teoretiko hutsaren oinarrizko esakune eta mugapen haiekin erabat adostuz, eragozpen guztien aurka salbatu baitzuen, hori egitean halako objektuez determinatua eta hedatzailea den ezer ezagutzera eman gabe, hori lortzeko itxaropen oro erabat mozten duen heinean.

Aitzitik, lege moralak, ezein itxaropenik ematen ez badu ere, eskura ematen digu sentsuen munduko datuetatik abiatuz eta gure arrazoimenaren erabilera teoretikoaren zabalpen osotik abiatuz argiezina den egitatea, adimenaren mundu hutsaren berri ematen duena, eta gainera hori positiboki determinatzen duena, eta guri hartatik zerbait ematen digu ezagutzera, hots, lege bat.

Lege horrek sentsuen munduari sentimenezko natura den aldetik (zerizan arrazoidunei dagokienez) adimenaren mundu baten forma, hau da, sentimenetik haratagoko natura baten forma sortu behar dio, baina haren mekanismoa apurtu gabe. Baina natura adiera orokorrenean legeen menpe dauden gauzen existentzia da. Zerizan arrazoidunen sentimenezko natura haiek enpirikoki baldintzatuta dauden legeen menpe duten existentzia da, eta beraz, heteronomia da arrazoimenarentzat. Zerizan berberaren sentimenetik haratagoko natura, aitzitik, hark baldintza enpiriko ororen menpe ez dauden, eta beraz, arrazoimen hutsaren autonomiari dagozkion legeen arabera duen existentzia da. Eta gauzen izatea ezagutzaren menpe jartzen duten legeak praktikoak direnez, sentimenetik haratagoko natura, guk haren adigai bat izan dezakegun neurrian, arrazoimen praktiko hutsaren autonomiaren menpe dagoen natura bat baino ez da. Autonomia horren legea, ordea, lege morala da; beraz, sentimenetik haratagoko natura baten eta adimenaren mundu huts baten oinarrizko lege dena, zeinaren aurkako irudiak sentsuen munduan existitu beharko lukeen aldi berean haren legeak hautsi gabe, ordea. Hari natura eredugarri dei dakiogu (natura archetypa), arrazoimenean baino ez baitugu ezagutzen; besteari, ordea, lehenaren ideiaren eragin ahalgarria jasotzen duenez nahimenaren determinazio-oinarri gisa, natura antzeratua (natura ectypa). Izan ere, egitatean lege moralak ideiaren arabera natura batean ezartzen gaitu non arrazoimen hutsak, haren pareko ahalmen fisikoa izango balu aldean, ongi gorena sortuko bailuke, eta gure nahimena determinatzen du sentsuen munduari zerizan arrazoidunen bilkura baten forma emateko.

Norberari eskainitako arreta arruntenak baieztatzen du ideia hori egiatan gure nahimenaren determinazioen eredu dela zirriborro gisa.

Lekukotza bat emateko asmoa izanik horretarako maxima arrazoimen praktikoak probatzen badu, orduan zerari begiratzen diot beti, ea nolakoa izango litzatekeen hark natur lege orokor gisa balioko balu. Nabarmena da era horretan hark edonor zintzotasunera behartuko lukeela. Izan ere, ezinezkoa zaio natur lege baten beharrezkotasunari baieztapenak frogagarri gisa hartzea eta oso-osorik gezurrezkotzat ematea. Era berean, nire bizitzaren gainean askeki erabakitzeari buruz hartzen dudan maxima berehala determinatzen da, nire buruari galdetzen diodanean ea hark nolakoa izan beharko lukeen natura bat haren lege baten arabera mantentzeko. Nabarmenki inork ezingo luke halako natura batean bere bizitza nahierara amaituko; izan ere, halako eraketa ez litzateke ezein natur ordena iraunkor izango, eta berdin gertatzen da gainerako kasu guztietan. Baina natura errealean, esperientziaren objektu denez, nahimen askea ez da bere kabuz adosten euren kabuz lege orokorren araberako natura bat oinarri dezaketen halako maximekin, edo haien arabera antolatuta legokeen natura batekin; aitzitik, joera pribatuak dira, lege patologikoen (fisikoen) arabera naturaren osotasun bat osatzen dutenak, baina ez gure nahimen soilak lege praktiko hutsen arabera ahalbide lezakeen natura. Hala eta guztiz, lege batez jabetzen gara gure arrazoimenaren bidez, zeinari gure maxima guztiak menpekotzen zaizkion, gure nahimenaren bidez aldi berean natur ordena sortuko balitz bezala. Orduan hori enpirikoki sortzen ez den eta hala ere askatasunaren bidez ahalgarri den, eta beraz, sentimenetik haratagoko natura baten ideia da, zeinari guk errealitate objektiboa ematen diogun, gutxienez harreman praktikoan, zeren gure nahimenaren objektutzat hartzen baitugu, zerizan arrazoidun huts garen aldetik.

Nahimena menpekotzen duen natura baten legeen eta nahimen bati (haren ekintza askeekin duen harremanari dagokionez) menpekotua dagoen natura baten legeen arteko bereizketak honetan hartzen du oin, ezen hartan objektuek nahimena determinatzen duten errepresentazioen kausak izan behar dutela, baina horretan nahimenak objektuen kausa izan behar duela, halako moldez non haren kausalitateak bere determinazio-oinarria arrazoimen hutsean baino ez baitu, zeina horregatik arrazoimen praktiko huts dei daitekeen.

Bi arazoak, beraz, oso ezberdinak dira: nola ezagut ditzakeen arrazoimen hutsak a priori objektuak eta nola izan daitekeen bitartegabe nahimenaren, hau da, zerizan arrazoidunaren kausalitatearen determinazio-oinarria objektuen errealitateari dagokionez (bere maxima propioen baliotasun orokorren pentsamenduaren bidez soilik, legeak diren aldetik).

Lehenak eskatzen du, arrazoimen espekulatibo hutsaren kritikaren zati izaki, aurretik argitzea begiespenak nola diren a priori ahalgarri, horiek gabe oro har objekturik ezin baitugu izan, eta beraz, ezein objektu ezin baitugu sintetikoki ezagutu, eta horren irtenbidea honetan datza, hots, haiek orobat sentimenezkoak baino ez direla, eta beraz, ez dutela esperientzia ahalgarriaren irismena gainditzen duen ezein ezagutza espekulatiborik ahalbidetzen, eta beraz, arrazoimen espekulatibo* huts haren oinarrizko esakune guztiek ezin dutela esperientzia ahalbidetu baino egin, eskura ditugun objektu batzuen esperientzia edo inoiz osoki eskura izan gabe amaigabean izango ei ditugunen esperientzia.

Bigarrenak, arrazoimen praktikoaren kritikaren zati denak, ez du eskatzen argitzeko desiramenaren objektuak nola diren ahalgarri; izan ere, hori arrazoimen espekulatiboaren esku uzten da natur ezagutza teoretikoaren eginkizun gisa; baizik eta besterik gabe eskatzen du argitzeko nola determina dezakeen arrazoimenak nahimenaren maxima, ea determinazio-oinarri gisa errepresentazio enpirikoak izanik gertatzen den edo ea arrazoimen hutsa ere praktikoa izan daitekeen eta enpirikoki ezagutu ezin den natur ordena ahalgarri baten lege izan daitekeen. Halako sentimenetik haratagoko natura baten ahalgarritasunak, zeinaren adigaia aldi berean haren errealitatearen oinarria izan daitekeen gure nahimen askearen bidez, ez du behar apriorizko begiespenik (adimenduzko mundu batena), zeinak kasu horretan, sentimenetik haratagoko gisa, guretzat ezinezkoa izan beharko lukeen. Izan ere, nahi izatearen determinazio-oinarria baino ez da autua haren maximetan, ea hura enpirikoa den edo arrazoimen hutsaren adigai bat (haren legezkotasunarena oro har), eta azken hori nola izan daitekeen. Nahimenaren kausalitatea objektuen errealitaterako nahikoa den edo ez juzgatzea arrazoimenaren printzipio teoretikoen esku geratzen da, nahi izatearen objektuen ahalgarritasunaren azterketa gisa, zeinen begiespenak, beraz, arazo praktikoan haien ezein une osatzen ez duen. Hemen kontua nahimenaren determinazioa eta haren maximaren determinazio-oinarria baino ez da, nahimen aske batenaren gisara, ez arrakasta. Izan ere, nahimena arrazoimen hutsarentzat soilik bada legezkoa, horren ahalmenarekin gertatzen dena gertatzen dela ere eraginkortasunari dagokionez, natura ahalgarri baten lege-ematearen maxima horien arabera halakoa benetan hartatik sortu ala ez, kritika ez da inolaz ere arduratzen horretaz, horrek aztertzen baitu ea eta nola izan daitekeen arrazoimen hutsa praktikoa, hau da, ea eta nola determina dezakeen nahimena bitartegabe.

Eginkizun horretan has daiteke gaitzespenik gabe, eta lege praktiko hutsetatik eta euren errealitatetik abiatu behar du. Begiespenaren ordez, baina, haiei adimenduzko munduan duten izatearen adigaia ezartzen die oinarrian, hots, askatasuna. Izan ere, horrek ez du besterik esan nahi, eta lege haiek nahimenaren askatasunari lotuta baino ez dira ahalgarri, baina hura aurresuposatuz gero beharrezkoa da, edo, alderantziz, hori da beharrezkoa, lege haiek postulatu praktiko gisa beharrezkoak direlako. Baina ezin da gehiago argitu lege moralaren kontzientzia hori, edo, gauza bera dena, askatasunarena, nola izan dezakegun, horren onargarritasuna defendatu baino ezin daiteke egin kritika teoretikoan.

Arrazoimen praktikoaren oinarrizko esakune gorenaren aurkezpena egin dugu, hau da, erakutsi da, lehenik, zer biltzen duen, berez irauten duela erabat a priori eta printzipio enpirikoetatik beregainki, eta ondoren, zertan bereizten den beste oinarrizko esakune praktiko guztietatik. Ezin da itxaron haren dedukzioan, hau da, haren baliotasun objektiboaren eta orokorraren legeztapenean eta halako apriorizko esakune sintetikoaren ahalgarritasunaren ulermenean adimen teoretiko hutsaren oinarrizko esakuneetan egiten genuen maila berean aurreratu daitekeenik. Izan ere, horiek esperientzia ahalgarriaren objektuei lotzen zitzaizkien, hots, agerpenei, eta froga zitekeen ezen agerpen horiek lege haien arabera kategorien menpe jarriz baino ezin zirela agerpen horiek esperientziako objektu gisa ezagutu, eta ondorioz, esperientzia ahalgarri oro lege haiei egokitu behar zaiela. Nik ezin dut, ordea, halako bidea egin lege moralaren dedukzioaren kasuan. Izan ere, ez da arduratzen nonbait eta nolabait arrazoimenari eman ahal zaizkion objektuen izaeraren ezagutzaz, baizik eta objektu horiexen existentziaren oinarri izan daitekeen eta arrazoimenak kausalitate horren beraren bitartez zerizan arrazoidun batean duen ezagutzaz, hau da, arrazoimen hutsa nahimena bitartegabe determinatzen duen ahalmentzat jo daitekeen heinean.

Dena den, giza ulermen oro azkenekotan dago, oinarrizko indar eta ahalmenetara iristen garen bezain pronto; izan ere, horien ahalgarritasuna ezin da ezeren bidez aditu, are gutxiago nahierara asmatu eta onartu. Horregatik, arrazoimenaren erabilera teoretikoan esperientziak baino ez digu legeztatzen hura onartzea. Ordezko hori, hots, apriorizko ezagutza-iturrietatik abiatuz dedukzio bat eratu beharrean froga enpirikoak aurkeztea, hemen kendu egin zaigu arrazoimen praktiko hutsari dagokionez. Izan ere, bere errealitatearen frogaren oinarria esperientziatik hartu behar duenak esperientziako printzipioen menpeko izan behar du haren ahalgarritasunaren oinarriei dagokienez, baina ezinezkoa da arrazoimen huts eta hala ere praktikoa horren adigaia dela eta halakotzat hartzea. Lege morala ere, era berean, arrazoimen hutsaren egitate gisa ematen zaigu, zeinaz a priori jabetzen garen eta zeina apodiktikoki ziurra den, esperientzian hari zaion atxikimendu zehatzaren ezein adibide aurkitu ezin badaiteke ere. Beraz, lege moralaren errealitate objektiboa ezin da frogatu ezein dedukzioren bidez, arrazoimen teoretikoaren, espekulatiboaren edo enpirikoki sustatutakoaren ahalegin guztiekin ere ez, eta beraz, ziurtasun apodiktikoa baztertu nahiko balitz ere, hori ezin da esperientziaren bidez baieztatu eta horrela a posteriori frogatu, eta hala ere berez dirau irmo.

Alferrik bilatzen den printzipio moralaren dedukzio horren ordez bestelakorik agertzen da, eta gainera zentzugabekoa, hain zuzen, hark ahalmen aztertezin baten dedukzioren printzipiotzat balio duela, zeina esperientziak ez duen frogatzen, baina arrazoimen espekulatiboak (haren ideia kosmologikoen artean baldintzatugabe dena haren kausalitatearen arabera aurkitzeko, horrela hark bere burua kontraesan ez dezan) gutxienez ahalgarritzat onartu behar duen, hots, askatasunarena, eta oinarri legeztatzailerik behar ez duen lege moralak horren ahalgarritasuna ez ezik errealitatea ere frogatzen du lege hori eurentzat baliodun gisa ezagutzen duten zerizanetan. Lege morala egitatean kausalitate askearen, eta beraz, sentimenetik haratagoko natura baten ahalgarritasunaren lege bat da, sentsuen munduko gertaeren lege metafisikoa sentimenezko naturaren kausalitatearen lege bat zen bezala, eta hark determinatzen du filosofia espekulatiboak determinatugabe utzi behar zuena, hots, azken horretan negatiboa baino ez zen adigaia zuen kausalitate batentzako legea, eta beraz, horri lehenik eta behin errealitate objektiboa ematen dio.

Lege moralaren sinesgarritasun mota hori erabat asebetegarria da apriorizko legeztapen ororen ordez, hura bera askatasunaren dedukzioaren printzipio gisa aurkezten baita arrazoimen hutsaren kausalitate gisa, zeren arrazoimen teoretikoa gutxienez askatasun baten ahalgarritasuna onartzera behartuta baitzegoen haren premia baten osaketarako. Izan ere, lege moralak bere errealitatea arrazoimen espekulatiboaren kritikarentzat ere honela frogatzen du askiro, ezen soilik negatiboki pentsatzen den kausalitateari (zeinaren ahalgarritasuna hari ulertezin zitzaion eta hala ere onartzera behartuta zegoen) determinazio positiboa ematen diola, hots, nahimena bitartegabe (haren maximen legezko forma orokorraren baldintza baten bitartez) determinatzen duen arrazoimen baten adigaia, eta horrela gai da haren ideiekin espekulatiboki jokatu nahi zuenean beti zorabiatzen zen arrazoimenari lehenengoz errealitate objektiboa emateko, errealitate praktikoa baino ez bada ere, eta haren erabilera transzendentea immanente bihurtzen du (esperientziaren eremuan ideien bidez ekiten duten kausak izatea).

Sentsuen munduko zerizanen kausalitatearen determinazioak horiek halakoak diren aldetik ezingo luke inoiz baldintzatugabea izan, eta hala ere baldintzen ilara ororentzat halabeharrez baldintzatugabea den zerbait dago, eta beraz, baita bere burua osorik bere kabuz determinatzen duen kausalitatea ere. Horregatik, askatasunaren ideia berezkotasun absolutuaren ahalmen gisa ez zen premia bat, baizik eta haren ahalgarritasunari dagokionez arrazoimen espekulatibo hutsaren oinarrizko esakune analitiko bat. Baina erabat ezinezkoa denez hari dagokion adibide bat ematea esperientziaren batean, zeren gauzen kausen artean agerpen gisa erabat baldintzatugabea litzatekeen kausalitatearen ezein determinazio topa ezin baitaiteke, orduan askeki ekiten duen kausa baten pentsamendua soilik defenda dezakegu, guk hori sentsuen munduko zerizan bati aplikatzen diogunean bestalde noumenotzat hartzen den neurrian, azalduz ez dela kontraesankorra haren ekintza guztiak fisikoki baldintzatutzat jotzea, agerpenak diren heinean, eta aldi berean haren kausalitatea fisikoki baldintzatugabetzat jotzea, zerizan ekilea adimen-zerizan bat den heinean, eta horrela askatasunaren adigaia arrazoimenaren printzipio erregulatzaile bihurtzea, zeinaren bitartez nik, noski, ez dudan ezagutzen halako kausalitatea egozten zaion objektua zer den, baina oztopo bi ezabatzen ditut: batetik, munduko gertaeran argiketan, eta beraz, zerizan arrazoidunen ekintzetan ere bai, natur beharrezkotasunaren mekanismoari zilegiztatzen diot baldintzatua denetik baldintzara amaigaberaino itzultzea; eta, bestetik, horrentzat hutsik geratzen den lekua irekita gordetzen diot arrazoimen espekulatiboari, hots, adimenduzkoa denaren maila, baldintzatugabea dena hor ezartzeko. Nik, ordea, ezin nituen pentsamendu horiek egikaritu, hau da, ezin nituen bihurtu horrela ekiten duen zerizan baten ezagutzan, ezta haren ahalgarritasunaren arabera ere. Leku huts hori orain arrazoimen praktiko hutsak betetzen du kausalitatearen lege determinatu baten bidez adimenduzko mundu batean (askatasunaren bidez), hots, lege moralaren bidez. Horrela, arrazoimen espekulatiboak ez du ezer lortzen bere ulermenari dagokionez, baina bai, noski, askatasunaren adigai problematikoaren segurtapenari dagokionez, zeinari horrela errealitate objektiboa ematen zaion, praktikoa baino ez bada ere zalantzaezina den errealitatea. Horrek ez du hedatzen kausalitatearen adigaia, zeinaren aplikazioa, eta beraz, esanahia benetan agerpenei lotuta baino ez den gertatzen, horiek esperientzian elkarlotzeko (arrazoimen hutsaren kritikak frogatzen duenez), eta beraz, ez du haren erabilera aipatutako mugez haraindi hedatzen. Izan ere, egiten saiatuko balitz, orduan azaldu nahi izan beharko luke nola erabil daitekeen oinarriaren eta ondorioaren erlazio logikoa sentimenezkoa ez den beste begiespen mota batean, hau da, nola diren ahalgarri causa noumenonak; inolaz ere lortu ezin duena, baina horrek arrazoimen praktiko den aldetik ez dio ezertxo ere arduratzen, gizakiaren kausalitatearen determinazio-oinarria sentsuzko zerizana den aldetik (jada hor duguna) ezartzen baitu soilik arrazoimen hutsean (horregatik deitzen dena praktikoa), eta beraz, ez du behar kausaren adigaia objektuak ezagutzeko, hemen hori ezagutza teoretikoaren mesedetan objektuei aplikatzea erabat bazter dezake (zeren adigai hori beti adimenean baitago a priori, begiespen orotatik beregainki), baizik eta kausalitatea haiei dagokienez determinatzeko oro har, eta beraz, asmo praktikorako baino ez du behar adigai hura, eta horregatik nahimenaren determinazio-oinarria gauzen adimenduzko ordenan ezar dezake, aldi berean gustura aitortzen duen heinean ez duela inolaz ere ulertzen zein determinazio izan dezakeen kausaren adigaiak gauza horien ezagutzarako. Nahimenak sentsuen munduan egiten dituen ekintzei dagokien kausalitatea, hala ere, modu determinatu baten ezagutu behar du, bestela arrazoimen praktikoak ezingo bailuke benetan ezein ekimen sortu. Baina noumeno gisa duen kausalitate propioaz sortzen duen adigaia ez du zertan teoretikoki determinatu behar bere sentimenetik haratagoko existentziaren ezagutzaren mesedetan, eta beraz, ez du behar hari horrenbestez esanahirik ematea. Izan ere, esanahia bestela ere lortzen du, nahiz eta erabilera praktikorako soilik izan, hots, lege moralaren bitartez. Teoretikoki hartuta ere adimenaren adigai hutsa izaten irauten du, a priori sortutakoa, objektuei aplikatu ahal zaiena, horiek sentimenaren bidez jaso ala ez jaso arren; nahiz eta azken kasu horretan ez izan esanahi eta aplikazio determinaturik, baizik eta formala baino ez dena, adimenak oro harrezko objektu batez duen funtsezko pentsamendua den arren. Arrazoimenak lege moralaren bitartez ematen dion esanahia praktikoa baino ez da, hain zuzen kausalitate baten (nahimenaren kausalitatearen) legearen ideiak berak kausalitatea baitu, edo haren determinazio-oinarri baita.


* Jatorrizkoak “praktiko” esaten du, baina zentzuaren arabera “espekulatibo” izan behar du.