Arrazoimen praktikoaren kritika/Lehen atala. Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneez

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Lehen atala. Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneez
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Lehen atala. Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneez

§ 1 Definizioa[aldatu]

Oinarrizko esakune praktikoak nahimenaren determinazio orokor bat barnebiltzen duten esakuneak dira, bere baitan hainbat erregela praktiko dituen determinazioa. Subjektiboak dira, edo maximak, subjektuak baldintza bere nahimenarentzat soilik hartzen duenean baliogarritzat; objektiboak, ordea, edo lege praktikoak, baldintza objektibo gisa, hau da, zerizan arrazoidun ororen nahimenarentzat baliogarri gisa ezagutzen direnean.

Oharra

Onartzen denean arrazoimen hutsak bere baitan oinarri praktikoa barnebil dezakeela, hau da, nahimenaren determinaziorako nahikoa den oinarria, orduan lege praktikoak daude; horrela ez bada gertatzen, orduan oinarrizko esakune praktiko denak maximak baino ez dira izango. Zerizan arrazoidun baten nahimen patologikoki afektatu batean maximen gatazka bat gerta daiteke horrek ezagutzen dituen lege praktikoen aurka. Adibidez, norbaitek honakoa bere maxima bihur dezake, alegia, ezein isekarik ez jasatea mendekurik hartu gabe, eta hala ere, aldi berean, uler dezake hori ez dela lege praktikoa, baizik eta bere maxima besterik ez, zerizan arrazoidun ororen nahimenaren erregela gisa bere buruarekin ezin ados jar daitekeena maxima bat eta bakarrean. Naturaren ezagutzan gertatzen denaren printzipioak (adibidez, eraginaren eta aurkako eraginaren berdintasunaren printzipioa higiduraren igorpenean) aldi berean naturaren legeak dira; izan ere, hor arrazoimenaren erabilera teoretikoa da, eta hori objektuaren ezaugarriak determinatzen du. Ezagutza praktikoan, hau da, nahimenaren determinazio-oinarriekin soilik zer ikusia duenean, norberak beretzat sortzen dituen oinarrizko esakuneak ez dira horregatik halabeharrez menpean hartzen gaituzten legeak, zeren arrazoimenak praktikoa den horretan subjektuarekin baitu zer ikusia, hots, desiramenarekin, zeinaren izaera bereziaren arabera erregelak joera anitz izan ditzakeen. - Erregela praktikoa beti da arrazoimenaren produktua, zeren hark ekintza, eraginaren bitarteko den aldetik, asmo gisa ezartzen baitu. Baina erregela hori agindua da nahimenaren determinazio-oinarri gisa arrazoimena soilik ez duen zerizan batentzat, hau da, ekintzaren behartze objektiboa adierazten duen behar batek ezaugarritzen duen erregela bat, eta horrek esan nahi du arrazoimenak nahimena osoki determinatuko balu, orduan ekintza ezinbestean erregela horren arabera gertatuko litzatekeela. Aginduek, beraz, objektiboki balio dute, eta erabat bereizten dira maximetatik, horiek oinarrizko esakune subjektiboak diren aldetik. Haiek, ordea, zerizan arrazoidunaren kausalitate-baldintzak, zerizan hori kausa eragilea den aldetik, eraginari eta haren askitasunari dagozkionez soilik determinatzen dituzte, edo arrazoimena soilik determinatzen dute, eragina sortzeko aski izan ala ez izan. Lehenengoak agindu hipotetikoak lirateke, eta trebeziaren arauak baino ez lituzkete bilduko; bigarrenak, aitzitik, kategorikoak lirateke, eta horiek soilik lirateke lege praktikoak. Oinarrizko esakuneak dira, bai, maximak, baina ez aginduak. Aginduak euren aldetik, ordea, baldintzatuak direnean, hau da, nahimena ez dutenean nahimen gisa bete-betean determinatzen, baizik eta desiratzen den eragin bati dagokionez soilik, hau da, agindu hipotetikoak direnean, arau praktikoak dira, bai, baina ez dira legeak. Azken horiek nahimena nahimen gisa aski determinatu behar dute, galdetu aurretik ea desiratzen dudan eragin baterako behar den ahalmena ote dudan edo hori lortzeko zer egin behar dudan, eta horrenbestez kategoriak dira, eta bestela ez dira legeak; zeren beharrezkotasuna falta baitzaie, zeinak ezin duen egon baldintza patologikoen, hots, nahimenari ausaz itsasten zaizkion baldintzen menpe, baldin eta praktikoa izan behar badu. Esaiozue norbaiti, adibidez, gaztaroan lan egin eta aurreztu behar duela zahartzaroan gosez ez hiltzeko; hori nahimenaren arau praktiko zuzen eta aldi berean garrantzitsua da. Baina erraz ikusten da hor nahimena beste zerbaiti lotzen zaiola, eta ontzat jotzen da nahimenak hori desiratzen duela, eta desiratze hori ekilearen esku utzi behar da, gerta baitaiteke hark berak lortutako jabetza ez den beste laguntza-bideak aurreikusi dituela, edo zahartzarora iristeko itxaropenik ez duela, edo pentsatzen duela inoiz premiarik baldin badu bere kabuz aurrera egiteko gai izango dela. Beharrezkotasuna biltzen duen erregela ororen jatorri den arrazoimenak bere arau horretan beharrezkotasuna ezartzen du (hori gabe ez bailitzateke agindu izango), baina beharrezkotasun hori subjektiboki baino ez dago baldintzatuta, eta ezin da pentsatu subjektu orotan maila berberean dagoela. Baina haren lege-emateak eskatzen du hark bere burua aurresuposatzea baino ez duela behar, zeren zerizan arrazoidun bat beste batetik bereizten duten ausazko baldintza subjektiborik gabe balio duenean baita erregela objektiboa eta orokorki balioduna. Baina esaiozue norbaiti ezin duela inoiz gezur-agindurik egin behar; hori haren nahimenari soilik dagokion erregela da; gizaki horrek izan ditzakeen asmoak lortu ahal izan ala ez; nahi izate soila da erregela haren bidez guztiz a priori determinatu behar dena. Orain gertatzen bada erregela hori praktikoki zuzena dela, orduan hori legea da, agindu kategorikoa delako. Beraz, lege praktikoak nahimenari baino ez zaizkio lotzen, alde batera utziz horien kausalitateak lor dezakeena, eta hori bazter daiteke (sentsuen munduari dagokionez) legeak huts-hutsean izateko.

§ 2 1. tesia[aldatu]

Nahimenaren determinazio-oinarri gisa desiramenaren objektu bat (materia) aurresuposatzen duten printzipio praktiko guztiak orotara enpirikoak dira eta ezin dute lege praktikorik sortu.

Desiramenaren materiaz ulertzen dut errealitatea izatea desiratzen diogun objektua. Objektu horren desira erregela praktikoaren aurretik badator eta hura printzipio bihurtzeko baldintza bada, orduan diot (lehenik): printzipio hori enpirikoa da beti. Izan ere, nahieraren determinazio-oinarria objektu baten errepresentazioa da eta horren halako erlazioa subjektuarekin, ezen desiramena hura egikaritzera determinatzen baitu. Baina subjektuarekiko halako erlazioak objektu baten errealitatean dugun atsegina izena du. Beraz, hori nahieraren determinazioaren ahalgarritasun-baldintza gisa aurresuposatu beharko litzateke. Baina ezin da ezein objekturen errepresentazioaz a priori jakin, objektua dena dela ere, atsegina edo desatsegina sortuko duen ala horren aurrean axolagabe izango den. Beraz, halako kasuan nahieraren determinazio-oinarriak beti enpirikoa izan behar du, eta horrenbestez, baita hura baldintza gisa aurresuposatzen duen printzipio material praktikoak ere.

Hala ere (bigarrenik), (beti enpirikoki baino ezagutu ezin den eta zerizan arrazoidun guztientzat era berean balio ezin duen) atsegin edo desatsegin baten harmenaren baldintza subjektiboan soilik oinarritzen den printzipioa hori duen subjektuari maxima gisa balio dakiokeenez, baina horri berari ezin dakiokeenez lege gisa balio (a priori ezagutu behar den beharrezkotasun objektiboa falta baitzaio), orduan halako printzipioak ezin du inoiz lege praktiko bat sortu.

§ 3 2. tesia[aldatu]

Printzipio praktiko material guztiak, halakoak diren aldetik, era bat eta bakarrekoak dira orotara, eta norberaren maitasunaren edo norberaren zorionaren printzipio orokorrean kokatzen dira.

Gauza baten existentziaren errepresentazioak sortzen duen atsegina, gauza horren desiraren determinazio-oinarri izan behar duen heinean, subjektuaren harmenean oinarritzen da, zeren objektu baten izatearen menpe baitago; eta horrenbestez, sentsuari dagokio (sentimenduari) eta ez adimenari, azken horrek errepresentazioaren eta objektuaren arteko harremana adierazten baitu adigaien arabera, eta ez errepresentazioak subjektuarekin duena sentimenduen arabera. Horrela, atsegina praktikoa da soilik subjektuak objektuaren errealitatetik itxaroten duen gustagarritasunaren sentsazioak desiramena determinatzen duen heinean. Baina zerizan arrazoidun batek beti etengabe lagun duen bizitzaren gustagarritasunaz duen kontzientzia zoriona da, eta hori nahieraren determinazio-oinarri goren bihurtzen duen printzipioa norberaren maitasunaren printzipioa. Beraz, nahieraren determinazio-oinarria objekturen baten errealitatea dela eta sentitu behar den atsegin edo desatsegin batean ezartzen duten printzipio material guztiak hain dira orotara era batekoak, ezen guztiak norberaren maitasunaren edo norberaren zorionaren printzipioari baitagozkie.

Ondorioztapena

Erregela praktiko material guztiek nahimenaren determinazio-oinarria behe desiramenean ezartzen dute, eta horrek nahimena aski determinatuko lukeen ezein lege formalik ez balu, orduan ezingo litzateke onartu ezein goi desiramenik.

1. oharra

Harrigarria da gainerakoan zorrotzak diren gizonek behe eta goi desiramenaren arteko bereizketa hemen aurkitu izana uste izatea, hots, atseginaren sentimenduarekin lotuta dauden errepresentazioak jatorria sentsuetan edo adimenean izatean. Izan ere, kontua ez da, desiratzearen determinazio-oinarriaz galdetzen denean eta hori zerbaitek sortutako gustagarritasunean ezartzen denean, nondik datorren objektu atsegingarri horren errepresentazioa, baizik eta zenbateko atsegina sortzen duen besterik ez. Egoitza eta jatorria adimenean izan dezakeen errepresentazio batek nahiera honen bidez baino ezin duenean determinatu, hots, subjektuan atsegin baten sentimendua aurresuposatuz, bada, orduan hura nahieraren determinazio-oinarri izatea barneko sentsuaren egituraren menpe dago osoki, hots, hori gustagarritasunak afektatu ahal izatearen menpe. Objektuen errepresentazioak hain mota ezberdinekoak izan badaitezke ere, adimenaren errepresentazioak, are arrazoimenarenak ere izan badaitezke ere sentsuen errepresentazioei aurkakotuz, hala ere atseginaren sentimendua, zeinaren bidez haiek nahimenaren determinazio-oinarria osatzen duten (gustagarritasuna, horretatik espero den plazera, zeinak objektua ekoizteko ekimena sustatzen duen), ez da beti mota berberekoa enpirikoki soilik ezagutu daitekeen heinean, baizik eta desiramenean adierazten den bizi-indar bat eta bakarra afektatzen duen heinean ere bai, eta horrenbestez beste determinazio-oinarri orotatik ezertan ezin da ezberdindu, mailan baino ez bada. Nola egingo litzateke bestela errepresentazio-erari dagokionez erabat bereiziak diren bi determinazio-oinarrien artean handieraren alderaketa, desiramena gehien afektatzen duena lehenesteko? Gizaki berberak behin bakarrik eskutan hartu duen liburu irakasgarria irakurtzeke itzul dezake, ehizari huts ez egiteagatik, hitzaldi eder baten erdian hanka egin dezake, bazkarira beranduegi ez iristeagatik, arrazoizko elkarrizketak sortzen duen olgeta, bestelakoan oso gustuko duena, utz dezake, joko-mahaian esertzeko, eta pertsona txiro bat bazter dezake, hari laguntzeak bestelakoan poza ematen badio ere, antzerkira joateko sarrerarako behar duen dirua besterik ez duelako poltsikoan. Nahimenaren determinazioa kausaren baten bidez espero duen gustagarritasun edo ez-gustagarritasunean oinarritzen bada, orduan erabat berdin dio zein errepresentazio-erak afektatzen duen. Gustagarritasun hori zein indartsua, zein luzea, zein erraz lortzen den eta errepikatzen den, hori baino ez du hartzen kontuan erabakia hartzerakoan. Ordaintzeko urrea behar duenari ere era berean berdin zaio haren ekaia, urrea, menditik erauzi den edo hondarra garbituz lortu den, hark betiere balio berbera izango badu, eta era berean ezein gizakik ez du galdetzen bizitzaren gustagarritasunaz soilik arduratzen denean, ea adimenaren edo sentsuen errepresentazioak diren, baizik eta horiek zenbateko plazer handia sortuko dioten epe luzean. Arrazoimen hutsari nahimena sentimenduren baten aurresuposiziorik gabe determinatzeko ahalmena kendu nahiko lioketenek soilik erratzen dute hainbeste haren benetako argiketan, ezen lehen printzipio bat eta bakarrean bildu dutena gero, ordea, guztiz ezberdintzat jotzen baitute. Horrela gertatzen da plazera aurki daitekeela, adibidez, indarraren aplikazio soilean, norberaren arimaren indarraren kontzientzian gure asmoei aurkakotzen zaizkien oztopoak gainditzen dituenean, espirituaren gaitasunen garapenean, eta abarretan, eta horri arrazoiz poztasun eta olgeta finago deitzen diogu, horiek gure menpe daudelako besteak baino gehiago, ez direlako agortzen, baizik eta sentimendua gozamen handiagoa izateko indartzen dutelako, eta hura poztuz aldi berean garatzen dutelako. Hala ere, horregatik haiek nahimena sentsuen bidez ez beste era batera determinatzeko modutzat jotzea, haiek behin plazer haren ahalgarritasunerako gugan ezarritako sentimendua aurresuposatzen zutelako atsegin haren lehen baldintza gisa, bada, hori ezjakinek, metafisikan muturra gustura sartuko luketenek, gaia hain modu finean, guztiz finean pentsatzea bezala litzateke, ezen zorabiatu ere egiten baitira, eta orduan uste dute era horretara zerizan espirituzkoa baina aldi berean hedatua pentsatu dutela. Epikurorekin batera bertutea horrek agintzen duen plazerean ezartzen badugu, nahimena determinatzearren, horren arabera gero ezin diogu gaitzetsi hori sentsu gordinen plazerarekin parekatzea; izan ere, ez dugu arrazoirik Epikurori leporatzeko gugan sentimendu hori sortzen duten errepresentazioak gorputzaren sentsuei egotzi izana. Horietako askoren jatorria, asma daitekeen neurrian, era berean goi ezagutza-ahalmenaren erabileran bilatu du; baina horrek ez zion eragotzi eta ezin zion eragotzi gainera ezen, aipatutako printzipioaren arabera errepresentazio adimenduzkoek bermatzen diguten eta haiek nahimenaren determinazio-oinarri bihurtzen dituen plazera guztiz era berberekotzat hartzea. Bereari atxikitzea da filosofo baten obligazio gorena, baina oso noizean behin topatzen da. Antzinako eskola grekoek horren adibide gehiago eskaintzen dituzte egungo garai sinkretikoak baino, zeinean zintzotasunik gabeko eta azalkeriaz betetako oinarrizko esakune kontraesankorren koalizio-sistema bat asmatu den, guztiaz zerbait jakitea eta osotara ezer ez jakiteak pozten duen publiko batek hobeto onartzen duelako, horrela egoera guztiei erantzungo dielakoan. Norberaren zorionaren printzipioak, hor hainbat adimen eta arrazoimen erabiltzen bada ere, ez luke bilduko nahimenarentzat behe desiramenari dagokion determinazio-oinarria ez denik, eta beraz, ez dago goi* desiramenik, edo arrazoimen hutsak bere kabuz izan behar du praktikoa, hau da, sentimenduren baten aurresuposiziorik gabe, eta horrenbestez, desiramenaren materia gisa betiere printzipioen baldintza enpiriko den gustagarria edo gustagaitza denaren errepresentaziorik gabe erregela praktikoaren forma soilaren bidez determinatu ahal izan behar du nahimena. Horrela baino ez da arrazoimena egiazko goi desiramena, bere kabuz nahimena determinatzen duen heinean (joeren menpe ez dagoen heinean), eta haren menpe dago patologikoki determina daitekeena, hartatik benetan eta zehazki bereizten dena, halako moldez non behe desiramenaren bultzagileen sudur-sartze txikienak haren indarrari eta lehentasunari kalte egiten baitie, frogapen matematiko batean enpirikoa den txikikeriaren batek baldintza gisa frogapenaren ohorea eta indarra gutxitzen eta ezabatzen duen bezala. Arrazoimenak lege praktiko batean nahimena bitartegabe determinatzen du, ez tartean sortzen den atseginaren eta desatseginaren sentimendu baten bidez, ezta lege horretan ere, eta arrazoimen huts gisa praktiko izateko aukerak ahalbidetzen dio lege-emaile izatea.

2. oharra

Zoriontsu izatea halabeharrez da zerizan arrazoidun baina mugatu ororen eskaera, eta beraz, desiramenaren ezinbesteko determinazio-oinarria da. Izan ere, norberaren izate osoaren asebetetasuna ez da jatorrizko jabetza bat, ezta norberaren askitasun beregainaren kontzientzia aurresuposatuko lukeen santutasuna ere, baizik eta haren izaera mugatuagatik sortzen zaio arazoa, premiak dituelako, eta premia horiek haren desiramenaren materiarekin dutelako zer ikusia, hau da, subjektiboki oinarrian datzan atseginaren edo desatseginaren sentimendu bati lotzen zaion zerbaitekin, zeinaren bidez norberaren egoerarekin asebetetasuna izateko behar dena determinatzen den. Baina, hain zuzen honegatik, subjektuak determinazio-oinarri material hori enpirikoki baino ezin duelako ezagutu, ezinezkoa da arazo hori lege gisa hartzea, zeren horrek objektibo izanik kasu guztietan eta zerizan arrazoidun guztientzat nahimenaren determinazio-oinarri berbera bildu beharko bailuke. Izan ere, nahiz eta zorionaren adigaia edonon objektuek desiramenarekin duten harreman praktikoaren oinarrian datzan, hori desiramen subjektiboaren izenburu orokorra baino ez da, eta ez du ezer berezirik determinatzen, arazo praktiko horretan hori izaki autu bakarra, eta halako determinaziorik gabe arazoa ezin da inolaz ere konpondu. Bakoitzak bere zoriona non ezarri behar duen, hori haren atseginaren eta desatseginaren sentimendu bereziaren menpe dago, eta subjektu bat eta berberean sentimendu horren eraldaketen araberako premiaren ezberdintasunaren menpe, eta lege subjektibo beharrezko bat (natur lege gisa), beraz, objektiboki printzipio praktiko erabat ausazkoa da, subjektu ezberdinetan oso ezberdina izan daitekeena eta izan behar duena, eta horrenbestez inoiz lege bat eman ezin duena, zeren zoriontasunaren irrikan kontua ez baita legezkotasunaren forma, baizik eta materia besterik ez, hots, ea legea betetzean plazera lortzea espero dezakedan eta zenbat plazer. Norberaren maitasunaren printzipioak bil ditzake trebeziaren erregela orokorrak (asmoetarako bitartekoak bilatzea), baina printzipio teoretiko soilak dira[1] (adibidez, gustura ogia jango lukeenak errota asmatu behar du). Baina haietan oinarritzen diren arau praktikoek ezin dute inoiz orokorrak izan; izan ere, desiramenaren determinazio-oinarria atseginaren eta desatseginaren sentimenduan oinarritzen da, eta ezin da onartu hori orokor gisa objektu berberetara zuzentzen dela.

Baina demagun zerizan arrazoidun mugatuek euren plazeraren edo minaren sentimenduen objektutzat onartu beharko luketenari dagokionez, baita lehenengoak lortzeko eta besteak baztertzeko erabili behar dituzten bitartekoei dagokienez ere, erabat gauza berbera direla pentsa zezaketela, orduan norberaren maitasunaren printzipioa, hala ere, ezingo lukete inolaz ere lege praktikotzat jo; izan ere, aho-batasun hori ausazkoa baino ez litzateke izango. Determinazio-oinarriak betiere subjektiboki baino ez luke balio izango eta enpirikoa baino ez litzateke izango, eta ez luke halako legean pentsatzen den beharrezkotasunik, hots, apriorizko oinarrietatik datorren beharrezkotasun objektiborik; bada, horrela, beharrezkotasun hori ezin da praktikotzat onartu, baizik eta soilik fisikotzat, hots, ekintza gure joerak ezinbestean behartu digu, nagiak ateratzea bezala bestea nagiak ateratzen ikusten dugunean. Hobe litzateke lege praktikorik ez dagoela baizik eta gure irriken mesederako aholkuak besterik ez daudela baieztatzea, printzipio subjektibo soilak lege praktikoen mailara igotzea baino, hots, benetako beharrezkotasun objektiboa eta ez soilik subjektiboa duten eta arrazoimenaren bidez a priori eta ez esperientziaren bidez (hori enpirikoki hain orokorra izan badaiteke ere) ezagutu behar diren legeen mailara. Aho batez onartzen diren agerpenen erregelak ere natur lege baino ez dira deitzen (adibidez, mekanikoak), horiek benetan a priori ezagutzen direnean, edo (kimikoen kasuan bezala) onartzen da oinarri objektiboetatik abiatuz a priori ezagutuko liratekeela, gure ulermena sakonagoa balitz. Baina printzipio praktiko subjektiboak baino ez direnen kasuan baldintza bat ezartzen da espresuki, ezen horien oinarrian nahieraren baldintza subjektiboak egon behar dutela, ez objektiboak; eta horrenbestez, ezin dira inoiz errepresentatu lege praktiko gisa, baizik eta maxima soil gisa besterik ez. Azken ohar hori lehen begiratuan hitzak zorroztea baino ez da itxuraz; baina azterketa praktikoetan soilik azal daitekeen bereizketa garrantzitsuenaren definizioa da.

§ 4 3. tesia[aldatu]

Zerizan arrazoidun batek norberaren maximak lege praktiko orokor gisa pentsatu behar baditu, orduan haiek nahimenaren determinazio-oinarria formaren arabera jasotzen duten printzipio gisa baino ezin ditu pentsatu, ez materiaren arabera.

Printzipio praktiko baten materia nahimenaren objektua da. Hura azken horren determinazio-oinarria da, edo ez da. Haren determinazio-oinarria balitz, orduan nahimenaren erregela baldintza enpiriko baten menpe legoke (errepresentazio determinatzaileak atseginaren eta desatseginaren sentimenduarekin duen erlazioaren menpe), eta ondorioz ez litzateke ezein lege praktiko izango. Baina lege bati materia oro, hau da, nahimenaren (determinazio-oinarri gisa) objektu oro kentzen bazaio, orduan lege-emate orokor baten forma soila baino ez zaio geratzen. Beraz, zerizan arrazoidun batek bere printzipio praktiko subjektikoak, hau da, maximak ezin ditu aldi berean lege orokor gisa pentsatu, edo onartu behar du haien forma hutsak, haiek lege-emate orokor bihurtzen dituenak baino ez dituela bihurtzen lege praktiko bere kabuz.

Oharra

Adimen arruntenak bereiz dezake eskolara joan gabe maximaren zein forma egokitzen zaion lege-emate orokorrari eta zein ez. Nik neuretzat maxima bihurtu dut, adibidez, nire jabetza bitarteko seguru ororen bidez handitzea. Orain gordailu bat dut nire eskuetan, eta horren jabea hil da, eta horri buruzko idazkirik ez du utzi. Horixe da berez nire maximaren kasua. Orain hau besterik ez dut jakin nahi: ea maxima horrek lege praktiko orokor gisa balio dezakeen. Hura, beraz, kasu horretan aplikatzen dut eta galdetzen dut ea hark lege baten forma har dezakeen eta, horrenbestez, ea nik maxima haren bidez aldi berean honako legea eman dezakedan: edonork gordailu bati uko egin behar diezaiokeela, horren ezarpena inork ezin badio frogatu. Berehala ohartzen dut halako printzipio batek lege gisa bere burua ezabatuko lukeela, zeren gordailurik ez egotea eragingo bailuke. Lege praktiko batek, nik horrelakotzat berrezagutzen dudanak, lege-emate orokorrerako gai izan beharko luke; hori esakune identikoa da eta berez da argia. Orain esaten badut nire nahimena lege praktiko baten menpe dagoela, orduan ezin dut nire joera (adibidez kasu horretan nire diru-irritsa) lege praktiko orokor batentzat egokia den nahimenaren determinazio-oinarri gisa aurkeztu; izan ere, hura inolaz ere ez da gai lege-emate orokor baterako; aitzitik, bere burua agortuko luke lege orokor baten forman.

Beraz, harritzekoa da zorionaren irrika eta, beraz, bakoitzak zoriona bere nahimenaren determinazio-oinarri bihurtzeko maxima orokorrak direla eta, gizon jakintsuei otu izatea horregatik hura lege praktiko orokortzat jotzea. Izan ere, bestelakoan natur lege orokor batek dena aho-bateratzen duenez, hemen zehazki aho-bateratasunaren guztiz aurkakoa izango genuke, maximari lege baten orokortasuna eman nahiko bagenio, eta beraz, gatazka zakarrena eta maxima beraren deuseztapen osoa ondorioztatuko lirateke. Izan ere, guztion nahimenak ez du objektu bat eta berbera, baizik eta bakoitzak berea du (bere atsegin propioa), zeina ausaz besteek eurengana zuzentzen dituzten asmoekin ados daitekeen, baina inolaz ere nahikoa ez den lege izateko, zeren inoizka egin daitezkeen salbuespenak amaigabeak baitira eta inolaz ere ezin baitira zehazki erregela orokor batean jaso. Horrela, honako harmonia sortzen da, pikutara doan bikote baten arima-bateragarritasunari buruzko olerki barregarri jakin batek islatzen duenaren antzekoa dena: “Oh, armonia miragarria, gizonak nahi duena, emakumeak ere nahi du”, eta abar, edo Frantzisko lehena erregeak Karlos bosgarrena enperadoreari egindako eskaeraz esaten dena: “Karlos nire anaiak nahi duena (Milan), nik ere eduki nahi dut”. Determinazio-oinarri enpirikoek ez dute balio ezein lege-emate publiko orokorrerako, baina are gutxiago pribaturako; izan ere, bakoitzak bere subjektua eta beste batek berea ezartzen du joeraren oinarrian, eta subjektu bakoitzean orain bat gero beste hura gailentzen da. Erabat ezinezkoa da orobat baldintza hau betetzen duen legea aurkitzea, hots, alde guztien aho-bateratasunari jarraiki gobernatzea.

§ 5 1. arazoa[aldatu]

Baldin eta maximen forma lege-emaile soila nahimen baten determinazio-oinarri nahikoa dela jotzen badugu, horren bidez baino determinatu ezin den nahimenaren egitura aurkitzea.

Legearen forma soila arrazoimenak baino ezin duenez errepresentatu, eta sentsuen ezein objektu ez denez, eta beraz, agerpenen artean kokatzen ez denez, orduan haren errepresentazioa nahimenaren determinazio-oinarri gisa kausalitatearen legearen araberako natur gertaeren determinazio-oinarri orotatik bereizten da, zeren azken horietan agerpenek izan behar baitute oinarri determinatzaileak. Baldin eta, ordea, nahimenaren beste determinazio-oinarrik balio ezin duenez horren lege gisa, forma lege-emaile orokor hark ez bada, orduan halako nahimena agerpenen natur legetik, hots, kausalitatearen legetik edo elkarreraginaren legetik beregain gisa pentsatu behar da. Halako beregaintasunak, baina, askatasuna izena du adiera zehatzenean, hau da, transzendentalean. Beraz, lege gisa maximaren forma lege-emaile soila besterik ezin izan duen nahimena nahimen askea da.

§ 6 2. arazoa[aldatu]

Nahimen bat askea dela emanez gero, hura halabeharrez determinatzeko gai den lege bakarra aurkitzea.

Lege praktikoaren materia, hau da, maximaren objektu bat, enpirikoki baino ezin izan dezakegunez, baina nahimen askeak baldintza enpirikoetatik beregain izanik (hau da, sentsuen munduan kokatu gabe) hala ere determinagarria izan behar duenez, orduan nahimen askeak determinazio-oinarri bat topatu behar du legean legearen materiatik beregainki. Baina legearen materiaz gain ez dago ezer hartan, forma lege-emailea ez bada. Beraz, forma lege-emailea da, maximan barnebiltzen den heinean, nahimenaren determinazio-oinarri bat era dezakeen gauza bakarra.

Oharra

Askatasunak eta lege praktiko baldintzatugabeak, beraz, elkar sustatzen dute. Nik hemen ez dut galdetzen ea horiek egitatean ere ezberdinak diren, eta ez, aitzitik, lege baldintzatugabe bat arrazoimen praktiko hutsaren autokontzientzia ote den, eta hori, ordea, askatasunaren adigai positiboarekin berdintzen den; baizik eta galdetzen dut ea baldintzatugabeki praktikoa denaren gure ezagutza nondik abiatzen den, askatasunetik edo lege praktikotik. Askatasunetik ezin da abiatu; izan ere, hartaz ezin gara jabetu bitartegabe, haren lehen adigaia negatiboa delako, eta hura ezin dugu esperientziatik abiatuta eratorri, zeren esperientziak agerpenen legea baino ez baitugu ematen ezagutzera, hau da, naturaren mekanismoa, askatasunaren aurkakoa zuzen-zuzenean. Beraz, lege moralaz jabetzen gara bitartegabe (nahimenaren maximak zirriborratzen ditugun bezain pronto), hori da lehenik aurkezten zaiguna, eta, arrazoimenak hura sentimenezko ezein baldintzak zapuzten ez duen eta haietatik erabat beregaina den determinazio-oinarri gisa aurkezten digun heinean, hark gidatzen gaitu askatasunaren adigairaino. Nola da ahalgarri, ordea, lege moral haren kontzientzia? Gu lege praktiko hutsez jabe gaitezke, oinarrizko esakune teoretiko hutsez jabetu ahal garen bezalaxe, kontuan hartzen dugun heinean arrazoimenak haiek halabeharrez ezartzen dizkigula eta arrazoimenak baldintza enpiriko guztien bazterketa erakusten digula. Nahimen hutsaren adigaia lehen hartatik sortzen da, adimen hutsaren kontzientzia azken horretatik sortzen den bezala. Hori da gure adigaien egiazko sailkapena, eta etikotasunak azaltzen digu lehenengoz askatasunaren adigai, eta beraz, arrazoimen praktikoak lehenik espekulatiboari adigai horrekin arazo konponezinena ezartzen dio, hura horren bidez kinka larrienean jarriz; hori guztia honen bidez argitzen da, hots, askatasunaren adigaitik abiatuz agerpenetan ezer ezin denez argitu, baizik eta hor beti natur mekanismoa denez hari-gidaria, gainera arrazoimen hutsaren antinomiak, kausen ilaran baldintzatugaberaino igo nahi duenean, batean zein bestean ulertezintasunetan nahasten denez, besteak (mekanismoak) gutxienez agerpenak argitzeko erabilgarritasuna duen bitartean, bada, inoiz ez litzatekeela askatasuna jakintzan sartzeko ausardia izango ohituren legeak eta horrekin batera arrazoimen praktikoak hori egin ez balu eta adigai hori ezarri ez baligu. Baina esperientziak ere adigaien ordena hori baiesten du gugan. Emazue norbaitek bere joera lizunaz dioela, objektu desiragarria eta horretarako abagunea izanez gero, horri ezin zaiola itzuri; ea etxearen aurrean urkamendia jarriko balitzaioke, gozatutako lizunkeriaren ondoren berehala hura han ezartzeko, hala ere joera hari ezingo ote litzaiokeen gailendu. Ez da luze pentsatu behar zer erantzungo lukeen. Baina printzeak heriotza-zigor ziurraren mehatxupean itxurazko aitzakiak erabiliz gustura zapuztuko lukeen gizon zuzen baten aurkako lekukotza faltsua ematea eskatuko balio, galde iezaiozue hari ea bizitza hainbeste maitatu arren maitasun hori gainditzea ahalgarritzat jotzen duen. Agian ez da ausartuko egingo lukeen ala ez lukeen egingo baieztatzera, baina ahalgarri zaiola, hori zalantzarik gabe onartu behar du. Beraz, juzgatzen du zerbait egin dezakeela ohartzen duelako hori egin behar duela, eta bere baitan askatasuna ezagutzen du, lege moralik gabe bestela ezezagun izango litzaiokeena.

§ 7 Arrazoimen huts praktikoaren oinarrizko legea[aldatu]

Ekin ezazu zure nahimenaren maximak beti aldi berean lege-emate orokor baten printzipio gisa balio baleza bezala.

Oharra

Geometria hutsak postulatuak ditu esakune praktiko gisa, baina hau baino ez dute barnebiltzen: zerbait egin daitekeela onartzea, egin behar dela eskatuko balitz, eta horiek dira izatearekin zer ikusia duten haren esakune bakarrak. Nahimenaren baldintza problematiko baten menpe dauden erregela praktikoak dira. Hemen, ordea, erregelak dio: modu jakin batean jokatu behar da ezinbestean. Erregela praktikoa, beraz, baldintzatugabeki errepresentatzen da a priori, eta beraz, nahimena ezinbestean eta bitartegabe (hemen lege den erregela praktiko beraren bidez) objektiboki determinatzen duen esakune kategoriko praktiko gisa. Izan ere, arrazoimen hutsa, bere baitan praktikoa dena, hemen bitartegabe da lege-emailea. Nahimena baldintza enpirikoetatik beregain gisa pentsatzen da, eta beraz, nahimen huts gisa, legearen forma soilaren bidez determinatu gisa pentsatzen da, eta determinazio-oinarri hori maxima ororen baldintza gorentzat jotzen da. Kontua nahiko bitxia da, eta ez dago antzekorik gainerako ezagutza praktiko osoan. Izan ere, lege-emate orokor ahalgarri baten apriorizko pentsamendua, problematikoa baino ez dena, beraz, lege gisa eskaintzen da baldintzatugabeki, esperientziatik edo kanpoko nahimen batengandik ezer mailegatu gabe. Ez da, hala ere, irrikatzen den eragin bat ahalbidetzen duen ekintza gertarazten duen arau bat (izan ere, hor erregela betiere fisikoki baldintzatuta legoke), baizik eta nahimena a priori determinatzen duen erregela besterik ez bere maximen formari jarraiki, eta orduan ez da ezinezkoa, gutxienez, oinarrizko esakuneen forma subjektiboaren mesedetarako baino balio ez duen legea pentsatzea determinazio-oinarri gisa oro harrezko lege baten forma objektiboaren bidez. Oinarrizko lege horren kontzientziari arrazoimenaren egitate dei dakioke, ezin baita arrazoimenaren aurreko datuetatik arrazoikerien bidez lortu, adibidez askatasunaren kontzientziatik (izan ere, horrelakorik ez dugu aurretik), baizik eta hura bere kabuz ezartzen zaigulako ez begiespen hutsean ez enpirikoan oinarritzen ez den apriorizko esakune sintetiko gisa; hori esakune analitikoa litzateke nahimenaren askatasuna ontzat joko balitz, baina horretarako adimenduzko begiespena beharko litzateke, adigai positibo gisa, eta hori hemen ezin daiteke inolaz ere onartu. Hala ere, lege hori gaizki ulertzerik gabe onartutzat jotzeko, ohartarazi behar da ez dela ezein egitate enpiriko, baizik eta arrazoimen hutsaren egitate bakarra, zeinak horrenbestez bere burua jatorriz lege-emaile gisa aurkezten duen (sic volo, sic jubeo*).

Ondorioztapena

Arrazoimen hutsa berez da praktikoa, eta lege orokor bat ematen du (gizakiari ematen dio), ohituren lege deitzen duguna.

Oharra

Lehen aipatutako egitatea ukaezina da. Gizakiek euren ekintzen legezkotasunari buruz duten judizioa analizatu baino ez dugu egin behar, eta beti aurkituko dugu ezen, tartean joerak agintzen duena agintzen duela ere, haien arrazoimenak hala ere erostezin eta bere burua behartuz nahimenak ekintza batean duen maxima beti nahimen hutsari lotzen diola, hau da, bere buruari, bere burua a priori praktikotzat hartzen duen heinean. Etikotasunaren printzipio horrek, beraz, hura dituen ezberdintasun subjektibo guztiak kontuan hartu gabe nahimenaren determinazio-oinarri goren formala bihurtzen duen lege-ematearen orokortasuna dela eta, arrazoimena aldi berean zerizan arrazoidun ororen legetzat jotzen du, horiek oro har nahimen bat, hau da, euren kausalitatea erregelen errepresentazioaren bidez determinatzeko ahalmen bat duten heinean, eta beraz, ekintzak egiteko gai diren heinean oinarrizko esakuneen arabera eta, ondorioz, apriorizko printzipio praktikoen arabera (izan ere, horiek baino ez dute arrazoimena oinarrizko esakune bihurtzeko behar den beharrezkotasuna). Ez da, beraz, gizakietara soilik mugatzen, baizik eta arrazoimena eta nahimena duten zerizan mugatu guztientzat balio du, eta gainera, zerizan mugagabea ere barnebiltzen du adimendu goren gisa. Lehen kasuan, ordea, legeak agindu baten forma du, zeren haiek nahimen hutsa dutela onar badaiteke ere, zerizan arrazoidunak diren aldetik, ezin baitzaie nahimen santua onartu, premiez eta sentimenezko bultzagaiez jota dagoen zerizanak diren aldetik, hau da, ezin zaie onartu lege morala kontraesango lukeen ezein maxima izateko gai izango litzatekeen nahimena. Lege morala, beraz, agindu bat da haietan, kategorikoki agintzen du, zeren legea baldintzatugabea baita; halako nahimen batek lege horrekin duen erlazioa mendekotasunekoa da, lotespenaren izenpean, zeinak ekintza baterako hertsapena esan nahi duen arrazoimen soilaren eta horren lege objektiboaren bidez bada ere, eta horregatik ekintza horrek betebehar izena du, zeren patologikoki afektatua den (baina horrek determinatzen ez duen baizik eta betiere askea den) nahierak bere baitan kausa subjektiboetatik sortzen den nahi bat duelako, horregatik gainera sarri determinazio-oinarri objektibo hutsaren aurka egon daitekeena, eta beraz, arrazoimen praktikoaren aurkakotza behar duena, barneko behartze adimenduzkoa dei daitekeena, hertsapen moral gisa. Adimendu oronahikoan nahiera arrazoiz errepresentatzen da lege objektibo izan daitekeen ezein maxima izateko ezgai bezala, eta santutasunaren adigaiak, hari horregatik egozten zaionak, hura ez du lege praktiko orotatik haratago ezartzen, baina bai lege praktiko-mugatzaile orotatik haratago, eta beraz, lotespenetik eta betebeharretik haratago. Nahimenaren santutasun hori ideia praktiko bat da, eta zerizan arrazoidun mugatu guztiei ezinbestean dagokien gauza bakarra horri etengabe hurbiltzea da eredu gisa, eta ohituren lege hutsak, horrexegatik santu deitzen denak, hura haiei iraunkorki eta zuzenki begien aurrean mantentzen die, eta arrazoimen praktiko mugatuak eragin dezakeen gorena bertutea da, hau da, bere maximen amaigabeko aurrerapenaz eta aurrerapen iraunkorrari irmo eusteaz seguru izatea da, eta hori bere aldetik ezin da inoiz osatu, gutxienez berez lortutako ahalmena den aldetik, zeren segurtasuna halako kasuetan inoiz ez baita ziurtasun apodiktiko bihurtzen, eta limurketa gisa oso arriskutsua baita.

§ 8 4. tesia[aldatu]

Nahimenaren autonomia da lege moral ororen eta horien araberako betebeharraren printzipio bakarra; nahimenaren heteronomia orok, aitzitik, ezein lotespen ez oinarritzeaz gain horren printzipioari eta nahimenaren etikotasunari aurre egiten dio. Etikotasunaren printzipio bakarra legearen materia orotariko (hots, irrikatzen den objektuarekiko) beregaintasunean datza eta, aldi berean, nahieraren determinazioan, maxima batek izan behar duen forma lege-emaile orokor hutsaren bidez. Beregaintasun hura askatasuna da adiera negatiboan, baina arrazoimen huts eta, halako denez, praktikoaren lege-emate propioa askatasuna da adiera positiboan. Lege moralak, beraz, arrazoimen huts praktikoaren autonomia baino ez du adierazten, hau da, askatasunarena, eta hori bera da maxima ororen baldintza formala, maxima horiek lege praktiko gorenarekin bat egin ahal izateko baldintza. Beraz, nahi izatearen materia, legearekin lotzen den irrika baten objektu baino ezin izan dena, lege praktikoan sartzen denean haren ahalgarritasunaren baldintza gisa, orduan hortik nahieraren heteronomia sortzen da, alegia, naturaren legeen menpekotasuna bultzada edo joeraren bati jarraikitzeko, eta nahimenak ez dio bere buruari legea ematen, baizik eta lege patologikoak arrazoizko eran betetzeko araua besterik ez; bestalde, bere baitan forma lege-emaile orokorra barnebildu ezin duen maximak era horretara ezein lotespen ez ezartzeaz gain arrazoimen huts praktikoaren legeari aurre egiten dio eta, beraz, jarrera etikoari, nahiz eta hartatik sortzen den ekintza legearen araberakoa izan.

1. oharra

Ezin da inoiz lege praktikotzat hartu baldintza materiala (eta beraz, enpirikoa) biltzen duen arau praktikoa. Izan ere, nahimen hutsaren legeak, askea den nahimenarenak, hori eremu enpirikoa ez den beste eremu erabat ezberdinean ezartzen du, eta hark adierazten duen beharrezkotasuna, naturaren beharrezkotasuna ezin izan duenez, lege baten ahalgarritasun-baldintza formaletan baino ez datza oro har. Erregela praktikoen materia orok beti baldintza subjektiboetan hartzen du oin, eta horiek hari ez diote baldintzatua den orokortasuna baino ematen zerizan arrazoidunentzat (nik hori edo hura desiratzen dudan kasuan, egin behar dudana hori erreal bihurtzeko), eta haiek norberaren zorionaren printzipioaren inguruan dabiltza biraka oro har. Baina ezin da ukatu nahi izate orok ere objektu bat izan behar duela eta, beraz, materia bat; baina hori ez da horregatik maximaren determinazio-oinarri eta baldintza; izan ere, hala balitz, hura ezingo litzateke aurkeztu forma lege-emaile orokorrean, zeren objektuaren existentziaren itxaropena bailitzateke nahieraren kausa determinatzailea eta desiramena gauzaren baten existentziaren menpe egotea nahi izatearen oinarrian ezarri beharko bailitzateke, eta existentzia hori baldintza enpirikoetan baino ezin da bilatu beti eta, horregatik, inoiz ezin du eman erregela beharrezko eta orokor baten oinarria. Horrela, zerizan arrotzen zoriona zerizan arrazoidun baten nahimenaren objektu izan daiteke. Hori, ordea, maximaren determinazio-oinarria izango balitz, orduan onartu beharko litzateke besteen ongizatean berezko plazera topatu ez ezik, gainera premia bat aurkitzen dugula, gizakien sentiera sinpatetikoak adierazten duenez. Baina nik ezin dut ontzat eman zerizan arrazoidun guztiek dutela premia hori (inolaz ere ez Jainkoaren kasuan). Beraz, maximaren materiak iraun dezake, baina ezin du haren baldintza izan; izan ere, bestela hark ezingo luke lege izan. Beraz, materia mugatzen duen lege baten forma soilak aldi berean materia hori nahimenari gaineratzeko oinarri bat izan behar du, baina ez hura ontzat jotzeko. Demagun, adibidez, materia nire zoriona dela. Hori, nik edonori egozten diodanean (egitatean zerizan mugatuen kasuan egin dezakedanez), lege praktiko objektibo bihur daiteke, baina hor besteen zoriona biltzen badut besterik ez. Beraz, besteen zoriona sustatzeko legea ez da edozeinen nahieraren objektu dela onartzearen ondorioa, baizik eta soilik arrazoimenak baldintza gisa norberaren zorionaren maxima bati lege baten baliotasun objektiboa emateko behar duen orokortasunaren forma nahimenaren determinazio-oinarri bihurtzearen ondorioa, eta beraz, objektua (besteen zoriona) ez zen nahimen hutsaren determinazio-oinarria, baizik eta legezko forma soila besterik ez, joeran oinarritzen zen nire maxima mugatzeko bitartekoa, hari lege baten orokortasuna emateko, eta hura horrela arrazoimen praktiko hutsaren pareko bihurtzeko, eta horren mugapen horretatik soilik sor zitekeen norberaren zorionaren maxima besteen zorionera hedatzeko lotespena, eta ez kanpoko bultzagai baten gaineraketa batetik.

2. oharra

Etikotasunaren printzipioaren guztiz aurkakoa zera da: norberaren zorionaren printzipioa nahimenaren determinazio-oinarri bihurtzea, eta horrek, lehenago erakutsi dudanez, oro har lege gisa balio behar duen determinazio-oinarria maximaren forma lege-emailean ez beste nonbait ezartzen duen guztia hartzen du. Gatazka hori, ordea, ez da logikoa soilik, ezagutzaren printzipio beharrezko bihurtu nahi ziren erregela enpirikoki baldintzatuen arteko gatazka bezala, baizik eta praktikoa da, eta etikotasuna erabat deuseztatuko luke arrazoimenaren ahotsa nahimenarekin duen harremanean hain argia, hain suntsiezina, gizon arruntenarentzat hain ohargarria ez balitz; baina horrela eskolen espekulazio buru-nahasgarrietan soilik manten daiteke, zeinak aski zakarrak diren, zeruko ahots horren aurrean ezentzunarenak egiteko, horrela buruko minik sortzen ez duen teoria bati eusteko.

Zuri bestelakoan maitea zaizun ezagun batek zure aurrean lekukotza faltsu bat emateagatik honela zuritzea uste izango balu: lehenik, haren ikuspegiaren arabera, norberaren zorionaren betebehar santuaren aitzakia aurkeztuz, gero horrela lortutako abantaila denak aipatuz, eta izan zuen trebezia goraipatuz inor ez konturatzeko, ezta zu ere, zeinari orain sekretua argitzen dizun, hark hori edonoiz ukatu ahal izateko; eta orduan, ordea, guztiz serioki esango balu, gizakien egiazko betebeharra aplikatu zuela, orduan zuk aurpegian barre egingo zenioke zuzenean edo nazkaz alderatuko zinateke, nahiz eta norbaitek bere oinarrizko esakunea norberaren abantailaren arabera eratzen badu, ezingo zenukeen neurri horren aurka ezein eragozpenik izan. Edo emazue gizon bat gomendatzen dizutela kontulari gisa, zuen betekizun guztiak itsu-itsuan eskutan utz diezaiokezun gizon gisa, eta emazue zuei konfiantza emateko hura goraipatzen duela gizaki azkar gisa, norberaren abantaila maisuki ezagutzen duena, eta etengabe ekinean dabilena, aukerarik ihesten utzi gabe bere abantaila hori handitzeko, eta azkenik, emazue, norberaren interes gordin horri dion atxikimenduak ardura ez sortzearren, modu finean bizitzen dakielako goraipatzen duela, bere plazera diruaren pilaketan edo aberastasun gehiegizkoan bilatu beharrean, ezagupenen zabalpenean, ongi aukeratutako laguntza aberasgarrian bilatuz, baita txiroei laguntzean ere; baina gainerakoan bitartekoei erreparatu gabe (zeintzuek balioa edo balio eza helburutik baino ez duten jasotzen), halako moldez non besteen dirua eta jabegoa, inork ohartu gabe eta oztoporik gabe egin dezala uste duen bezain pronto, berea izango balitz bezala hartzen baitu; bada, orduan zuek uste izango zenukete pertsona hori gomendatzen dizuen hura adarra jotzen ari zaizuela, edo adimena galdu duela. - Etikotasunaren eta norberaren maitasunaren arteko muga hain argiki eta zehazki marraztua dago, non begi arruntenak ere ezin baitio zerbait batari edo besteari egokitzearen artean dagoen aldea ikusteari utzi egin. Ondorengo ohar gutxi hauek itxuraz alferrikakoak izan daitezke hain egia nabarmenaren aurrean, baina gutxienez giza arrazoimen arruntaren judizioari argitasun gehiago emateko balio dute.

Zorionaren printzipioak maximak eman ditzake, baina inoiz ez nahimenaren lege izateko balioko luketenak, ezta zorion orokorra objektu bihurtuko bagenu ere. Izan ere, horren ezagutza esperientziaren datu soiletan oinarritzen denez, horri buruzko judizio oro bakoitzak duen iritziaren menpe dagoenez, gainera oso aldakorra dena, orduan egon daiteke bai erregela jeneralik, baina inoiz ez erregela unibertsalik, hau da, batez bestekoan sarrien direnak bai, baina ez beti eta halabeharrez balio behar dutenak, eta beraz, horren gainean ezin da ezein lege praktikorik oinarritu. Horrexegatik, hemen nahieraren objektu batek horren erregelaren oinarrian izan behar duenez, eta beraz, horren aurretik joan behar duenez, orduan hark ezin du gomendatzen denari baino lotu, eta beraz, esperientziari, eta ezin da horretan baino oinarritu, eta hor judizioen arteko ezberdintasunak amaigabea izan behar du. Printzipio horrek ez dizkie zerizan arrazoidun guztiei erregela praktiko berberak ezartzen, nahiz eta zorionaren izenburu berdinaren barne kokatzen diren. Lege morala objektiboki beharrezkotzat pentsatzen da, baina soilik arrazoimena eta nahimena duen edonorentzat balio behar duelako.

Norberaren maitasunaren maximak (zuhurtasunak) aholkatu baino ez du egiten; etikotasunaren legeak agindu egiten du. Alde handia dago, ordea, aholkatzen zaigunaren eta lotzen gaituenaren artean.

Erraz eta arazorik gabe ulertzen du adimen arruntenak ere zer egin behar den nahieraren autonomiaren printzipioaren arabera; haren heteronomiaren aurresuposizioaren arabera egin behar dena zaila da ulertzen eta munduaren ezagutza eskatzen du; hau da, betebeharra berez aurkezten zaio edonori; baina egiazko abantaila iraunkorra ekartzen duen hori betiere, horrek izate osora hedatu behar badu, iluntasun zeharkaezinak inguratzen du, eta zuhurtasun asko eskatzen du, horretarako prestatutako erregela praktikoa salbuespen abilen bidez era jasangarrian bada ere bizitzaren xedeei egokitzeko. Hala ere, lege etikoak guztiei agintzen die atxikimendua, eta gainera estuena. Haren arabera egin behar dena juzgatzea ezin da hain zaila izan, non adimen arruntenak eta aritugabeenak zuhurtasunik gabe ere ez bailuke jakingo horri aurre egiten.

Etikotasunaren agindu kategorikoa betetzea edonoren esku dago beti; zorionaren arau enpirikoki baldintzatua betetzea inoizka baino ez, eta inolaz ere ezin du edonork lortu, ezta asmo bakarrari begira ere. Horren kausa da lehena egiazkoa eta hutsa izan behar duen maximaren menpe dagoela; azkena, ordea, gainera desiratzen den objektu bat egikaritzeko behar den indar eta gaitasun fisikoaren menpe. Edonor zoriontsu bihurtu beharko lukeen agindua ergela litzateke; izan ere, inori ez zaio agintzen hark bere kabuz ezinbestean nahi duena. Neurriak baino ez zaizkio agindu behar, edo are hobeto, haiek eskura eman, ezin baitu lortu nahi duen guztia. Etikotasuna agintzea, ordea, betebeharraren izenpean, erabat arrazoizkoa da; izan ere, haren araua hasiera batean ez du edonork obeditu nahi, joerekin gatazkan dagoenean, eta lege hori bete ahal izateko neurriei dagokienez, hemen horiek ezin dira irakatsi; izan ere, hark horri dagokionez nahi duena egin baitezake.

Jokoan galdu duena haserre daiteke bere buruarekin zuhurtasun eza dela eta, baina gogoan badu jokoan iruzur egin duela (nahiz eta horrela irabazi izan), orduan bere burua gaitzetsi behar du, lege etikoarekin alderatzen duen bezain pronto. Horrek, beraz, norberaren zorionaren printzipioa ez den beste zerbait izan behar du. Izan ere, norberari esan beharrak “duintasunik ez dut, nire poltsikoa bete dudan arren” judizioaren beste neurri bat izan behar du norberaren burua txalotu eta zera esatearen aldean: “gizaki zuhurra naiz, nire kutxa aberastu dudalako”.

Azkenik, gure arrazoimen praktikoaren ideian beste zerbait dago, lege etikoaren zapalketarekin batera datorrena, hots, zigorgarritasuna. Baina zigor baten adigaiarekin, halako gisa, ezin da inolaz ere zorionaren lorpena lotu. Izan ere, zigortzen duenak aldi berean zigorra xede horretara zuzentzeko asmo ona izan badezake ere, aurretik zigorra zigor gisa bere kabuz legeztatu behar da, hau da, kalte soil gisa, halako moldez non zigortuak, horretan irauten badu eta gogortasun horren atzean ezkutatuta dagoen mesedea ikusteko gai ez bada, aitortu behar baitu zuzenki gertatu zaiola hori eta bere patua bere jokaerari egokitu zaiola erabat. Zigor orotan, halako gisa, lehenik zuzentasuna behar da, eta horrek osatzen du adigai haren mamia. Hari, gainera, ontasuna lotu diezaiokegu, baina zigorra jaso behar duenak izan duen jokaera izan ondoren ezin du kausa txikienik izan hori espero izateko. Beraz, zigorra kalte fisikoa da, gaizki moralarekin berezko ondorio gisa lotzen ez bada ere lege-emate etiko baten printzipioekin lotu behar dena ondorio gisa. Krimen oro, egilearen aldean dituen ondorio fisikoak kontuan hartu gabe ere, berez zigorgarria bada ere, hau da, zoriona zapuzten badu (aldez behintzat), nabarmenki astakeria litzateke esatea krimena zigorra erakartzean datzala, norberaren zoriona apurtu den heinean (zeinak norberaren maitasunaren printzipioaren arabera krimen ororen egiazko adigaia izan beharko zukeen). Zigorra era horretara zerbaiti krimen deitzeko oinarria litzateke, eta zuzentasuna, bestalde, zigor oro baztertzea eta berezko zigorra ere oztopatzea izango litzateke; izan ere, ekintzan ez legoke gaizkirik, zeren horretatik ondorioztatuko liratekeen kalteak, ekintza gaitz deitaraziko luketenak, horrela ez bailitzateke gertatuko. Zigor eta sari oro, ordea, goi botere baten eskuetan legokeen makineria gisa ikustea erabat, horrela zerizan arrazoidunak horien azken asmoaren bila (zorionaren bila) ekinarazteko baino balio ez duena, hain nabarmenki da horien nahimenaren askatasun oro ezabatzen duen mekanismoa, ezen ez baita beharrezkoa hemen horretaz gehiago jardutea.

Sotilagoa da, nahiz eta era berean egiazkoa ez izan, sentsu moral berezi bat onartzen dutenen iritzia, arrazoimenaren ordez lege morala determinatuko lukeen sentsu morala, zeinaren arabera bertutearen kontzientzia, batetik, bitartegabe poza eta plazerarekin lotuko litzatekeen, eta bizioaren kontzientzia, bestetik, arimaren ezinegonarekin eta minarekin, eta horrela dena norberaren zoriona bilatzera murriztuko litzateke. Lehenago esan zena hona berriro ekarri gabe hemen dugun iruzurra azaldu nahi dut. Bizioduna horren gaiztakeriaren kontzientziak eragindako gogamenaren ezinegonaz betea errepresentatzeko, aurretik hura haren izaeraren oinarri bikainenaren arabera moralki ontzat errepresentatu behar da maila batean behintzat, eta era berean betebeharraren araberako ekintzen kontzientziak pozez betetzen duen hura aurretik bertutetsu bezala errepresentatu behar da. Beraz, moraltasunaren eta betebeharraren adigaia poz horri ematen zaion arreta oro baino lehenago dator eta horretatik inolaz ere ezin da eratorri. Beraz, orduan betebehar deitzen diogun horren garrantzia, lege moralaren itzala eta horri diogun atxikimenduak pertsonari bere begien aurrean ematen dion balioa aurretik balioetsi behar ditugu poz hura sentitzeko hari egokitzearen kontzientzian eta gaitzespen zakarra sentitzeko gure buruari haren zapalketa egotz diezaiokegunean. Poz hori edo arimaren ezinegon hori ezin da lotespenaren ezagutzaren aurretik sentitu eta hura azken horren oinarri bihurtu. Gutxienez erdizka bada ere gizon zintzoa izan behar da sentsazio haien errepresentazioa behintzat egin ahal izateko. Gainerakoan ez dut ukatzen inolaz ere giza nahimena horren askatasuna dela eta lege moralaren bidez bitartegabe determinatu daitekeela eta era berean ariketa sarriak determinazio-oinarri haren arabera azkenik subjektiboki poz sentimendua sor dezakeela; baina betebeharrari dagokio bestalde sentimendu hori, sentimendu morala deitzea merezi duen bakarra, oinarritzea eta lantzea; baina betebeharraren adigaia ezin da horretatik eratorri, bestela lege baten sentimendua pentsatu beharko genuke halako gisa eta hori sentsazioaren objektu bihurtu, hori arrazoimenaren bidez baino ezin daitekeenean pentsatu; eta horrek, kontraesan gordina izango ez balitz, betebeharraren adigai oro ezabatuko luke eta haren ordez joera finagoen (inoizka gordinagoekin gatazkan leudekeen) joeren joko mekanikoa ezarriko luke.

Baina orain arrazoimen huts praktikoaren (nahimenaren autonomia baten gisara) oinarrizko esakune formal gorena etikotasunaren orain arteko printzipio material ororekin alderatzen badugu, orduan taula batean adieraz ditzakegu beste guztiak, halako gisa, eta horrela beste kasu guztiak agortzen dira formala den bat izan ezik, eta horrela begirada baten bidez erakusten da alferrikakoa dela hemen azaldu dena ez den beste printzipio baten bila ibiltzea. - Nahimenaren determinazio-oinarri denak, beraz, soilki subjektiboak, eta beraz, enpirikoak edo objektiboak eta arrazoizkoak dira; eta biak barnekoak edo kanpokoak dira.

Etikotasunaren printzipioaren determinazio-oinarri material praktikoak dira:

Subjektiboak Objektiboak
Kanpokoak barnekoak barnekoak kanpokoak
Hezkuntza (Montaigne-ren arabera) Konstituzioa (Mandeville-ren arabera) Sentimendu fisikoa (Epikuroren arabera) Sentimendu morala (Hutcheson-en arabera) Betegintzarrea (Wolff eta estoikoen arabera) Jainkoaren nahimena (Crusius eta beste moralista teologikoen arabera)

Ezkerrean dauden guztiak enpirikoak dira eta ez dute balio nabarmenki etikotasunaren printzipio orokor izateko. Baina eskuinekoak arrazoimenean oinarritzen dira (izan ere, betegintzarrea, gauzen ezaugarri gisa eta betegintzarre gorena, substantzia errepresentatzen duena, hau da, Jainkoa, biak arrazoimen-adigaien bidez baino ezin dira pentsatu). Hala ere, lehen adigaia, hots, betegintzarrearena, adiera teoretikoan har daiteke, eta orduan gauza bakoitzak bere motan duen osotasuna baino ez du esan nahi (transzendentala), edo gauza batena oro har gauza gisa (metafisikoa), eta hori ezinezkoa da hemen. Betegintzarrearen adigaia adiera praktikoan gauza batek edozein xedetarako balio izatea edo horretarako gai izatea da. Betegintzarre hori, gizakiaren ezaugarri gisa, eta ondorioz, barneko gisa, talentua baino ez da, eta hori indartzen duena edo osatzen duena, trebezia. Betegintzarre garaiena substantzian, hau da, Jainkoan, eta ondorioz kanpokoa, (asmo praktikoan hartuta) zerizan hori xede orotarako gai izatea da oro har. Baina, orduan, guri xedeak aurretik eman behar bazaizkigu, horiekin harremanean betegintzarrearen adigaia (barnekoa gure baitan edo kanpokoa Jainkoarengan) nahimenaren determinazio-oinarri bihurtu ahal izateko, baina xede batek objektu gisa nahimena erregela praktiko baten bidez determinatu aurretik joan behar duenez eta halako baten ahalgarritasunaren oinarria jaso behar duenez, eta beraz, nahimenaren materia, haren determinazio-oinarri gisa hartuta, beti enpirikoa denez, eta beraz, zoriontasunaren irakasbidearen printzipio epikuroarrerako balio duenez, baina inolaz ere ez ohituren irakasbidearen eta betebeharraren arrazoimen-printzipio hutserako (talentuak eta horien sustapenak, soilik bizitzaren abantailei mesede egiten diotelako, edo Jainkoaren nahimena, baldin eta harekin adostasuna aurretiko haren ideiaren menpe ez dagoen printzipio praktikorik gabe nahimenaren objektu gisa hartzen bada, horietatik espero dugun zoriona dela eta bihur daitezke nahimenaren bultzagai), orduan ondorioztatzen da lehenik, ezen hemen aurkeztu diren printzipio denak materialak direla, eta bigarrenik, ezen horiek printzipio material ahalgarri denak biltzen dituztela, eta hortik azkenik emaitza hau: printzipio materialak gai ez direnez ohituren lege gorena izateko (frogatu denez), arrazoimen hutsaren printzipio praktiko formala (zeinaren arabera gure maximak ahalbidetzen duen lege-emate orokor baten formak nahimenaren determinazio-oinarri goren eta bitartegabekoa osatu behar duen) baino ezin daiteke izan agindu kategorikoa, hau da, lege praktikoa (ekintzak betebehar bihurtzen dituena) eta oro har etikotasunaren printzipioa, judizioan nahiz giza nahimenean aplikatzean hori determinatzeko.


         

* Esaldiak zentzua izan dezan egiten den gaineraketa.


[1] Matematikan edo fisikan praktiko deitzen zaien esakuneak egiatan teknikoak izena izan beharko lukete. Izan ere, irakaspen horiek ez dute zer ikusirik nahimenaren determinazioarekin; ekintza ahalgarriaren aniztasuna baino ez dute eraskusten, eragin jakin bat lortzeko nahikoa dena, eta kausa bat eta haren eraginaren arteko elkarlotura adierazten duten esakune guztiak bezain teoretikoak dira. Azken hori maite duenak, bada, lehenengo hura ere onartu beharko du.

* Nahi dut eta agintzen dut.