Arrazoimen praktikoaren kritika/Sarrera. Arrazoimen praktikoaren kritika baten ideiaz

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Sarrera. Arrazoimen praktikoaren kritika baten ideiaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Sarrera. Arrazoimen praktikoaren kritika baten ideiaz

Arrazoimenaren erabilera teoretikoa ezagutza-ahalmen soilaren objektuez arduratzen zen, eta arrazoimenaren kritika, erabilera teoretiko horri dagokionez, ezagutza-ahalmen hutsari dagokio benetan, hain zuzen horrek susmo hau sortzen baitzuen, gero baieztatua izan zen susmoa, alegia, erraz bere mugez haratago objektu lortezinen edo elkar kontraesaten duten adigaien artean galduko zela. Arrazoimenaren erabilera praktikoarekin bestela gertatzen da. Horretan arrazoimena nahimenaren determinazio-oinarriez arduratzen da, nahimena izaki errepresentazioei dagozkien objektuak sortzen dituen edo horiek sortzeko (ahalmen fisikoa nahikoa izan ala ez) bere burua, hots, bere kausalitatea determinatzeko ahalmena. Izan ere, hor arrazoimena gutxienez nahimenaren determinaziora iristen da eta beti dauka errealitate objektiboa, ardura nahi izatea besterik ez den heinean. Lehenengo galdera, beraz, hau da: ea arrazoimen hutsak bere kabuz lortzen duen nahimenaren determinazioa, edo ea enpirikoki baldintzatutako arrazoimena bakarrik izan daitekeen nahimenaren determinazio-oinarria? Orain hemen arrazoimen hutsaren kritikaren bitartez legeztatutako nahiz eta ezein aurkezpen enpiriko izateko gai ez den kausalitatearen adigaia agertzen da, hau da, askatasunarena; eta guk orain oinarriak bilatu baditzakegu ezaugarri hori egiatan giza nahimenari dagokiola frogatzeko (eta era berean beste zerizan arrazoidun ororen nahimenari), horrela arrazoimen hutsa praktikoa izan daitekeela ez ezik, gainera erakutsiko da hori bakarrik dela era baldintzatugabean praktikoa, eta ez enpirikoki mugatua. Ondorioz, ez dugu arrazoimen huts praktikoaren kritika landu beharko, baizik eta arrazoimen praktikoarena bakarrik oro har. Izan ere, arrazoimen hutsak, behin horrelakorik badagoela erakutsi ondoren, ez baitauka kritikaren beharrik. Hori baita bere erabilera ororen kritikarako eredua barnebiltzen duena. Arrazoimen praktikoaren kritikak, beraz, enpirikoki baldintzatutako arrazoimenari nahimenaren determinazio-oinarria horrek berak bakarrik emateko hantustea kentzeko obligazioa dauka oro har. Arrazoimen hutsaren erabilera, horrelakorik badagoela erabakita badago, immanentea baino ez da; enpirikoki baldintzatua, ordea, nagusigoa beretzat bakarrik nahi duena, transzendentea da eta bere lurraldeaz haratago kokatzen diren eskakizun eta aginduak adierazten ditu, eta hori arrazoimen hutsaren erabilera espekulatiboari buruz esan zitekeenaren alderantzizkoa da zehazki.

Hemen, ordea, oraindik arrazoimen hutsaren ezagutza denez erabilera praktikoaren oinarrian datzana, orduan arrazoimen praktikoaren kritikaren antolamendua, bere eskema orokorrean, espekulatiboaren kritikaren arabera ordenatu beharko da. Beraz, horren osagaien irakaspena eta metodoaren irakaspena izan beharko ditugu, eta lehenengoan lehen zati gisa analitika egiaren erregela modura eta dialektika arrazoimen praktikoaren judizioetan sortzen den liluraren aurkezpen eta desegite modura. Analitikaren zatien antolamenduan, ordea, ordena arrazoimen huts espekulatiboaren kritikan genuenaren alderantzizkoa izango da. Izan ere, oraingoan oinarrizko esakunetatik abiatuta adigaietara joango gara eta horietatik azkenean ahal den heinean sentsuetara; aitzitik, arrazoimen espekulatiboan sentsuetatik abiatu ginen eta oinarrizko esakuneetan aurkitu genuen helmuga. Horren arrazoia honetan datza, guk orain nahimenaz arduratzen garela eta arrazoimena nahimen horrekin eta bere kausalitatearekin hartu-emanean neurtu behar dugula, ez objektuekin, zeren enpirikoki baldintzatugabeko kausalitatearen oinarrizko esakunea izango baita abiapuntua ondoren halako nahimenaren determinazio-oinarriez, horiek objektuetan duen aplikazioaz eta, azkenik, subjektuan eta bere sentimenean duen aplikazioaz ditugun adigaiak lehenengoz finkatzeko saiakera egiteko. Hemen abiapuntua ezinbestean kausalitate askearen legea da, hau da, edozein oinarrizko esakune huts praktikoa, eta horrek determinatzen du oinarrizko esakune horri lotzen zaizkion objektuak.