Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XII. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XII. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XII. Kapitulua

Lurrari buruzko zerga

Lurraren errentaren proportzioan ordaintzen den eta errenta honen aldaketa bakoitzarekin aldatzen den lurrari buruzko zerga, azken finean errentaren gaineko zerga besterik ez da. Zerga hau ez zaio aplikatzen errenta sortzen ez duen lurrari, ezta inoiz errentarik ordaintzeke, lursail batean irabaziak lortzeko besterik enplegatzen ez den kapitalak sortutako ekoizkinari ere, eta beraz, zerga honek ez dio inola ere, lehengaien prezioari eragingo eta zerga guztia lurjabeen gain eroriko da. Zerga hau ez da lurraren errentaren gaineko zergatik bereziko. Baina lurrari buruzko zerga hau landutako lur guztiaren gain ezartzen bada, zerga arina izan arren, ekoizkinaren gaineko zerga izango da eta ekoizkinaren prezioa igoko du. Azkenik landutako lurra 3 zenbakikoa bada, errentarik ordaintzen ez badu ere, zergatu ostean ezin liteke landu irabazi-tasa orokorra emanez, baldin eta zerga hori konpentsatzeko ekoizkinaren prezioa igotzen ez bada. Bestela, ohiko irabaziak emateko eskariaren eraginez laborearen prezioak igo arte, kapitala ez da lanketa horretan erabiliko; edo jadanik honelako lur jakin batean enplegatutakoak erabilera abantailatsuago baterantz ihes egingo du. Zerga ezin daiteke lurjabearen gain eror, errentarik jasotzen ez duela suposatzen baita. Honelako zerga lurraren kalitate eta bere ekoizkinaren ugaritasunagatik ipin daiteke, eta orduan, ez da hamarrenetatik bereziko; edo akreko zerga finkoa izan daiteke, beren kalitatea edozein delarik ere, landutako lur guztietan aplikatu ahal izanez.

Honela azaldutako lurraren gaineko zerga, desberdina izango litzateke, eta beraz, zergek bete behar dituzten lau arau nagusien aurkakoa: Adam Smithen ustetan, zerga guztiek bete beharko lituzketen lau arau nagusiak ondokoak dira:

1. Edozein estatutako subjektuek gobernuaren sostengurako ekarpenak egin behar dituzte, beren ahalbideen proportzioari ahal den gehien doituta.

2. Gizabanako bakoitzak ordaindu behar duen zergak zehatza eta zuzena izan behar du.

3. Zerga guztiak zergadunari denbora eta era egokienean ordainaraziko zaizkio.

4. Zerga guztiak zehazki diseinatu behar dira, horrela, zergadunari patriketatik atera ondoren, estatuaren altxor publikoari dagokiona gainditzen duen diru-kopurua, ahalik eta zati txikiena izan dadin.

Denentzako berdina den lurrari buruzko zerga, bereizgabeki eta lurraren kalitatea kontuan hartzeke ipini eta landutako lur guztiaren gain ezartzen bada, orduan, kalitate txarreneko lurraren lantzaileak ordaintzen duen zergaren proportzioan igoko da laborearen prezioa. Kalitate desberdinetako lurrek kapital berdina enplegatzen dutenean, lehengai-kantitate arras desberdinak ekoiztuko dituzte. Lursail batean mila laurden labore ekoizten badira emandako kapitalarekin, 100£ko zergak laborea 2s. laurden igoaraziko du, nekazariak zerga konpentsa dezan. Baina kapital berdinarekin kalitate hobeko lurrean 2.000 laurden ekoitz daitezke eta ekoizpen horrek, laurdeneko 2s. igoz gero, 200£ emango ditu. Zerga berdina bada bi lursailetan, hau da, lur on eta kaxkarrenean zerga 100£koa bada, laborearen kontsumitzaileak, estatuak eskatutakoaz gain, urteko beste 100£ emango dizkio, hasieran lur hoberena lantzen duenari emateko, lur hori akuratuta daukan bitartean, eta gero, lurjabearen errenta kopuru honetan igoaraz dezan. Zerga-mota hau beraz, Adam Smithek aipatzen dituen lau printzipio nagusien aurkakoa dateke; zergadunaren patriketatik, estatuaren altxorrera joango litzatekeena baino gehiago aterako litzateke. Honelako zerga zen hain zuzen, Iraultza aurretik Frantzian zegoen "Taillea"; izan ere, zerga hau lurren edukitzearen jatorria noblea ez zenean bakarrik ipintzen zen: lehengaien prezioa zergaren proportzioan igotzen zen, eta beraz, zergatzeke zeuden lurren jabeak profitatzen ziren, beroien errenta igo egiten baitzen. Lehengaiei buruzko zerga eta hamarrenak objekzio hauetatik at geratzen dira: horiek lehengaien prezioa igotzen dute, baina lur-kalitate bakoitzari bere benetako ekoizpenaren proportzioan eskatzen zaie eta inola ere ez produktibitate apaleneko lurrean ekoiztutako ekoizpenaren proportzioan.

Adam Smithek iritzi berezia hartu zuen errentari buruz, ez baitzen ohartu herrialde askotan kapital ugari inbertitzen dela lurrean, eta lur hauek, gero, ez dutela errentarik ordaintzen; ondorio hau atera zuen: lurraren gaineko zerga guztiak, nahiz hauek zuzenki lurra bera kargatzen dutenak izan, lurrari buruzko zerga edo hamarrenak bezala, edo lurraren ekoizpena zergatzen dutenak bezala, edo nekazariaren irabazietatik kendu direnak bezala, azken finean, lurjabeak ordainduko omen zituen; lurjabea omen zen, kasu guztietan, ordainduko zuena, nahiz zerga hori, orokorki, maizterraren izenean ordaindu dela agertu: "Lurraren ekoizpenaren gaineko zergak, benetan, errentaren gaineko zergak dira, eta jatorriz nekazariak aurrera ditzakeen arren, azken finean, lurjabeak ordaintzen ditu. Ekoizpenaren zatiren bat zerga moduan ordaindu behar denean, nekazariak ahal den hobekien kalkulatzen du zati horren balioa zenbatekoa den; kalkulua urte batekoa bestekoarekin egiten da eta lurjabeari ordaintzen dion adostutako errenta proportzionalki murrizten du. Ez dago nekazaririk aurretik urteko batezbestekoa kalkulatzen ez duenik, hau da, zenbatekoak izango diren elizaren hamarrenak, hauek ere lurrari buruzko zerga edo antzekoak baitira". Zalantzarik gabe, nekazariak bere gastu probable guztiak kalkulatuko ditu etxaldeko errenta bere lurjabearekin eztabaidatzen duenean; eta elizari ordaintzen zaizkion hamarrenak edo lurraren ekoizpenaren gaineko zergak bere etxaldeko ekoizpenaren balio erlatibo handiagorekin konpentsatzen ez bazaizkio, bere errentatik ahal den moduan kentzen saiatuko da. Baina hau da, hain zuzen, eztabaidan dagoen arazoa: ea bere errentatik deskontatuko dituen edo ekoizpenaren prezioa handituz konpentsatuko dituen. Jadanik eman diren arrazoiak direla eta, nik zalantza txikienik ere ez dut egiten ekoizpenaren prezioa igoko duela ziurtatzeko, eta ondorioz, honelako garrantzia duen arazoan Adam Smith oker zegoela esateko. Gai honi buruz Smith doktoreak duen ikuspuntua, ondoko arrazoiagatik izan daiteke ziurrenik: "Hamarrenak eta lurrari buruzko zerga guztiak, berdintasun perfektuaren itxurapean, zerga desberdinak dira, zeren eta ekoizpenaren zati zehatz bat, egoera desberdinetan, errentaren zati desberdinaren baliokidea baita". Saiatu naiz frogatzen honelako zergak ez direla nekazari edo lurjabearen gain zama desberdinez erortzen, bata zein bestea konpentsatuta geratzen baitira lehengaien igoera dela eta; zergari egiten dioten ekarpena, bakarrik, lehengaien kontsumitzaile direnaren proportzioan izango da. Alokairuen gain duten eraginaren bidez irabazi-tasak afektatzen dituzte, eta lurjabeek honelako zergari ekarpen egokia egin ordez, ez diote batere egiten, ordaintzetik libre garatzen baitira. Kapital-irabazietatik eratortzen da zergaren zatia, zeren eta langileen gain eroriko balitz, hauek ez bailirateke gai izango honelako zerga-ordainketari aurre egiteko; langileen gainekoa den, baina fondo eskasak dituelako ordaindu ezin duten zergaren zatia, kapitalistek bakarrik jasaten dute, eta beraz, ez die lurjabeei eragiten.

Esandakoarekin ez da inferitu behar hamarrenek, eta lur eta beronen ekoizpenaren gaineko zergek ez dutela lurraren lanketa kaltetzen edo moteltzen. Merkantzien ganbio-balioa igoarazten duen edozerk, edozein motatako merkantziak badira ere, lurraren lanketa eta ekoizpena moteltzera bultzatuko du; baina zergatzearekin lotuta joaten den makurkeria da hori, eta ez da bakarrik aztertzen ari garen zerga hauekin gertatzen.

Makurkeria hau ekidinezineko desabantaila bezala kontsidera liteke, estatuak bildu eta gastatzen dituen zerga guztiek honelako ondorioa sortzen baitute. Zerga berri bakoitza ekoizpenaren gainean ipintzen den karga da eta prezio naturala igoarazten du. Herrialdeko zergadunaren zerbitzuan lehen zegoen lanaren zatia, orain estatuaren zerbitzuan dago, eta beraz, ezin daiteke ekoizkorki enplegatu. Zati hau hain handia bihur daiteke, ezen beren aurrezkiaz estatuko kapitala gehitzen dutenak sustatzeko adina soberakin ez uztera hel daitekeela. Zorionez ez da inoiz horrelakorik gertatu herrialde libreetan; hau da, zergatzea ez da hain urrun joan, ezta kapitala urrituz joateko adina etengabe handitu ere. Honelako zergatzeak ez lezake luze iraun; eta iraungo balu, herrialdeko urteko ekoizpenetik hainbeste irentsiko luke, miseria, gosea eta populazio-galera ekarriko lituzkeela.

Adam Smithek dioenez, "Britainia Handian bezala, barruti guztietan kanon aldagaitza baten arabera kobratzen den lurraren gaineko zerga, nahiz indarrean ipinitako momentuan berdina izan, denbora joan ahala desberdina bihurtzen da, hobekuntza- edo utzikeria-mailak desberdinak baitira herrialdeko leku bakoitzean. Ingalaterran konterri edo elizbarruti bakoitzean egin zen balorapenaren arabera, William eta Maryren lurrei ipini zitzaien lurraren gaineko 4. zerga, oso desberdina izan zen bere lehen ezarpenetik hasita. Zerga hau, beraz, lehen aipatu dugun lau arau nagusi haien lehenengo printzipioaren aurka dago, beste hirurekin bat badator ere. Guztiz ziurra da. Zerga eta errenta garai berean ordaintzea izango da zergadunarentzat egokiena. Nahiz eta kasu guztietan benetako ordaintzailea lurjabea izan, zerga, normalki, maizterrak aurreratzen du, honi lurjabeak errentaren ordainketan zerga onartu behar badio ere".

Maizterrak zerga lurjabeari beharrean kontsumitzaileari pasatzen badio, hasieran desberdina ez bazen, gero ere ezin daiteke inoiz izan; zeren eta ekoizpenaren prezioa berehala zergaren proportzioan igo bada, hori gertatu ostean, zerga horren ondorioz ez baita gehiago aldatuko. Honela ez bada, desberdina bada, lehen aipatutako laugarren arau nagusiaren aurka egongo da, baina ez lehenengoaren aurka, frogatzen saiatu naizen bezala. Jendearen patriketatik estatuaren altxorrera eramango den baino diru gehiago atera liteke, baina ez da desberdin ezarriko zergadun klase berezi baten gainean. Nire ustetan, Say jauna oker dago lurraren gaineko ingeles zergaren jatorri eta ondorioei buruz esaten duenean "Pertsona askok zenbatespen finko horri egozten diote Ingalaterrako nekazaritzaren oparotasunaldia. Horrek ekarpen handia egin dio oparotasun horri, horretan ez dago zalantzarik. Baina, guk zer esan beharko genuke gobernu bati buruz merkatari txiki bati honelako hizkeran hitz egingo balio?: “Kapital txikiarekin merkataritza mugatua ari zara burutzen, eta beraz, zure ekarpen zuzena oso apala da. Mailega ezazu dirua gero kapitala meta dezazun; heda ezazu zure jarduera paregabeko etekinak eskuratu arte: oraindik ez duzu kontribuzio handiagorik ordaindu beharko. Gainera, zure oinordekoek zure negozioa heredatzen dutenean eta beren irabaziak gehiago handitzen direnean, ez al dira lehen baino baloratuagoak egongo? Eta zure oinordekoek ez al dute ekarpen handiagorik egingo gastu publikoak egin daitezen?”

"Zalantzarik gabe, honek ekoizpena eta merkataritza suspertuko lituzke; baina zuzena izango al litzateke? Aurreramendu hau ezin al liteke beste prezioren batekin erdietsi? Ingalaterran bertan, ez al dute fabrikazioak eta merkataritzak aurreramendu handiagorik egin denboraldi honetan, partzialki bederen, gehiago nabari ez daitezen? Lurjabeak bere arreta, zuhurtasun eta trebezia direla eta, bere urteko sarrerak 5.000 frankon gehitzen ditu. Estatuak errentaren hazkunde honen bostena eskatzen badu, 4.000 frankoko inkrementua ez al zaio geratuko geroko jarduerak bultzatu ahal izateko?"

Say jaunak suposatzen du lurjabeak arreta, zuhurtasuna eta trebezia dituelako inkrementatzen dituela sarrerak 5000 frankon; baina lurjabeak ez du bitartekorik bere arreta, zuhurtasuna eta trebezia bere lursailean enplegatzeko, berak zuzenean bere lurrak ez baditu lantzen behintzat; eta orduan, kapitalista edo nekazari bezala egiten arituko da hobekuntza horiek eta inola ere ez lurjabe gisa. Ez da onartzen bere etxaldeko ekoizpena maila horretan gehi daitekeenik aparteko trebezia duela eta, aurretik enplegatzen duen kapitala ez badu handitzen behintzat. Eta honela egiten badu, bere sarrera handiagoek proportzio berdina manten lezakete inkrementutako kapitalarekiko, nekazari guztien sarrerek beren kapitalekiko duten bezala.

Say jaunaren iradokizunak jarraituko balira eta estatuak nekazariari inkrementutako sarreren bostena eskatuko balio, hori nekazariaren gainean eragiten duen zerga partziala izango litzateke, irabazien gain eragiten duena hain zuzen, eta inolako eraginik ez duena beste jardueratan enplegatutakoen gain. Lur guztiek ordainduko lukete zerga, errendimendu gutxi zein ugari ematen dutenek; eta zenbait lurretan ezingo litzateke errentatik kendutako konpentsaziorik egon, ez bailitzateke errentarik ordainduko. Irabazien gaineko zerga partziala, ez da inoiz ezarri den industrian erortzen, enpresariak jarduera horretatik ihes egingo baitu, konpentsaziorik ez badu behintzat. Dena den, errenta ordaintzen ez dutenak ekoizpenaren prezio-igoerarekin bakarrik izan litezke konpentsatuak, eta beraz, Say jaunak proposatutako zerga kontsumitzailearen gain eroriko litzateke, eta inola ere ez lurjabe edo nekazariaren gain.

Proposatutako zerga lurretik lortutako kantitate edo ekoizpen gordinaren balioak duen inkrementuaren proportzioan gehitzen bada, orduan, zerga hau ez litzateke batere bereiziko hamarrenetik, eta beraz, kontsumitzaileei transferituko litzaieke. Horregatik ekoizpen gordin edo garbiaren gain ipiniko balitz ere, beti, kontsumoaren gaineko zerga izango litzateke eta lurjabe eta nekazariari, biei, era berean eragingo lieke zerga honek, hau da, oinarrizko ondasunen gaineko zerga bailitzan.

Lurraren gain inolako zergarik ipini ez bazen eta kopuru berdina beste iturrietatik eskuratu bazen, nekazaritza, hala ere, gaur egun ezagutzen den egoeran egongo litzateke, ezinezkoa baita inolako zergak nekazaritza suspertzea; zerga neurridunak ezin dezake eta ziurrenik ez du eragotziko, baina ekoizpena ezin susper dezake. Ingeles gobernuak ez du Sayk suposatzen duen hizkera erabiltzen. Izan ere, gobernu honek ez du hitzik eman nekazal klase eta beronen oinordetza guztia zerga-ordaintzetik libratu eta, estatuak dituen konpromezuei aurre egin ahal izateko behar duena, gizarteko beste klase guztiei kentzeari buruz. Gobernuak ondokoa esaten du: "lurra ez dugu gehiago zergatuko; baina guk askatasun osoa gordetzen dugu zuri nahi dugun moduan ordainarazteko; edozein eratan ordainaraziko dizugu kuota osoa estatuak gerora izango dituen betekizunei aurre egin diezaien".

Espeziezko edo ekoizpenaren proportzio baten gaineko zergari buruz hitz egiterakoan, hau da, hamarrenen zerga bera, Sayk hau dio: "Badirudi zergatzeko modu hau dela sistema zuzenena, baina beste edozein baino zuzentasun gutxiagokoa da: kontsiderazioetatik at uzten du ekoizleak egin ditzakeen aurreramendu guztiak; sarrera gordinen proportzioan dago eta ez sarrera netoenean. Bi nekazarik oinarrizko ondasun desberdinak lantzen dituzte: batek lur ertainean lantzen du laborea eta bere urteroko gastuak, batezbeste, 8.000 frankora heltzen dira; oinarrizko ondasunak salduz gero erdiesten dena 12.000 frankora iristen da; beraz, sarrera netoa 4.000 frankora heltzen da.

"Bere auzoko nekazariak lurra larrerako edo basorako erabiltzen du; horrela, urteroko sarrera 12000 frankora iristen da, baina bere gastuak, bien bitartean, 2.000 frankokoak besterik ez dira. Hau dela eta, batezbesteko sarrera netoa 10.000 frankokoa da".

"Legeak agintzen du lurraren ekoizpen osoaren hamabirena Ogasunari eman behar zaiola gauzetan. Lege honen ondorioz, lehenbizikoak 1.000 franko balio duen laborea entregatu beharko du; eta bigarrenak, lasto, abere edo egurretik beste 1.000 frankoko balioa. Zer gertatu da? Batetik, sarrera netoaren laurdena, hau da, 4.000 frankotik 1.000 franko hartu dira; 4.000 frankoko sarrerak zeuden bestetik, aldiz, hamarrena bakarrik hartu da. Sarrera, irabazi netoa da, behin kapitala aurreko egoera berean utzita, azken batean geratzen dena. Merkatariak, urtearen buruan bere salmenten bidez lortutako sarrera guztiak errenta suposatzen al du? Ez noski; bere sarrerak aurreratu dituen gastuak kenduz gero konputatuko dira; eta beraz, soberakin honen gain ipini beharko lirateke zergak".

Aurreko aipuan, Say jaunaren okerra, oinarritzat hartzen duen balizkoan datza; bietako nekazari baten ekoizpenaren balioa, behin kapitala berreskuratuta, bestearena baino handiagoa delako da, eta ondorioz, bi nekazarien sarrera netoa, kopuru berdinean, desberdinak izango dira. Lurjabe eta maizterren sarrera netoak, orokorki, handiagoak izan daitezke egurra lantzen den lurrean, lurjabeak eta maizterrak laborea landutako lurrean lortzen dituzten sarrera netoak baino; baina errentaren diferentzia da eta ez irabazi-tasena. Say jaunak alde batera uzten du nekazari hauek lurra erabiltzeagatik ordaindu behar dituzten errenta desberdinak. Izan ere, ezin daitezke bi irabazi-tasa desberdin egon enplegu berean, eta beraz, ekoizpenaren balioa kapitalarekiko proportzio desberdinetan dagoenean, errenta da aldatzen dena eta inola ere ez irabaziak. Zeren itxurapean lor dezake norbaitek 2.000 frankoko kapitalarekin 10.000 frankoko irabazi netoa, bien bitartean beste batek 8.000 frankoko kapitalarekin 4.000 frankoko irabazi netoa erdiesten badu? Utz dezagun Say jauna errentari buruzko aurrerapenak egiten, utz dezagun bere kaxa zergak oinarrizko ondasun horien prezioetan duen eraginaz jabetzen, eta zerga desberdina ez denaz ohartuko da, baita geroago ikusiko ere, ekoizleek ez dutela beste edozein kontsumitzailek egiten duenaren modu desberdinez ordaintzen.