Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XIII. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XIII. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XIII. Kapitulua

Urrearen gaineko zerga

Merkantzien prezio-igoera, zergatzearen edo ekoizteko zailtasunaren ondorio dela kontsideratu behar da; baina merkatu-prezioa bere prezio naturalera iritsi arteko denbora, merkantzia bakoitzaren berezitasunaren eta bere kantitatea urri daitekeen erraztasunaren menpe dago. Izan ere, zergatutako merkantziaren kantitatea ezin bada gutxitu, esaterako, nekazari edo kapelagilearen kapitala beste eginkizun batzuetan erabiltzerik ez balego, irabaziak bere maila orokorretik behera jaistea ez litzateke zergaren ondorio izango; merkantzia horien eskaria ez balitz inkrementatuko, inoiz ez lirateke gai izango laborearen merkatu-prezioa edo kapelarena gehitutako beren prezio naturaletik gora igotzeko. Beren enpleguak utzi eta kapitalak jarduera egokiagoetara mugitzeari buruz egiten dituzten mehatxuak, azken finean, mehatxu ustelak bezala hartu behar dira, beteko ez direnak; eta ondorioz, ekoizpena murriztu dela eta, prezioa ez litzateke igoko. Merkantziak, nolanahikoak izanda ere, kopuruan gutxi daitezke, eta kapitala jarduera errentagarri apalenetatik handiagotara higi daiteke, baina mugimendu hau azkartasun-gradu desberdinetan emango da. Ekoizlearentzat arazoa izateke, merkantzia berezi baten ekoizpen-kopurua murrizteko zenbat eta erraztasun gehiago egon, bere prezioa fiteago igoko da bere ekoizpena zaildu ondoren zerga ezarri delako, edo beste bitartekoren bat erabili delako. Laborea merkantzia guztietan behar-beharrezkoa denez, bere eskarian zerga bat ezarri ostean ondorio xumea sortuko da, eta beraz, ziurrenik bere eskaintza ez da denbora luzean soberan egongo, nahiz eta bere ekoizleek zailtasun handiak izan kapitala lurretik mugitzeko. Arrazoi honengatik zergak berehala igoaraziko du laborearen prezioa, eta nekazariak berehala egotziko dio zerga kontsumitzaileari.

Urrez hornitzen gaituzten meategiak gure herrialdean baleude eta urrea zergatuko balitz, honek ez luke bere balio erlatiboa beste gauzekiko igoko bere kantitatea murrizten ez den bitartean. Kasu hau, hain zuzen ere, urrea diru gisa erabiltzen denean emango litzateke soilik. Egia da emankortasun apaleneko meategiak, errenta ordaintzen ez dutenak, ezin daitezkeela jardueran jarri, baldin eta urrearen balio erlatiboa zergaren neurri berdinean igo ondoren irabazi-tasa orokorrera heltzen ez badira. Urre-kopurua, eta beraz, diru-kopurua, astiro-astiro, murriztu egingo lirateke: urte baten buruan pixka bat gutxituko litzateke, beste zertxobait hurrengo urtean, eta azkenean, bere balioa zergaren proportzioan igoko litzateke; baina tarte horretan, jabe edo edukitzaileak, zerga ordainduko dutenez, sakrifikatuak izango lirateke, eta diru-erabiltzaileak ez ordea. Herrialdeko gariaren 1.000 laurden bakoitzeko eta gerora ekoiztuko diren 1.000 laurden bakoitzeko, gobernuak zerga moduan 100 laurden hartzen baditu, geratzen diren 900 laurdenekin lehen 1.000 laurdenekin ganbiatzen zen merkantzi kantitate berdina erdietsiko litzateke; baina gauza bera gertatzen bada urrearekiko, eta herrialdeko egungo, edota gerora ekar daitekeeneko 1.000£ bakoitzeko, gobernuak 100£ atera ditzake zerga gisa, eta geratuko diren 900£rekin lehen erosten zena baino zertxobait gehiago lortuko litzateke. Zerga, azken finean, bere jabetza dirutan duenaren gain eroriko litzateke, eta honek honela jarraituko luke, zergak eragindako produkzioaren kostu-igoeraren proportzioan murriztu arte.

Hau, agian, nabariagoa izango litzateke metalarekiko, diru gisa hau erabiltzen bada, eta ez beste edozein merkantzia; hala gertatzen da, oihal- edo elikagai-eskaria ez bezala, diru-eskaria kantitate zehatza ez delako. Diru-eskaria, bere balioak erregulatzen du erabat, eta bere balioa beronen kantitateak. Urreak bi halako balioa balu, bere kantitate-erdiak zirkulazio-funtzio berdina beteko luke; balio erdia balu, bere kantitateak bi halakoa izan beharko luke. Laborearen merkatu-balioa zergaren eraginez edota ekoizpen-zailtasunak daudelako hamarren batean gehitzen bada, zalantzagarria da kontsumitutako kantitatean ondorioak sortuko dituen ala ez, gizaki bakoitzaren nahia kopuru zehatz eta jakinekoa delako, eta beraz, gizaki honek erosteko baliabideak baldin baditu, lehen bezala kontsumitzen jarraituko du: baina diruaren kasuan, eskaria, zehazki, bere balioaren proportzioan dago. Ez da gizakirik bizirauteko behar duenaren bi halako labore-kopuru kontsumituko duenik; baina gizaki bat ondasun-kopuru berdina erosterakoan edo saltzerakoan behartuta egon daiteke bi, hiru edo hainbat aldiz diru gehiago enplegatzera.

Nik hemen erabiltzen dudan argudioa, metal bitxiak diru gisa erabiltzen dituzten gizarteentzat da aplikagarri; hain zuzen, kreditu-papera ezarri ez deneko gizartearentzat. Metala urrea denean, beste merkantzia guztiak bezala, bere balioa merkatuan dauka, eta azken batean, balio hau bere ekoizpenaren erraztasun edo zailtasun konparatiboak erregulatzen du; eta bere izaera iraunkorragatik eta bere kopurua urritzearen zailtasunagatik, benetan bere merkatu-balioaren aldaketara mugatzen ez bada ere, zailtasun hori gehitu egiten da diru gisa enplegatzen denean. Merkatuan merkataritzarako helburu bakarrarekin 10.000 ontzurre bazeuden, eta gure merkantzietan egiten zen urteroko gastua 2.000 ontzurrekoa bazen, bere balioa laurden bat edo ehuneko 25 igo zitekeen urteko eskaintzari eutsiz gero; baina diru gisa erabiltzearen ondorioz, enplegatutako kantitatea 100.000 ontzurrekoa balitz, hamar urte baino lehenago bere balioa ez litzateke laurden bat igoko. Paperez egindako diru-kopurua berehala urri daitekeenez, bere balioa, estandar hori urrea izan arren, metala bera igoko litzatekeen bezain fite gehituko litzateke, eta metalak, nahiz eta zirkulaziorako zati apal bat osatu, diruarekiko lotura ahula gordeko luke.

Urrea herrialde bakar baten ekoizkina balitz, eta diru gisa unibertsalki enplegatuko balitz, bere gain zerga garrantzitsua ipin liteke, baina hau ez litzateke inongo herrialderen gain eroriko, herrialdeok urre hori manufakturetan eta tresnetan erabiliko duten proportzioan ez bada behintzat; diru gisa erabilitako zatiaren gaineko zerga ez luke inork ordainduko, nahiz eta eskuratutako zerga handia izan litekeen. Hau diruaren kualitate bereziagatik datorke. Kantitate mugatua duten merkantzia guztiak eta lehiaketaren bidez gehitu ezin daitezkeenak, beren balioa gustu, nahikeria eta eroslearen ahalmenaren menpe dago; dirua gehitu nahi duen edo hori egiteko beharra daukan herrialderik ez dago, beste merkantziekin gertatzen ez den bezala: ez dago inolako aurreramendurik diru bezala hogei milioi erabilita, hamar milioien ordez. Herrialde batek zeta edo ardoaren monopolioa izan lezake eta, hala ere, zeta eta ardoaren prezioak eror litezke; hau nahikeria, moda edo gustuaren ondorioz gerta liteke, arropa eta brandia nahiago direlako, eta beraz, haiek ordezkatu egiten dira; hein batean, ondorio berdintsua jazo liteke urrearekin, baldin eta manufakturetan erabiltzera bultzatzen bada. Baina dirua ganbio-bitartekaria denez, bere eskaria ez da inoiz hautaketarako gai, beti derrigorrezkoa delako: zuk zeure ondasunen truke hartu egin behar duzu, eta beraz, bere kopuruan ez dago mugarik, nahiz eta kopuru hau kanpo-merkataritzak behar dezakeen, bere balioa erortzen bada behintzat; eta bere balioak gora egiten badu, murrizketarik ez duzu egin behar. Zuk diru-papera ordezka dezakezu, baina hala ere, zuk ez duzu eta ezin dezakezu diru-kopurua gutxitu, zeren eta diru estandarrak erregulatzen baitu zeinekin den ganbiagarri: merkantzien prezio-igoerak eragotz dezake soilik, diru gutxiren truke erosten direneko herrialdetik gero garestiago salduko direneko beste herrialdera esportatzea; eta garestitze hau gertatzeko modu bakarra, kanpotik diru metalikoa inportatzea, edo bertan diru-paper gehigarria sortzea da. Beraz, suposatzen badugu Espainiako erregeak meategiak esklusiban dauzkala, eta urrea bakarrik dirutarako erabilita, honi zerga garrantzitsua ezartzen bazaio, horrek urrearen balio naturala goratuko luke; eta Europan duen merkatu-balioa, azken finean, Amerika espainiarreko balio naturalak erregulatzen duenez, Europako merkantzia gehiago eman beharko lirateke urre-kopuru jakin baten truke. Baina ez litzateke urre-kopuru berdina ekoiztuko Ameriketan, ekoizpen-kostua igotzearen ondorioz, bere balioaren gehikuntza kopuru-murrizketaren proportzioan egongo bailitzateke. Beraz, Ameriketan ez lirateke ondasun gehiago erdietsiko handik esportatzen den urrearen truke; eta orduan, Espainia eta bere kolonien irabazia non ote dago? Irabazia hau izango litzateke: urre gutxiago ekoiztuta, kapital gutxiago enplegatuko litzateke bere ekoizpenean; ondasunen balio berdina inportatuko litzateke Europatik, eta inportazio hauek erdiesteko kapital gutxiago enplegatuko litzateke, lehen erdiesteko kapital gehiagoren beharra baitzegoen; eta beraz, meategietatik erretiratutako kapitalaz lortutako irabazia izango litzateke, eta irabazi hau da, hain zuzen, Espainiak eskuratuko lukeena zerga ipini ondoren; irabazi hau ordea, Espainiak ez luke bereganatuko beste edozein merkantziaren monopolioa balu. Honelako zerga batek diruaren gain duen eragina kontuan harturik, Europako nazioak ez lirateke kaltetuko; berauek ondasun-kopuru berdina izango lukete, eta ondorioz, gozamenerako lehengo bitarteko berak izaten jarraituko lukete; baina ondasun hauek diru-kopuru gutxiagorekin zirkulatuko lukete, diruak balio handiagoa izango lukeelako.

Zergaren ondorioz meategietatik gaur egungo urre-kopuruaren hamarrena besterik ez balitz erdietsiko, hamarren honen balioa, hain zuzen, egun ekoizten den balioaren hamar hamarren izango litzateke. Baina Espainiako erregea ez da metal bitxi guztien jabe bakarra; eta hala balitz ere, jabetza eta zergatzeko boterearen abantaila, zalantzarik gabe, ahulagoa izango litzateke, Europan eskariak eta kontsumoak mugak dituztelako; hau honela gertatzen da, diru-paperak maila handiago edo txikiagoan urrea ordezkatzeko ahalmen unibertsala duelako. Merkatuko adostasuna eta merkantzia guztien prezio naturalak, garai guztietan eskaintzak gora edo behera egiteko duen erraztasunaren menpe daude. Urre, etxebizitza, eskulan eta hainbat gauzatan bezala, zenbait baldintzatan, efektu hori ezin daiteke berehala eman. Baina guztiz desberdina da urte batetik bestera kontsumitu eta berrekoizten diren merkantzien kasuekin alderatzen bada, hau da, kapela, oinetako, labore eta arroparen kasuekin; hauek honela behartuta murritz daitezke, eta merkantzia hauek ekoizteagatik ezarritako zerga hazkorrak eskaintza proportzioan urritzeko hartzen duen bitartea ezin daiteke luzea izan.

Lurrazaletik erdietsitako oinarrizko ondasunaren gaineko zerga, ikusi dugunez, kontsumitzailearen gain erortzen da, eta ez dio inola ere errentari eragiten; lana mantentzeko behar den dirua urritzen bada, ondorioz alokairuak apaldu, populazioa murriztu eta laborearen eskaria gutxitu egingo dira. Baina zerga bat urre-meategietako ekoizpenaren gain ezartzen bada, metal honen balioa igo egingo duenez, derrigorrez bere eskaria gutxitzen du, eta beraz, kapitala enplegatuta zegoen jardueratik lekualdatu egiten du. Urrearen gaineko zerga dela eta, Espainiak lehen aipatu ditudan irabazi guztiak eskuratu arren, kapitala erretiratu den meategien jabeek beren errenta guztiak galdu egingo dituzte. Hau gizabanakoentzako galera izango da, baina ez nazio-galera; errenta ez da balio-sortze gisa hartzen, bai ordea aberastasunaren transferentzia bezala: Espainiako erregeak eta jardueran jarraitzen duten meategien jabeek, denak batera, kapitalek sortzen dutena eskuratu ezezik, beste jabeek galtzen dutena ere jasoko lukete.

Demagun 1., 2. eta 3. mailako meategiak lanean ari direla, eta pixuzko 100, 80 eta 70 libra urre ekoizten dituztela; beraz, 1. mailako meategiak sortzen duen errenta hogeita hamar liberakoa da eta 2.ekoa hamar liberakoa. Demagun orain jardueran dagoen urre-meategi bakoitzaren gaineko urteko zerga hirurogeita hamar libera urre dela; ondorioz, 1 zenb.dunak bakarrik funtzionatuko du, bera izango baita errentagarritasun nahikoa mantenduko duen bakarra, eta begi-bistakoa da, berehala errenta guztia desagertuko dela. Zerga ezarri aurretik 1 zenb.an ekoiztutako 100 liberengatik hogeita hamarreko errenta ordaintzen zen, eta meategiko langileek hirurogeita hamar gordetzen zuten, hau da, errentagarritasun apalena zuen meategiko ekoizpenera heltzen zen. Beraz,

1 zenb.ko meategiko kapitalistari geratzen zaion balioak lehengoa bezalakoa izan beharko du, edo bestela, kapitalaren gaineko irabazi amankomunera ez da helduko; eta ondorioz, 100 liberatik hirurogeita hamar zergatan ordaindu ondoren, geratzen diren hogeita hamarren balioak, lehen hirurogeita hamarrek zuten balioa izan beharko du, hau da, ehun liberaren balio orokorra, lehen 233 liberak zuena izango da. Bere balioa altuagoa izan liteke, baina inoiz ez apalagoa, bestela meategi hau ixtera iritsiko bailitzateke. Merkantzia monopolizatua izanez gero, bere balio naturaletik gora egon liteke, eta orduan, soberakin horren adinako errenta ordainduko luke; baina meategi horretan ez litzateke dirurik enplegatuko balio natural horretatik behera balego. Meategian enplegatutako lan eta kapitalaren heren baten etekinarekin lortuko lukeen bezainbat urre eskuratuko luke Espainiak, lehengo merkantzi kopuru berdin horrekin, edo antzekoarekin ganbiaturik. Bera -Espainia- aberatsagoa izango litzateke meategietatik libratutako ekoizpenaren bi herenak direla eta. 100 libera urrearen balioa lehen ateratako 250 liberen berdina balitz, Espainiako erregearen zatiak, hau da, bere hirurogeita hamar liberen balioak, antzinako 175 liberen balio berdina izango luke: erregearen zergaren zati txiki bat bakarrik jasango lukete menpekoek; zati handiena, kapitalaren banaketa hobearen eraginez, berak eskuratuko luke.

Espainiaren kontua honela geratuko litzateke.

Aurreko ekoizpena

Urrea, 250 libera, eta baliokidea (adibidez) 10.000 yarda arropa.

Oraingo ekoizpena

Meategiak utzitako bi kapitalistek, lehen 140 libera

urregatik ganbiatutako balio berdina; hau da, 5.600 yarda arropa.

1 zenb.ko meategia lantzen duen kapitalistaren ho-

geita hamar libera urre, bere balioa 1etik 2,5erako

proportzioan gehitu ondoren, eta beraz, oraingo ba-

lioa neurri honetara iritsi denean 3.000 yarda arropa.

Erregearentzako zerga: hirurogeita hamar, 1etik

2,5erako proportzioan gehitu ondoren, eta oraingo

balioa honako hau denean 7.000 yarda arropa.

15.600

Erregeak eskuratutako 7.000tik, Espainiako herriak 1.400 besterik ez luke ordainduko, eta irabazi garbia 5.600 izango litzateke, hau da, liberatutako kapitalak sortutako irabazia.

Lantzen den meategiaren gain ipintzen den zerga, kopuru finkoa izan ordez, bertatik erdiesten den ekoizpenaren zatiren bat baldin balitz, horren ondorioz ez litzateke kantitatea berehala murriztuko. Meategi bakoitzaren erdia, laurdena edo herena zergatarako hartuko balitz, nolanahi ere meategi horien jabeen esku egongo litzateke lehen bezain emankor egitea; baina kopurua ez balitz murriztuko, eta jabearengandik erregearengana zati bat besterik ez balitz transferituko, bere balioa ez litzateke igoko; zerga kolonietako populazioaren gain eroriko litzateke, eta abantailarik ez litzateke lortuko. Era honetako zergak, Adam Smithek lurzoruko emaitzen gaineko zergei atxikitzen dizkien ondorioak izango lituzke: zerga guztia meategiaren errentaren gain eroriko litzateke. Aurreraxeago joanik, benetan, zergak errenta osoa zurgatzeaz gain, meategiko kapitalistari kapitalaren irabazi normal guztia kenduko lioke, eta ondorioz, urre-ekoizpenetik kapitala erretiratu egingo luke. Urrutirago joanik, zerga handiagoak, meategi onenetako errenta irentsiko luke, eta kapital gehiago erretiratuko litzateke; beraz, kopurua etengabe murriztuko litzateke eta bere balioa igo, eta dagoeneko aipatu ditugun ondorio berdinak izango lituzke: zergaren zati bat Espainiako kolonietako populazioak ordainduko luke, eta beste zatia sortutako ekoizpen berria izango litzateke, ganbio-bitarteko gisa erabiltzen den lanabesaren ahalmena gehituz.

Urrearen gaineko zergak bi motatakoak dira: bata, gaur egun zirkulazioan dagoen urrearen gainekoa eta bestea, meategietan urtero ekoizten den kantitateari buruzkoa. Biek urre-kopurua murrizteko eta bere balioa igotzeko joera dute, baina bere balioa ez da inola ere kantitatea gutxitu arte igoko, eta beraz, honelako zergak iraupen jakinerako dira, hau da, diruaren jabeen artean eskaintza urritu artekoak; azken finean, iraunkorki komunitatearen gainekoa den zatia, meategiaren jabeak errenta-murriztapenaren bidez ordainduko du eta erosleek, Gizartearen beharrak asetzeko erabilitako urre-zatiaren bidez, eta ez zirkulazio-tresna gisa erabiltzen duen zatiaren bitartez.