Testuingura
[aldatu]XVI. mendearen bigarren erdiko gizartea, espiritua eta sentiberatasuna
[aldatu]Mende handiaren erdialdera euskal arkitektura handiaren erlijio eta politikako agertokia den momentu historiko honi buruzko zerbaiten berri ematea komeni bada, zerbait hori Felipe II.aren erregealdi hasieran eta Trentoko Kontzilioaren amaieran sortu zen egoera espiritual berria izan daiteke. Hispaniako gizartearen bizitzarako eta, orokorki esanda, egitura artistikoen garapenerako, oinarrizkoak izan ziren bi gertakariok. Baina kapitulu honetan Euskal Herriko erlijiozko arkitekturaren mugetan kokatuko dugu gaia; hain zuzen ere, “eliza kolumnarioen” eszenari lotuz.[1]
Eliza zabalagoak
[aldatu]Espainiako erresuman eta baita Baskonian ere hazkunde demografiko[2] garrantzitsu bat eman zen XVI. mendeko lehenengo erdian eta ondorioz: gertakari migratzailea.
Hazkunde biak batera gertatzeak, kontzejuetan, elizgizon, parrokietako kofradia eta orokorrean kristau-elkarteetan eliza handiagoak eraiki beharraren kontzientzia sortu zen. Agiriek adierazten dutenez, “de algunos años a esta parte se ha poblado de gentes en esta dicha villa (San Sebastián) en tanta manera que en los divinos oficios no caben en las yglesias, en especial en la Iglesia de Santa María”.
Eraikuntza publikoak zurezko[3] egiturez eraikitzearen ohitura zaharra betirako alde batera uzteaz gain, zabalera eta handitasun neurritsu bat bilatu zen.
Administrazio aldaketa. Bestalde gurtzarako eraikinen zuzendaritza eta administrazioa esku pribatuetatik eliza-elkarteko aginpidearen eskuetara igaroz joango zen. Erdi Aroaren amaieran gehienetan liturgia ofizialetik at zeuden zenbait dogma edo misterio, edo emakume ala gizaseme santu zaindari jakinen bereziki zale ziren kofradia eta talde edo pertsona pribatuen bidez bideratzen zen herri jaierak beste itxura bat hartu zuen: kapilautza, eta zerbitzuak Patronatuzko elizen sistema zaharra ordezkatzen zuen.
Mendearen erdialdean Trentoko Kontzilioko Gurasoek zerbitzu hauek bideratzeko norabideak markatu zituzten eta horren ondorioz, Trentoko dekretuak ezarri nahian zebiltzan elizbarruti askotako Sinodo Kontseiluek arau zehatzak eman zituzten berauei eusteko, bai erakunde laguntzaileen aldetiko gehiegikeriak eragozteko eta bai apaiz onuradunen bizitza duin eta zintzoa babestu eta zaintzeko. Eliza, bere konpetentzien jeloskor jarri zen arrazoi osoz, gurtza eta sakramentuak ematearen egitekoari zegokionean, eta ondorioz bere eskubideak eskatu zituen iragankorrak ziren ondasunak kudeatzeko ere.
Baskoniari dagokionez, Ahaide Nagusiak, orain parrokia edo kapera bihurturiko monasterioen Nagusiak zirenez, amore ematen hasi beharrean gertatu ziren errenta edo kudeaketa-eskubide batzuk mantendu ahal izateko, erabat zaharkituak izaten hasiak baitziren erlijio-zerbitzuak ordaindu eta eskatzeko moduan bitartekaritzarik nahi ez zuen herri kristau baten kontzientziarentzat. Honela, herri eta elkarteen ekimeneko bilakatuko zen eliza eta kaperen eraikuntza, XVI. mendeko Elizbarrutiko Sinodo batzuek zehazki adierazi zituzten gehiegikerien egile ziren gizon boteretsuen kontroletik bereiziz.
Lasaialdi ekonomikoak eta herri-ekimena
[aldatu]Bestalde, merkataritzaren hazkundeak hiribilduen populazioan eragin zuen lasaialdi ekonomikoak aldeko egoera bat eskaintzen zuen gurtza lekuak berritu eta zabaltzeko.
Ameriketako urrea. Karmelo Etxegaraik, XVI. mende honetako Gipuzkoako erlijiozko monumentuen historia egiterakoan, ezinbestekoa du aberaste hau Ameriketatik ekarritako urreari lotzea eta Debako parrokia aipatzen du, hain zuzen ere; berau delarik kapitulu hau eskaini nahi diogun eliza zabal horietako bat: [4] “El dinero que vino de América, por la participación extraordinaria que los hijos de este país tuvieron en las magnas empresas de exploración y colonización del Nuevo Mundo, y el mayor bienestar material que como consecuencia de nuevos elementos de riqueza se difundió en la tierra guipuzcoana, contribuyó por modo poderoso a la transformación más ó menos radical según los recursos con los que se contaba de muchos edificios destinados al culto...”.
Herriaren partaidetza. Herriak hartzen zituen erabakiak bere parrokia, ermita eta gurtza lekuetako (kontzejuak, zaindariak eta etxezainak) kudeaketa lanetan zituen ordezkarien bitartez, zein artelan egin eta zein maisuk burutu behar zituzten,. Hala ere, lanak ordaintzeko mugak zituzten, parrokiak izan zitzakeen fondoak ezarritakoak eta Gotzainak emandako arauenak besterik ez.
Arkitekturaren oinarriak eta ideiak
[aldatu]Esan dezagun XVI. mendearen bigarren erdiaren hasieran, arkitekto hispaniarren sentiberatasun estetikoak soiltasun formal handiago baten aldera egin zuela. Estiloa bi oinarriren argitan garatu zen:
- egitura gotikoen iraunkortasuna,
- eta eraikuntza eta forma aldetiko garbitasun handiago bat (gruteskoen pixkanakako desagertzea eta abar); horren paradigma El Escorialeko Errege Monasterioa da, eraikuntza erraldoi honetan “Bizkaiko harginek” oso era berezian esku hartu zutelarik.
Arkitekturan irizpide arautzaile bihurtu ziren ideiak dira eta teorian bederen, tratatuen bidez ere elikatu zirenak, esaterako, Vitrubio, Serlio, Palladio, Vignola eta Joan de Herrera; berauen argitalpena mendea bukatu aurretik Espainiara irisi joan ziren:
- neurrietan handitasuna,
- espazioetan bateratzea,
- trazatuetan soiltasuna.
1. Bizkaiko harginak
[aldatu]Baskonian zurezko eliza zaharrak harrizko eraikuntzez ordezkatuak izatearen ohitura zabalduz zihoan heinean, hargin lanetan adituak ziren gizonen beharra sumatzen hasi zen.[5] Gai gogor eta iraunkorretan eraikitzeko beharra osatzera Kantabriako eta Galiziakoekin batera euskal harginak etorri ziren; gehienak herriaren barnealdetik etorritakoak ziren.
Aitoren semetasunaren balioa ezarri. Orokorrean –kapitulu honetan jarraituko diogun Barrio Lozaren azterketa dokumentatuaren arabera– jende anonimoa zen, beren lurrean sustraituriko ondasunik gabeak, baina hala ere, hau ez zen eragozpen izan beren aitoren semetasunaz harro egoteko, El Escorialen eraikuntza bitartean euskal hargin ofizialek sentiarazi zuten moduan, 1577an, altxamendu bat eragin, eta danbor‑kolpez greba aldarrikatu zuten, hiribilduko Alkate Nagusia hilko zutela mehatxatuz, azkenik barkatuak izan baziren ere, P. Sigüenzak pasadizo soila gainetik pasa eta esanguratsua den kontakizun batean dioenez.
Gertakari honek, El Escorialeko monasterioa izan zen ekimen izugarri hartan barnean harrapatutako langile euskaldun batzuen giza eta gizarte sentiberatasunarekin duen esanahia dela eta, ez dugu uste beraien kontakizuna hemen soberan dagoenik:
“Garrantzi handirik gabeko arau hausteren bat zela eta, El Escorialeko hiribilduko Alkate Nagusiak... hargin bizkaitar batzuk atxilotu zituela gertatu zen. Eta berak esan zuenez, ez lotsatzeko asmotan, ikaratzekotan baizik, asto batzuk bilatu eta ekarrarazi zituen zigortzera atera ahal izateko... Ahoz aho pasa zen berria. Hauek eta menditarrak, beraien buruak hain zituzten aitoren semetzat sentitzen, non matxinatu egin ziren eta askok gau osoa beilan igaro zuten beren ezpatekin kartzela zaintzen, arratsaldean atxilotu baitziren, baldin eta Alkate Nagusia eta Aguazila haiek hiltzeko asmotan kartzelakoak ateratzen bazituzten. Goizerako guztiak elkartuta zeuden jada eta lan egiten zuten harrobietan inor ere gelditu gabe, leku honetara etorriak ziren danborra eta bandera batekin, beraien kapitaina seinalatuz. Gogor jo zuten lanera deitzen zuen kanpaitxoa eta momentu hartan dena gelditu egin zen eta lan egiteari utzi egin zioten...” Azkeni matxinatuekin mintzatu ziren... “eta amorrua hoztu eta arindu egin zitzaien”... eta fraideak bitarteko zirela egun haietan El Escorialera etorria zen Erregeak barkatu egin zien errudunei, izan ere “eurek ez baitzuten aitoren seme, zintzo eta ergelak izatea beste bekaturik egin”.[6]
Izenak eta jatorria. Haietariko gehienak bere jatorrizko lekuaren izenez izendatzen ziren eta ez berezko abizenez: honela, Joan Arabakoa, Joan Lesakakoa, Diego Bergarakoa, Pedro Gatzari (Salinas) eta abar.
Barrio Lozaren iritziz alderdi geografiko eta ekonomikoak egiturazko mendekotasunak, harginaren lanbidea Baskonian (Kantabrian bezalaxe) alde guztietan modu berean banatu gabe egotea ekarri zuen: “Hegoaldeko eskualdeetan oinarrizko betebeharrak nekazaritza mailakoak dira; Kantabria aldekoetan, berriz, lanbide eta zerbitzuzkoak ziren nagusi. Eskuetan darabilgun dokumentuen arabera, Kantauri isurialdean bertan ere ikusten dugu, esaterako ia ez dugula itsasertzeko Donostia, Zarautz, Zumaia, Mutriku, Ondarroa, Bermeo, Santurtzi... hiribilduetan bertan jaiotako harginik ezagutzen, aldiz, Kantauri eta isurialde mediterraneoa banatzen duten mendilerroaren oinetan kokaturiko eskualdeetakoak, Gipuzkoako Goierri, Durangaldea eta Aiarako ibarrak edo Leintz eta abarretan ugari.
Gizarteko pentsamoldeak. Ongi ikasitako lanbide baten jardunarekin bizitza irabazteko bere lurretik zeharo irtenda, badirudi euskal hargina ez dela espiritualki atzerriratzen, zeren eta “euskaraz pentsatzen baitu beti” eta sarritan argudiatzen du bere aitoren seme izaera eta bere jatorrizko “viscaino” izaera.
Emigranteak izanagatik hargin guztiak ez ziren, beren herrialdean bizitzeko modurik ez eta, besteren menpe lan egin behar zuten proletarioak. Baziren bai ofizialak eta baita maisuak ere; hauentzat hargin-langintza lantegi bat zen eta beren ondasunak ere zorpetzen zituzten. Baziren jauntasunezko jabe zirela aitortzen zutenak ere.
Giza sakabanaketa. Nahitaez giza merkatua hedatua zegoeneko garaiak ziren. Asko ziren, eta lanbide oso ezberdinetakoak gainera, XVI. mendean zehar Euskal Herritik kanpo joan zirenak: harginak, eskribauak, itsasgizonak, artisauak eta mirabe eta morroiak Gaztelan eta bere kolonietako lurretan sakabanatuz joan zirenak[7]. Mendeak ziren arkitekto, margolari, taillagin, imajinagile eta abarren nazioarteko joan‑etorri hau ezagutzen zela.
Lanbide-mailaketak. Euskaldunak normalean hamabosteko nekazari koadriletan joan ohi ziren, ia penintsulako eskualde guztietan zehar enkante lehiaketetan parte hartuta.
Gehienak hainbat teknika ezberdinetan jantzitakoak ziren: leuntzaileak, lankari edo harbastatzaileak, harlangileak, harginak, harri‑pikatzaileak, ezartzaileak eta abar.
Ofizialen artean baziren aparejadoreak, langilezainak eta abar. Eta azkenik baziren maisu edo arkitektoak ere. Eta hauetatik izen euskaldun asko gelditu zaizkigu, batzuk eraikuntzako benetako enpresari bilakaturik.
Arkitekto-leinuak
[aldatu]Eskultoreen artean bezala, arkitektoen artean ere badira, sarriagotan agian, belaunaldi batetik bestera beren lanbidea eskualdatzen duten leinu edo familiak. Kontaezinak dira XVI. mendetik irten gabe, dokumentuetan dauden familien abizenak:
- Otsoatarrak jatorriz Ispastertarrak izan eta, Errioxan lan egiten zutenak;
- Ganboatarrak, XVI. mendean Salamancara bizitzera joan eta XVIII. mendera arte probintzi horretako lanen eta auzien ardura izan zutenak;
- Garaizabaldarrak, Errioxan herritartu arren, Euskal Probintzietan ere lan egin zuten bizkaitarrak;
- Garitatarrak, Bilbo eta Begoñakoak, Bizkaiko elizetan Beaugrantarrekin elkarlanean aritu zirenak;
- Lanestosatarren hiru belaunaldiak, Salamancan herritartu eta eskualde horretan lan egin zutenak;
- Olabetarrak, XVI. mende guztian zehar Calahorrako katedraleko lanen zuzendariak;
- Perez Solartetarrak, jatorriz Markinarrak, Errioxan bizitzen jarri eta hainbat elizen eraikuntza ardura izango zutenak;
- Tolosatarrak, Salamanca eta Valladolideko eskualdeetan jardundakoak;
- Zarragatarrak, Baskonia, Errioxa eta Kantabriako ingurune zabal honen barruan mende horretako hargintzak izan zuen familiarik esanguratsuenetako bat;
- Olartetarrak, Lantziegon kokatuta Bizkaiko (Ziortza), Arabako (Fuenmayor) eta Errioxako (Naiara) lanen arduradunak;
- Agirretarrak, izan bereko hainbat familietako kideak, hauetariko zenbait Espainia hegoaldean sakabanaturikoak;
- eta gauza bera esan daiteke Arteagatarrengatik ere, besteak beste penintsulan barreiaturiko Araba, Errioxa, Burgos, Salamanca, Valentzia eta Granadan eraikuntza lantegi oso ezberdinetan agertzen den izen bizkaitarrak.
Hargin euskaldunak Espainian
[aldatu]Beren lurretan ohikoa zen elkartasunarekin, euskal harginak bata bestearen fidatzaile agertzen ziren kontratetan eta batzuetan auzietan elkarren ordezkari ere izaten ziren, Erdi Arotik XIX. mendera arte iraun zuten artisau-kofradiei oso loturik dagoen gizarteko gertakari bat delarik berau.[8]
Talde bizkaitarrek El Escorialen, Salamancan, Kordoban, Granadan, Sevillan, Errioxan, Huescan, Barbastron eta abarretan egin zuten lan. Eta lantegi hauetariko batzuetan maisu nagusi mailara iritsi ziren.
Maisu bizkaitar batzuei buruzko erreferentzia oso zehatzak ere badaude:
- Joan Arandia elgoibartarrak Toledoko Alkazarrean eta Valladolideko San Benito eta San Santiago elizetan lan egin zuen.
- Joan Olozaga, Hernialdekoa, Cuencako katedralean tratua egin eta eraikitzaile eta eskultore moduan aritu zena;
- Martin Gaintzakoa eta Migel Zumarragakoa Sevillako katedralaz arduratu ziren;
- Domingo Lasartekoa Salamancakoaz;
- Diego Mendietakoak Cartuja de Mirafloresen egin zuen lan;
- Goiazko Joan eta Martin Mendiolakoa Karlos V.aren zerbitzura egon ziren.
Granadako katedraleko maisu Diego Siloerekin gipuzkoar eta bizkaitar maisu askok egin zuten lan. El Escorialen lan egin zuten hamalau harginen zerrendatik, zortzi euskaldunak ziren. Hauetako bat, Pedro Tolosakoa, gerora Uclesera pasa eta han ospe handia irabazitakoa. El Escorialeko monasterioan bertan, P. Sigüenzak dioenez, Zalduatarren estiloko arkitekto onen jaioterria zen Asteasuko harginek egin zuten lan.[9]
Lanbidea eta artea
[aldatu]Dudarik gabe, ez dira soilik esperientzia duten eta lanbidea menperatzen duten gizonak. Beraien artean ere izango ziren egiazko ertilariak, formen edertasunaren zentzu fina zutenak, jatorriz atzerrikoak izan arren, beren norabide estetikoa asaldatuko zuen platereskoaren erdian aurkitu zituzten irtenbideek salatzen dutenez.
Euskal Herrian lan egin eta “eliza kolumnarioen” aldera hartu zen norabidearen erantzule gisa aurkitu ditugunen arteko ospetsuenek merezi dute euren izenak Euskal Artearen Historian gogoratzea:
Francisco Marrukiza, Domingo Aranzalde, Joan Olozaga, Martin Armendia, Pedro Mendiola, Andres Leturiondo, Pedro Ibarra, Joan Emasabel, Martin Agirre, Domingo Legarra eta beste zenbait.
Ustekabean harrapatu eta harriturik utzi zituen barrokoaren gainbehera bat‑batean etortzean, XVIII. mendean batez ere, estilo honek euskal hargin-talde batzuk Ameriketara joatera behartu zituen.
Eliza kolumnarioak: jatorria eta deskribapena
[aldatu]Txantiloi:Wikipedia Baskongadetako eliza gotikoa (Lampérez) edo Areto‑eliza izena ere eman izan zaie, eta kopuruagatik –herrialde txiki honetan ugari samar direlako– eta bere estilo jakinagatik, arkitekturako historialarien arreta merezi izan duen gertakizun tipiko baten barruan daude. Alemaniar jakitun batek (Otto Schubert), “Hallenkirchen” hauei buruz ari dela, “euskal probintzietan” garaiera bereko hiru habearte duen eliza-mota honek izan zuen garapen berezia azpimarratzea oso esanguratsua da.[10]
Estilo baten ezusteko sarrera
[aldatu]Gotikoari dagokion kapituluan ikusi dugu zeintzuk izan ziren XII. eta XIII. mendeko europar eraikitzaileek gurutze-ganga asmatzera eraman zituzten arrazoiak eta ondorioz estilo berri bat nola sortu zen. Euskal Herrian, XII. eta XIII. mendeetan hiribilduen eraikuntzak, Europako beste herrialdeetan sortu zituenen antzekoak ziren, eta delako arazoak gotiko estiloaren sistema berriaren bitartez konpondu ziren.
Gotikoa atzerapenarekin sartu zen gure herrialdean, XIV. mendearen erdialdean, hain zuzen. Mende honen bigarren erdian eta XV.aren hasieran, etengabeko hazkundean ari zen populazio batentzat sagaratuak ziren tokietan eraikuntza gero eta premiazkoagoa zenean, aurreko orrietan aipatu ditugun hiru habeartetako eliza batzuk altxatzen hasi ziren astiro-astiro:
- Gasteizen, Santa Maria eta San Pedro;
- Bizkaian, Santiago katedrala eta San Anton parrokia, eta Lekeitio eta Gernikakoak;
- Gipuzkoan, Getariako San Salbatore, Oñatiko San Migel, besteak beste.
Eta besteak beste diot, ez baitago dudarik gotiko klasikoko eraikuntzak, nolabait esatearren, beste tokietan ere eraiki zituztela lehen eliza erromanikoak ordezkatuz, nahiz eta eliza erromanikoetatik zuzenean XVI. eta XVII. mendeetako beste irtenbideetara pasa zirenen kasuak ere falta ez diren. Dokumentuetatik dakigu XVI. mendean eraiki ziren ia eliza kolumnario guztiak, guztiz gotikoak ziren beste batzuen lekuan altxa zituztela.
Eliza hauen egitura eta formak iradoki zituen arrazoirik erabakigarriena zein izan zen galde daitekeen gauza da. Gotiko klasikoaren berezko espazioaren zatiketa eragozteko joera zuen estetika eta erlijio-aldarte berezi gisa izenda dezakegun borondatea izan al zen? edo Chueca Goitiak jada esana zuen moduan “arbotanteen erabilera eskatzen zuen eta okerturik amaitzen duten pilareetan zama eszentrikoak sortzen zituen altura ezberdinetako bultzaden arazo estatiko zaila” konpondu nahia edo arrazoi teknikoagoak izan ote ziren?
Hortxe dago gertaera: XVI. mendean zehar katedraletako elizgizonei, kontzejuei, nagusiei eta fededunei beraien parrokia‑elizak modu oso berezi batean zabaltzera eta handitzera eragin zien eraikitzeko gogo handi baten leherketa moduko zerbait izan zen. Gogo honek kantauriar kostaldean zutik gelditzen ziren eliza erromaniko ia guztien eta neurri txikiko gotiko batzuen desagerpena eragin zuen.
Ezaugarriak
[aldatu]Estalki gotikoak eta errenazimentuko eusgarriak. Beren tradizioei atxikirik, XVI. mendeko euskal harginek nahiago zuten eurek ikasi zuten estalgarri-mota gotikori eustea; baina estalki horiei eusteko estilo berri bateko osagaiak onartzen hasi ziren, errenazimentukoak alegia, mendearen bigarren herenean Espainian zehar zabalduz zena: zutabe handiak pilare gotikoa ordezkatu zuen. Espazioa bateratzea. Honek Eliza horien itxura formalean aldaketa ikusgarri bat eragin zuen: espazioa bateratzea. Eliza hauetan sarreratik bertatik, begirada bakar batek barruko espazioaren zabalera handia barneratzen du, soila, xaloa, apaingarririk gabea ageri dena eta begiradak aurrez aurre, pilare gotikoen ordez jarri dituzten harrizko euskarri zilindro-formako bakarrekin egiten du topo, gainetik palmondo erraldoien moduan, itxura harrigarriko gangetako arkuak sortzen direlarik.
Hasieran, kapitelik gabeko fusteetatik sortzen dira gangetako arku hauek, ez baita frogatuko dituen ezer ikusten, Gasteizko San Bizenten gertatzen dena bera. Gero izar-gangen jaiotzak eusten dituzten txertaketen konplexutasunetik saihestu nahirik, kapitel sasiklasikoak landu ziren: doriko, joniko edo toskanoa.
Eraikuntzaren ezaugarriak. Ondorioz, eliza mota berriak ondorengo ezaugarriak ditu:
- Oinplano angeluzuzena;
- Hiru habearte, erdikoa normalean alboetakoak baino zabalagoa den abside bat duela;
- garaiera berekoak dira hiru habearteak;
- arbotanterik eza;
- gangen zama barruko euskarri ikaragarrietara eta normalean harlandu gogor eta ongi landuz prestatu eta barruko aldetik hormari itsatsitako pilarez sendotuak eta batzuetan kanpotik mailakatuak diren kontrahormez indarturik dauden hormetara jausten da.
- Gangak gotikoak izanik eta berauek sostengatzen dituzten zutabe altuak, berriz, leunak, kapitelen abakoetan edo fustearen jarraipen soilean hartzen du atseden gurutzeriak.
- Izar-gangen itxurakoak izan ohi dira gangak, askotan lotura eta era desberdinetako konkorrak dituztenak, arkuen nerbioak apaintzen dituztelarik.
- Ganga gotikoak XVII. eta XVIII. mendeetan beste ganga trenkatu batzuez ordezkatu zituzten, sare itxurako nerbioek kasetoiak osatzen zituztelarik.
Horrek guztiak hutsune harrigarri eta itzela sortzen lagundu zuen, argi gris batez, nahikoa baina diskretuki argitu daitekeen eremua, gotiko klasikoko argi koloredun eta Errenazimentuko argi gardenarekin kontrajarriz.
Gotikoa ala errenazimentukoa? Eliza hauetan gotikotik habearteen altuera eta gangetako gurutzadura besterik ez da geratzen. Zilegi da, beraz, eliza hauek gotikoak ala errenazimentukoak bezala kontutan hartu eta sailkatuak izan behar ote diren galdetzea.
Guk nahiago dugu errenazimentua hautatzea eta hala izendatzea, arkitektura gotikoaren oinarrizko irizpideak alde batera uzten baitira:
- gotikoko egitura artikulatuaren irizpidea, egitura bateratuak ordezkatu zuen;
- eta arbotanteen bidez zama guztietatik hormak arinduz garden bilakatu eta kristal bihurtzeko irizpidea ere ez zen errespetatu, zeren eta hormak hemen, erromanikoan bezala, euskarritako osagai bilakatu ziren berriz eta ez ziren itxitura soila.
Argiztapena. Gotikoan hainbeste arduratzen zituen argitasunaren auzia egoki asko konpon zitekeen, izan ere leihateak altura bereko alboetako habearteetan zehar zuzenean habearte nagusira irekitzen baitira, giro garden bat sortzeko behar adinako altuera duten baoak irekiz.
Baina egia da Euskal herrian argitasuna nabarmen samar neurtzen dela, izan ere bao gutxi eta txikiak irekitzen baitziren, honetan klimaren baldintzak eragile ziren, zalantzarik gabe, Martin eta Pedro Armentiako maisuek Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokiarako beren diseinua aurkeztean sinatu zuten idatzian ziurtatzen den bezala: “iparraldetik bost leiho egitea komeni da... sei horma‑bularren artean, erlaitzaren gainean... uraren eta haizearen haserreak ugariak direla eta beste leihoen beharrik gabe, eta ez lirateke aski beirateak eta beste tresnarik ere... eta abar”.[11]
Aurretikoak eta penintsulan barrura sartzea
[aldatu]Eliza mota hauen jatorria dela eta, gogora dezagun –Barrio Loza eta Moya Valgañonek [12] egiten duten moduan– XII. eta XIII. mendeetan jada Frantziako Poitou‑en bazirela garaiera bereko hiru habeartetako elizak, gero eredu hau, XIII. eta XIV. mende bitartean Alemanian zabalduko zela eta Hallenkirchen (areto‑elizak) izena hartu; eta handik Europa erdialdean barrena zabalduko ziren.
Iberiar [13] Penintsulan ia garai berean XVI. mendean hainbat eskualdetan agertu ziren, eta Gaztelan batez ere. Oraindik ere badira zutik jarraitzen duten batzuk, besteak beste probintzia hauetan: Toledo, Burgos, Soria, Guadalajara, Badajoz eta Logroño.
Otto Schubert historialariaren arabera, eraikitzeko “modu” hau Euskal Herrira Gasteiztik sartu zen. Frogatzen ez duen arren, San Bizente Martiriaren eliza “euskal parrokia-elizentzat eredu bilakatu zela” pentsatzen du.
Bestalde, hispaniar eskualdetara euskal harginek eta menditarrek zabal zezaketen; horixe da askoren ustea. Castor de Uriarte arkitektoak, gai honi buruzko bere lan monografikoan, Espainiako eskualdeetan [14] berak aurkitu dituen hiru habearte berdineko elizen kontaketa bat egiten du, dokumentuetako kokapen oharrik eman gabe, Eliza mota honen funtsezko ezaugarrien agerpena zehaztasun apur batez datatu ahal izateko; baina berak “Euskal herriko areto‑elizen eragina dutenen” moduan kontutan hartzeko joera du. Hala ere, ez dugu ahaztu behar Rodrigo Gil de Hontañónek egin zuen testigantza goiztiarra, alboetako habearteak nagusiaren garaierara altxatzeko aholkatuz.[15]
Azkaratek Toledoko eskualdekoak [16] ikertu ditu bereziki, eta hauetako batzuetan pilare gotikoak mantentzen direla ohartzean, pilare gotikotik errenazimentuko zutabera eman zen urratsa naturaltasunez eman zela iradokitzen du “batez ere menditar eta bizkaitar hargin maisuen” lanari esker.
Barrio Lozak, bere aldetik, esanguratsua izan litekeen gertaera jakin baten inguruko datuak eskaintzen ditu: Antso Legarra euskal harginarena, Cuencako San Klemente elizaren eraikuntzaren arduraduna izanik, 1554an zaindariei alboetako hormak goraino altxatzen utz ziezaiotela eskatu zien, alboetako kaperak kenduz; eta garestiegi irudituko balitzaie, nahi zutena egin zezatela; baina berak proposatzen zuena “askoz hobea eta dotoreagoa izango zela... azpimarratuz, modu horretara jarriz (habearteak) alaiago egongo zirela eta kapera bakoitzean leiho bat egon zitekeela eta elizari argitasun handia emango liokeela”.[17]
Lanak
[aldatu]Ez da zaila Euskal Herrian “eliza kolumnarioa” izena bere zentzu osoan merezi duten eliza ia guztiak izendatzea. Eraikuntza bukatzeko erabili behar izan zen aldia luzea zela eta, bera bukatzeko lanetan hainbat gorabehera eta jasandako etenak zirela medio, batzuetan berari dagozkion dokumentuek eskaintzen dituzten iluntasunek, ez zaigu beharrezkoa iruditzen, Mª Asunción Arrazolak nahiago izanagatik, XVI. mendearen lehenengo edo bigarren erdian eraiki zirenen artean gure azalpenek diferentziaren bat kokatu nahi izatea.
Zabaleragatik arreta berezia merezi duten elizetan baino ez gara geldituko. Hala nola:
- Araban, Gasteizko San Bizente Martiriarena;
- Gipuzkoan, Irungo Junkalekoa eta Errenteria, Azkoitia, Azpeitia, Eibar eta Bergarako San Pedro eta Santa Marina parrokiak;
- Bizkaian: Abandoko San Bizente, Elorrioko Sortzez Garbia eta Zamudion, Arteaga, Markina-Xemein eta Gernikako parrokiakoak (azken hau XVI. mendean eraldatua);
- Nafarroan: Cintruénigo eta Cascantekoak.
Euskal herriko hiribildu garrantzitsuei dagokien tokien izendapen hau nahikoa da behartua sentitzeko historialariak atal berezi bat eskaini eta Errenazimentu Klasikoko une historiko horretan euskal lurretan halako eraikuntza-mota honen nagusitasuna zergatik eman zen galdetzera.
Eliza kolumnarioak Araban
[aldatu]Gasteizko San Bizente Martiria
[aldatu]Euskal Herrian eliza kolumnarioen lehen adibidea da 1484 eta XVI. mende hasiera bitartean eraiki zen Gasteizko San Bizente eliza. Eta ia bakarra dela ere gehitu behar da, zeren eta ez baitzen errotu eliza mota hau Arabako lurraldean.
Diseinugilea nor zen ez da agertu. Kareharrizko eraikina da, 32’69 m x 22’60 m-ko oinplano angeluzuzen baten gainean, 16 m-ko garaiera duena. Handitasun sentipen orokor bat ematen duen neurri handiko harlanduen teknikaz ederki landutakoa da.
Gurutzadura bakuneko gangak zuzenean txertatzen dira, kapitelik gabe, 2’50 m-ko diametroa duten zortzi zutabe lirainetan, hauek oraindik ere gizenago diren beste atzeko koruari eusten dioten birekin kontrastatzen dutelarik; izan ere, lodiera hau (10’50 m zirkunferentziak) lehenagotik zeuden bi zutabeak erdiraino harriz estaltzean iritsi zuten. Zortzi euskarriak palmera moduan eta hormetako hamabi mentsulen gainean oinarritzen diren ojiba-arkuetan irekitzen dira. Gangako arkuetan irudiz eta armarriez apainduriko 54 giltzarri biribil daude.
Elizaren eraikuntza data baino dezentez beranduago, alboetan edo hormei itsatsirik aldare, irudi eta hilarridun kapera batzuk sortuz joan ziren. Bi gorputzetako dorre lirain bat eraiki zen XIX. mendean eta oraintsu berriz kanpoko aterpe bat erantsi zaio desagertutako San Frantzisko komentuko arkuak aprobetxatuz.
Esan bezala, eliza mota hau ez zen errotu Arabako lurraldean. Gesaltzan besterik ez zen azaldu berriro; hemen ikus dezakegu Villaconeseko Santa Mariaren eliza zaharra (XVI. mendea), bere oinplano angeluzuzena, gurutzaduraz estalitako bere hiru habearteak eta poligonozko absidea dituela.
Eliza kolumnarioak Gipuzkoan
[aldatu]Errenteriako Jasokundea
[aldatu]Gipuzkoara etorriko bagina, altuera bereko hiru habearteen gainean ganga gotiko batzuk zutabe klasikoekin bateratzea burutu zuen Probintziako lehena izan behar du Errenterian aurki dezakegun Jasokundeko parrokiak; eta edonola ere, Eliza berean gotikotik Errenazimenturako aldaketa nola egin zen adierazten duen adibide da.
Eraikuntza 1523an hasia da, nerbio-ganga gotikoak biltzen dituen baketa handiak gordetzen dituen kapera nagusiko pilareak orduan eraikiak direlarik. Ahaztu dezagun une honetan XVIII. mendean Bentura Rodriguezek Kapera Nagusia erabat eraldatu zuela. Hiru mende lehenago, 1542an, lanen zuzendaritza Francisco Marrukizak hartu zuen. Ziur asko estilo berri alderako urrats erabakitzailea eman zuena bera izan zen, alboetako habearteak nagusiaren altura berera igotzea erabakiz eta estalkia eutsi ahal izateko zutabe dorikoak jarriz: gotiko aldian normalean erabiltzen zirenak baino konplexuagoak diren gangak, baina XVI. mende aurreratuko urte hauei dagozkienak baino xumeagoak.[18]
Domingo Aranzalde arduratu zen 1557an hasi eta 1571ra arte bukatuko ez diren lanaren jarraipenaz. Marrukiza eta Aranzaldek eta ondorengo guztiek, aldaketa barneratuz, emaitza honek momentu historikoaren eskakizun espiritual eta erabilgarriei erantzuten ziola oso sinetsita egon behar zuten, zeren eta dudarik gabe elizaren egitura eta formetan sartzen zituzten inkoherentziak sentituko zituzten, gaur egun elizak dituen zortzi euskarrietatik –lau alde bakoitzean– presbiteriotik gertuen daudenak pilare gotikoen itxura gordetzen baitute ordutik.
Bergarako San Pedro eliza
[aldatu]Gure maisuek XVI. mendean garapen horren eta sortzeko askatasunaren beste adibidea Bergarako San Pedro elizan aurki dezakegu. Bazen 1348an ere ziur asko gotikoa izango zen eliza bat, 1527an beste berri bat eraikitzea erabaki zenean.
Lanaren tratua egun haietan Oñati eta Azpeitian aldi berean ziharduen Pedro Lizarazu maisuari egin zitzaion. Dudarik gabe, berari zor zaiona da kapera nagusiaren zatian ganga gotikoaren abiapuntua. Eliza honi zabalera handi bat eman nahi zitzaion, baina gotiko klasikoaren kanonetatik irten gabe. Nolanahi ere, gangaren nerbioek, logikoki, eskakizun zuten euskarria gangako nerbioei dagozkien baketa handiak dituen pilare bat izatea, kasu honetan biribila. Kapera nagusia besterik ez zen eraiki 1545erako. Ziur asko esparruaren zabaltasun handia jadanik erabakia zegoen, habearteen zabaleran kontraste ikusgarria zuelarik: habearte nagusiak 13’35 m neurtzen ditu eta alboetakoek 4’60 m; habearteko luzerak, 9’75 m eta zutabeen diametroa berriz 1’68 m-koa da.
Urteak igaro dira eta 1569an Pedro Ibarra arduratu zen lanez. Bakarren batek eraikin moderno bat nahi zela aginduko zion eta arkitektoak erromatarren erara eraikitzea erabaki zuen. Emaitza gaur egun oraindik begi bistan dago: lau zutabe klasiko jarri ziren –alde bakoitzeko bina–; baina presbiteriotik gertueneko bietan gangaren nerbioei dagozkien baketa handiak mantentu ziren. Aldiz, atzeko korutik gertuen dauden bi zutabeak lauak dira.
Pedro Ibarrak 1569an bukatu gabea zuen lana eta bere seme Pedro Martinez Ibarrak eman zion jarraipena.
Lanak luze joan ziren, atzeko euskarriak ahulak zirela konturatu zirelarik. Anaia Migel Aranburuk XVII. mende hasieran, aipatutako euskarriak aztertu ondoren eman zuen informean, aholku bat eman zuen “toskanar oinarri bat eman ziezaietela”. Argi dago XVI. mende amaiera aldera zutabe klasikoetan oinarrituz eraikitzera behartu egiten zutela. Eta, hain justu, korutik gertu dauden azken bi ostikoek kapitel klasikoak dituzte.
Bergarako Santa Marina
[aldatu]Anaia Migel Aranburu bera izan zen Bergaran bertako San Pedro elizaren garaikidea izan zen Santa Marinako eliza aztertzeaz arduratu zena.
Aldi berean, Azkoitiko elizaz arduratzen zen Andres Leturiondo maisuaren zuzendaritzapean hasia zen 1542an. Santa Marinako lanak, San Pedrokoak bezala, luzatuz joan ziren eta beste maisu batzuekin jarraitu behar izan zuten: Pedro Estibururekin (1552‑1559), Pascual Iturrizarekin (1559‑1563) lehenago Eibarko lantegia zuzendu zuen, Joan Emasabelekin (1563‑1575), Gaspar Balzola (1575-1581) eta beste batzuekin. Azken txanpa Hernando Loidiren zuzendaritzapean egin zen, 1607an bukatuz, data hau delarik lan guztia anaia Migel Aranburuk gainbegiraturikoa.
Hala ere, 40 urte beranduago (1648) Madrilgo mezenas bati lanen konponketarako diru laguntza eskatzen zitzaion, “eliza itxi zeneko zureria eta oholak kaltetuak eta ustelduak baitzeuden baldintza klimatikoen eraginez”.[19]
Santa Marinaren elizak altura bereko hiru habearte ditu, diametroz 1’68 m-ko zutabeak dituena, atikadun oinarri baten gainean eta kapitel doriko batekin koroatuak daudelarik. Habearte nagusiak 10 m neurtzen du eta alboetakoek, 5’45 m, eta distantzia hau bera dute habearteek. Atzeko koruak ostiko sendo eta arku burudunek eutsitako hiru habearteak hartzen ditu bere baitan. Kanpoaldean, eraikina prismazko kontrahorma indartsuetan itsatsia dago eta hego-mendebalde eta ipar-ekialdean, berriz, bi arkupetan kokatua.
Azkoitiko Santa Maria
[aldatu]Azkoitiko hiribilduak, aurreko mendeetatik, bazuen eliza ba, Antigua edo Baldako Andre Maria izenekoa. Eliza berri bat eraikitzea erabaki zen 1528 aldera: gaur egungo Santa Mariaren parrokia‑eliza dena.
Planoak 1528an diseinatu ziren. Honetaz hiru maisu arduratu ziren: jadanik aipaturiko Pedro Lizerazu, Pedro Alzega, Soreasuko San Sebastian elizan ere lan egin zuena, Azpeitian, eta San Joan Arteaga delako bat, inondik ere 1512 inguruan Calahorran Santiagoren kapera nagusiaz arduratu zena.
Badirudi 1540‑1547 urte bitartean lanez Pascual Arrandolaza arduratu zela. Bera hiltzean hainbat arkitektok esku hartu zuten, 1559an, lana Bergarako Santa Marinarako planoak eman zituen Andres Leturiondoren eskuetan gelditu zen arte. Lana 1564an bukatutzat eman zen. Eliza berriak sute bat jasan zuen urte gutxi batzuk beranduago eta ondorengo urteetan berritu beharra izan zen. Altura bereko hiru habearteko areto oinplanokoa da, aipamena egiten ari garen eliza mota hauen kanonei dagokienez. Harroin atikadun eta zokalo prismatikoen gaineko kapitel dorikoko zortzi zutabe zilindriko handik eusten dute sabaia.
Euskarrien garaiera 14 m-koa da. Kapitelen gainetik arkuak tarte jakin batetik irteten dira. Zabaleran 9’82 m-koa den habearte nagusiko gangak petxina gaineko kupuladunak dira; alboetako habeartetakoak (5’52 m-koak) arku apaldukoak dira eta bertara kapera batzuk irekitzen dira. Koru garai batek Elizaren zabalera osoa hartzen du, hiru arku beheratuko aurrealde batean oinarriturik. Zortzi zutabeez gain hormari itsatsitako zirkuluerdi-formako ebakidura duten ostikoek eta angeluzuzeneko ebakidurako kanpoko kontrahormek laguntzen diote gangari eusten.
Logikoa dirudi, Mª Asunción Arrazolak uste duen bezala, Errenazimentu alderako itzulia Leturiondo maisuak eman zuela pentsatzea, izan ere Bergarako Santa Marinan ere bera izan baitzen Gotikotik estilo berrirako trantsizioa erabaki zuena.
Azpeitiko Soreasuko San Sebastian
[aldatu]Azkoitiko elizaren garaikidea da Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokia berria. Hemen ere bada 1534an Pedro Alzegari agindu zitzaion elizako lanen berreraikuntza baten hasieraren berri ematen duen dokumenturik. Hainbat maisu etorri ziren bata bestearen segidan, lan honetaz 1541ean Domingo Olozaga arduratu zen arte; honek ordea, Hernaniko elizarekin kontratu bat sinatu ostean 1545ean Azpeitiarekiko bere konpromisoak bertan behera utzi zituelarik. Hasitako lanen geldotasunak Udala bilera garrantzitsu bat egitera behartu zuen 1568ko urriaren 7an, bertan, egina zegoen eraikinaren zati bat aprobetxatuz eliza berri baten eraikitzeko erabakita. Iruñeko Gotzainaren onespena lortu zuen eta lan berria Pedro eta Martin Armendiako hargin maisuei agindu zitzaien. Hauen hautatzean, 1570eko urrian, elizak habearte bakarra ala hiru izango dituen erabakitzeko uzten da. Egia esan Iruñeko Gotzain Don Diego Ramirezen ideia izan zen, Azpeitira 1568an eginiko bisitaren ondoren aholku hau eman zuena, eliza berrian “diseinuaren arabera hiru habeartetakoa egitea, eta ez zedila habearte bakarrekoa egin sortu zitezkeen arazoak zirela eta, eta oinarritu behar zireneko pilareak biribilak izan zitezela eta errematean jartzen ziren diseinu eta aginduekin bat etor zitezela”.[20]
Haiek berak dira 1571ko urriaren 2an Udalaren onarpena eskuratzeko aurkezten duten diseinu xehean zehazten dutenak: “hiru habeartetako eliza, habearte bakarrekoa baino hobea da, bai betikotasunerako nahiz horrelako eraikin baten osperako eta inongo norbanakoren kalterik gabe, gainera erabilgarri eta mesedegarriagoa da norbanakoarentzat zein orokorrerako, zeren eta pilare toralak txikiagoak egingo dira eta bi pilare-erdiak kendu eta burualdeko hormara gerturatuko dira, eta hori dela eta burualdea itzal handikoa eta zabala geldituko da eta delako elizak lehenagokotik duen horretako zabalera eta luzera berean geldituko da, eta abar.”
Aizarnan, Zestoan, Deban eta Seguran esku hartu zuen Martin Armendia Errezilgoa maisu oso preziatuak berak erabaki zuen eta altura bereko hiru habeartetako eliza baten diseinua aurkeztu zuen, elizaren neurriak, luzeran, zabaleran eta altueran zehaztuz eta euskarri zilindrikoetan burualdearen ondoan zeuden “bi pilare-erdien” eraldaketa, eraikin osoan zehar geroago eraiki beharko zirenak guztira zortzi zutabe doriko zoragarri nolakoak izango ziren erabakirik.
Proiektu hau gauzaturik ez zen berehalakoan ikusi. Lan honen aurrean bata bestearen segidan hainbat hargin aritu ziren (Migel Bolivarkoa, Joan Apoitakoa, Pedro Mendiolakoa) eta hauek, Armendiaren diseinua gauzatuz joan ziren, ez ordea auzi haserrekorrik gabe, eta hauei zor zaiena da ziur asko gangen eraikuntza; berau XVII. mendera arte amaitu ez zen lan luzea izan zen.
Habearte nagusiak 8’30 m-ko zabalera du eta alboetakoek 4’50 m-koa, habearteak 6’45 m-ko luzerarekin, presbiteriotik gertuen daudenak izan ezik, 10’90 m neurtzen baitute. Absidea poligonala da; eta elizaren oinetan Azkoitikoaren antzekoa den korua eraiki zen.
Eibarko San Andres eliza
[aldatu]Eliza kolumnario mota honen jaiotza eta garapenean kasu berezi eta irakasgarria da Eibarko San Andres. Etengabeko hazkunde demografikoak (1551n 250 biztanle bazituen) Eibarko “elizateko” Kontzejua elizaren handitzearen beharra proposatzera behartua zegoen 1499an, bere zaintza “elizaren harremanak eraman izan eta eramaten dituen” Olasotarren etxeko jaunaren eskumenean zegoelarik.
Elizaren eraikuntzarako, hiribilduak Jaunari (on Joan López Ganboakoaren Ahaide Nagusiari) honako hau eskatzen dio: “que dexe a la dicha yglesia para ello las dos tercias partes de los dichos diezmos que son menester; el cual dis que non lo ha querido nin quiere faser, poniendo a ello sus escusas e dilaciones yndebidas”.[21] Auzia Errege Kontzejura eraman zen eta azkenean jaun-zaindariak etsi egin behar izan zuen. Baina, gaia eliztarrek nahi baino gehiago luzatu zen eta lokalaren estutasunean jarraitu behar izan zuten, aspalditik Kontzejua biltzen zeneko arkupearen moldaketa batez baliaturik.
Deba Behereko hainbat elizetan parte hartu zuen eta jatorriz Mutrikuarra zen Pascual Iturriza maisuaren zuzendaritzapean jarri ziren lanak, 1538‑1540ean hasi ziren arte. Eta nahiz eta “Maese Pascual tenía en su compañía cinco o seys hombres de su oficio”, 1548an Eibarko lana utzi egin zuen alboko Elgoibarren lan egiteko. Lanek jarraitu zuten eta gurtza bere onera etorri zen, 1558an sinatu baitzen, ikusi genuen bezala, erretaula handiaren kontratua Andres Araotzekin. Bere seme Joanek 1572an jarraitu zuen eta XVII. mendearen hasierara arte ez zen bukatu lana.
Berezitasunak. Eibarko elizak baditu hainbat berezitasun. Horietako bat, ohiko eliza kolumnarioetan agertzen ez den gurutzadurako habeartea izatea; bestea, bere kapitelak estilo ezberdinetakoak direla; batzuk dorikoak dira eta besteak korintioak; hurrengoa eta bereziena, bere norabidea aldatu zitzaiola. Eliza beti bezala presbiterioa ekialdera begira zuela hasi zen eraikitzen. Gero, XVII. mendearen hasieran alderantzizko norabidea ematea erabaki zen: oraingo burualdea mendebaldera dago eta XVII. mendean jada eraikia zegoen. Horregatik kapitel dorikoak (lanketa zaharrena dutenak) atzeko zutabeetan gelditu dira; eta korintioak, berrikien eginak direnak, aurrealdean daude, gurutzadurarekin batera.
Altura bereko hiru habearteetatik erdikoak zabaleran 8 m neurtzen ditu eta 4 m alboetakoek. Habearteak neurri ezberdinetakoak dira: gurutzadurakoak 9 m neurtzen ditu, ondorengoak, 4’40 m eta koru azpian (hiru habearteak hartzen dituena) 6’20 m. Eibarko San Andres elizako gangak izar-gurutzadurak dira, lotura oso konplexuekin, eta edertasun handiko giltzarrietan domina handiak dituztenak, bereziki koruko gangetan kokaturikoak, esan dugun bezala, zaharrenak direlarik. Hiru absideak poligonalak dira. Kanpotik ikusirik, nahikoa goian kokaturiko bere leihateak, trantseptu guztiz irtena, kontrahorma soilak eta paramentu guztiz latzak dituen eliza hau euskal eraikuntza estiloaren paradigma da bere historiako une honetantxe.
Tolosako Santa Maria
[aldatu]Tolosako Santa Maria eliza estilo honetan handienetariko bat da. 1501ean erre zen beste baten ordez zegoen eliza hau, XVI. mendearen bigarren erdian eraikitzen hasia (1548) eta XVIII.aren amaieran bukatua; hain justu, 1789ko urriaren 9an Joan Bazkardoren erretaula ederra irentsi zuen beste sute ikaragarri bat nozitu, eta gerora XIX. mendean Silvestre Perezen egitura jarri zen ordezko: jaspezko baldakino baten azpian aldare nagusi bat,1820an derrigorrezkoa zen bezala, guztia estilo neoklasiko batean. Jasokundearen koadro bat ere jarri zen, Antonio Zabala bergararrak margoturikoa.
Ziur asko eliza kolumnario honen arkitekto arduraduna Martin Agirre maisua izan zen, lanak 1559tik 1581ra arte berak zuzendu baitzituen; alboko Ibarrako elizaz ere arduratu eta Donostiako San Bisenetakoa ere aztertu zuen urte horietan.
Luzeran 59 m, zabaleran 34 m eta altueran 31 m neurtzen dituen Tolosako eliza handi horretan ikuslearen arreta erakartzen dute segurtasun arrazoiak direla eta 2 metro eta erdiko diametrora iristen diren eta astuntasun eta liraintasunik ezaren inpresioa sortzen duten Silvestre Perezen berritze lanean gizenduriko sei zutabeek. Altura bereko habearteak izar-itxurako gurutze-gangaz estalirik daude, habearte nagusian erdi-puntuko arkuak eta albokoetan arku zorrotzak daudelarik. Sei zutabe sendoz gain, karga botatzeko balio dute hormei itsatsiriko harroin erdiek ere. Erdiko habearteak 11’40 m neurtzen ditu, eta albokoek 6’63 m, luzeran 10’80 m-ko habearteekin.
Kanpoaldera, fatxadak atari ederra bistaratuz, dorreak eta Martin Karrerak (1761-1764) diseinatutako kanpai‑horma airosoak jadanik aldi barrokoan gaudela adierazten du. Baina alboetako hormak guztiz dira soilak “kolumnario” estiloan.
Irungo Junkaleko Andre Maria
[aldatu]Irungo zaindaria den Junkaleko Andre Mariak eliza zoragarri bat du, hiribildu horretan. Ez dakigu zaharraren toki berean dagoen ala tokiz aldatua den. Errenazimentuko beste euskal elizetako bat da, bere eraikuntza ustekabean luzatzen dena –kasu honetan ia mende bat– eta, horren ondorioz, hainbat alditako eraikuntza eta hainbat ezaugarri estilistiko dituena. Proiektua, edo gutxienez bukatzeko erabakia 1587tik 1605era arterako ordainketa-eskutitzak sinatzen zituen Domingo Legarra maisuarena da.
Hemen, XVI. mendeko urteetan ongi sarturik egonagatik, azkenean gotikoa hasten da, Joan Bazkardoren erretaula bat (1647) jarri zeneko presbiterioko pilareek erakusten dutenez. Eliza kolumnarioen artean azken hau ezohikoa da, erdiko bi tarteetan baino ez dituelako hiru habearte berdin, presbiterio eta koruko zatia habearte bakar batekoak baitira. Nahikoa ditu, beraz, bi zutabe gurutze-gangari eusteko alde bakoitzean (1’65 m-ko diametrodunak); presbiteriokoa mendearen azkenaldian eman ohi zena oso korapilatsua da. Harrizko ganga hauek indarra galdu zutenez, zementuzko gangez ordezkatu ziren XX. mendearen hasieran. Eliza mota honetako erdiko habearte zabalenetako batek, 14’50 m neurtzen ditu; eta alboetakoek 4’60 m, habearteak, berriz, 9’17 m-koak dira.
Kanpoaldean, irten samarrak diren kontrahormak ikusten dira. Idi-begiak XVII. mendea oso aurreratuan ireki ziren, beirateak jarri zireneko leiho batzuk, halaber.
Zumarragako Santa Maria
[aldatu]Zumarragako kristau-elkarteak zortea du bi eliza zahar gordetzean. Menditik lautadara jaisteko eskatu zuten, 1565ean, bertako bizilagunek, gaur egun “Antigua”, “ermiten katedrala” deritzon parrokia. Zaindari-jendearen aldetik aurka azaldu ziren. Baina azkenean, bizilagunen alde ebatzi zen auzia. Ordurako, hazkunde demografikoak gurtzarako toki berri eta zabalak eskatzen zituen toki haietan eraikitzeko modu berria ezartzen hasi ziren.
Lanak 1578an hasi ziren eta Santutu Arresti eta San Joan Altuna maisuei eman zitzaizkien. Honen heriotzan Joan Agirrek hartu zuen bere lekua (1600); baina honen lanak ez ziren apaizgoaren eta Kontzejuaren gustukoak izan eta, auzi luzeetan hasita, elizaren amaiera hamarkada luzez atzeratu zen. Horrek guztiak ez zuen eragotzi sei euskarri biribileko harroin atikadunak, ekinoetan arrabak dituzten kapitel dorikoak eta barnean balkoi jarraikia duen altura bereko hiru habeartetako eliza eder eta zabal bat egiteko. Erdiko habearteak 7’20 m neurtzen ditu, alboetakoek 5’35 m, eta habearteek 5’60 m.
Debako Santa Maria
[aldatu]Debako Santa Maria eliza, bere jatorri gotikoa ezkutatzen ez duen Gipuzkoako beste eliza handienetako bat da. Bazen XIV. mendeko eliza bat, sarrerako arkupea egiteko defentsako gaztelu zahar baten dorrea aprobetxatu zuena. XVI. mendeko eraikin berriarentzat Joan Arostegi maisuaren diseinua jarraitu zen, Gorosabelek dioenez, eta 1629an Joan Martinez Olaetak amaitu zuen.
Jada 1554rako lan garrantzitsuak eginak ziren. Aurreko eraikin aldiko hormak gordeta, aurreko horma‑bular gotikoak zortzi zutabe klasiko handiz ordezkatu ziren, alboetako habearteak erdikoaren altuera berera igoz. Azpiko korua eta bi kapera egitea ere erabaki zen. Martinez Arrona maisuak 1554 eta 1557 artean erdiko habeartea estali zuen. Lanak hasi zituen 1557 eta 1575 bitartean, kapera nagusian Migel Armendiaren diseinuan oinarrituz gurutzadura egin zen; eta honen heriotzan, bere lehengusu Pedro Mendiolak amaitu zuen aipaturiko kapera.
Mende erdi bat baino gehiagoko lanaren emaitza 37 m x 22 m dituen eta Gipuzkoako altuenak diren hiru habearte berdineko eliza kolumnario itzel bat da. Nagusiak, 7’20 m neurtzen du, eta alboetakoek 5’30 m. Habearte nagusiari baino ez dagokion abside oktogonal bat du. Bere zortzi euskarri zilindro bakarrekoetan (azkeneko biek koruri eusten diote) oinarri atikadunak eta kapitelak doriko‑toskanoak dituela. Gangak aberatsak dira tertzelete eta nerbio gotikoetan. Garaiera handi samarrekoak direnez, ez da erraza harrizko giltzarri eta filigranen edertasuna estimatzen.
Segurako Jasokundeko eliza
[aldatu]Segurako Jasokundeko elizan alboetako habearteen zabaltze eta altxatze lanak 1564an hasi ziren. Horretarako, Burgosko katedraleko Joan Vallejo arkitektoaren laguntza eskatu zen; eta lanak egiteko Azpeitiko lanak zuzendu zituzten Domingo Urrestarazu eta Martin Armendia hargin-maisuei agindu zitzaien. Hamabi urteko epea eman zitzaien baina gero 1580ra arte luzatu zitzaien.
Jatorriz gotiko estilokoa zen, ziur asko XIV. mendekoa. Beharbada horregatik estua egiten da kapera nagusia elizaren zabaltasunarekin alderatuz. Hiru habearteak zabalera ezberdinekoak dira (10’50 m-koa erdikoa eta 6’75 m-koak alboetakoak) baina altuera berekoak. Lehenengo zutabe pareen fusteetan oraindik gordetzen dira jatorrizko habearteetako arkuak biltzen zituzten kapitelak; eta presbiterioko arku formeroei eusten dioten euskarri gotikoetan, aipaturiko kapitelen altuera berean ikus daiteke kapera nagusia lehenengo zutabe parearekin lotu behar zuen toral arkuaren hasera.
Euskarriei dagokienez, ez da zilindro bakarren araua jarraitzen. Bere sei zutabeetatik azken biak soilik dira doriko‑toskano ordenako klasikoak, koruari eusten diotenak; beren harroinak handiak dira, ebaketa angeluzuzenekoak. Beste lau zutabeen fusteek moldurak egokitzean kapitel bitxiak sortzen dituzten angeluetan itsatsiriko zutabetxoak dauzkate. Gangek fintasun handiko trazeria aberats bat bistaratzen dute, oso giltzarri apain eta guzti. Absidea oktogonala da eta kapera nagusi modura dagoen beste tartearen ondoren jarria dago. Denborarekin kanpotik ikusten ziren bi kapera gehitu zitzaizkion, horietaz gainera kontrahorma handiak ere nabarmen agertzen dira.[22]
Idiazabalgo San Migel
[aldatu]Idiazabalgo San Migel eliza ere errenazimentu estilo honetakoa da, baina XVII. mendekoa. Bere gurutze-gangak hiru tartetako espazio bat mugatzen duten harroin lauki eta kapitel dorikoak dituzten lau zutabe zilindrikok eutsita daude. Zutabeek 1’52 m-ko diametroa dute. Erdiko habearteak 8’10 m neurtzen du eta poligonozko abside batean amaitzen da, eta alboetako habeartek 3’70 m besterik ez dute, 7’25 m-ko habearteekin. Hiru habearteen zabalera osoa hartuta, 1709an goiko koru bat eraiki zen, arku apalduen bidez lotutako azken zutabeei jarritako gehigarri batzuetan oinarriturik. Gangen oinarria, zutabe txiki itsatsiak dituen kontrahormekin osatzen da, barrualdean zirkuluerdi-formako egituraz eta kanpoaldean angeluzuzenez.
Habearte bakarreko elizak
[aldatu]Nahikoa da eliza kolumnario hauei buruz esandakoa, habearte bakar bateko beste elizak deskribatzeko beharrik gabe, dagokion neurrian estimatzeko zenbatekoa zen gogoa eta zein zen lanaren izaera XVI. mendeko gipuzkoarren aldetik; gogora ditzagun, besterik gabe, XVI. eta XVII. mendeetan errenazimentuaren pareko seriotasun eta edertasunez sortuz joan ziren haiek. Beraien historia Mª Asunción Arrazolak dagoeneko kontatu eta deskribatzen du hamaika dokumentuz jantziriko lanean.
Hauek izan ziren delako elizak: Hernaniko San Joan Bataiatzailea eliza (1540‑1595), Zestoako Andre Mariaren Jaiotzakoa (1550-1594), Usurbilgo San Salbatore (1556‑1596), Zarauzko Santa Maria Erregina (1563‑1600), Plentziako Santa Maria (1532‑) eta Orioko San Nikolas (1563-1596).
Eliza kolumnarioak Bizkaian
[aldatu]Abandoko San Bizente
[aldatu]Abandoko San Bizente XII. mendetik izen bereko elizateari egokitzen zitzaion Bilborekin elkartu zen arte, eta gaur egun beraren erdian aurki daiteke. Beste toki askotan bezala, orain ikusten dugun eliza baino lehen on Velak, lehen Aialako Kondearen oinordeko zen Garci Galindezek sortutako antzinako eliza bat zegoen Abandon, Erdi Aroaren amaieran gotikorantz garatuko zena ziur asko. Denborarekin auzo sakabanatu samarrak zituen herri bat bilakatuz joan zen Abando, 1890eko uztailan Bilboko hiribilduak multzo guztia zurgatu zuen arte.
Eliza, gaur egun ikusten dugun bezala, zazpi urtekoa (karlisten lehenengoa) izena eman zitzaion gerran jasan zituen erasoen ondorioz, 1840an emandako berrikuntzaren emaitza da. Zabal samarra da: luzeran 37’87 m neurtzen ditu eta 28 m zabaleran. Altuera bereko hiru habearte ditu, harroin atikadunak eta kapitel dorikoak dituzten zortzi zutabe zilindriko, 1’40 m-ko diametrokoak, eta izar gangaz estaltzen dena. Abside eta kontrahormak kanpoaldetik ditu. Habearte nagusiak zabaleran 7’20 m neurtzen ditu eta alboetakoek 5’30. Badu hiru habearteren atzealdea hartzen duen koru altu bat. Agian aurreko elizarena izango zen ate gotikoa gordetzen du.
Aurrealde nagusia oso garai dagoen horma‑hobi batez konpondua dago, alde banatan erdi-puntuko arkuen bitartez amaiera jasaten duten kontrahormak dituelarik arkupea estaliz, Joan de la Peñaren lana (1556) da. Elizaren eraikuntza-lanek gutxi gorabehera mende bat iraun zuen, 1650ean Martin Ibañez de Zabildea maisuak bere estalkia erabat itxi zuenera arte.
Elorrioko Guztiz Garbia
[aldatu]Elorrioko Guztiz Garbiaren eliza 1459an hasia zen egiten eta kaperak 1506an gehitu zitzaizkion.
Egungo eliza 1550az geroztik Pascual Iturrizaren diseinuaren pean egin zen handitzearen emaitza da, honi berriz, bere egitekoan,1566tik 1589ra bitartean alboetako habearteak estalarazten ari zen Andres Mendraka maisuak jarraitu zuen bere arduran. Beste maisu batek, Martin Omarrek, hain zuzen bukatuko zuen erdiko habeartearen estaltze lana 1595 aldera. Katedral handietan bezala, mende bat eta erdi luzatu zen eraikuntza baten fruitua izan zen, beraz. Gaur egun ikusten duguna Euskal Herriko eliza handienetariko bat da; luzeran baditu 43’68 m eta zabala bezain altua da: 26 m. Bere hiru habearteek hiru tarte dituzte eta burualdea oktogonala nahiko korapilatsua da eta habearte nagusiaren zabalera hartzen du. Eta hainbat alderdi apaingarri bitxien bidez nabarmentzen da, hala nola “zutoihal leihoak, sabai leihoak, errotuluak, giltzarriak eta kapiteletan irudi polikromatuak, Euskal Herrian parekorik ez dutenak, Eibarko San Andres elizakoak baino askoz gorago jarririk”.
Oso lirainak dira bere lau zutabe zilindrikoak, diametroz 1’50 m dutenak. Luzeran habearteek 9’20 m neurtzen dituzte, gurutze-gangaz estaliak.
Zamudioko San Martin
[aldatu]Zamudioko San Martin elizak lehen begiradan harridura atsegin bat sortzen du bere harlanduen estereotomia bikaina dela eta. Altura bereko hiru habearte ditu, lau tartez eginak, 1’05 m diametroko ebakidura biribila duten sei zutabe, plinto altu hexagonal eta kapitel toskanoak taulamendu moldurazio bat duen atikadun harroina. Arku toralak eta formeroak zorrotzak dira, eta bere gangak erzdunak. Gangen diseinu fin honek eta euskarrien liraintasunak xumetasun eta arintasun zirrara atsegina sortzen du. Habearte nagusiak 7’05 m-ko zabalera du, alboetakoek 3’40 m-koa, habearteen luzera 7’05 m-koa delarik. Habearte nagusia abside poligonalean amaitzen da; eta koru altu batek beheratutako hiru arku dituzten bi zutabek eutsiriko hiru habearteen hondoa hartzen du.
Elizaren barnean 1545eko data ageri da; baina igeltsuzko gangak 1748an kokatu ziren, Gabriel de Elorriagaren lanak dira eta aurreko lanaren ildotik ez dira asko aldentzen. Dorrea ere neoklasikoa da, Joan Bautista Belaunzaranen diseinuaren arabera altxaturikoa.[23]
Arteagako Jasokundea
[aldatu]Arteagako Jasokundeko eliza ere, XII. mendean eraikia, antzekoa da. Errenazimentuko eliza hauen eredua jarraituz 1600ean berreraiki zen. Gurutze-gangei eusten dieten lau zutabe zilindriko ditu. Elizaren oinetan dagoen koruak hiru habearteen zabalera hartzen du. XVII. mendearen hasieran amaitu zuten baina geroztik zaharberritu eta aldaketa batzuk jasan ditu. Habearte nagusiak 6’75 m-ko zabalera du; alboetakoek 5’60 m neurtzen dute; habearteak 8 m-koak dira. Kanpoko kontrahormen artean daude kaperak, sarrera kanpoko arkupetik dutela.
Elorrioko Guztiz Garbia elizak bezala, bi sarbide ditu: bata, nagusia, elizaren atzealdean, koruaren azpian, atari barroko bat duelarik; eta beste sarrera, Epistolaren aldetik, ataria erromaniko alderakoa duena, eliza zaharraren hondarra dena zalantzarik gabe. Hirugarren sarrera, Ebanjelioaren aldeko horman eta gotiko estilokoa, gaur egun hormaz estalia dago. Bada, halaber, Epistolaren aldeko hormari eta zati batean baita sarrera nagusikoari ere erantsiriko arkupe bat.
Markina‑Xemeingo Santa Maria
[aldatu]Markina‑Xemeingo Santa Mariaren jatorria, diotenez X. mendeko Hiri Gutunean aipatzen den Xemeingan izeneko lehen “monasterio” batean dago. Litekeena da kokapen honetan altxatua izatea XVI. mendeko eraikina, bere hedaduran 1.120 m karratu eta guzti; ziur asko hauxe izango da Euskal Herriko elizarik zabalena. Eraikitzeko modu berri honekin zer lortu nahi zen ondoen erakusten duena ere bada: konpartimendurik gabeko zabalune handi bat.
Aurreko eraikinetatik ezer gelditu ez denez, oinplano berrikoa dela uste izatekoa den eta dokumentu dezente duen eraikuntza honen tratua 1510ekoa da. Hargin maisuen lehenengo izenak 1545‑1555ekoak dira: Martin Albisuakoa zen garrantzizkoena, Rodrigo Albiz eta Migel Elorriaga laguntzaile zituelarik. Gangen eraikuntza fasea (1564) Bergarako Santa Marinan egindako lanagatik ezaguna dugun Joan Emasabel maisuari dagokion fasea da.
Badirudi eliza honen eraikuntzak ez zuela eten aipagarririk izan. Eta XVII. mendeko lanak erantsitako zatiei dagozkie: korua, sakristia, dorrea eta abarri. Ez dakigu eraikina diseinatu zuenaren izenik. Baina beste lanen inguruan ditugun datuen arabera, oso litekeena da Emasabel izatea elizaren eredua erabaki zuena.
Bere hedadura guztiak angeluzuzen ikaragarri bat estaltzen du: 37’80 m luzeran, 28’50 m zabaleran eta 19 m altueran absidea kontutan izan gabe. Esparru handi hau hiru habeartetan lau tartez eta 1’85 m-ko diametroa duten hiru zutabeko bi lerrotan banaturik dago. Habearte nagusiko gangen tarteek gutxi gorabehera 12’25 m x 9’50 m neurtzen dute.
Kareharri landuzko zilindrikozko zutabeek, hauek ere zilindrikoak diren plintoen gainean altxatakoek, kapitelen bitartekaritzarik gabe jasotzen dituzte erdiko gangetako arkuak. Gainera, alboetako habeartetakoak metro bateko lodiera duten kanpoko hormetan sostengatzen dira mentsulen bidez kanporako irekigune apurrak. Gurutze gangen diseinua oso ezberdina da, konkordunak dituztelarik eta gangarik korapilatsuena oso beranduko data duena korukoa izanik: 1619‑1623.
Eliza handi honek bi sarbide ditu: nagusia, elizaren oinetan, ia erabiltzen ez dena, bi kontrahorma lodiren arteko 8 m-ko argia duen horma-hobia ikaragarri bat da eta hauetako batek dorrera igotzen den helize-formako eskailera bat du. Alboko beste sarrera, bikoiztua da eta hau ere bi kontrahormen artean irekitzen da.
Espazio bateratua. Markina‑Xemeingo eliza hau bertatik ikusteak, ziur asko hemen aipatutako ale guztietatik, hunkipenik sakonenaz eta garbitasunik handienaz sentiarazten du mota honetako elizen artean espazio nagusi bateratua. Iluntasuna da bere gabezia nagusia, zeren eta Epistola aldeko tarteetara irekitako erdi-puntuko leiho txiki batzuk baino ez baititu batez.
Gernikako Jasokundea
[aldatu]Bizkaiko arkitektura gotikoari buruzko kapituluan adierazi dugu, osagai gotiko asko izanagatik ere, ez ginela eliza batzuetan geldituko, eraikuntza alderdirik begi bistakoenak XVI. mendeari eta Errenazimentuko espirituari zegokionak zirela-eta. Gernikako Jasokunde elizarena horrelako adibide bat dugu.[24]
Eliza honen historia luzea eta gorabeheratsua da. Bere eraikuntzari buruzko lehenengo berriek 1418ra garamatzate; baina sute bat jasan zuen 1470ean eta honen konponketaren ondoren beste bat jasan zuen 1521ean. Santiago Emparan maisuak hasi zuen berreraikuntza 1518an. Baina bere diseinua XVI. mendeko hirugarren hamarkadan aldatu egin zen, Foruako hargin Martin Basagoitiari egindako lehen ordainketak dokumentatzen direnean.
Elizak, altueran irabazi egin zuen baina argirik galdu gabe, bost leihate handi egin baitzitzaizkion, lau alboetako hormetan eta bat aurrealdearen erdian. Gangez estali zen, korapilatsuak gurutzadura faltsuak baino ez zirelarik; eta hiru habearteak diametro ezberdinetako zortzi zutabe zilindrikoen gainean kokatu ziren: 1’56 eta 1’35 m arteko diametrokoak. Azken zutabe parearen gainean eraiki zen korua berrogeita hamar urte beranduago. Lanak ez ziren bukatu XVIII. mendera arte[25].
Beste eliza batzuk
[aldatu]Honen antzera, “areto‑elizen” kronologia normalari dagokionez ezohikoa den beste kasu bat Errigoitian Idiubalzagako Santa Maria izeneko elizarena da; gaur egun hiru habearte berdin dituena baina agirietan azaltzen denez, behin baino gehiagotan berriro eraiki zen. Badakigu oraingo eliza honen aurreka habearte bakar batekoa zela, gangarik ez zuela, dorre bat ere bazuela eta XVIII. mendearen amaieran egoera galgarrian zegoela. Gaur egun ikusten duguna ia erabat berritua izatearen emaitza da, XIX. mendearen hasieran egina.[26]
Bizkaian eredu honi dagozkion elizak ere ikus daitezke, Guenesen, habearteetako batean gorabeheraren bat baldin bada ere garaieran, Galdakaon, Arratzun, Amoroton, Aulestin... inola ere, guztiak XVI. mendekoak ez direla jakinaren gainean gaudelarik.
Amorotoko San Martin parrokia bazen, adibidez, XV. menderako jada, baina baliteke bere egungo egoeran, bere hiru habearte eta bi zutabe-ilara toskanarrak 1798az geroztik burutu zen berreraiketa baten emaitza izatea.
Eliza kolumnarioak Nafarroan
[aldatu]Cintruenigoko San Joan Bataiatzaile
[aldatu]Cintruenigoko San Joan Bataiatzailea parrokia ere mota honetako eliza handitako bat da. Eta XVI. mendeko lehen urteetan hasi baziren ere eraikuntza-lanak, hainbat alditatik igaroz mende beraren bukaera arte luzatu ziren.
Aurreko eliza erraustu ondoren, lau tartetako eliza berri bat bururatu zuen Iñigo Zarra maisuari dagokio lehen diseinua. Lehen etapa hau, lana tasatu zenean, 1520an amaitu zen, eraikuntza-lanak 1577ra arte gelditu zirelarik. Orduan markinarra zen Pedro Aulestiren zuzendaritzapean hasi ziren berriro lanak, Martin Urizar eta Pedro Nabaskuesen laguntzarekin eta hauek, gangak eta estalkiak modu egokian bukatzen dituzten tasatzaileen iritziz. Dudarik gabe maisu hauei zor zaie eraikinaren egungo itxura; nahiz eta elizari, XIX. mendean, tarte bat gehiago erantsi eta habearte nagusian zegoen korua kendu zitzaion, presbiterioaren eskuinetara eramanez.
Gaur egungo egoeran baditu altuera bereko hiru habearte, hamar zutabe zilindrikoz markaturiko bost tarte, atikadun harroinak dituztenak, plinto altuak eta kapitel toskanoak. Zutabeak 1’55 m-ko diametroa dutenak dira. Erdiko habearteak 8’75 m neurtzen ditu eta alboetakoek 5’95 m. Habearteak ia 6 m-ra iristen dira, presbiteriotik gertuenekoak 8 m-koak izanik. Alboetako habearteen burualdeek 3’45 m-ko sakonera dute.
Aurreko mendeetako Euskal herriko ohiko elizekin alderaketak eginez harrigarria gertatzen den espazio hau izar gurutze-gangaz estaltzen da, tarte bakoitzean diseinu ezberdin bat duten nerbio zuzen eta okerdunak txandakatuz. Absidea poligonala du, aurreko kapituluan aipatu dugun Esteban Obray‑ren Errenazimentuko erretaularekin.
Eliza handi honek bi sarbide ditu: bata habearte nagusiaren atzealdean eta bestea Epistolako habeartean.
Cascanteko Jasokundea
[aldatu]Cintruénigotik ez oso urrun, beste eliza handi hauetako bat bisita daiteke: Cascanteko Jasokundeko parrokia. Biak ere Joan Lopez Soroa eta Luis Garmendia eta Anton de Albiztur Tuterako harginen diseinuaren arabera eraiki ziren 1527 eta 1558 urte bitartean. Mende beraren bukaeran konponketa lanak egin beharrean gertatu zen.
Ia altura bereko hiru habearte ditu, zilindroz-formako zortzi zutabe, harroin altuak, moldurazio gotikoa eta kapitel erdi-jonikoak eta izar gurutze-gangak. Zutabeak 1’50 m-ko diametrokoak dira. Erdiko habeartearen zabalera 8’35 m-koa da eta kapera nagusian amaitzen da. Alboetako habearteen zabalera 6’20 m-koa da, eta habearteak 7’30 m-koak presbiteriotik gertuen daudenak izan ezik; hauek 8’35 m-ra iristen dira.
Eliza handi honen barrualdea, duela gutxi berreraiki beharrean gertatu zen, 1939an gertatu zen ustekabeko sute baten ondorioz. Berreraiketa honek korua, euskarri zilindrikoak eta terzeletedun gangak ukitu zituen; baina jatorrizko diseinuaren begirunez egin zen. Hasierako eraikinetik harlandu erregularrezko kanpoko hormak, Epistolako habeartearen atariak arku eskarzanoa du eta Lehen errenazimentuan ohikoak ziren Ebanjelarien irudiak dituzten mentsuletan oinarritzen den gurutze-gangatxo bat gordetzen da. Inguruko hormari itsatsitako kontrahormak zirkuluerdi-formako ebakidurazkoak dira, kanpokoak berriz, ertz angeluzuzeneko profilezkoak.
Estilo berriaren zabalkundea eta habearte bakarraren aldaera
[aldatu]Arte historialariari kezka nagusi bat sortzen dio gotiko‑errenazimentuko asmakizun hibrido honek izan zuen zabalkunde eta sakabanaketa geografiko ikaragarriak. Gaztelaren bi alderditan soilik, G. Weisek gai honi buruz bere alemanezko monografian aipatzen dituenak (argazki eta oinplanoaren diseinuarekin), ehun bat “Hallenkirchen” izatera iristen dira. Eta Barrio Loza eta Moya Valgañónek, beren aldetik, halako berrehun eraikuntza baino gehiagoren inbentarioa egin zituztela aitortzen dute.
Bistakoa da, euskarri zilindriko bakarreko estalki gotiko batekin elkartzeak XVI. mendeko euskal arkitekturari nolabaiteko izaera berri bat ematen bazion, arkitekturako historialarien arreta bereziaren merezimendua jasotzen duela “eliza kolumnarioen” berariazko balioa eta bere “areto‑elizen” izendapenak, eta, ikuspuntu teknikotik zein ulermen espazialetik, altuera bereko hiru habearteko elizak izatean datza.
Habearte bakarra
[aldatu]Hau horrela dela jakinik, hiribildu batzuetan Eliza handi hauek altxatzen zituzten bitartean, beste asko habearte bakar antzeko elizak eraikitzen jardun zutela aipatzea komeni da. Eliza zabalenetara mugatzearren, hemen gogoratuko ditugu lehen aipaturiko Gipuzkoako sonatuenak eta Mª Asunción Arrazolak Gipuzkoako Errenazimentuari eskainitako ikerlanean agertzen dituenak.
Araban. Hiru habeartetako eredu hau Gasteizko San Bizenten eta Gesaltzan baino ez dugu aurkitu, burualde laua duten habearte bakarreko elizak, gutxi gorabehera, bere zabaleraren luzera hirukoitza dutenak baitira ugari.
Bi Lautadetako parrokietan ohikoa da hiru tartetako elizak ikustea, besteak beste: Iregi, Etxabarri Urtupiña, Okina, Arbulo, Biloda, Alesbes, Zerio, Adana, Urabain, Gereñu eta Albeizen.
Baina, badira txikiagoak ere, bi tartetakoak, Arkauten, Artatzan, Subilan, Bolibarren, Txintxetrun, Martiodan, Aletxan eta Erroitegin.
Hauetariko batzuk abside oktogonal edo poligonaletan amaitzen dira, esaterako, Arangiz, Mendibil, Ilarratza, Lapuebla de Labarcan eta Bilarren.
Bizkaian. Behaketa bera egin daiteke Bizkaian aldi horretan eraikitako habearte bakarreko elizei dagokienez. Barrio Loza berak egindako ikerketa sakonean, areto‑eliza mota hau mende hartan lortu nahi zen ideala zela suposatzen du eta irtenbide ugari asko erakutsiz erdi bidean gelditzen ziren saio askoren bitartez bilatzen zena zirudiela.
Habearte bakarreko elizaren eredua, kontrahormen artean kaperak dituelarik, aretotik gertuen dagoena Berriatukoa da. “Adibide honetan eta beste batzuetan –Ispaster, San Bizente de la Sonsierra, Briñas... esatekoa da, egin ahala, nahia eta ezina zuzendu zirela”.[27]
Errenazimentuko manierismoa
[aldatu]Hiru habearteko areto‑eliza handien izendapenak, bere ezaugarri diren euskarri zilindriko bakarrak eta guzti, hiribildu bakoitzeko zaindari, kontzeju eta apaizgo mailan ondoko hiribilduarekin lehiatzeko gosea piztuz, kristau-elkarteetan sorturiko eraikitzeko grinaren ideia bat ematen badu, garai horretako maisu eraikitzaileengan, lehendik eraikita zeuden elizak osatzeko eta edertzeko izan zuten sormen sena ere ez zen azaldu gabe gelditu.
Errenazimentuko haizeek eta ondoren zetorren manierismoak berrikuntzak iradoki zizkien zaindari eta ongileei elizetan, koruetan, atarietan, eta hilobietan irekiarazten zituzten kaperetan.
Eliza kolumnarioen bikaintasun eta soiltasunak, ia guztiak XVI. mendeko bigarren erdian altxatu zirenak, ez digu garai horretan gure herrialdera errenazimentuko manierismoa iritsi zela ahaztarazi behar. Eta berari ematen zaizkio eredu berrietako adierazpen-aukerak, kalostrak eta kateamendu geometrikoez zulaturiko karelak agertzen dituzten koruak, euskarri ildaskatuetan ezarritako arku apalduak eta eskulan bikaineko eskulturak; eta, halaber, arku apalduez, kasetoiak dituzten ganga trenkatuekin, hainbat motatako armarri eta erliebeekin kaperak apaintzeko moduak ere, askotan platereskoaren mira diruditenak.[28]
Laburpena
[aldatu]Artea, izaera edo idiosinkrasiaren isla
[aldatu]Euskal Herriko Eliza gotikoei buruzko gure aipamen honen barruan eliza kolumnarioen multzo hau parte jarri nahi izan badugu, artea aldi jakinetan herri baten idiosinkrasiaren isla izan daitekeela behin eta berriz esateko balio digulako izan da; tipologia aldetik, berezitasunez, hainbat kulturatako osagai tekniko eta soziologiko berdinez oso baldintzatua dagoen arkitektura-artea bada ere. Zergatik errotu zen horren sendoki Baskonian Europan ezezaguna ez zen “areto‑eliza” mota hau?
Azkarate maisuak erantzun bat aditzera eman digu: “Euskal izaerak soiltasun eredu bat txertatu zuen XVI. mendeko artean. Maisu flamenko eta mudejarrek eginak ziren XV. mendeko forma gotikoen garapenean sumatzen den funtsezko apaingarrizko kontzeptuen aurrean, euskaldunak bere saiakeraren indarra eraikuntza onetan, sendoetan ondo burututako lanaren handitasunetan eta espazioaren zentzu horretan jartzen zuen eta, batez ere, Erdi Aroko sentipenekin hain gogor kontrajartzen den horretan”.
Ez da zaila gertatzen eliza kolumnario hauen tankeran eta euskaldunon herri- eta identitate-ezaugarrien artean lotura aurkitzea: agindutako lanetan lehentasuna ematea sendotasunari eta gogortasunari, eraginkortasunari, pragmatismoari eta soiltasunari. Baliagarriaren aldeko jarrera. Ohar honek ez du kontraesanik sortzen aldi horretako euskal arteak, neurriren batean, Lehen Errenazimentuan gainezka egin zuten egitura alaiak hartzen baditu; baina plastikaren alor hauetan, bai figuratiboa nahiz apaingarrizkoa izan, esaterako Araoz eta Antxieta euskaldunek nagusitasuna lortu zuten tokietan ere, nekez hitz egin dezakegu Gaztela, Aragoi edo Andaluziakoaren ezberdina den Baskoniako estilo batez.
Monumentuak eta arkitekturazko lekuak aztertuz, historialariek euskal gotiko batez hitz egin behar izan dute; baina inork ez du “euskal platereskoaz” hitz egiteko tentaziorik sentitu. Honek agian esan nahi du erabilgarria den arteak soilik eguneroko eta gizarte-bizitzako beharretatik, erabileratik eta aginduetatik gertu dagoen arteak baino ez dituela islatzen eragin biziak, euskal arimaren ezaugarritzat har daitekeenak.
Alderdi ekonomiakoa. Baskoniako landa elizak orokorrean Gaztela eta Asturiaskoak baino zabalagoak eta garrantzitsuagoak direla ikusirik, Jovellanosek bere Diarioan bere harridura adierazten zuen, eta, berak “erraldoi” edo “katedral” izendapena ematen zien eliza eta zutabeen neurrietan, herri oparoago eta bizitza maila goragoko baten adierazpena ikusten zuen.
Alderdi ekonomikoaren eragina izan daitekeen horri buruz eta Gipuzkoako areto‑eliza kopuru handiaren islari dagokionez, esan dezagun, euskal ekonomiaren historialariek azpimarratu dutenez, XVI. mendearen bigarren erdian Flandesko gerrek motelarazi zutela Bizkaian hazkunde demografikoa, Gipuzkoan, aldiz, Frantzia eta Ingalaterrarekin egiten zuten salerosketa biziari eusteko, mantendu egin zen hazkunde demografiko handiena, eta horren ondorioz gurtzarako leku zabalagoen behar handiagoa sumatu zen.
Azkenik, Fernando Chueca Goitia arkitektoak bere aldetik kontutan hartu beharreko beste alderdi bat erasten du: “Baskoniak, ertilariak baino eraikitzaile gehiago dituen lur honek, neurri eta gardentasun handiko elizak eraikitzeko baliabiderik sirtzen zuen, eta halako eraikuntzako elizak duda-mugarik gabe onartzea, oso berezkoa du”.[29]
Bibliografia
[aldatu]ARRAZOLA, Mª Asunción: El Renacimiento en Guipúzcoa. I.go libk.: Arquitectura. 2. argit. (Donostia, 1988).
BARRIO LOZA, J.A.‑ MOYA VALGAÑON J.G.: El modo vasco de producción arquitectónica en los siglos XVI‑XVII. KOBIE‑n X, II. libk. (1980)
BARRIO LOZA, J. A.‑ MOYA VALGAÑON J.G.: Los canteros vizcaínos (1500‑1800). Diccionario biográfico. II. zatia. KOBIE, 11. znb., 1981, 173‑282. or.
CHUECA GOITIA, F.: Arquitectura del siglo XVI. A.H. XI.ean.
ECHEGARAY, Carmelo de: Monumentos religiosos de Guipúzcoa (Bartzelona, 1921).
ELIAS ODRIOZOLA, Imanol: Iglesia parroquial de San Sebastián de Soreasu de Azpeitia (Donostia, 1993).
JOVELLANOS, G. Melchor de: Diarios( Memorias íntimas) (Madril 1915).
LOPEZ DEL VALLADO, L.: Arqueología monumental cristiana en el País Vasco. Euskal Ikaskuntzaren Lehen Kongresua (Bilbo, 1919-1920), 765‑771. or.
SCHUBERT, Otto: Historia del barroco en España (Madril, 1924).
SESMERO, Francisco: El arte del renacimiento en Vizcaya (Bilbo, 1954).
SESMERO, Francisco: Tres estudios sobre Guernica y su comarca. Bilbo 19
URIARTE, Castor de: Las iglesias‑salón vascas del último período del gótico (Bastida, 1978).
V.V.: Catálogo Monumental de la Diócesis de Vitoria (C.M.V.). III. libk. Ciudad de Vitoria (Gasteiz, 1968).
V.V.: Catálogo Monumental de Navarra. I.go libk. Merindad de Tudela (Iruñea 1980).
V.V.: Monumentos Nacionales de Euskadi. 3 ale. Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, 1985.
WEISE, Georg: Die spanischen Hallenkirchen der Spätgotik und der Renaissance (Tübingen, 1953).
YBARRA Y BERGE, J.: Catálogo de monumentos de Vizcaya. 2 ale (Bilbo, 1956).
Erreferentziak eta oharrak
[aldatu]- ↑ E. Tormok asmatu zuen izen hau erabili nahiago dugu, V. Lampérezek hartu zuen “Gotiko Bascongadoaren ordez eta, nahiz eta Ramon Ayerza arkitektoa gai honi buruzko estilistikako hausnarketa zentzuzko eta zorrotzetan itzulinguruka ibili.
- ↑ Parrokien kantitatearen hazkundea gogoan hartuta kontuak egiten badira, 1478 eta 1557 bitartean Bizkaiko populazioa %38a hazi zen; Arabako zati mugatuagotan ere antzeko hazkunde bat eman zela ziurta daiteke, antza denez. Hazkunde honek XVI. mendean ongi sarturik ere jarraitu zuen: Araba 1537 eta 1560 bitartean %5a eta %15a bitartean hazi zen. Luis Mª BILBAO, Transformaciones económicas (siglos XVI y XVII). Cultura Vasca‑n, (Donostia, 1978), 124. or. eta hur.
- ↑ Ezaguna da, Enrike IV.aren harriduraren inguruko pasadizoa, Durangoko hiribildua bisitatuz eta egurrezko etxeak eraikiz jarraitzearen arriskua onartzeagatik bertako biztanleari egindako kritika, Esteban Garibaik bere Compendio Historial delakoan eskainitakoa.
- ↑ C. de ECHEGARAY, Monumentos Religiosos de Guipúzcoa (Bartzelona, 1921), 8. or
- ↑ J.A. BARRIO LOZA eta J.G. MOYA VALGAÑÓN, El modo vasco de producción arquitectónica en los siglos XVI y XVII. KOBIE X, II. libk.n (1980); Los canteros vizcainos (1500‑1800). Diccionario biográfico, II. zatia. KOBIE, II, libk. 1981.
- ↑ P. SIGUENZA, La fundación del monasterio de El Escorial. Aguilar Argitl. 1988, 115. or. El modo vasco..., 287. or.
- ↑ Josetxo URRUTIKOETXEA, Euskal Demografia Historikoaz. Historia de la Población. Euskal Herria. Historia eta Gizartea. Historia y Sociedad‑en. Euskadiko Kutxa, I. libk., 171. or.
- ↑ Armando MATEO PEREZ, El marco socioprofesional. La cofradía de San José. V.V., Erretauloak. Retablos‑en. Eusko Jaurlaritza 2001, I. libk., 93‑115. or.
- ↑ Mª I. ASTIAZARAIN, Arquitectos Guipuzcoanos siglo XVII. Gipuzkoako Foru Aldundia 1988, I. libk., 861. or.
- ↑ Otto SCHUBERT, Historia del Barroco en España (Madril,1924).
- ↑ Ikusi dokumentuak: I. ELIAS ODRIOZOLA‑ren, Iglesia parroquial de San Sebastián de Soreasu de Azpeitia (Donostia, 1993), 30. or.
- ↑ El modo vasco..., 316. or.
- ↑ Die spanischen Hallenkirchen der Spägotic und der Renaissance (Tübingen, 1953).
- ↑ Kastor Uriartek biltzen dituen elizak honako hauek dira: Errioxan, Logroñoko Santa Maria la Redonda eta Donemiliaga Kukula; Sorian, Berlanga del Dueroko kolegio‑eliza; Burgosen, Villasandino eta Roa de Dueroko parrokiak eta Lermako kolegio‑eliza; Toledon, Yepes, Villatobas, Quintanar de la Orden, Toboso eta Villanueva de Alcardate‑koak; Guadalajaran, Pareja eta Albarate de Zorita‑koak; Badajozen, Olivenzako Gaztelukoa. Ikusi Las iglesias‑salón vascas del último período del gótico (Bastida, 1978).
- ↑ “Yendo así a un alto, es el edificio más fuerte, porque todo se ayuda uno a otro, lo qual no hace quando la principal sube más, porque es menester que desde la colateral se le dé fuerza a la mayor, y desde la ornacina a la colateral, lo qual se da con arbotantes”. (Mª Josefa TARIFA CASTILLA‑ren aipamena, Juan de Villarreal. Tradición e innovación en la arquitectura navarra. P.V. 2000‑n, 642. or. 119. oharra).
- ↑ J.M. AZCARATE, A.E.A. XXXI.ean, 122. znb., 213‑236. or.
- ↑ El modo vasco... 316. or
- ↑ Mª A. ARRAZOLA, El Renacimiento en Guipúzcoa, I, 120. or.
- ↑ Mª I. ASTIAZARAIN, Arquitectos guipuzcoanos, I, 115. or.
- ↑ I. ELIAS ODRIOZOLA, O.c., 27. or.
- ↑ Auzi honen inguruko dokumentazio guztia Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxiboan eta Simancaskoan dago, R.G.S., 302. znb. (Javier ELORZA MAIZTEGUI‑ren aip., Eibar: Orígenes y evolución. Siglos XIV al XVI. Eibarko Udala 2000, 152‑167 or.)
- ↑ L. LOPEZ DEL VALLADO, Arqueología Monumental Cristiana en el País Vasco. Euskal Ikaskuntzaren Lehen Kongresua, 755. or.
- ↑ BIZKAIA. Arqueología. Urbanismo y arquitectura histórica (Bilbo, 1989), I, 300. or.
- ↑ Eliza honetaz, bere aurrekoez eta, oro har, Gernikako Erdi Aroko historiaz, dokumentuetako ezer gutxi esan daiteke, gauza jakina den bezala, bertako artxiboak 1937ko apirilean hiribildua suntsitu zuen sute eta bonbardaketa tamalgarrian desegin baitziren.
- ↑ F. SESMERO, “Tres siglos de historia de Guernica”. Tres estudios sobre Guernica y su comarca‑n (Bilbo, 1970), 96‑07. or.; J.A. ARANA MARTIJA, Santa María de Guernica. T.V.n., 163‑164 znb., 1988.
- ↑ Durangoko lanen maisu zen Martin Etxabururen diseinuaren araberako berreraiketa 1816an hasi zen. Ikusi Eneko PEREZ GOIKOETXEA, Monografías de Pueblos de Bizkaia. Rigoitia (Bilbo, 1993), 143‑148. or.
- ↑ El modo vasco..., 315. or.
- ↑ J. ZORROZUA, El arte del Renacimiento en Alava (Gasteiz, 1999), 33. or.
- ↑ F. CHUECA GOITIA, Arquitectura. A.H. XI.ean, 348. or.