Edukira joan

Filosofiaren arazoak/5. Bitartekorik gabeko ezagutza eta deskribapenen bidezko ezagutza

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
5. Bitartekorik gabeko ezagutza eta deskribapenen bidezko ezagutza
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

5. Bitartekorik gabeko ezagutza eta deskribapenen bidezko ezagutza

Aurreko kapituluan bi ezagutza mota daudela ikusi dugu: gauzen ezagutza eta egien ezagutza. Kapitulu honetan gauzen ezagutzaz bakarrik arduratuko gara, eta haren barruan, halaber, bi mota bereizi behar ditugu. Gauzen ezagutza funtsean, bitartekorik gabeko ezagutza deritzogun motakoa denean, egien edozein ezagutza baino sinpleagoa da, eta egien ezagutzatik logikoki independentea da. Alabaina, ez litzateke zuhurra izango onartzea gizakiek gauzen bitartekorik gabeko ezagutza dutela noizbait haiei buruz egiaren bat ezagutu gabe. Aitzitik, kapitulu honetan ikusiko dugun bezala, deskribapenen bidezko gauzen ezagutzak egien ezagutzaren bat hartuko du bere iturritzat eta oinarritzat. Dena dela, lehenik eta behin, «bitartekorik gabe» eta «deskribapen bidez» adierazpenen bitartez esan nahi duguna argitu behar dugu.

Gauza baten bitartekorik gabeko ezagutza daukagula esango dugu, baldin eta gauza horretaz zuzenean ohartzen bagara, hau da, inolako inferentzia-prozesuren bitartekaritzarik gabe edo egien inolako ezagutzarik gabe ohartzen bagara. Hala, nire mahaiaren aurrean, mahaiaren beraren agerpena osatzen duten zentzumen-datuen (haren kolorearen, formaren, gogortasunaren, leuntasunaren, eta abarren) bitartekorik gabeko ezagutza daukat; mahaia ikusten eta ukitzen dudanean, zuzen-zuzenean gauza horietaz guztiez konturatzen naiz. Gauza asko esan daitezke ikusten ari naizen kolorearen tonu partikularrari buruz –marroia dela, ilun samarra dela eta halakoak esan ditzaket. Alabaina, baieztapen horiek ez didate kolorea bera lehen baino hobeto ezagutaraziko, nahiz eta haiek koloreari buruzko egiak ezagutarazten dizkidaten. Kolorearen beraren ezagutzari dagokionez –koloreari berari buruzko egien ezagutza ez bezala–, neronek kolorea ikusten dudanean berori ezin hobeto eta bete-betean ezagutzen dut, eta kolorearen beraren ezagutza gehiagorik ez da teorikoki ere posible. Nire mahaiaren agerpena osatzen duten zentzumen-datuak neronek bitartekorik gabe ezagutzen ditudan gauzak dira, hau da, diren bezala zuzen-zuzenean ezagutzen ditudan gauzak dira.

Aitzitik, mahaiaren ezagutza –mahaia objektu fisiko gisa– ez da ezagutza zuzena. Ezagutza hori, den bezalakoa izanik, mahaiaren agerpena osatzen duten zentzumen-datuen bitartekorik gabeko ezagutzaren bidez lortzen da. Absurdoan erori gabe mahaia ote dagoen zalantzan jar daitekeela ikusi dugu, baina zentzumen-datuak ezin dira zalantzan jarri. Mahaiaren nire ezagutza «deskribapenen bidezko ezagutza» deritzogun motakoa da. Mahaia «honelako-eta-horrelako zentzumen-datuak kausatzen dituen objektu fisikoa» da. Adierazpen horrek mahaia zentzumen-datuen bitartez deskribatzen du. Mahaiari buruz zerbait jakiteko, mahaia bera bitartekorik gabe ezagutzen ditugun gauzekin lotzen duten egiak ezagutu behar ditugu: «honelako-eta-horrelako zentzumen-datuen kausa objektu fisiko bat dela» jakin behar dugu. Ez dago gogo-egoerarik, zeinean mahaiaz zuzenean ohartzen baikara; mahaiaren gure ezagutza osoa egien ezagutza da benetan, eta mahaia den benetako gauza hori ez da, zorrotz mintzatuz gero, guk inondik ere ezagutzen dugun ezer. Guk deskribapen bat ezagutzen dugu, eta jakin badakigu deskribapen hori aplika dakiokeen objektu bakar bat dagoela, nahiz eta guk objektua bera zuzenean ezagutzen ez dugun. Kasu horretan, objektuaren gure ezagutza deskribapenen bidezko ezagutza dela esaten dugu.

Gure ezagutza osoak, bai gauzen ezagutzak bai egien ezagutzak, bitartekorik gabeko ezagutza hartzen du bere oinarritzat. Hortaz, garrantzitsua da aztertzea ea zeintzuk diren bitartekorik gabe ezagut ditzakegun gauzak.

Dagoeneko ikusi dugun bezala, bitartekorik gabe ezagutzen ditugun gauzen artean zentzumen-datuak daude; izan ere, hori da bitartekorik gabeko ezagutzaren adibiderik agerikoena eta nabariena. Baina hori adibide bakarra izango balitz, den baino askoz murritzagoa litzateke gure ezagutza. Gure zentzumenei orain agertzen zaiena bakar-bakarrik ezagutuko genuke: ezin izango genuke jakin ezer iraganari buruz, ezta iraganik izan zenik ere. Ezin izango genituzke ezagutu gure zentzumen-datuei buruzko egiak; izan ere, ikusiko dugun bezala, egien ezagutza orok funtsean zentzumen-datuen izaera ez bezalakoa duten gauzen ezagutzaren beharra dauka, hainbatetan «ideia abstraktuak» izendatzen ditugun gauzen ezagutzaren beharra, hain zuzen ere. Dena dela, guk horiei «unibertsalak» esango diegu. Beraz, gure ezagutzaren analisi onargarria eta egokia lortu nahi baldin badugu, zentzumen-datuen ezagutza ez ezik, bestelako gauzen bitartekorik gabeko ezagutza ere aintzat hartu behar dugu.

Zentzumen-datuetatik harantzago aintzat hartu behar den lehenengo hedapena oroimenaren bidezko ezagutzarena da. Garbi dago maiz gogoratzen dugula ikusi duguna edo entzun duguna edo beste modu batean gure zentzumenei agertu zaiena, eta horrelako kasuetan gogoratzen dugunaz oraindik ere zuzen-zuzenean ohartzen gara, nahiz eta iraganeko gauza bezala –ez, ordea, oraingoa bezala– agertzen den. Oroimen- aren bidezko ezagutza zuzena iraganari buruzko ezagutza ororen iturria da: hori gabe inferentziaren bidez iragana ezagutzerik ez legoke, ez baikenuke inolaz ere jakiterik izango inferi genezakeen gauzarik ba ote zegoen iraganean.

Aintzat hartzeko hurrengo hedapena introspekzioaren bidezko ezagutzarena da. Gauzez ez ezik, gauzez ohartzeaz ere ohartzen gara sarritan. Eguzkia ikusten dudanean, Eguzkia ikusi izanaz ohartzen naiz sarritan; hortaz, «nik Eguzkia ikusi izana» gertaldia bitartekorik gabe ezagutzen dudan objektua da. Janaria nahi dudanean, nire jateko nahiaz ohar naiteke; hortaz, «nire jateko nahia» gertaldia bitartekorik gabe ezagutzen dudan objektua da. Antzeko modu batean, atsegina edo mina sumatu izanaz ohar gaitezke, eta, oro har, gure gogamenetan jazotako gertaldiez ere bai. Autokontzientzia izenda daitekeen bitartekorik gabeko ezagutza hori gogo-gauzen ezagutza ororen iturria da. Garbi dago gure gogamenetan bertan gertatzen dena bakarrik dela zuzen-zuzenean ezagut daitekeena. Beste pertsonen gogamenetan gertatzen dena haien gorputzak hautemanez ezagutzen dugu, hau da, haien gorputzekin lotuta dauden eta guregan dauden zentzumen-datuen bitartez. Baina geure gogamenetako edukien bitartekorik gabeko ezagutzari esker ez balitz, ez ginateke gai izango besteen gogamenak irudikatzeko eta, ondorioz, ez ginateke inoiz iritsiko haiek ere gogamenak dituztela jakitera. Gizakia animaliengandik bereizten duen gauzetako bat autokontzientzia dela suposatzeak normala dirudi: animaliek, eman dezagun, nahiz eta zentzumen-datuen ezagutza duten, inoiz ez dira ohartuko ezagutza horretaz. Ez dut esan nahi animaliek beren existentzia zalantzan jartzen dutela. Esan nahi dut animaliek ez dutela inoiz kontzientziarik izaten animaliek berek dituzten sentipenez eta sentimenduez, eta, ondorioz, ezta haiek (beren sentipenen eta sentimenduen subjektuek) duten existentziaz ere.

Gure gogamenetako edukien ezagutzaz mintzatu gara autokontzientzia gisa ulertuta, baina hori ez da, noski, norberaren buruaz kontzientzia edukitzea: autokontzientzia pentsamendu eta sentimendu partikularrez kontzientzia edukitzea da. Arazo latza da norberaren burua bitartekorik gabe ezagutzen ote dugun jakitea, pentsamendu eta sentimendu partikularrak bitartekorik gabe ezagutzen ote ditugun auziaren aldean, eta ez litzateke zuhurra izango baiezko erantzuna ematea. Geure baitan arretaz aztertzen ahalegintzen garenean beti aurkitzen dugu, antza, pentsamendu edo sentimendu partikular bat, eta ez, ordea, pentsamendu edo sentimendu hori duen «ni»-a. Hala eta guztiz ere, «ni»-a bitartekorik gabe ezagutzen dugula pentsatzeko arrazoi batzuk badaude, nahiz eta zaila den ezagutza hori beste gauzetatik askatzea. Nolako arrazoia dagoen argitzearren, ikus dezagun, une batez, pentsamendu partikularren bitartekorik gabeko ezagutzak bere barnean jasotzen duena.

«Nik Eguzkia ikusi izana» gertaldia bitartekorik gabe ezagutzen dudanean, garbi dago elkarrekin erlazionatutako bi gauza desberdinen ezagutza dudala. Batetik, Eguzkia niretzat errepresentatzen duen zentzumen-datua dago, eta, bestetik, zentzumen-datu hori dakusana dago. Bitartekorik gabeko ezagutza orok, hala nola Eguzkia errepresentatzen duen zentzumen-datuaren nire ezagutzak ezagutzen duen pertsonaren eta pertsona horrek ezagutzen duen objektuaren arteko erlazioa dirudi, argi eta garbi. Bitartekorik gabeko ezagutzaren kasu bat nik bitartekorik gabe ezagut dezakedan kasua denean (Eguzkia errepresentatzen duen zentzumen-datuaren bitartekorik gabeko ezagutza bitartekorik gabe ezagutzen dudanean bezala), garbi dago bitartekorik gabe ezagutzen dudan pertsona ni neu naizela. Hortaz, Eguzkia ikusi izanaren gertaldia bitartekorik gabe ezagutzen dudanean, ezagutzen dudan gertakari osoa hauxe da: «nire burua+bitartekorik gabe ezagutzen ari+zentzumen-datua».

Gainera, «ni zentzumen-datua bitartekorik gabe ezagutzen ari naiz» dioen egia ezagutzen dugu. Zaila da ulertzea nola ezagut dezakegun egia hori edo, areago, haren bidez zer esan nahi dugun, «ni» izendatzen dugun zerbait bitartekorik gabe ezagutu ezean. Ez dirudi beharrezkoa denik suposatzea gutxi-asko iraunkorra den pertsona bat (gaur eta atzo gauza bera den hori) bitartekorik gabe ezagutzen dugula, baina badirudi bitartekorik gabe ezagutu behar dugula gauza hori, zeinak Eguzkia baitakusa eta zentzumen-datuen bitartekorik gabeko ezagutza baitauka, gauza horren zerizana edozein izanik. Beraz, zentzuren batean badirudi geure esperientzia partikularrez gain norberaren Buruaren bitartekorik gabeko ezagutza eduki behar dugula. Dena dela, auzia zaila da, eta bi aldetatik argudio korapilatsuak aurkez daitezke. Horrenbestez, seguru asko, norberaren buruaren bitartekorik gabeko ezagutza egon arren, ez da zuhurra baiestea ezagutza hori zalantzarik gabe egon badagoela.

Ondorioz, honela labur dezakegu existitzen diren gauzen bitartekorik gabeko ezagutzaz esandakoa. Sentipenean kanpo-zentzumenetako datuen ezagutza dugu, eta introspekzioan barne-zentzumena izenda dezakegun zentzumeneko datuena (pentsamenduak, sentimenduak, nahiak, eta abar); oroimenean kanpo-zentzumenetako nahiz barne-zentzumeneko datuak izan direnen bitartekorik gabeko ezagutza dugu. Gainera, nahiz eta ziurra ez izan, gauzez ohartzen den eta gauzak nahi dituen norberaren Burua bitartekorik gabe ezagutzea litekeena da.

Existitzen diren gauza partikularrak bitartekorik gabe ezagutzeaz gainera, unibertsalak deritzen gauzak, hau da, ideia orokorrak ere, bitartekorik gabe ezagutzen ditugu; besteak beste, zuritasuna, aniztasuna, senidetasuna, eta abar. Perpaus oso guztiek gutxienez unibertsal bat adierazten duen hitz bat eduki behar dute osagai gisa, aditz guztiek unibertsala den esanahia baitute. Geroago, 9. kapituluan, unibertsaletara itzuliko gara. Oraingoz, kontuz eta arretaz ibili behar dugu partikularra eta existentea dena baino ezagutzerik ez dagoela dioen suposizioarekin. Unibertsalez ohartzeari kontzeptuaz jabetzea esaten zaio, eta unibertsalari –zeinaz ohartzen baikara– kontzeptua esaten zaio.

Ikusi dugu bitartekorik gabe ezagutzen ditugun objektuen artean ez dugula sartzen ez objektu fisikorik (zentzumen-datuak bai, ordea) ez beste jendearen gogamenik. Gauza horiek «deskribapenen bidezko ezagutza» deritzogunaren bitartez ezagutzen ditugu; orain hori aztertuko dugu.

«Deskribapen» hitzaren bitartez honako forma duen adierazpena adierazi nahi dut: «honelako-eta-horrelako bat» edo «honelako-eta-horrelakoa».2 «Honelako-eta-horrelako bat» forma duen adierazpenari deskribapen «anbiguoa» esango diot; «honelako-eta-horrelakoa» forma duen adierazpenari deskribapen «mugatua» esango diot. Hala, «gizaki bat» deskribapen anbiguoa da, eta «burdinazko maskara duen gizona» deskribapen mugatua da. Deskribapen anbiguoekin loturik dauden zenbait arazo daude, baina ez ditugu aintzat hartuko, ez baitagozkio eztabaidatzen ari garen auziari. Auzia da ea zein den objektuen ezagutzaren zerizana deskribapen mugatuari dagokion objektu bat dagoela dakigunean, nahiz eta guk objektu hori bitartekorik gabe ez ezagutu. Arazo hori deskribapen mugatuei bakarrik dagokie. Aurrerantzean, bada, «deskribapen mugatuak» esan nahi dugunean «deskribapenak» baino ez dugu esango. Hala, deskribapen batez «honelako-eta-horrelakoa» forma duen edozein adierazpen ulertu behar dugu.

Objektu bat «deskribapenen bidez ezagutzen» dugula esango dugu objektu hori «honelako-eta-horrelakoa» dela dakigunean, hau da, propietateren bat daukan objektu bat, eta ez gehiago, dagoela dakigunean; eta horrek, orokorrean, berekin dakar objektu bera bitartekorik gabe ezagutzen ez dugula. Jakin badakigu burdinazko maskara duen pertsona existitu zela, eta berorri buruz zenbait proposizio dakizkigu; alabaina, ez dakigu nor izan zen. Badakigu boto gehienak lortuko dituen hautagaia hautatua izango dela, eta kasu horretan baliteke hautagaia den eta boto gehienak benetan lortuko dituen pertsona guk bitartekorik gabe ezagutzea (beste pertsona bat ezagut dezakegun zentzu bakar horretan). Haatik, ez dakigu nor izango den hautatua hautagaien artean; alegia, ez dugu ezagutzen honako forma duen proposiziorik: «boto gehienak lortuko dituen hautagaia A da» (non hautagaietako bat A izenekoa den). Honelako-eta-horrelakoari buruz «deskribapenen bidezko ezagutza soila» daukagula esango dugu, «a da honelako-eta-horrelakoa» dioen proposiziorik ez dugunean ezagutzen ere (non a bitartekorik gabe ezagutzen dugun zerbait den); hori guztia honelako-eta-horrelakoa existitzen dela jakin arren, eta benetan honelako-eta-horrelakoa den objektua bitartekorik gabe ezagutzea posible izan arren.

«Honelako-eta-horrelakoa existitzen da» diogunean, honelako-eta-horrelakoa den objektu bakar bat dagoela esan nahi dugu. Honako proposizioak, alegia, «a da honelako-eta-horrelakoa», esan nahi du a-k, eta a-k bakarrik, honelako-eta-horrelako propietatea daukala. «A jauna hautes-barruti horretako hautagai unionista da» proposizioak esan nahi du «A jauna hautes-barruti horretako hautagai unionistetako bat da, eta hautagai unionista den beste inor ez dago». «Hautes-barruti horretako hautagai unionista existitzen da» proposizioak esan nahi du «baten bat hautes-barruti horretako hautagaia da, eta hautagai unionista den beste inor ez dago». Hortaz, honelako-eta-horrelakoa den objektu bat bitartekorik gabe ezagutzen dugunean, honelako-eta-horrelakoa existitzen dela badakigu; alabaina, honelako-eta-horrelakoa existitzen dela jakin dezakegu honelako-eta-horrelakoa dela dakigun inolako objekturik bitartekorik gabe ezagutzen ez dugunean, baita honelako-eta-horrelakoa benetan den inolako objekturik bitartekorik gabe ezagutzen ez dugunean ere.

Hitz arruntak ez ezik, izen bereziak ere deskribapenak dira eskuarki. Izan ere, izen berezi bat zuzen erabiltzen duen pertsona baten gogameneko pentsamendua orokorrean esplizituki adieraz daiteke izen berezia deskribapen batez ordezkatuz gero. Are gehiago, pentsamendua adierazteko behar den deskribapena pertsona batengandik bestearengana aldatzen da, baita pertsona berarentzat ere une desberdinetan. Iraunkorra den gauza bakarra (izena zuzen erabiltzen baldin bada) izena aplikatzen zaion objektua da. Baina horrek iraunkor jarraitzen baldin badu, tartean sartu den deskribapen partikularrak eskuarki ez du inolako desberdintasunik eragiten izena agertzen den proposizioaren egiari edo faltsutasunari dagokienez.

Har ditzagun adibide batzuk. Har ditzagun Bismarcki buruzko zenbait baieztapen. Norberak bere burua bitartekorik gabe ezagut dezakeela onartuz gero, Bismarckek berak bitartekorik gabe ezagutzen zuen pertsona partikularra zuzenean izendatzeko bere izena erabil zezakeen. Kasu horretan, berak bere buruari buruzko judizio bat egingo balu, Bismarck bera judizioaren osagai bat izan liteke. Egoera horretan, izen bereziak beti beretzat nahi izan duen erabilera zuzena du, alegia, objektu bat baino ez luke izendatuko, ez, ordea, objektuaren deskribapen bat. Haatik, Bismarck ezagutu zuen pertsona batek Bismarcki buruzko judizio bat egingo balu, egoera desberdina litzateke. Pertsona horrek zentzumen-datuak bitartekorik gabe ezagutu zituen, zeinak Bismarcken gorputzarekin erlazionatuta baitzeuden (era zuzenean erlazionatuta, eman dezagun). Haren gorputza, objektu fisiko gisa, eta, are gehiago, haren gogamena zentzumen-datu horiekin erlazionatuta zeuden gorputz eta gogamen gisa ezagutuak izan ziren. Hau da, deskribapenen bidez izan ziren ezagutuak. Lagun batek gizon horrengan pentsatzen duenean, azken horren agerpenak dituen ezaugarrien artean zeintzuk igaro diren lagunaren gogamenera, neurri handi batean, jakina, mentura kontua da; hala, lagunaren gogamenean benetan dagoen deskribapena akzidentala da. Punturik garrantzitsuena hauxe da: lagunak badaki deskribapen horiek guztiak izaki berari aplikatzen zaizkiola, nahiz eta izaki hori bitartekorik gabe ez ezagutu.

Guk, Bismarck ezagutu ez genuenok, hari buruzko judizio bat egiten dugunean, gure gogameneko deskribapena seguru asko ezagutza historikoz osatutako sorta gutxi-asko lausoa izango da (kasu gehienetan, ezagutza hori Bismarck identifikatzeko behar dena baino handiagoa da). Baina, azalpen moduan, demagun Bismarckengan honela pentsatzen dugula: «alemaniar inperioko lehenengo kantzelaria». Horko hitz guztiak abstraktuak dira, «alemaniar» izan ezik. «Alemaniar» hitzak, berriro ere, pertsona desberdinentzat esanahi desberdinak izango ditu. Batzuei hitz horrek Alemanian barrena egindako bidaiak gogoraraziko dizkie, bestetzuei Alemaniak mapan duen itxura, eta abar. Alabaina, deskribapen bat lortu nahi baldin badugu, zeinari buruz aplikagarria dela baitakigu, noizbait behartuta egongo gara bitartekorik gabe ezagutzen dugun partikular bati erreferentzia egitera. Halako erreferentzia dago iragana, orainaldia eta etorkizuna (data zehatzak ez bezala), edo hemen eta hor aipatzen direnetan, baita beste batzuek esan digutenetan ere. Hortaz, badirudi, modu batean edo bestean, deskribapen batek –zeinari buruz partikular bati aplika dakiokeela baitakigu– bitartekorik gabe ezagutzen dugun partikular baten aipamena egin behar duela, deskribatutako gauzari buruzko gure ezagutza ez baldin bada deskribapenetik logikoki ondorioztatzen dena soilik. Esate baterako, «gizakien artean bizitzarik luzeena izan duena» bere barnean unibertsalak bakarrik hartzen dituen deskribapena da; deskribapen hori gizakiren bati aplikatu behar zaio, baina gizaki horri buruz ezin dugu deskribapenak ematen digun ezagutzatik harantzago doan inolako judiziorik egin. Haatik, «alemaniar inperioko lehenengo kantzelaria diplomatiko argia izan zen» esaten baldin badugu, gure judizioaren egiaz bitartekorik gabe ezagutzen dugun zerbaiten kariaz bakarrik (eskuarki entzun dugun edo irakurri dugun lekukotasun baten kariaz) egon gaitezke ziur. Besteei jakinarazten diegun informazioaz gain, Bismarcki buruzko informazioaz gain (zeinak gure judizioari garrantzia ematen baitio), guk benetan daukagun pentsamenduak partikular bat edo gehiago ditu osagai gisa, eta, bestela, haren osagai guztiak kontzeptuak dira.

Erabiltzen direnean, lekuen izen guztiek –Londres, Ingalaterra, Europa, Lurra, Eguzki-sistema–, antzeko modu batean berekin ekartzen dituzte guk bitartekorik gabe ezagutzen ditugun partikular batean edo gehiagotan oinarritzen diren deskribapenak. Nire susmoa da Unibertsoak ere, metafisikan ulertzen den gisan, partikularrekiko lotura halakoak ekartzen dituela berekin. Logikan, ordea, non ez garen arduratzen existitzen denaz bakarrik, existi edo izan daitekeen edozertaz baizik, ez dira partikular errealak aipatzen.

Badirudi, deskribapenen bidez bakarrik ezagutzen dugun zerbaiti buruzko baieztapen bat egiten dugunean, gure baieztapena egiteko asmoa daukagula deskribatutako gauza errealari buruz zerbait esateko, ez, ordea, deskribapenaren bitartez esaten omen duguna esateko. Hau da, ahal bagenu, Bismarcki buruz zerbait esaten dugunean Bismarckek berak bakarrik egin dezakeen judizioa egin nahiko genuke; alegia Bismarck bera osagaitzat duen judizioa. Horri dagokionez gure porrota ezinbestekoa da, Bismarck erreala guretzat ezezaguna baita. Baina guk badakigu B objektu bat badagoela, Bismarck izenekoa, eta B diplomatiko argia izan zela. Baieztatu nahiko genukeen proposizioa honela deskriba genezake, alegia, «B diplomatiko argia izan zen», non B Bismarck izan zen objektua den. Bismarck «alemaniar inperioko lehenengo kantzelaria» bezala deskribatzen baldin badugu, baieztatu nahiko genukeen proposizioa honela deskriba daiteke: «alemaniar inperioko lehenengo kantzelaria izan zen objektu errealari dagokionez, proposizioak baiesten du objektu hori diplomatiko argia izan zela». Deskribapen desberdinak erabili arren, komunikatzeko gaitasuna ematen diguna hauxe da: badakigu Bismarck errealari buruzko proposizio egiazko bat dagoela, eta, deskribapena alda dezakegun arren, (baldin eta deskribapena zuzena bada) deskribatutako proposizioa oraindik ere proposizio bera dela ere badakigu. Deskribatzen den eta, halaber, egiazkoa dela dakigun proposizio hori da interesatzen zaiguna; baina guk proposizioa bera bitartekorik gabe ez dugu ezagutzen, eta berori ez dugu ezagutzen, nahiz eta berori egiazkoa dela dakigun.

Partikularren bitartekorik gabeko ezagutzatik urruntzeko zenbait etapa daudela ikusiko dugu: jendeak ezagutu zuen Bismarck hori; historiaren bitartez bakarrik ezagutu dutenen Bismarck hori; burdinazko maskara duen pertsona hori; gizakien artean bizitzarik luzeena izan duena. Horiek pixkanaka gero eta urrunago daude partikularren bitartekorik gabeko ezagutzatik; lehenengoa, beste pertsona bati buruzkoa izan arren, bitartekorik gabeko ezagutzatik ahal den bezain hurbil dago; bigarrenean oraindik ere «Bismarck nor izan zen» dakigula esango genuke; hirugarrenean burdinazko maskara duen pertsona nor zen ez dakigu, nahiz eta berari buruz hainbat proposizio jakin ditzakegun, zeinak ez baitira deduzigarriak burdinazko maskara bat janzten zuela deskribatzen duen gertakaritik; laugarrenean, azkenean, ez dakigu ezer gizaki horren definiziotik logikoki deduzigarriak diren gauzetatik harantzago. Unibertsalen erresuman ere antzeko hierarkia dago. Unibertsal asko, partikular asko bezalaxe, deskribapenen bidez bakarrik ezagutzen ditugu. Baina kasu horretan, partikularren kasuan bezalaxe, deskribapenen bidez ezagutzen denari dagokion ezagutza, azken buruan, erreduzigarria da bitartekorik gabe ezagutzen denari dagokion ezagutzara.

Barnean deskribapenak dituzten proposizioen analisirako funtsezko printzipioa honako hau da: uler dezakegun proposizio orok bitartekorik gabe ezagutzen ditugun osagaiez osatua izan behar du erabat.

Ez gara saiatuko une honetan funtsezko printzipio horren aurka proposa daitezkeen kontrako arrazoi guztiei erantzuna ematen. Oraingoz, garbi utzi nahi dugu kontrako arrazoi horiei modu batean edo bestean erantzuna emateak posible izan behar duela, nekez pentsa baitaiteke judizio bat egin dezakegula edo suposizio bat hausnar dezakegula juzgatzen edo suposatzen duguna zer den jakin gabe. Erabiltzen ditugun hitzei esanahiren bat lotu behar diegu, zarata hutsa egin beharrean esanguratsua den modu batean hitz egin nahi baldin badugu; eta gure hitzei lotzen diegun esanahiak bitartekorik gabe ezagutzen dugun zerbait izan behar du. Hortaz, esaterako, Julio Zesarri buruz baieztapen bat egiten dugunean, garbi dago Julio Zesar bera ez dagoela gure gogamenaren aurrean, ez baitugu berori bitartekorik gabe ezagutzen. Julio Zesarren deskribapenen bat daukagu gogoan: «martxoaren idusean hil zuten gizona»,(3) «erromatar inperioaren sortzailea», edo, agian soil-soilik, «Julio Zesar izena duen gizona». (Azken deskribapen horretan Julio Zesar zarata edo irudi mota bat da, guk bitartekorik gabe ezagutzen duguna.) Horrela, gure baieztapenak ez du guztiz esan nahi itxuraz esan nahi duena; esan nahi du bitartekorik gabe ezagutzen ditugun partikularrez eta unibertsalez soilik osatutako Julio Zesarren deskribapenen bat bere barnean duen zerbait, ez, ordea, bere barnean Julio Zesar bera duen zerbait.

Deskribapenen bidezko ezagutzaren garrantzi nagusia da aukera ematen digula gure esperientzia pribatuen mugetatik harantzago joateko. Nahiz eta jakin ditzakegun egia bakarrak bitartekorik gabeko ezagutzan esperimentatu ditugun terminoez soilik osatuta dauden, sekula esperimentatu ez ditugun gauzen deskribapenen bidezko ezagutza ere eduki dezakegu. Zuzen-zuzeneko gure esperientzien esparru estua kontuan izanik, emaitza hori egundokoa da, eta hori ulertua izan arte gure ezagutzaren zati handi batek misteriotsua izaten jarraituko du, eta, ondorioz, zalantzazkoa izaten ere bai.