Edukira joan

Filosofiaren arazoak/6. Indukzioari buruz

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
6. Indukzioari buruz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

6. Indukzioari buruz

Aurreko eztabaidetan, ia guztietan, existentziaren ezagutzaren bidean dauzkagun datuak argitzen ahalegindu gara. Unibertsoko zenbait gauzari buruz existitzen direla badakigu bitartekorik gabe ezagutzen ditugulako; zeintzuk dira horiek? Orain arte, gure erantzuna izan da geure zentzumen-datuak bitartekorik gabe ezagutzen ditugula, baita, seguru asko, norberaren burua ere. Horiek existitzen direla jakin badakigu. Gogoratzen ditugun iraganeko zentzumen-datuak iraganean existitu zirela jakin badakigu. Ezagutza horrek gure datuekin hornitzen gaitu.

Alabaina, datu horietatik abiatuz inferentziak egiteko gai izatekotan (materiaren, beste jendearen, gure oroimena abian jarri aurretiko iraganaren edo etorkizunaren existentziaren berri edukitzekotan), motaren bateko printzipio orokorrak ezagutu behar ditugu, horrela haien bitartez aipatutako inferentziak burutu ahal izateko. Jakin behar dugu motaren bateko gauza baten (A-ren) existentzia beste mota bateko gauza baten (B-ren) existentziaren zeinua dela, eta B eta A aldiberekoak izan daitezke edo B A baino lehenago edo geroago gerta daiteke, esate baterako, trumoia lehenagotik existitzen den tximistaren existentziaren zeinua den bezalaxe. Hori jakingo ez bagenu, ezingo genuke gure ezagutza gure esperientzia pribatuen esparrutik harantzago inoiz hedatu; eta esparru hori, ikusi dugun bezala, biziki mugatua da. Orain aztertu behar dugun arazoa da ea hedapen hori posible ote den, eta, hala baldin bada, nola burutu daitekeen.

Har dezagun argibide gisa gutariko inork inolaz ere zalantzan jartzen ez duen gai hau. Biharamunean Eguzkia aterako dela ziurtzat jotzen dugu guk guztiok. Zergatik? Uste hori iraganeko esperientziaren emaitza itsu soila al da? Edo uste hori, zentzuzko uste gisa, justifika al daiteke? Mota horretako uste bat zentzuzkoa den edo ez juzgatzeko testa aurkitzea ez da erraza, baina jakin dezakegu bederen zer nolako uste orokorrak liratekeen nahikoak, egiazkoak balira, biharamunean Eguzkia aterako dela dioen judizioa justifikatzeko, baita gure ekintzen oinarrietan dauden antzeko beste judizio asko justifikatzeko ere.

Galdetuko baligute zergatik uste dugun biharamunean Eguzkia aterako dela, garbi dago berez honako hau erantzungo genukeela: «beti, egunero, ateratzen delako». Etorkizunean Eguzkia aterako dela baieztatzen duen uste sendoa daukagu iraganean ere atera egin delako. Orain arte bezala Eguzkiak ateratzen jarraituko duela baieztatzen duen gure ustearen zergatia eskatzen bazaigu, orduan higiduraren legeei helduko diegu: «Lurra, esango genuke, aske biraka dabilen gorputza da, eta horrelako gorputzek, kanpoaldeko zerbaitek oztopatu ezean, biratzeari ez diote utziko, eta gaurdanik bihar arte Lurra oztopatuko duen ezer ez dago kanpoaldean». Jakina, zalantzan jar zitekeen ea gu erabat ziur ote gauden oztopatuko duen ezer egon ez izanaz, baina hori ez da zalantza interesgarria. Zalantza interesgarria da ea higiduraren legeek bihar arte indarrean jarraituko ote duten. Zalantza hori sortuz gero, Eguzkia ateratzeari buruzko zalantza sortu zeneko egoera berean egongo gara.

Higiduraren legeek indarrean jarraituko dutela uste izateko daukagun arrazoi bakarra da gaurdaino indarrean egon direla, iraganaren gaineko ezagutzak juzgatzeko gaitasuna ematen digun heinean bederen. Egia da iraganean higiduraren legeen aldeko ebidentzien multzo handiagoa dugula, Eguzkia ateratzearen aldekoa baino, Eguzkia ateratzea higiduraren legeak asebetetzearen kasu partikular bat baino ez baita, eta zenbatezinak diren beste kasu partikularrak ere badaude. Baina benetako galdera hau da: iraganean lege bat asebete den kasuen edozein kopuruk etorkizunean ere lege hori asebeteko den ebidentziarik ematen al digu? Erantzuna ezezkoa baldin bada, garbi dago ez dugula inolako oinarririk bihar Eguzkia aterako dela espero izateko, edo gure hurrengo otorduan jango dugun ogiak ez gaituela pozoituko espero izateko, ezta gure eguneroko bizitzak kontrolatzen dituzten eta ozta-ozta kontzienteak diren beste aurreikuspen horien esperoan egoteko ere. Kontuan hartu behar da horrelako aurreikuspenak probableak baino ez direla; horregatik, haiek ezinbestean asebeteko direla erakusten duen frogarik ez dugu bilatu behar. Bilatu behar den bakarra da haiek seguru asko asebeteko direla dioen ikuspegiaren aldeko arrazoiren bat.

Dena dela, arazo hori jorratzeko, lehenik eta behin, bereizketa garrantzitsu bat egin behar dugu; hori egin gabe berehala egongo ginateke murgilduta irteerarik gabeko nahasketan. Esperientziak gaurdaino erakutsi digu molde bereko segidaren bat edo baterako existentziaren bat sarritan errepikatzea kausa bat izan dela hurrengo unean segida edo baterako existentzia bera espero izateko. Halako itxura duen janariak halako zaporea du eskuarki, eta, gure aurreikuspenei dagokienez, kolpe latza izaten da itxura ezagun hori zapore ez-ohiko batekin lotuta dagoela aurkitzen dugunean. Ikusten ditugun gauzak, ohituraren poderioz, ukimen-sentipen batzuei lotuta agertzen zaizkigu, eta horiek espero ditugu gauza haiek ukitzen ditugunean; mamu batek eragiten duen beldurretako bat da (mamuei buruzko hainbat istoriotan) hark ez digula eragiten ukimen-sentipenik. Atzerrira lehenengo aldiz joaten den jende ezjakina hainbeste harritzen da bertan bere ama-hizkuntza ulertzen ez delako, ezen sinestezina gertatzen baitzaio.

Elkartze mota hori ez da mugatzen gizakien kasura; animaliengan ere oso nabarmena da. Bide batetik maiz eraman dugun zaldiak kontra egingo du beste norabide batetik eramaten saiatzen garenean. Abereek bazka espero izaten dute eskuarki bazka ematen dien pertsona ikusten dutenean. Uniformetasunaren aurreikuspen gordin samar horiek guztiek okerrak izateko joera izaten dute. Oiloari bere bizitzako egun guztietan bazka eman dion pertsonak azkenean hari lepoa bihurritzen dio, oiloari izadiaren uniformetasunari buruzko ikuspegi landuago bat komeni zekiokeela erakutsiz.

Aurreikuspen horiek, dena dela, egon badaude, nahiz eta okerrak izan daitezkeen. Gauza bat behin eta berriro gertatu izanak animaliek eta gizakiek hori berriro gertatuko dela uste izatea eragiten du. Hortaz, gure senek, dudarik gabe, Eguzkia bihar ere aterako dela pentsarazten digute, baina gure egoera agian ez da ustekabean lepoa bihurritu zioten oiloarena baino hobea. Ondorioz, bi gertakari bereizi behar ditugu: batetik, iraganeko uniformetasunak etorkizunari begira aurreikuspenak kausatzen ditu, eta, bestetik, horrelako aurreikuspenen baliozkotasunari buruzko galdera sortu eta gero, galde dezakegu aurreikuspen horiei balio bat esleitzeko zentzuzko oinarriren bat ote dagoen.

Eztabaidatu behar dugun arazoa da ea «izadiaren uniformetasuna» deritzogun horretan sinesteko arrazoiren bat ote dagoen. Izadiaren uniformetasunari buruzko ustea hauxe da: gertatu den guztia edo gertatuko den guztia inolako salbuespenik ez duen lege orokorren baten kasu partikular bat dela dioen ustea. Aintzat hartu ditugun aurreikuspen gordin horiek guztiek salbuespenak dituzte, eta, ondorioz, beroriei heltzen dietenei huts egiteko joera dute. Alabaina, zientziak eskuarki onartzen du, lan hipotesi gisa bederen, salbuespenak dituzten erregela orokorrak salbuespenik ez duten erregela orokorrez ordezka daitezkeela. «Airean dauden euskarririk gabeko gorputzak erortzen dira» erregela orokorra da, eta globoak eta hegazkinak haren salbuespenak dira. Haatik, gorputz gehienak erortzen direla azaltzen duten higiduraren legeek eta grabitatearen legeak globoak eta hegazkinak igo daitezkeela ere azaltzen dute; hortaz, azken horiek ez dira higiduraren legeen eta grabitatearen legearen salbuespenak.

Biharamunean Eguzkia aterako dela baieztatzen duen ustea faltsutua izan liteke, Lurrak bat-batean bere biraketa deuseztatuko lukeen gorputz handi bat ukituko balu; baina halako gertaldi batek ez lituzke apurtuko higiduraren legeak eta grabitatearen legea. Zientziaren eginbeharra da higiduraren legeak eta grabitatearen legea bezalako uniformetasunak aurkitzea, hain zuzen ere, gure esperientzia zabaltzen badugu ere salbuespenik ez duten uniformetasunak. Bilaketa horri dagokionez, zientziak arrakasta aipagarria izan du, eta onargarria da horrelako uniformetasunak orain arte indarrean egon direla. Horrek, berriro, honako galdera hau egitera eramaten gaitu: kontuan izanik uniformetasun horiek iraganean beti indarrean egon direla, ba al dugu arrazoiren bat etorkizunean ere indarrean egongo direla suposatzeko?

Argudiatu izan da etorkizuna iraganaren antzekoa izango dela uste izateko arrazoirik badugula; izan ere, etorkizuna izan zena behin eta berriro iragan bihurtu da, eta beti izan da iraganaren antzekoa. Beraz, etorkizunaren esperientzia benetan badugu, hasiera batean etorkizuna izan ziren aldiuneen eta iraganeko etorkizunak izenda ditzakegun aldiuneen esperientzia, hain zuzen ere. Baina argudio horrek berriro ekartzen du gogora auzian daukagun galdera. Guk iraganeko etorkizunen esperientzia dugu, ez, ordea, etorkizuneko etorkizunen esperientzia, eta galdera hauxe da: etorkizuneko etorkizunak iraganeko etorkizunen antzekoak al dira? Galdera hori ezin da erantzun iraganeko etorkizunak bakarrik aintzat hartzen dituen argudio baten bitartez. Horrenbestez, oraindik ere printzipio bat bilatu behar dugu, hain zuzen ere, iraganak jarraitzen dituen lege berak etorkizunak ere jarraituko dituela jakiteko gaitasuna emango digun printzipioren bat.

Galdera horretan etorkizuna aipatzea ez da nahitaezkoa. Galdera bera sortzen da gure esperientzian indarrean diren legeak iraganeko gauzei aplikatzen dizkiegunean, gogoan izanik gauza horien esperientziarik ez dugula; esate baterako, geologian edo Eguzki-sistemaren jatorriaz arduratzen diren teorietan. Benetan egin behar dugun galdera hau da: «bi gauza sarritan elkartuta daudela ikusi dugunean, eta ez dugunean ezagutzen ezta kasu bat ere, zeinean bi horiek elkartuta ez baitaude, kasu berri batean bietako bat gertatzeak bestearen esperoan egoteko oinarri egokia ematen al digu?» Galdera horri emango diogun erantzunaren mendean egon behar dute etorkizunari begira dauzkagun aurreikuspen guztien baliozkotasunak, indukzioaren bitartez lortzen diren emaitza guztiek eta funtsean gure eguneroko bizitzaren oinarrietan dauden ia uste guztiek.

Onartu beharra dago, lehenik eta behin, bi gauza elkarrekin sarritan aurkitu izana, eta inoiz ez aparte, berez ez dela nahikoa aztertuko dugun hurrengo kasuan ere elkarrekin aurkituko ditugula frogatzeko modu eztabaidaezinean. Hau da gehien espero dezakeguna: gauzak zenbat eta sarriago elkarrekin agertu, orduan eta probableagoa izango da beste une batean haiek elkarrekin agertzea, eta gauza horiek elkarrekin sarri aski agertzen badira, orduan probabilitatea ia-ia ziurtasunera iritsiko da. Inoiz ere ez da iritsiko erabateko ziurtasunera, maiz errepikatu arren azkenean huts egite bat noizbait gertatuko dela jakin dakigulako, lepoa bihurritu zioten oiloaren kasuan bezala. Probabilitatea da, beraz, bilatu beharko genukeen guztia.

Aldarrikatzen ari garen ikuspuntuaren aurka honako hau argudia liteke: badakigu natur-fenomeno guztiak legearen agintaldiaren mendean daudela, eta, noizean behin, behaketan oinarrituz, ikus dezakegu lege bakarra bat datorrela auzian dauden gertakariekin. Ikuspuntu horren aurrean bi erantzun daude. Lehenik eta behin, gure kasuari salbuespenik gabeko legeren bat aplikatzen bazaio ere, ez gaude sekula ziur lege hori, eta ez salbuespenak dituen lege bat, aurkitu izanaz. Bigarrenik, badirudi legearen agintaldi hori bera probablea baino ez dela, eta etorkizunean edo iraganeko aztertu gabeko kasuetan berori indarrean egongo dela baieztatzen duen gure ustea ere aztertzen ari garen printzipioan berean oinarritzen da.

Aztertzen ari garen printzipioari indukzioaren printzipioa izena jar diezaiokegu eta haren bi zati honela adieraz daitezke:

(a) A motako gauza bat B beste mota bateko gauza batekin elkartuta agertu baldin bada, eta inoiz ez baldin bada agertu B motako gauza batetik bananduta, orduan, A eta B horiek zenbat eta sarriago elkarturik agertu, kasu berri batean elkarturik agertzeko probabilitatea gero eta handiagoa da bietako bat agertuz gero;

(b) Zirkunstantzia beren pean, elkartze kasuen kopuru aski batek elkartze berri baten probabilitatea ia ziurtasun bihurtuko du eta, halaber, probabilitatea mugarik gabe ziurtasunera gerturatzea eragingo du.

Baieztatu bezala, kasu berri bati dagokion aurreikuspenaren egiaztapenari bakarrik aplikatzen zaio printzipioa. Alabaina, A motako gauzak B motako gauzekin beti elkarturik agertzen direla dioen lege orokorraren aldeko probabilitatea egon badagoela ere jakin nahi dugu, baldin eta elkartzearen kasuen kopuru nahiko handia ezagutzen bada, eta, horrez gain, elkartzeak huts egiten duen kasurik ez bada ezagutzen. Lege orokorraren probabilitatea, argi eta garbi, kasu partikularrena baino txikiagoa da; izan ere, lege orokorra egiazkoa baldin bada, orduan kasu partikularrak ere egiazkoa izan behar du, eta, aitzitik, kasu partikularra egiazkoa izan daiteke lege orokorra egiazkoa izan gabe. Hala eta guztiz ere, lege orokorraren probabilitatea errepikapenen kariaz handitzen da, kasu partikularren probabilitatea bezalaxe. Ondorioz, lege orokorrari dagokionez, honela errepika ditzakegu gure printzipioaren bi zatiak:

(a) A motako gauza bat B motako gauza batekin elkarturik agertu den kasuen kopurua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da A beti B-rekin elkarturik egoteko probabilitatea (elkartzeak huts egiten duen kasurik ezagutzen ez bada).

(b) Zirkunstantzia beren pean, A-ren eta B-ren elkartze kasuen kopuru nahiko batek A beti B-rekin elkarturik agertzea ia ziurra izatea eragingo du eta, halaber, lege orokor hori mugarik gabe ziurtasunera gerturatzea eragingo du.

Esan beharra dago probabilitatea beti datu batzuen araberakoa dela. Gure kasuan, datuak A-ren eta B-ren baterako existentziaren kasu ezagunak baino ez dira. Aintzat har daitezkeen beste datu batzuk egon daitezke, probabilitatea larriki aldatuko luketenak. Esaterako, gure printzipioaren arabera, beltxarga zuri asko ikusi dituen pertsona batek, datu horietan oinarrituz, beltxarga guztiak zuriak izatea probable litzatekeela argudia lezake, eta hori argudio erabat zuzena izan liteke. Argudioa ez da ezeztatzen beltxarga batzuk beltzak izateagatik; izan ere, zerbait gerta daiteke, nahiz eta datu batzuek hori nekez gertatuko dela esaten duten. Beltxargen kasuan, pertsona batek jakin lezake animalia-espezie askotan kolorea oso aldakorra den ezaugarria dela, eta, ondorioz, kolorearen gaineko indukzio batek bereziki huts egiteko joera duela. Baina ezagutza horrek datu berri bat osatuko luke, hain zuzen ere, inola ere aurreko datuen araberako probabilitatea oker kalkulatua izan zenik frogatuko ez lukeen datua. Beraz, gauzek gure aurreikuspenak asebete ez izana ez da inolako ebidentzia gure aurreikuspenak kasu bati edo kasuen multzo bati dagokionez seguru asko asebeteko ez direla pentsatzeko. Gure printzipio induktiboa, bada, ezin da ezeztatu esperientziara joz.

Haatik, printzipio induktiboa, modu berean, ezin da frogatu esperientziara joz. Pentsa daiteke esperientziak, jada aztertu ditugun kasuei dagokienez, printzipio induktiboa onetsi dezakeela; baina aztertu gabeko kasuei dagokienez, printzipio induktiboak bakarrik justifika dezake aztertu diren kasuetatik aztertu ez diren kasuetarako inferentzia. Esperientzian oinarrituz, iraganeko eta orainaldiko zatiei buruz (zeinei buruz esperientziarik ez baitugu izan) edo etorkizunari buruz argudiatzen duten argudio guztiek printzipio induktiboa onartzen dute; hortaz, esperientzia ezin dugu erabili printzipio induktiboa frogatzeko printzipio-eskabide egin gabe. Ondorioz, edo berezko nabaritasunean oinarrituz printzipio induktiboa onartzen dugu, edo etorkizunari buruzko gure aurreikuspenen justifikazio orori uko egin behar diogu. Printzipioa ez baldin bada zuzena, ez dugu arrazoirik bihar Eguzkia aterako dela espero izateko, ogia harria baino elikagarriagoa dela espero izateko edo, geure burua teilatutik behera botaz gero, eroriko garela espero izateko. Gure lagunik onena dirudiena guregana hurbiltzen ikusten dugunean ez dugu arrazoirik gorputz horretan gure etsai txarrenaren edo guztiz arrotza den pertsonaren baten gogamena ez dela bizi suposatzeko. Iraganean gertatu diren elkartzeetan oinarritzen dira gure jokabide guztiak, eta, ondorioz, etorkizunean ere seguru asko gertatuko direla uste dugu; eta probabilitate hori, baliozkoa izan dadin, printzipio induktiboaren mendekoa da.

Zientziaren printzipio orokorrak –hala nola, legearen agintaldiari buruzko ustea eta gertaldi orok kausa bat izan behar duela baieztatzen duen ustea– printzipio induktiboaren mendekoak dira, eguneroko bizitzan ditugun usteak bezala. Printzipio orokor horietan guztietan sinesten dugu gizateriak haien egiaren kasuak, zenbatezinak diren kasuak, aurkitu dituelako, eta haien faltsutasunaren kasurik aurkitu ez duelako. Baina horrek ez du haien egiaren ebidentziarik eskaintzen etorkizunean, printzipio induktiboa onartu ezean.

Hortaz, nolabait esperientzian oinarritzen den ezagutza orok esperientzian parte hartu ez duten gauzei buruz zerbait esaten digu; ezagutza horren oinarrian esperientziak ez onesterik ez ezesterik ez duen ustea dago; baina uste hori, bere aplikazio zehatzenetan bederen, guregan tinko errotuta dago, esperientziaren gertakari gehienak bezain tinko. Halako usteen existentziak eta justifikazioak –izan ere, printzipio induktiboa ez da adibide bakarra, ikusiko dugun bezala– filosofiaren arazo zailenetako eta eztabaidatuenetako batzuk sortzen dituzte. Hurrengo kapituluan labur ikusiko dugu zer esan daitekeen halako ezagutza azaltzeko, eta, halaber, zein den haren helmena eta ziurtasun-maila.