Bigarren liburua
KAPITULUAK
[aldatu]14. GORPUTZAREN EGOKIERA ONA
62. PRINTZIPIOEN MUGIMENDUAZ ETA INFINITUAK IZATEAZ
89. MUTURREAN EZ DAGOELA EZER
113. ZER BISTARATZEN DEN EGUZKI IZPIETAN
142. MUGIMENDUEN BIZKORTASUNA
184. PARTIKULEK EZ DUTELA GORANTZ EGITEN,GORPUTZAK SUSTRAIETATIK LOTUTA GORATZEN DIRELA BAIZIK
221. MUGIMENDUEN INKLINAZIOAZ
333. ATOMOEN FORMAZ
388. ARGIAZ
392. OLIOAZ
398. EZTIAZ
400. ASENTSIO-BELARRAZ
408. ZERRAREN KIRRINKAZ
447. DIAMANTEAZ, BURDINAZ, SUHARRIAZ, BRONTZEAZ
464. IZERDI GAZIAZ
471. ITSAS URAZ
478. FORMAK ASKO DIRELA
522. ELKARREN ANTZEKOAK INFINITUAK DIRELA
589. HAZIAK LURREAN DAGOZ
598. AMA HANDIAZ
646. ZORIONA ETA USTELEZINA
730. ZURIAK EZ DATOZELA NAHITAEZ PRINTZIPIO ZURIETATIK
755. KOLORERIK EZ DELA
801. USOEN KOLOREAZ
806. INDIOILARRAREN ISATSAZ
842. ATOMOEK EZ DAUKATELA EZ KOLORERIK, EZ USAINIK, EZ ZAPORERIK, EZ HOTZIK, EZ BERORIK
865. SENTIKORRA SENTIEZKORRETIK DATORRELA
1058. UNIBERTSOA INFINITUA DELA NORANAHI
1058. MUNDU ZENBAGAITZAK
1105. MUNDUA SORTUA ETA ASKOREN ANTZEKOA DELA
1144. MUNDUA ZAHARRA DELA ETA GAUZA GUZTIA TXIKI SORTZEN DIRELA
BIGARREN LIBURUA
[aldatu]Bai dela gozoa, haizeak itsaso zabalean olatuak astintzean, besteen lan bortitza lehorretik ikustea; ez inor penatzea atsegin alaia delako, nolako gaitzetatik libre zagozen ikustea gozoa delako baizik. Gozoa da baita zelaietan zehar eraturiko gerra demak ikustea, norbera arriskukide izan gabe. Baina ez dago ezer gozoagorik jakintsuen doktrinak ondo eraikitako goi tenplu nareetan bizitzea baino, nondik besteak gainbegira ditzakezun eta hara-hona deslai eta bizitzako bide bila noraezik ikus, nor talentutsuago, nor nobleago, gau eta egun lan eta lan saiatzen, nor ondasunetan gorago eta nor agintetsuago. Oi, giza gogo errukarriak; oi, bihotz itsuak! Zer biziera ilunean eta norainoko arriskuetan ahitzen zaigun duen luzera duelako denbora hau! Ez al da ikusten naturak ez duela beretzat eskatzen oinazea gorputzetik apartatzea eta aldentzea besterik, eta gogoaren baitan sentipen atsegina gozatzea, arduratik eta beldurretik libre? Honela dakusgu gorputzaren izaerak ezer gutxi behar duela oinazea kentzeko, baita atsegin ugari eman ahal izateko ere. Naturak berak ere ez du beste gozamenik eska-tzen, nahiz eta geletan urrezko gazte irudirik egon ez, eskuinetan lanparak sutan dituztela, gaueko oturuntzei argi egiteko, nahizta etxeak zilarrez ñirñir eta urrez dirdir egin ez, edo urrezko kasetoidun tenpluetan zitara hotsik entzun ez; aski du ibai ondoko belar finean, zuhaitz luze baten itzalpean, elkarren ondoan etzatea, gorputzak hainbeste handikeria gabe ederki gozaraziz, batez ere aroak laguntzen eta urtaroak belarraren berdetasuna loreztatzen duenean. Sukar beroak ez dizu, izara bordatuetan eta purpura gorrian etzanda, gorputzetik lehenago alde egingo, soineko arruntean luze zagozela baino. Beraz, ez ondasunak, ez nobleziak, ez agintearen aintzak gure gorputzari ezertan ongarri ez bazaizkio, sobra dauzkalako, arimarentzat ere ez dutela balio pentsatu behar da. Baldin eta, gudu zelaietan zehar zeure legioak, errefortzu handiz eta zaldien indarrez babestuak eta denak armaz hornituak eta berdin kemenduak, gerra irudiak zabaltzen ikusten dituzunean, zure sineskerek, gauza hauekin izuturik, gogoaren baitatik ikaran ihes egiten ez badute, eta heriotzaren beldurrak zure golkoa huts eta arduratik at uzten ez badu. Baina ikusirik hau guztiau zentzugabea eta barregarria dela eta gizakiek, benetako izu eta etengabeko ardura eta guzti ere, ez diotela beldurrik armen arrabotsari ez gezi ankerrei eta ausarki dihardutela erregeen eta ahaltsuen artean eta ez dutela errespetatzen ez urrearen distirarik ez purpurazko soinekoaren ospe argitsurik, orduan izan ote dezakezu dudarik ahalmen guztia adimenak ematen digula? Are gehiago bizitza osoak ilunpean lehiaz diharduenean. Zeren, haurrak dardaratzen eta ilunpe itsuan edozergatik beldurtzen direnez, halaxe guk ere sarritan beldur diegu haurrei ilunetan ikaragarri eta gertatzear iruditzen zaizkienak baino ezertan beldurgarriago ez direnei. Gogoaren izu eta ilunpe honen ezabatzaile behar dute, beraz, ez eguzkiaren errainuek, ez egunaren gezi argiek, naturaren behaketak eta zientziak baizik.
Orain utzidazu azaltzen materiaren gorputz sortzaileek nola dituzten izaki ezberdinak sortzen eta sortuak disolbatzen eta zer inda-
rrek eginarazten dien hori eta zer higikortasun emana zaien, hutsune handian zehar ibiltzeko: saia zaitez esanari arreta jartzen. Izan ere, materia bere baitan batua eta trinkoa ez denez, gauza bakoitza txikitzen eta denboraren luzean dena urtzen eta zahartzaroak gure begietatik eramaten dakusgu eta, hala ere, gauzadiak osorik dirauela ageri da, alde egiten duten gorputzek uzten dutena txikitzen baitute eta nori batzen hura handitzen, lehengoa zaharrarazten eta hau, ordea, loratzen, baina hemen ere ez dira geratzen. Honela gauzadia beti berritzen ari da eta hilkorrek elkar biziarazten dute. Jendea ere batzuk hazten, besteak txikitzen dira, eta denbora laburrean bizidunen belaunaldiak aldatu egiten dira eta, lasterkariek bezala, biziaren zuziak elkarri ematen dizkiote.
Gauzen lehenkiak geldi daitezkeela eta geldian gauzen mugimendu berriak eragin ditzaketela uste baduzu, egiatik urrun galduta zabiltza. Zeren hutsunean deslai, gauzen lehenkiek denak batera eramanak izan behar lukete, bai euren grabitatez edo beste baten halabeharreko talkaz. Izan ere, sarritan euren ibilian elkar jotzen dutenean, elkarren besterantz punpatzen dira; eta ez da harritzekoa, hain gogorrak eta pisu trinkokoak izanik eta atzean oztoporik ez dutela. Eta materiaren gorputzak nola diren astinduak hobeto ikus dezazun, gogoratu gauzadi osoan ez dagoela hondorik, ez lehenkiak non gelditurik, zeren espazioak ez daukala neurririk, ez mugarik, eta alde guztietarantz neurrigabe hedatzen dela luze agertu bainuen, eta arrazoi segurrez frogatua izan baitzen.
Hau argi dagoenez gero, bistan da lehen gorputzei ez zaiela hutsune sakonean zehar inolako atsedenik eman, baizik, mugimendu etengabez eta askotarikoz astindurik, batzuk talkaren ondorioz distantzia handietaraino punpatzen direla, beste batzuek, ordea, leku txikian jasaten dutela kolpea. Eta, trinkokiago bildurik, leku estuagoan jo eta punpatzen direnek, euren egitura korapilotsuetan trabaturik, haitzaren sustrai indartsuak eta burdinaren gorputz ohila eta antzeko guztiak osatzen dituzte. Beste gutxiago batzuek, hutsune handian zehar deslai, urrun punpatzen eta urrun jauzi egiten dute, tarte handietan; hauek aire xumea eta eguzkiaren argi distiratsua damaigute. Gainera, hutsunean zehar asko dabiltza deslai, gauzen batasunetatik ezetsiak izan zirenak edo, hartuak izanik ere, euren mugimenduak batu ezin izan zituztenak. Esaten ari naizen honen itxura eta irudia begien aurrean daukagu eta dago beti. Zeren begira eguzkiaren izpiek zer egiten duten, gelako iluntasunean sartu eta argia zabaltzen dutenean: hamaika gorputz nimino hamaika eratan hutsunean zehar nahasten ikusiko duzu izpien argitasunean bertan, eta, lehia eternalean bezala, guduak eta guduxkak batailoika jokatzen atsedenik gabe, batze-banatze etengabean dihardutela; hortik atera dezakezu nolakoa den lehenkien betiko iharrostea hutsune handiaren barruan. Gauza txikiak gauza handien etsenplua eta ezagutzeko lorratza eman dezakeen neurrian. Bada besterik ere, eguzkiaren izpietan dardaratzen ikusten diren gorputzoi arreta jar diezaiezun, ezen halako multzoek erakusten baitute materiaren barruan ere badirela mugida ezkutuak eta ikusgaitzak. Izan ere, ikusiko duzu nola hainbat, kolpe ikusgaitzek astindurik, norabidez aldatzen eta ezetsirik itzultzen diren, behin honantz, behin harantz, alde guztietarantz. Joan-etorri hau guztia, jakina, lehenkietatik datorrena da. Zeren, lehenik, gauzen lehenkiak eurenez mugitzen dira;
gero, elkartze txikiz osatzen, eta lehenkien indarrera gehien hurbiltzen diren gorputzak, hauen talka ikusgaitzek eraginik, abian hasten dira eta eurok ere handitxoagoei erasotzen diete. Honela, mugimendua lehenkietatik goraka dator eta apurka-apurka gure sentimenetarantz irteten da, eguzkiaren izpietan ikus ditzakegun gorputzak ere mugiarazi arte, nahiz eta hori daragiten kolpeak argi agertu ez. Orain, Memmio, materiaren gorputzei zer mugikortasun eman zaien, adibide gutxi batzuotatik atera dezakezu. Lehenik, egunsentiak lurrak argi berriz gainezkatzen dituenean eta hegazti nabarrek, baso apartatuetan hegan, bazterrak aire samurrean zehar euren txorrotxio gardenez betetzen dituztenean, une horretan jaikitako eguzkiak zer bat-batean jazten duen dena berak zabaldutako argiz, denentzat bistakoa eta ageria dela dakusgu. Baina eguzkiak igortzen duen beroak eta argitasun nareak ez du hutsune ezergabea zeharkatzen; astiroago joan behar du, airezko uhinak erdibitu behar baititu. Beroaren korpuskuluak ere banan barik elkarri lotuta eta multzoka dabiltza; aldi berean, beraz, elkar atzeratzen eta kanpotik eragotziak aurkitzen dira, astiroago ibili beharrez. Baina bakuntasun solidoko lehenkiek, hutsune ezergabean zehar eta kanpotik ezerk galgatzen ez dituenean, euren parteek osotasun bakarra eginez, eta lehenengotatik harantz jotzen zuten xede bakarrerantz arrastatuak direnean, argi dago abiadura itzela eraman behar dutela, eguzkiaren argiak baino askoz arinago egingo dutela eta denbora berdinean eguzki izpiek zeruan hegatzen dutena baino askoz espazio handiagoa zeharkatzen dutela.
Ez dirudi gehiago erantsi beharrik ez lehenkiak banan-banan ikertu beharrik dagoenik, gauza bakoitza nola sortzen den ikusteko. Baina batzuek, esandakoaz bestera, materia zer den jakiteke diotenez, naturak jainkoen ahalmen gabe ezin ei ditu gizakien premietara hain ondo egokitu urtaroen aldakuntzak eta fruituen sorkuntza eta beste gauza guztiak, zeintzuetarantz atsegin jainkozkoak, bizitzarengidariak, gizakiei tiratzen eta ugaltzeko deitzen dien, Venusen langintza gozoz, gizateria akaba ez dadin. Jainkoek dena gizakientzat paratu dutela pentsatzen dutenean, egiazko arrazoitik alde guztietan asko urruntzen direla dirudi. Zeren, nahiz eta lehenkiak zer diren jakin ez, zeruko fenomenoetatik euretatik eta beste hainbat arrazoitatik baieztera ausartuko nintzateke munduaren izaera ez dela jainko bidez guretzat sortua izan: hain akats handiz hornitua baitago. Hau guztiau, Memmio, geroago argituko dugu. Orain azal dezagun mugimenduei buruz geratzen dena.
Oraintxe da unea, nik uste, gauza hauetan beste zerbait ere zuri baiezteko, ezen ezein gauza gorputzezkok ezin duela bere indarrez gorantz egin ez gorantz mugitu; honetan garren gorputzek ez zaitzatela okerrera eraman. Izan ere, garrak gorantz sortzen eta handitzen dira eta labore mardulak eta zuhaitzak gorantz hazten dira, pisudunek, berriz, eurenaren arabera, denek beherantz tiratzen dute. Baina suak etxe sapaietaraino jauzi egiten eta gar bizkorrez zurak eta zutabeak mihizkatzen dituenean, ez da pentsatu behar bere kabuz eta beste indar baten eragin gabe diharduenik. Berdin odolak ere, gure gorputzetik irtetean, turrustan jauzi egiten du goraino eta bere gorritasuna zabaltzen. Ez al duzu ikusten urak nolako indarrez jaurtitzen dituen zurak eta zutabeak? Zenbat eta, zuzen sakaturik, gehiago hondoragotzen ditugun eta askoren artean indar egiten diegun, urak hainbat eta bizikiago okatzen eta jaurtitzen ditu gorantz, azaleratu eta erdia baino gehiago kanporatu arte. Eta hala ere, ez daukagu dudarik, nik uste, euren kabuz, hutsunean zehar denak beherantz eramanak direla. Honelaxe behar dute garrek ere airean gora sakan altxatzeko ahalmena ukan, nahiz eta pisua, berez, beherantz eramaten saiatu. Eta ortziko gau-zuziak ere, goraki hegan, ez al dakusu nolako gar ildo luzeak egiten dituzten, naturak ibilerari emandako edozein norabidetan? Ez al dakusu izarrak eta argizagiak nola lurrera jausten diren?
Eguzkiak ere ortzi gailurretik beroa noranahi hedatzen du eta zelaiak argiztatzen; lurrerantz ere makurtzen da, beraz, eguzkiaren beroa. Oinaztuak ere euritan zeharretara hegatzen ikusten dituzu; hodeietan leherturiko suak edonorantz zabaltzen dira; sarritan garrezko indarra lurrera jausten da.
Honetan, baita ere jakin dezazula nahi dut ezen, gorputzak euren pisuz hutsunean behera zuzen jausten direnean, halako une batean eta halako leku batean, apur bat alboratu egiten direla, mugimendua aldatu egin dutela esateko moduan. Lehenkiok alboratuko ez balira, denak hutsune sakonean beherantz lerorzke, euri tantak bezala, eta ez litzateke euren artean talkarik sortuko ez kolperik gertatuko: horrela naturak ez zuen inoiz ezer sortuko. Inork uste badu gorputz astunagoak, hutsunean zehar bizkorrago zuzen doazelako, arinagoen gainera eror daitezkeela eta horrela mugimendu sortzaileak berritzeko moduko kolpeak eragin ditzaketela, egiazko arrazoitik at eta urrun dabil. Zeren urean eta aire xumean zehar erortzen den guztiak pisuaren arabera azkartu behar baitu erorrera, uraren gorputzak eta airearen izaera xumeak ezin dutelako edozer berdin atzeratu, baizik astunagoekin lehenago amore ematen baitute, menperaturik. Baina hutsuneak, ordea, inon ez inoiz ezin du zerbaiten azpian egon, berehala amore eman gabe, bere izaerak eskatzen duenez; hutsune geldian, beraz, gauza guztiek azkartasun berdinez mugitu behar dute, pisuan ezberdinak izan arren. Beraz, astunagoek ezingo dute inoiz arinagoen gainera erori ez eurenez kolperik eragin, naturak gauzak sortzeko behar duen mugimendu mordoa gertatzeko modukorik. Horregatik, behin eta berriro esanda, gorputzek apur bat inklinatu egin behar dute; ahalik gutxien, noski, ez dadin pentsa errealitateak ezeztatuko lituzkeen mugimendu zeiharrak asmatzen ari garenik. Argi eta garbi ikusten baitugu pisuak, goitik amiltzean, ez daitezkeela, eurenez behintzat, zeharretara mugi, ikus dezakezunez. Baina nor da ezer ez dela lerro zutetik ezertxo ere alboratzen hauteman dezakeenik?
Hauek honela, mugimendu oro elkarlotzen bada eta berria beti, ordena ziurrean, zaharretik badator eta lehenkiek ez badute, alboratzean, patuaren arauak hautsiko dituen mugi-printzipiorik egiten, kausak kausari infinituraino segi ez diezaion, orduan nondik dago lurrean bizidunen askatasun hau, nondik dago, galdetzen dut, patuari kendutako nahimen hau, zeinaren bitartez nahiak nora gidatzen hara goazen, mugimenduak ere aldatuz eta ez denbora jakinez, ez leku jakinez, gogoak berak agindu digun lekura baizik? Zeren dudarik gabe norbere nahimena baita egintza hauei hastapena damaiena eta hortixe zabaltzen baitira mugimenduak lohadarretara. Ez al dakusu baita nola zaldi irrikatsuak, une jakin batean gortak irekitzean, ezin diren euren gogoak nahi bezain azkar lasterka abiatu? Izan ere, materia kopuru guztia gorputz osoan zehar kitzikatu behar dute, lohadarretan kitzikaturik, osoan eta saiatuki gogoaren joranari segi diezaion. Hortik dakuskezu mugimenduaren hasiera bihotzean sortzen dela eta gogoaren nahimenetik datorrela lehenik, handik zabaltzen dela gorputz osoan eta lohadarretan zehar. Ez da berdina kolpearen ondorioz aurrera egiten duguna, beste baten indar handiak eta bortxa handiak sakaturik. Orduan argi dago gorputz osoaren materia guztia gure gogoz kontra arrastaturik doala, nahimenak lohadarretan geldiarazi arte. Orain, beraz, ez al dakusu, kanpo indarrak askori bultz egin eta maiz gogoz kontra ibilarazi, arrastatu eta jaurti arren, badela, hala ere, gure bularrean zerbait, eusteko eta jarkitzeko gai dena? Baita beronen nahiaren arabera, materia kopuruak batzuetan gorputzean eta gorputzadarretan zehar biratu egin behar izaten du eta, aurrera jaurtia izan bada, galgatu eta atzerantz lasaitu.
Horregatik aitortu beharra dago hazietan ere badela kolpeez eta pisuaz beste kausa mugiarazle bat, nondik heldu zaigun berezko ahalmen hau, argi baitago hutsetik ez daitekeela deus etor. Pisuak, izan ere, ez du uzten dena kolpe bidez egin dadin, kanpo indarrez alegia. Baina gogoak berak egiteko guztietan barne derrigorrik ez edukitzea eta, menperaturik, berau nolabait eraman eta jasan beharrik ez izatea lehenkien inklinazio xumeak eragiten du, leku zehazgabean eta denbora zehazgabean.
Materiaren kopurua inoiz ez da izan ez estuagoa ez nasaitasun handiagokoa. Ezer ez baitzaio gehitzen ez hiltzen. Honela, gorputzen lehenkien mugimendua orain daragiena bera da, iraganean eragin zuena eta aurrerantzean ere beti berdin eragingo duena, eta lehen sortu ohi zirenak baldintza berean sortuak izango dira eta natur legeek bakoitzari damaiotenaren arabera biziko eta haziko eta indartuko dira. Eta ezein indarrek ezingo du gauzen kopururik aldatu. Ez baitago inolako kanpo lekurik, ezein materia motak gauzaditik hara ihes egitekorik, ez handik sorturik gauzadian oldar eta gauzen izaera guztia alda eta mugimenduak uzkail ditzakeen indar berririk. Honetan, ez da harritzekoa, gauzen lehenkiak oro mugitzen ari arren, hala ere, gauzadiak gelditasun osoan dagoela ematea, bere gorputza berez mugiarazten duenak izan ezik. Lehenkien izaera gure sentimenen oso azpitik baitago. Horregatik, hura hautematerik ez duzun lekuan, mugimenduak ere gordean geratu behar; batik bat ikus ditzakegunek ere sarritan mugimendua ezkutatu egiten baitute, artean bitarte handia badago. Zeren sarritan ardi iletsuak, muino batean larre gozoa bazkatuz, mantxo ibili ohi dira, ihintz berriz perlaturiko belarren dei eta gonbiten arabera,;bildots asetuek, berriz, jolasean eta ikotika leunean dihardute.
Hau guztiau guk urrundik lauso ikusten dugu, muino berdearen gainean zuritasun geldi bat bezala. Era berean, legio handiek zelaiak lasterka betetzen dituztenean, gudu plantak eginez, distira zeruraino heltzen da eta lurrak inguru guztia brontzez dizdizten du eta gizonen oinots indartsua altxatzen da eta mendiek, arrabotsak zauriturik, ahotsak munduko izarretaraino berriraizten dituzte eta zaldunek ingurua hegatzen eta zelaia tanpez zeharkatzen dute, oldar bortitzean inarrosiz: eta hala ere, mendi gorenetan bada une bat, nondik denek baraturik eta zelaiko distira geldia diruditen.
Orain, aurrera joz, ohar zaitez gauza guztien lehenkiak nolakoak eta zein forma ezberdinekoak diren, zein bariatuak diren euren itxura anizkoitzetan; ez forma berdinez hornituak gutxi direlako, oro har denak denen berdinak ez direlako baizik. Eta ez da harritzekoa; zeren, euren kopuruak, hain handia izanik, ez amairik ez baturarik, irakatsia dudanez, ez daukanez gero, argi dago denek ezin dutela hari berekoak eta itxura berdinekoak izan. Horra gainera gizateria, eta ezkatadun animalia igerilari isilak eta azienda gizenak eta piztiak eta hegazki koloretsuak, urgune gozatsuetara maiz jotzen dutenak, ibaiertz, iturri eta laku inguruetan, eta oihan malkarrak hegaka betetzen dituztenak. Zoaz espezieka hauetariko edozeintzuk banan-banan hartuz, eta, hala ere, denak itxura ezberdineko aurkituko dituzu. Bestela, umeek ez lukete amarik ezagutuko, ezta amak ere umerik; eta baietz dakusgu, gizakiok bezalaxe elkar bereizten dutela. Zeren sarritan, jainkoen tenplu apainduen aurrean, intzentsua erretzen ari den aldare ondoan, txahala lepamotz jausten baita, paparretik odol erreka beroa dariola. Ama haurgabetuak, berriz, mendi berdeak oinkatuz, lurrean inkaturiko apatx bikoitzaren oinatzak ezagutu nahi ditu,bazter guztiak begiztatuz, ea nonbait ume galdua hautematen duen, eta, geraturik, baso hostotsua arranguraz betetzen du eta etengabe gortarantz begiratzen, txahalaren minak erdiraturik. Ez sahats samurrek, ez ihintzak indarturiko belarrek, ez urertz gorenak joez datozen ibaiek dezakete haren gogoa alai eta hura bat-bateko nahigabetik hastan, eta larre gozoetan beste txahal batzuk ikusteak ere ezin du haren gogoa altxatu eta nahigabea arindu. Hain gauza bere eta ezagunaren bila baitabil! Ahots dardaratiko antxume ahulek ere ezagutzen dituzte euren ama adardunak, berdin bildots jostariek ardi beekariak. Horrelaxe, naturak agindu bezala, bakoitzak bere errapera jotzen du esne bila.
Azkenik, euren espezie barruan ere ikusiko duzu edozeintzuk labore-ale ez direla elkarren artean euren eiteetan alderen bat ez edukitzeko bezain berdinak. Era berean dakusgu maskorren espezieak lurraren altzoa margotzen duela, itsasoak uhin leunez harea egarbera lisatzen duen hondartza kurbatuan. Honela, bada, behin eta berriz esanda, gauzen lehenkiek, naturaz osatuak eta ez eredu jakin baten arabera inoren eskuak eginak direlako, nolabaiteko elkarren eite ezberdinez hegatu behar dute.
Oso erraz zaigu arrazoi bidez azaltzea zergatik mugitzen den oinaztuaren sua sarkorrago, lurreko zuzietatik sortutako gurea baino. Zeren esan dezakezu oinaztuaren su zerutarra xumeagoa eta eite txikiagoz osatua dela eta, horregatik, egurretik sortutako eta zuziak eragindako gure suak ezin duen poroetatik sartzen dela. Gainera, argiak adarra zeharkatzen du, baina euriak atzera egin behar du. Zergatik, argiaren gorputzak uraren likore elikagarria osatzen dutenak baino txikiagoak direlako ez bada? Eta ardoa iragazkitik zein bizkor ezkutatzen den ikusten dugu; olio nagia, berriz, zalantzan dago, dudarik gabe edo osagai handiagoak, edo elkarren artean amutuagoak eta tolestuagoak dauzkalako, eta horrela gertatzen da ezen lehenkiek ezin dutela elkarrengandik hain arin banatu eta bakoitza bere porotik iragazi. Honez gainera, eztiak eta esneak ere mihiari ahogozo atsegina ematen diote; absenta higuingarriak eta belarmin gaiztoak, ostera, ahoa okertzen dute zapore zatarrez; hortik aisa aterako duzu sentimenek atseginez ukitzen dituzten gorputzak lisuak eta borobilak direla, mingots eta latz egiten direnak, ostera, amu antzera elkarrekin ehundurik dagozela eta, horregatik, sartzean, gure sentimenen bideak urratzen eta soina minberatzen dutela.
Azkenik, sentimenei on eta ukituari txar zaizkion zer guztiak egitura ezberdina daukatelako dira elkarren kontrako; ez pentsa zerra kirrinkariaren irrintza latza elementu lisuz egina dagoenik, hatz bizkorrak zitararen kordetan korrituz itzartzen duten musen kantua bezala; ez uste giza sudurretan sartzen diren lehenkiak ere eite berdinekoak direnik, hala hilotz kiratsuak erretzean, nola eszenan Ziziliako azafraia zabal berri denean eta ondoko aldareak Pangeoko lurrinak jariatzen dituenean; ez uste begiak gozatzeko gai diren kolore ederrak eta haiek ziztatzen eta malkoarazten dituztenak, edo euren itxura itsusian zakar eta higuingarri diruditenak, gauzen hazi berdinez osatuak dagozenik. Sentimenak gozatzen dituen ezer ez baita sortua izan bere lehenkietan lisutasunik gabe; aitzitik, ordea, molestoa eta latza den guztiak materiaren nolabaiteko zakartasuna ageri du. Badira baita ez lisuak, ez guztiz kurbatuak, punta-makoak direla zuzen pentsa ez daitezkeenak, baizik angelutxo irtenak dauzkatenak, sentimenak mintzen baino gehiago kilikatzen dituztenak: honelakoxea da gatzunaren eta inularen zaporea. Azkenik, su beroak eta antzigar izoztuak gorputzaren sentimenak ezten ezberdinez zastatzen dituztela, bien ukituak seinalatzen digu.
Zeren ukimena, noski, oh jainkoen ahalmen santu!, ukimena baita gorputzaren sentimena, bai kanpoko zer bat barruratzen denean, bai gorputzaren bere zerbaitek min egiten edo atsegin ematen digunean, Venusen jardun sortzailean doala, edo haziak gorputzean bertan talkaz astintzen eta elkarren zalapartan sentimena nahasten dutenean; zuk zeurez, zeure gorputzeko edozein alderdi eskuz jota proba dezakezun moduan. Printzipioen formek elkarren oso ezberdinak izan behar dute, beraz, hain sentipen ezberdinak sortarazteko.
Azkenik, guri gogor eta trinko iruditzen zaizkigunek euren artean gakotuago egon behar dute, adarkadura sarriz elkarlotzen direla. Honelakoak dira, lehenik, basalto-harriak, kolpeei atzera eragiten ohituak, suharri gotorra eta burdina sendoaren indarra eta ate orpoetan kirrinkatzen den brontzea. Gorputz fluidoko likidoek, ostera, osagai lisuago eta borobilagokoak izan behar dute; mitxoleta hazia ura bezain aisa zurrut egiten baita; izan ere, globo eiteko hauek ez diote elkarri heltzen, eta kolpetxo bat nahikoa da beherantz abiarazteko. Azkenik, amen batean ezabatzen ikusten dituzun zer guztiek, keak, lainoak eta garrak bezala, erabat osagai leunez eta borobilez osaturik ez bada ere, behintzat ez dute elkarren korapiloetan eragotzirik egon behar, gorputzak zula eta harriak penetra ditzaten, elkar mindu gabe; hortik aisa dakuskezu sentipen mingarri oro elementu korapilatuetatik barik zorrotzetatik datorrela. Baina gorputz aldi berean garratz eta fluidoak ikusten badituzu, itsas ura bezala, ez da batere harrigarri. Zeren zer fluidoak osagai leunak eta borobilak dauzka, noski, baina hauei gorputz latz eta mingarriak nahasten zaizkie; ez dago, ostera, hauek elkarri gakoan eutsi beharrik; latzak izanik, globo itxurakoak ere badira, noski,errodatuz batera, sentimenak zauritzen dituztenak. Eta Neptunoren gorputz mingotsa printzipio latzen eta leunen nahastea dela hobeto ikus dezazun, bada modua apartatzeko eta banan ikusteko, nola ur geza, lur geruza batzuetatik iragazitakoan, patinera jariatzen den, gozaturik; zeren pozoin kiratsuaren printzipioak gainean uzten baititu, osagai latzak lurrari aisago atxikitzen zaizkiolako.
Hau guztiau erakutsi ondoren, honi dagokion eta honegatik sinesgarri den egia bat lotzera noa, hots, gauzen lehenkiak forma kopuru mugatuan aldatzen direla. Hau honela ez balitz, zenbait hazik gorputz tamaina infinitua beharko luke bestetik. Zeren edozein gorputzen txikitasun bat beraren barruan, formek ez baitaukate elkarren artean asko aldatzerik. Egizu, bada, lehen gorputzak hiru zatirik txikienez osatzen direla, edo gehitu, nahi bada, beste batzuk; gorputz bakarraren zati horiek guztiak, goian edo behean jarriz, ezker-eskuin aldatuz, posizio guztietan probaturik, bakoitzak gorputz osoari zer itxura damaion ikus dezazunean, formak aldatzen jarraitzekotan, beste zati batzuk gehitu beharra dago; hortik ateratzen da posizio bakoitzak halaber beste zati batzuk beharko dituela, oraindik ere forma gehiago aldatu nahi baduzu. Beraz, formen ugaritasunari gorputzaren tamaina handiagoa dagokio. Ez dago, beraz, pentsatzerik haziak forma infinituen arabera ezberdintzen direla, batzuk tamaina izugarrikoak izanarazten ez badituzu, eta hau ez dagoela onartzerik arestian argitu dizut. Zeren orduan oihal barbaroak eta Melibearen purpura distiratsua, Tesaliako maskorren kolorez ukitua, eta aire irrikorra darien indioilar aldrak bertan behera baileutzake, gauza berrien koloreak gainditurik, eta mirra usainari eta ezti zaporeari muzin egingo litzaioke, eta zisnearen kantua eta Feboren lira doinu artosoak era berean azpiraturik isilduko lirateke.
Beti sortuko bailitzateke besteak baino goragoko zerbait. Atzerantz, berriz, gauza guztiek okerrerantz egin ahalko lukete, hoberantz esan dugun bezala. Beti bailegoke besteak baino zerbait zatarragorik sudurrarentzat, belarriarentzat, begiarentzat eta ahoko zaporearentzat. Honelakorik ez denez gero, gauzadiari batetik eta bestetik eusten dion muga jakin bat dagoela baizik, aitortu beharra dago materia forma mugatuen barruan aldatzen dela. Azkenik, sutik neguko antzigar izoztuetaraino bitarte mugatua dago, eta alderantziz ere berdina da. Zeren bero eta hotz guztia eta bitarteko epela bi muturren artean baitagoz, osotasun guztia betez. Beraz, sorkarien distantzia tarte mugatua da, bi muturren artean kokaturik baitagoz, batetik garrek eta bestetik izotz zakarrak jotzen dituela.
Hau guztiau erakutsi ondoren, honi dagokion eta honegatik sinesgarri den egia bat lotzera noa, hots, forma berdinez osaturik dagozen gauzen lehenkiak infinituak direla. Izan ere, formen distantzia finitua izanik, berdinak direnek infinituak izan behar dute, bestela materia kopurua finitua bailitzateke, eta hori ez daitekeela frogatua dizut, bertsotan agertuz materiaren korpuskuluek gauzen baturari infinitutik eusten diotela, nondinahi etengabe samaldan etorriz. Zeren, animalia mota batzuk bakanago direla eta beste batzuetan, berriz, natura oparoago ageri dela badakusu ere, litekeena baita haiek, beste leku eta inguru batean, urruneko lurretan, oso ugariak izatea eta kopurua osatzea; lauhankakoen artean hau batez ere suge-eskudun elefanteetan dakusgu, zeintzuetarik milaka buruk India zaintzen duen bere marfilezko hesiz, barrura ezin sartzeraino, halako piztiaren piztiaz; guk, berriz, ale bakanak ikusten ditugu.
Hala ere, gauza bat onartuko dizut. Demagun sortuen arteko zerbait bakarra dela eta lurbira guztian ez dagoela antzekorik; hala ere, hartatik sortu eta jaioarazteko materia kopuru infinitua egon ezik,
ezingo du kreatua izan ez, izanda ere, ezingo luke hazi eta elikatu. Izan ere, gauzadiaren barruan gauza bakar bat sortzeko gauza den gorputz kopuru finituak diharduela emanik ere, nondik, non, zein indarrez eta nola elkar topaturik batuko dira hain materia pielago handian eta hain nahasmahas dibertsoan? Ez daukate, nik uste, batzeko modurik; ostera, naufragio asko eta larriak gertatzean bezala, non itsasotzarrak jarlekuak, zuakerrak, antenak, brankak eta mastak barreiatzen eta arraunak igerian eta bandera flotatzaileak itsas bazter guztietara jaurtitzen dituen, haien ikustea hilkorren eskarmentu izan dadin eta hauek saia daitezen itsaso gaiztoaren amarruak, oldarra eta azpikeria ekiditen eta harekin inoiz ez fidatzen, ezta ur barean xarma engainakorrez irribarre egiten dienean ere, horrelaxe, lehenki batzuk finituak direla noizbait jotzen baduzu, materiaren gora-beheratzeek hara-hona jaurtiko ditu eternalki, barreiaturik, inoiz ez daitezen bat egitera bultzatuak izan, ez batasun horretan irauterik, ez hazterik, ez gehitzerik izan ez dezaten; esperientziak argi erakusten du, ordea, biak gertatzen direla, badela, alegia, gorputzak sortzea eta sortuak haztea. Argi dago, beraz, edozein espezietan lehenki infinituak dagozela, dena eurok hornitzen dutela.
Horregatik, indar galgarriek ezin dute erabat nagusitu ez bizia betiko ehortzi, eta indar gauzen sortzaile eta hazleek ere ezin dituzte sorkariak iraunarazi. Horrela lehenkiek denbora infinitutik dakarten gerrak berdineko emaitzan dirau. Orain hemen, orain han, bizi indarrak nagusi dira eta gero menperatuak. Argi zelaira datozen haurren negarra hiletekin nahasten da; ez gaurik egunari, ez egunsentirik gauari jarraitu izan zaio, heriotzaren lagun diren negar mingotsak eta hileta beltza haur negarrekin batera entzun ez dituenik.
Honetan, egia bat zigilaturik eta gogoan ondo gorderik edukitzea komeni da, hots, ikustekoak diren gauzetan, ez dagoela printzipio mota bakarrez osatzen den ezer, hazien nahastetik harakoa ez den ezer; eta zerbaitek zenbat eta indar eta ahalmen gehiago eduki, hainbat eta printzipio mota gehiago eta forma ezberdinagoak dauzkala ageri du. Lehenik, lurrak baditu bere baitan lehen gorputzak, zeintzuekin iturriek, freskuraren zabaltzaileek, itsaso eskerga etengabe berritzen duten, eta badu sua nondik sortu ere, zeren leku askotan lur zoru goria suak hartzen baitu eta Etnaren oldarrak urruma egiten barrenengo garretatik. Badu baita giza jendearentzat nondik atera uzta gardenak eta zuhaitz emankorrak, eta nondik ekoiztu ibaiak, hostoak eta larre gozoak, piztia mendizaleen endarentzat. Horrexegatik eman izan zaio lurrari hainbat izen handi, nola jainkoen ama, piztien ama eta gure gorputzen sortzaile.
Grezia zaharreko poeta jakintsuek kantatu zuten ezen beronek, bere tronutzako gurditik, lehoi pare uztartuari zeragiola, erakutsiz lur haundia airearen espazioan eskegita dagoela eta lurra ez daitekeela lurrean finka. Piztiak uztartu zituzten, basakume orok otzandu beharra baitauka, gurasoen ongintzak menperaturik. Burua koroa muralez inguratu zuten, lurrak hiriei gailurrik gorenen babesean eusten dielako; intsignia honekin apaindurik, jainkotar amaren irudia lurralde handietan zehar daramate, denen beldurgarri. Zenbait herritan, antzinako eliz ohituren arabera, Idaren ama deitzen diote eta segiziotzat frigiar andanak ematen dizkiote, garigintza inguru haietatik zabaldu omen baitzen lurbiran zehar. Galoak izendatzen dizkiote, erakutsi nahirik ezen, amaren jainkotasuna iraindu dutenek eta gurasoentzat esker txarreko agertu direnek ez dutela merezi seme-alaba bizirik argitara eramaterik. Tinpano atezuak ahurrekin burrunbatzen dira eta inguruan zinbalo konkaboak entzuten, adarrek hots erlatsez mehatxu
dagite eta flauta hutsak frigiar erritmoz xaxatzen ditu gogoak, eta ezpatak astintzen dituzte, zoramen bortitzaren seinale, herriaren gogo eskergabe eta bular inpioei jainkosaren ahalaren beldurra sartzeko. Beraz, hiri handietan zehar daramatela, hilkorrak agur mutuz isilki bedeinkatzen dituenean, ibilbide guztia brontzez eta zilarrez leuntzen diote, opari mardulez aberasturik, eta arrosen elurra jaurtitzen dute, ama eta segizio andanak estaliz. Hemen talde armatu batek, grekoek Kuretak deitzen dietenek, frigiar andanen artean, odoleztaturik, dantzan eta jauzian erritmoz dihardutenean, gangor beldurgarriak buruetan astinduz, Dikteako Kuretak gogoratzen dituzte, zeintzuek behinola Jupiterren haur-negarrak Kretan ezkutatu omen zituzten, ume armatuek, jainko-haurraren inguruan bizkor dantzatuz, brontzeak brontzeen kontra erritmoan jotzen zituztenean, Saturnok ez zezan hura atzeman eta haginetan xeha eta amaren bihotzari betiko zauria egin. Horrexegatik inguratzen dute armadunek ama handia, edo beharbada esan nahi dutelako jainkosak agintzen duela jaiot-lurra armaz eta kemenez defendatu behar dela eta gurasoei babes eta ohore egin behar zaiela. Hau dena, ordea, ondo eta bikain moldaturik egon arren, egiatik oso urrun dago. Jainko izate orok bere baitan bizitza hilezkorra gozatu behar baitu bakerik handienean, gure gauzetatik berex eta urrunera bazterturik. Zeren samin orotarik libre, arriskuetatik libre, bere ondasunetan aberats, gu ezertarako behar ez gaituela, ez mesedera makurtzen baita, ez suminak eragiten baitio. Lurrak, berriz, ez dauka egiazko sentimenik denbora oroz eta, gauzen lehenki ugariz hornitua denez gero, hamaika moduz hamaika gauza jalgiarazten du eguzkiaren argitara.
Hala ere, norbaitek itsasoari Neptuno eta laboreei Ceres deitzea pentsatzen badu eta ardoa bere izen propioz baino Bako deituraz izendatzea nahiago badu, utz diezaiogun lurbira jainkoen ama dela esaten, errealitatean haren gogoa erlijio dorpez kutsatzetik zaintzen deno.
Honela, sarritan, artiledun aziendak eta zaldien eta abelgorrien umeteria liskartsua, zeruaren magalpean, nahiz eta zelai bereko belarra moztu eta ibai bereko urean egarria asetu, itxura ezberdinez bizi dira, aita-amen izaerari jarraitzen diote eta bakoitzak bere espeziean haien azturak imitatzen ditu. Hainbestekoa da materiaren ezberdintasuna edozein belar motatan, hainbestekoa edozein ibaitan ere. Horregatik hauetariko edozein animaliak ere hezurrak, odola, zainak, beroa, humorea, erraiak, nerbioak dauzka; hauek halaber bata bestetik oso ezberdinak eta eite ezberdineko printzipioz osatuak dira. Era berean, sua garretan isiotzen denean, besterik ez bada ere, gutxienez badarama bere gorputzean zertatik sua jaurti eta argia eragin eta zertatik txinpartak iraitzi eta hautsa urrun zabaldu. Gainerako zer guztiak antzerako gogokeraz errepasaturik, aurkituko duzu gorputzek gauza askoren haziak gordetzen dituztela eta forma ezberdinak dauzkatela barruan. Azkenik, gauza asko aldi berean kolore, zapore eta usaindun direla dakuskezu. Lehenik ia fruta guztiak; hirurek, beraz, forma ezberdinekoak izan behar dute; zeren usaina kolorea pasatzen ez den lekutik sartzen baita organoetan; batetik usaina, bestetik kolorea sentiarazten da sentimenetan; hortik ikus dezakezu lehen formetan ezberdinak direla. Beraz, forma ezberdinak batura berean biltzen dira eta gauzak hazien nahastez osatzen. Neure bertsootan eurotan ere hitz askori dagozkien hizkiak ikusiko dituzu eta, hala ere, aitortu beharra dago bertsoak eta hitzak elkarren ezberdinak direla eta osagai diferenteak daramatzatela.
Ez hizki komunak gutxitan batzen direlako, edo hizki bereko hitz bikoterik ez dagoelako, baizik gehienean denak ez direlako hizki berdinez osatzen. Honelaxe beste gauza askotan ere, lehenki asko gauza askoren komunak izan arren, osotasunean, ostera, elkarren oso ezberdinak izan daitezke; zuzen atera dezakegu, beraz, gizakiak eta laboreak eta zuhaitz zindoak genero ezberdinez eginak direla.
Ez da, hala ere, pentsatu behar lehenki guztiek edonola bat egin dezaketela. Orduan munstroak eta espezie erdi-piztia erdi-gizakiak edonon sortzen ikusiko baitzenuke, eta gorputz bizitik adar luzeak jaiotzen, eta lehorreko gorputzadarrak itsasokoekin bat egiten, baita aho izugarritik garra darien Kimerak ere izadia bazkatzen, oro-ama den lurraren gainean. Argi dago honelako ezer ez dela gertatzen, gauza guztiek, hazi jakinetatik eta ama jakinetik sorturik, haztean euren generoari eusten diotela ikusten baitugu. Argi dago horrek lege jakinengatik gertatu behar duela. Janari guztietatik, gorputz bakoitzak berari dagozkionak bereizten eta organoetara zabaltzen baititu, han bat eginik, behar diren mugidak eragiten dituztenak. Alderantziz, berriz, ikusten dugu naturak gai arrotzak lurrera bihurtzen dituela eta beste askok euren gorputz ikusgaitzez gure soinetik ihes egiten dutela, kolpeek eraginda, ezin izan baitzuten ezerekin elkartu, ez barruko bizi-mugidekin bat egin ez imitatu. Baina ez uste animaliak bakarrik dagozenik lege hauen mende, arrazoi berak mugatzen baititu gauza guztiak. Zeren, sorkari guztiak izaera osoan elkarren ezberdin diren bezala, beharrezko baita bakoitzak printzipio mota ezberdinak ukan ditzan ere; ez forma berdinekoak gutxi direlako, baizik, oro har, denak ez direlako denen berdinak. Eta haziak ezberdinak izanik, tarte, norabide, lotura, pisu, talka, bat egite eta mugidek ere ezberdinak izan behar dute, zeintzuek animalien gorputzak bereizten ez ezik, lehorrak
eta itsaso guztiak ere banatzen dituzten eta ortzi osoa lurretik ezberdintzen.
Orain eman arreta lantegi gozoan aurkitutako nire hitzei, ez dezazun pentsa begiekin dirdir ikusten dituzun zer zuriak printzipio zuridunak direla, edo beltzak hazi beltzetik datozela; edo beste edozein kolorez jantzita dagozenak ez uste materiaren gorputzak kolore berarekin tindatuak dagozelako direla. Materiaren gorputzetan ez baitago inolako kolorerik, gauzen antzekorik ez desantzekorik. Eta gorputz horietara gogoaren irismenik ez daitekeela izan uste baduzu, oso oker zagoz. Zeren, eguzkiaren argirik inoiz ikusi ez duten jaiotzazko itsuek gorputzak ukimenez ezagutzen badituzte, argi dago inolako kolorez inguraturik ez dagozen gorputzak ere gure gogoaren ezagutza bihur daitezkeela. Geuk ere azkenik, ilunpe itsuan zernahi ukitzen dugula, hura tindatzen duen kolorerik gabe sentitzen dugu.
Hau honelaxe dela sinestarazi dizudanez gero, orain erakutsiko dizut lehenkiek ez daukatela inolako kolorerik inoizdanik. Izan ere, edozein kolore beste edozein koloretara alda daiteke, eta hori inola ere ez dute lehenkiek egin behar. Nahitaezko baita zerbaitek aldagaitz irautea, gauza guztiak ezerez hutsera etor ez daitezen. Zeren zerbait, aldaturik, bere mugetatik irteten bada, honek berbertan baitakar lehen izanaren heriotza. Kontuz, beraz, gauzen haziei kolorea emateaz, gauza guztiak ez dakizkizun ezerez hutsera itzul.
Gainera, lehenkiei inolako koloretasunik eman ez bazaie, eta gauza mota guztiak sortzeko eta koloreztatzeko moduko forma ezberdinez horniturik badagoz, oso garrantzitsua baita hazi berak beste zeintzuekin eta zer ordenatan batzen diren eta elkarren artean zer mugida eragiten eta hartzen duten, orduan aisa eta berehala aurkituko duzu zergatik lehentxoago kolore beltza zeukatenek bat-batean marmolezko zuritasunera jo dezaketen; hala itsasoa, haize bortitzek bere lautadei eragiten dietenean, marmol distiratsuzko olatu zuri bihurtzen da. Esan zenezake, noski, ezen ohiki beltz ikusten duguna, bere materia nahasten denean eta bere printzipioen ordena aldatzen eta batzuk gehitzen edo kentzen zaizkionean, bat-batean distiratsu eta zuri ikusten dugula.
Itsas lautadak hazi urdinez osatuak balira, ezingo lirateke inola zuritu. Zeren zer urdinei edonola eragiten diezula ere, inoiz ez daukate marmol kolorera aldatzerik. Edo, itsasoaren distira bakuna eta garbia egiten dutenak kolore ezberdinez tindaturik balegoz, sarritan forma ezberdinez eta figura anizkoitzez karratua bezalako figura bakarra egin ohi denez, komeniko litzateke, karratuan forma ezberdinak ikusten ditugun bezala, itsas zelaian edo beste edozein distira bakun eta garbian ere kolore elkarren oso ezberdinak eta askotarikoak hautematea. Gainera, figura ezberdinek ez dute ezeren kalterik edo trabarik egiten, gainalde osoa karratua izan dadin; askotariko koloreek, ostera, eragotzi eta galarazi egiten dute gauza batek osoan distira bakarra edukitzea.
Beraz, batzuetan gauzen lehenkiei koloreak esleitzera eroaten eta tentatzen gaituen kausa ezereztu egiten da, zer zurietatik zer ez-zuriak sortzen baitira, eta beltz ageri direnak ez baitatoz beltzetik, askotarik baizik. Eta, jakina, zuriak kolorebakotik askoz aisago sortuko dira, beltzetik edo beste zerbait kontrako eta okerrekotik baino.
Gainera, kolorerik ezin baita argi gabe izan eta gauzen lehenkiak ez baitira argira irteten, bistan da ez dagozela ezein kolorez jantziak. Zeren, ilunpe itsuan, zer kolore egon daiteke? Areago oraindik, aldatu egiten da, argiak aurrez ala alboz eman; honela usoaren lumak, garondo eta lepo inguruan koroa egiten dutenak, eguzkitan irisatu egiten dira; eta behin gorri jartzen da, piropo argi bat bezala, behin halako uneetan urdinetik esmeralda berdera bitartean dirudi. Indioilarra-ren isatsa ere, halaber, argi ugariz betetzean, kolorez aldatzen da biratu ahala; eta koloreok argiaren eraginez sortzen badira, argi dago hura gabe ez daukatela agertzerik. Eta, kolore zuria nabari dugula esatean, begi-niniak halako talka mota bat hartzen baitu, eta bestelako bat, beltza-eta nabaritzean, eta ukitzeko, berriz, koloreak ez baitauka zerikusirik, nolako forma daukan baizik, argi dago lehenkiek ez dutela kolorerik behar eta ukiera ezberdinak forma ezberdinei dagozkiela.
Gainera, forma jakinei kolore jakinik ez baitagokie eta edozein koloretan lehenkien formakera guztiak egon baitaitezke, zergatik horiekin osatzen direnak ez dira kolore oroz berdin jantzirik aurkitzen, diren espeziekoak direla? Bidezko bailitzateke bele hegalariek batzuetan luma zurietatik kolore zuria igortzea eta hazi beltzetatik zisne beltzak edo beste edozein koloretakoak, bakunak zein anizkunak, etortzea.
Areago oraindik, gauza bat zenbat eta zati txikiagoetan xehatu, hainbatago ikusiko duzu kolorea apurka-apurka margultzen eta iraungitzen; purpura zati txikietan haustean gertatzen denez: purpura feniziarrik kolore bizikoena bada ere, hariz hari banatzean, dena galtzen da; hortik pentsa dezakezu partikulek kolore guztia askatzen dutela, gauzen hazi bilakatu aurretik.
Azkenik, gorputz guztiek ez dutela hotsik ez usainik igortzen onartzen baituzu, eta, beraz, denei soinurik eta usainik esleitzen ez baitiezu, horrelaxe, begiekin ere denak ezin baititugu hauteman, bistan da batzuk hain direla kolorgak, nola beste batzuk usain eta soinu gabeak, eta hala ere, gogo zoliak hauek ezagutzen ditu, beste tasunik gabeak ere bereizten dituenez.
Ez pentsa, ostera, lehen gorputzek kolorea bakarrik falta dutela; ez daukate ez epelik, ez hotzik, ez berorik, eta soinuz agor eta zaporez barau dihardute eta ez dute inolako usain propiorik igortzen gorputzetik. Mendaro edo mirra esentzia gozoa edo sudurrentzat nektarra den akara lurrina egitera zoazenean, lehenen behar duzuna ahal den oliba oliorik usaingabeena, sudurrei inolako jariorik igorriko ez diena, den bezala, egoskeran usain nahastuak lorrin eta honda ez ditzan, halaxe, arrazoi beragatik, gauzen lehenkiek ez diete sortzera doazen gauzei ez usainik ez hots propiorik erantsi, euren baitatik ezin baitute ezer igorri, ezta halaber inolako zaporerik, ez hotzik, ez berorik, ez epelik, ez ezer; eta zer guztiok hilkorrak direnez gero, gai malguak bigun, hauskorrak xehagarri eta arolak gorputz xumeko baitira, denek lehenkietatik at behar dute, gauzak izadiaren bizia finkatzeko moduko oinarri hilezkorretan zutabetu nahi baditugu; bestela gauza guztiak ezerez garbira itzul ez dakizkizun.
Honetan, sentikor ikusten ditugun izakiak ere, denak lehenki sentikaitzez osatzen direla aitortu beharra dago. Eta hau ez dute errefutatzen ez ezeztatzen berbertatik ezagutzen diren gertakari nabariek, aitzitik euren eskutik eroaten eta pentsarazten digute bizidunak, diodanez, zer sentiezgarrietatik harakoak direla. Izan ere, simaur higuingarritik har bizidunak sortzen ikusten da, euri larregiz beraturiko lurra usteltzen denean; eta gauza guztiak horrelaxe eraldatzen. Ibaiak hostotza eta larre gozoak abere bihurtzen dira, abereek euren izatea gure gorputzera pasatzen dute eta sarritan piztien indarra eta hego-handien gorputza gure gorputzetik handitzen dira.
Naturak, beraz, janari guztiak gorputz bizi bihurtzen ditu eta hemendik sortzen du bizidunen sentimen guztia, egun idorra garretan irekitzen eta gauza guztiak su bihurtzen dituen antzera. Ulertzen al duzu dagoeneko zein axolazkoa den gauzen lehenkiak zer ordenatan kokaturik dagozen eta zeintzuekin nahasturik sortzen eta hartzen dituzten mugimenduak?
Hauek honela, zer da zure gogoa zauritzen, zirraratzen eta askotariko gogoetak azalarazten dizkiona, sentiezgarritik sentigarria sortzen dela ez sinesteko? Harriek eta zurak eta lurrak, nahasturik ere, bizi sentimenik sortu ezin dutelako, noski. Honetan, gogoratzea komeniko da ez diodala izaki sentigarriak sortzen dituzten gauza guztiek beste gabe eta beti sentimena dakartenik, baizik garrantzi handikoa dela zer sentigarriaren sortzaileak zein txikiak diren eta nolako taxua daukaten eta, azkenik, haien mugidak, ordenak, posizioak nolakoak diren. Hauetariko ezer ez dugu zurean eta zokiletan ikusten; eta, hala ere, euriak ustelarazten dituenean, harrez erditzen dira, zeren materiaren gorputzak, indar berri batek lehengo ordenatik mugiarazita, izaki bizidunak sortu behar izateko moduan elkartzen baitira.
Gainera, sentigarria sentigarritik bakarrik sor daitekeela diotenek, beste gai sentigarri batzuetatik sentitzen ohiturik, lehenkien izaera hilkortzat jotzen dute, bigunak direla emanik. Sentimen oro erraiei, nerbioei eta zainei loturik baitago, beti bigun eta gorputz hilkorrez ikusten ditugun organoak eurok. Demagun, ordea, hauek eternalki iraun dezaketela: hala ere, edo organo baten sentimena eduki behar dute edo animalia osoen berdinak direla pentsatu behar. Baina
organoek ezin dute euren kabuz sentimenik eduki; zeren lohadarren sentimen oro beste sentimen batzuei begira baitago, eta ez gorputzetik moztutako eskuak, ez beste ezein organok dezake bakarrean sentimenik eduki. Bizidun osoari asimilatuak izatea gelditzen da. Honela, geuk sentitzen duguna sentitu behar dute, bizi-sentimen osoan sentikide izateko. Nola daitezke, ostera, gauzen lehenkiak deituak izan eta heriotz bideak ekidin, bizidunak badira, eta bizidunak eta hilkorrak gauza bat eta bera badira? Badaitezkeela emanik ere, pilatzeak eta elkartzeak bizidunen multzo nahasi bat besterik ez lekarke, gizakiak, abereak eta piztiak elkarrekin nahasteak izaki berririk sortuko ez lukeen bezala. Zeren, beste sentimen bat hartzeko, eurena gorputzetik jaurtitzen badute, zertarako behar zitzaien gero kentzekoa eman? Lehengora jotzea geratzen zaigu, alegia, hegaztien arraultzak txito bizidun bihurtzen eta lurra, eurite handiak usteltzen duenean, harrez irakiten ikusten dugunez gero, sentimena ez-sentimenetik sor daitekeela atera behar da.
Inork badio sentimena aldakortasunez edo kanpora irtenarazten duen erditze gisako batez bakarrik sor daitekeela ez-sentimenetik, aski izango zaio argitzea eta frogatzea erditzerik ez dagoela, aurretik elkartze bat burutu ezik, eta ezer ez dela aldatzen aurreko elkartzerik gabe.
Lehenik, ezein gorputzetan ez daiteke sentimenik izan, biziduna bera sortua izan aurretik, eta ez da harritzekoa, zeren airean, ibaietan, lurretan eta lurreko gaietan barreiaturik baitago, eta oraindik ez baita batu, zatien arteko bizi mugida egokiak eragiteko, zeintzuekin pizturik, sentimenak bizidun guztien jagole oroikusle diren.
Gainera, animaliari izaerak eusteko baino kolpe handiagoa datorkionean, honek berbertan eraisten du eta gorputzaren eta arimaren sentimen guztiak nahaspilatzen dizkio. Izan ere, lehenkien posizioak disolbatzen baitira, eta barru-barruan bizi mugidak eten, harik eta materiak, gorputzadar guztiek astindurik, arimaren bizi korapiloak gorputzetik askatu eta hura, zatikaturik, zirritu guztietatik kanpora jaurti arte.
Ezarritako kolpeak zer besterik egin dezakeela pentsatuko dugu, bada, zerbait xehatu eta disolbatu baino?
Baita gertatu ohi da ezen, hartutako kolpea hain gogorra ez bada, beste bizi mugidak garaile irteten eta zartakoaren nahas-mahas izugarria baretu egiten dutela eta, elementu bakoitza berriro bere bidera ekarririk, gorputzaz jabetzear zegoen heriotza mugida ezereztu eta sentimen ia iraungiak isiotu egiten dituztela. Zeren, bestela, nola litezke heriotzaren atalburutik bertatik gogoa bil eta bizira itzul, ia iritsitako mugarantz jarraitu eta alde egin beharrean?
Gainera, materiaren gorputzak, errai bizietan eta gorputzadarretan indarren batek inarrosita, euren egoitza barruetan lokatzen direnean, mina agertzen eta, berriro lekuratzean, atsegin beratza sortzen den bezala, hortik ateratzen dugu lehenkiek ezin dutela minik hartu, ez eurenez inolako gozamenik jaso; mugimenduen aldakuntzaz min emateko, edo haietatik atsegin bizigarrizko fruiturik biltzeko moduko lehen gorputzik ez daukatelako. Ezin dute, beraz, inolako sentimenez horniturik egon.
Honela, bada, bizidun orok sentitu ahal izateko, euron lehenkiei sentimena esleitu behar bazaie, zer esan behar da gizateria bereziki osatzen dutenei buruz? Alegia, barre algara gangarretan lehertuko dira eta aurpegi eta matrailak malko ihintzez blaituko dituzte eta luze eta zorrotz mintzatuko dira gauzen nahasketaz eta lehenkiak zer ote diren ekingo diote; gizaki osoen antz-antzeko izanik, eurek ere beste elementu batzuekin osaturik behar dute eta hauek beste batzuekin, inoiz geratzen ausartzen ez zarela. Jarraituko dizut, bada, eta zernahik hitz eta barre eta ulertu egiten duela badiozu, beste hainbeste egiteko gauza direnekin osaturik dagoela aterako dut. Ikusten badugu, ostera, hauek delirioak eta zorakeriak direla eta zer barregilez osaturik ez dagoenak barre egin dezakeela, eta hazi jakitunik eta aditurik gabe arrazoiak hitz burutsuz ematen dituela, zerk galerazten du sentimendun ikusten ditugun izakiak erabat sentimen gabeko haziekin nahasturik egotea?
Zerutar hazitik honakoak gara, bada, guztiok; zerua da guztion aita eta ama lur elikatzailea, handik isuritako ur tantak hartzean ernaldua, uzta gardenez, zuhaitz mardulez eta gizakumez erditzen da, piztien enda guztiez erditzen da, denei eskuratzen baitie gorputzak bazkatzeko, bizitza eztia luzatzeko eta umeak zabaltzeko azkurria; horrexegatik ematen zaio ama izen merezia. Era berean, lehenago lurretik irten zena lurrera itzultzen da eta eter inguruetatik bidali zutena berriro tenplu zerutarrek hartzen dute. Eta honela heriotzak ez ditu gauzak suntsitzen, materiaren gorputzak deusezteraino, euren batasuna jaregiten baizik, eta gero batzuk besteekin biltzen ditu eta hala egiten du gauza guztiek formak berri eta koloreak alda ditzaten, eta sentimena har eta amenean berriz gal dezaten, ikus dezazun zein garrantzitsua den gauzen lehenki berak zeintzuekin eta zer ordenatan batzen diren eta elkarren artean nolako mugidak eragiten eta hartzen dituzten, ez dezazun pentsa gauzen goienean flotatzen ikusten ditugun tasunak lehen gorputz eternaletan bizi direla, behin jaioz eta behin bertan hilez. Geure bertsootan ere garrantzi handikoa da hizkiak zeintzuekin eta zer ordenatan ezartzen diren. Izan ere, berberek adierazten dute zerua, itsasoa, lehorra, ibaiak, eguzkia, uzta berak, zuhaitzak, animaliak; denak ez bada ere, gehien-gehienak antzekoak dira; hizkien posizioan dago aldea. Horrela gauza beretan, materiaren bilerak, bideak, loturak, pisuak, kolpeak bilerak, mugidak, ordena, figuren posizioak aldatzen direnean, gauzek eurek ere aldatu behar dute.
Orain jar gogoa arrazoiketa zuzen batera. Zeren beste egia bat zure belarrietara iristeko irrikaz baitago eta gauzen beste itxura bat agertuko baitzaizu. Baina ez dago egia hain errazik, lehenengotan sinesgaitz ez dirudienik, ez era berean ezer hain handi eta miragarririk, denek astiro-astiro miresteari utziko ez diotenik. Lehenik, zeruaren kolore argia eta garbia eta bere barruan gordetzen dena, argizagi hara-honakoak, ilargia eta eguzkiaren argitasun biziko distira; hau guztiau bat-batean eta ezustean hilkorrei lehenengoz aurkeztuko balitzaie, zer miragarriagorik aipa liteke, edo zer sinesten lirateke gizakiak gutxiago ausartuko? Ezer ere ez, nik uste: hain txundigarria litzateke ikuskizuna. Orain, ostera, begira nola, ikusiaren asez nekaturik, inor ez den dignatzen zeru sapai gardenera begiratzen! Utziozu, beraz, berritasunak beldurturik, nire ikasbidea zure gogotik uxatzeari, aitzitik, ordea, azter ezazu zentzun zorrotzagoz eta, egiazko iruditzen bazaizu, atxiki zakizkio, eta gezurrezkoa bada, jantz armak aurka. Izan ere, munduko harresiez harago espazioa infinitua izanik, gogoak galdera hauxe dakar: zer ote dago adimenak barnebegiratu nahi lukeen eta gogoaren bulkada askeak gain-hegatzen duen hartan?
Lehenengo eta behin, guretzat unibertsoan ez dago mugarik inorantz, ez ezker ez eskuin, ez gorantz ez beherantz; irakatsi nizunez, errealitateak berak berez aldarrikatzen eta leizearen izaerak argi uzten du. Inondik ere ez dela sinesgarri pentsatu behar da, beraz, baldin espazioa edonorantz infinitua bada eta haziak, kopuru neurrigabez eta hamaika eratara, unibertso leizetarrean mugimendu eternalak eraginda hegatzen badira, zeru eta lurbira bakarrak kreatuak izatea eta horietatik at materiaren hainbeste gorputz ezer egin gabe egotea; batez ere mundu hau berezko egintza izanik; hala gauzen haziek eurek, berez eta ausaz elkar joka, hamaika eratara kasualki, alperrik eta hutsalki elkartu ondoren, azkenik batzuek asmatu zuten bat egitea, gorputz handiok bat-batean betiko sortarazteko, lehorra, itsasoa, ortzia eta bizidunen enda alegia.
Behin eta berriz aitortu beharra dago, beraz, beste leku batzuetan ere badirela mundu honen antzeko materia topaketak, eterrak besarkada egarberan inguratzen dituenak.
Gainera, materia ugari prest eta nahi beste leku dagoela, eta ezein arrazoik ez kausak kontra egiten ez duela, argi dago gauzek sortu eta garatu egin behar dutela. Beraz, hazien kopurua bizidunek bizitza osoan ez zenbatzeko bestekoa bada, eta haziak nonahi elkartzeko izaera berberak badirau, gure munduan elkartu zituen antzera, aitortu beharra dago beste leku batzuetan ere badagozela lurbirak eta gizajende eta piztieria ezberdinak.
Gehi bekio honi unibertsoan ezein izaki ez dela bakarra, bat ere ez da bakar jaiotzen eta bat eta bakar hazten, denak baitira multzoren bateko eta asko espezie bereko. Begira lehen-lehenik animaliei; horrelaxe sortuak direla ikusiko duzu basapiztia mendikoiak, horrelaxe gizateria eta horrelaxe, azkenik, ezkatadun isilak eta hegalari mota guztiak. Arrazoi berdinagatik aitortu beharra dago, beraz, lurra eta eguzkia, ilargia, itsasoa eta diren enparau guztiak ez direla bakarrak, kopuru neurrigabekoak baizik; zeren biziaren xedarri sakonki sartua euren zain baitago eta haien gorputza ere jaioa izan baita, espezie bakoitzean hain ugari ditugun aleen modu-moduan.
Hau dena ondo ulertu baduzu, natura bat-batean aske ageriko zaizu, tirano harroetatik libre, bere kabuz eta berez jardunez, jainkoen eskurik gabe. Zeren, bake nasaian izate gozatsua eta bizitza barea daramaten jainkoen izpiritu gurenen aurrez, nork dezake neurrigabearen batura goberna, nork leizearen uhal bortitzak eskura eta gida, nork zeru guztiak batera biraraz eta lur jori guztiak eter-suekin bero, nor daiteke leku eta aldi guztietan present egon, hodeiekin ilunpeak egiteko eta zeruko jabaldiak arrabotsez danbatzeko, edo jainkoen etxeak eraisterainoko tximistak jaurtitzeko eta, basamortura bazterturik, sarritan errudunei albo egin eta errugabeak bidegabeki akabatzen dituen gezi hori astinduz sumintzeko?
Eta munduaren sor-denboraren eta itsas-lehorren lehen egunaren eta eguzkiaren jaiotzaren ondoren, kanpotik gorputz asko gehitu zen, inguruan haziak gehitu ziren, orotasun handiak jaurtika ekarriak, haiekin itsas-lehorrak haz zitezen eta zeru eraikina zabal zedin eta sapai garaia lurretik urrun jaso eta airea altxa. Zeren, talken eraginez, gorputz guztiak leku guztietatik banatzen baitira, eta bakoitzak bere endara jotzen, urak urera, lurra lurkitik hazten da, suek sua dagite eta eterrak eterra, natura gauzen sortzaileak, bere egitekoa amaiturik, dena hazkundearen burura eraman arte, bizi organoetan sartzen dena eurotatik dariona eta doana baino ezertan gehiago ez denean gertatzen denez. Hemen gauza guztien biziak geratu egin behar du, hemen naturak bere indarrez hazkundea galgatu egiten du. Zeren hazte alaian handitzen eta helduaroko mailak banan-banan igoten ikusten dituzun gauza guztiek galtzen dutena baino lehenki gehiago hartzen baitute, jana zain guztietan aisa sartzen deno eta anitz osagai galtzeko eta xahutzea hartzen duten bizia baino gehiago izateko beste gauzak laxotzen ez direno. Jakintzat jo behar baita lehenki ugari erioten eta eskapatzen dela gauzetatik; baina gehiagok etorri behar du, hazkuntzaren goren gailurra jaritsi arte. Hortik aurrera, adinak apurka-apurka indarra eta sendotasun heldua hausten du eta okerrerantz urtzen da. Honetan, zenbat eta gauza handiagoak eta hedatsuagoak izan, hazteari utzitakoan, hainbat eta lehenki gehiago zabalduko eta igorriko du bere baitatik, eta janaria nekez banatzen da zain guztietan zehar eta ez da nahikoa, hainbeste indar galtzeren ordez, behar besteko hornitze lana egiteko.
Arrazoiz hiltzen dira, beraz, jarioan eskastu eta kanpoko kolpeei amore eman dietenean, azkenean adin handiak jana falta izaten baitu eta kanpoko kolpe ekinkorrok ez baitute bakerik, gorputza ahuldu eta zartada amorratuz menperatu arte. Honela, mundu zabala inguratzen duten murru erasoak ere suntsitu eta zabortu egingo dira. Izan ere, janariak behar du dena indartu, berritu eta zutoindu, janariak du dena iraunarazten; alferrik, ordea, zainek ezin baitiote behar beste eutsi eta naturak ere ezin baitu behar beste hornitu. Gure adina honexenbeste urraturik dago, eta lur agortuak, behinola espezie guztiak sortu eta piztien gorputz eskergez erditu zenak, animalia txikiak ozta-ozta sortzen ditu. Ez baitzituen, nik uste, espezie hilkorrak zerutik zelaietara urrezko soka batek jaitsiko, ez itsasoak ez olatu haitz jotzaileek sortuko, orain bere baitatik elikatzen dituen lurrak baizik. Gainera, uzta distiratsuak eta mahasti alaiak berak sortu zituen bere kabuz hilkorrentzat, berak eman zituen fruitu gozoak eta larre alaiak, orain gure neke eta guzti ere nekez hazten direnak, eta hortxe unatzen ditugu idiak eta nekazarien indarrak eta higatzen golde-nabarra eta soroek kostata ematen dute: hain urri fruituan eta hain lan handia behar. Horrela goldelari urtetsua, buruari eraginka, noiznahi kexu da bere neke handiak alferrik izan direla eta, oraina iraganarekin alderatzean, sarritan aitaren zortea goratzen du. Mahasti zaharraren landatzaile tristeak ere denboren gainbehera salatzen eta gizaldia madarikatzen du eta marmar dihardu ezen antzinako jendeak, pietatez beteak, bizitza erosoagoa zeramala eremu estuagoetan, bakoitzari zegokion lur saila askoz txikiagoa izan arren; ez da konturatzen apurka-apurka dena andeatuz eta hondatuz doala, bizitzako ibilbide aspaldikoak ahitua