V. Atala. Zalantza horien irtenbide eszeptikoaz
I PARTEA
[aldatu]34. Filosofiarako grinak, erlijiorako grinak bezala, honako alde txarrerako isuria dauka: nahiz eta gure portaera zuzentzen eta gure bizioak erauzten saiatu, izatez bakarrik balio dezake, inprudentziaz erabiliz gero, joera nagusi bat indartzeko eta gogoa hartarakotasun sendoagoz eramateko lehendik ere berez (bere berezko jitearen predisposizioz eta isuriz) gehiegi jotzen duen posiziorantz. Filosofo jakintsuaren irmotasuna nahi dugun eta gure gozamena geure gogoetara bakarrik mugatzekotan garen bitartean, azkenerako Epiktetoren eta beste estoikoen antzeko filosofia egitera hel gintezke, norberekeri sistema zorrotzagoa alegia, eta, arrazoien bitartez, bertute eta atsegin sozial orotik harago jarri. Giza bizitzaren hutsalkeria arretaz aztertzen eta gure pentsakizun guztiak ondasunen eta ohoreen izate huts eta joankorrera bideratzen ditugun bitartean, agian geure berezko nagikeria xaxatzen baino ez gara ari, zeinak, munduko zalaparta eta negozioen monotonia gorrotatuz, arrazoi itxurako bat bilatzen duen, nahikeria osoari eta kontrolgabeari ekiteko. Bada, ordea, alde txar honetarako isuririk ez daukan filosofia bat, giza gogoaren ezein grina okerrekin elkartzekoa ez delako, ezta ezein berezko emozioz edo joeraz nahastekoa ere. Eta hori Filosofia Akademikoa edo Esszeptikoa da. Akademikoak etengabe mintzo dira zalantzaz eta iritzi-kolokaz, arrapatako erabakien arriskuaz, eta bizitza eta jokabide komunen esparruan sartzen ez diren espekulazio guztiei uko egiteaz. Ez dago, beraz, filosofia hori baino ezer, gogoaren nagikeria nabarmenaren, harrokeria ausarkoiaren, pretentsio handien eta sineskortasun sorginkoien kontrakoagorik. Grina oro da kontuz ibili beharrekoa, egizaletasuna izan ezik. Harrigarria da, beraz, filosofia hau, ia kasu guztietan kaltegabea eta errugabea izan behar duelarik, hainbeste destaina eta gaitzespen funskaberen gai izatea. Baina agian errugabe izate horrexek dakarkio batez ere denen gorrotoa eta gaitzia. Inolako grina irregularik ez ferekatzean, aldeko gutxi lortzen du. Hainbeste bizio eta erokeriari kontra egitean, libertinotzat, profanotzat eta erlijiogabetzat salatzen duen arerio piloa altxarazten du.
Ez dugu ez beldurrik izan behar filosofia honek, gure ikerkuntzak bizitza arruntera mugatzen saiatzean, bizitza arrunteko arrazoiketak inoiz azpijango ote dituen, eta bere zalantzak ekintza oro, eta espekulazio oro ere, deusezteraino eramango ote dituen. Naturak beti eutsiko die bere eskubideei, eta azkenean edozein arrazoiketa abstrakturi nagusituko zaio. Nahiz eta, aurreko atalean bezala, aterako bagenu esperientziatik harako arrazoiketa guztietan gogoak ezein argumentuz ez ulermen prozesuz ezin eusteko urratsa eman duela, ez dago arriskurik ia jakintza guztia euren gorabeheran dagoen arrazoiketa haiek halako aurkikundeak jota gelditzeko. Gogoa urrats hori ematera arrazoiketaz eramana ez bada ere, pisu eta autoritate berdineko beste printzipioren batek hartaratua izan behar du. Eta printzipio honek bere eraginari eutsiko dio, giza izaerak bera diraueno. Printzipio hori zer den jakiteak merezi luke ikerketa lantsu bat.
35. Demagun pertsona bat, arrazoi eta gogoeta ahalmenik indartsuenez osatua gainera, bapatean mundu honetan sartzen dutela. Berehalaxe hautemango luke objektuen segida etengabea, eta gertaerak bata-bestearen atzean, baina hortik aurrera ezingo luke ezer aurkitu. Lehenengotan, ezein mugimenduk ez lioke kausa-efektuen ideiarik emango, zeren ahalmen partikularrak, eragiketa natural guztien eragile diren horiek, inoiz ez zaikie zentzuei agertzen, eta ez da arrazoizko, gertaera bat kasu batean beste baten aurretik doalako soilki, bata horregatik kausa eta bestea efektua denik. Bien lotura arbitrarioa eta kasuala izan daiteke. Baliteke inolako motiborik ez izatea bataren izatea bestearen agertzetik ateratzeko. Eta hitz batez, halako pertsonak, esperientzia gehiago gabe, ezingo luke ezein izatezko zeren aierurik edo arrazoiketarik egin ez ezertaz segur egon, bere oroimenari eta zentzuei berbertan azaltzen zaionaz izan ezik.
Demagun orain esperientzia gehiago daukala eta munduan bizi izan dela zeintzu objektu edo gertaera antzeko beti elkarloturik dauden ohartzeko adina. Zein da esperientzia honen ondorioa? Berehalaxe ateratzen du objektu baten izatea beste baten agertzetik. Baina bere esperientzia guztiaz ere, ez du inolako ideiarik edo ezagutzarik lortu objektu batak bestea sorrarazten duen ahalmen ezkutuaz, eta ez dago inolako arrazoiketa-prozesuz beharturik inferentzia hori bereganatzera. Baina hala ere, inferentzia hori egitera derrigorturik aurkitzen da. Eta bere adimenak eragiketa horretan inolako parterik ez daukala sinetsiko balu ere, pentsakera berdinean segituko luke. Beste printzipioren bat egon behar du halako ondorioa aterarazten diona.
36. Printzipio hori Ohitura edo Ekandua da. Zeren egintza edo eragiketa partikular baten errepikak egintza edo eragiketa bera berritzeko joera sortzen duen guztian, arrazoiketa- edo adimen-prozesu ezeinen sakada gabe, beti esaten dugu joera hori Ohituraren efektua dela. Hitz hau erabiltzean ez dugu pretenditzen joera horren azken arrazoia ematerik. Beharbada ezin diegu gure ikerkuntzei harago eragin, ez kausa honen kausarik ematerik pretenditu ere, bai ordea berarekin konformatu behar, esperientziatik datozen gure ondorio guztiei ezartzeko azken printzipiotzat. Bada nahiko estimagarria hain urrun heldu ahal izatea, harago ez garamatzatelako gure ahalmenen murriztasunaz kexatu gabe. Ez dago dudarik egiazkoa ez bada, behintzat oso egiantzeko proposamena aurreratzen dugula, segurtatzen dugunean ezen, bi objekturen -adibidez, beroaren eta garraren, pisuaren eta sendotasunaren- etengabeko lotura ikusirik, ohiturak bakarrik behartzen gaituela bata itxarotera bestearen agerpenetik. Gainera hipotesi honexek bakarrik azaltzen bide du koska hau, hots, zergatik mila kasutan inferentzia bat egiten dugun, haien batere ezberdina ez den kasu bakarrean egiteko gauza ez garelarik. Arrazoimena ezgai da halako bariaziorako. Zirkulu bakarra aztertzean ateratzen dituen ondorioak unibertsoko zirkulu guztiak aztertzean aterako lituzkeen berberak dira. Baina ezein gizakumek ez lezake, gorputz bakara beste batek bultzaturik mugitzen ikusita, beste gorputz guztiak ere antzeko bultzadaz mugituko direnik inferitu. Esperientziatik hara egindako inferentzia guztiak, beraz, ohituraren efektuak dira eta ez arrazoiketarenak.
Ohitura da, beraz, giza bizitzaren gidari nagusia. Printzipio honexek bakarrik egiten du gure esperientzia baliagarri izan dakigun, eta berak behartzen gaitu iraganean agertutako gertaeren antzekoak etorkizunean itxarotera. Esperientziaren eraginik gabe izatezko zerei buruz ezjakintasun osoan geundeke, oroimenak eta zentzuek berbertan ematen digutenetik harago. Inoiz ez genuke jakingo helbideak helburuetara egokitzen edo gure ahalmen naturalak zeinnahi efekturen sorraraztean erabiltzen. Berehalaxe amaituko litzateke ekintza oro, baita espekulaziorik gehiena ere7.
37. Baina agian komeni da hemen nabarmentzea ezen, nahiz eta esperientziatik harako gure ondorioek oroimenaz eta zentzuez harago gu eraman eta nahiz eta lekurik eta aldirik urrunenetan gertaturiko izatezko zeren segurtasuna guri eman, hala ere beti beharko duela zentzuen eta oroimenaren aurrez gertaeraren bat izan, hartatik ondorio haiek ateratzeko modukoa. Basamortuan eraikuntza ponposen hondarrak topatu dituen gizakumeak laster aterako luke lur hura, behinola, biztanle zibilizatuek landua dela. Baina horrelako ezer aurkezten ez bazaio, inoiz ezingo luke halako inferentziarik osatu. Aurreko histori aroetako gertaerak ikasten ditugu, baina orduan irakaspen hori dakarten liburu aleak arretaz irakurri behar ditugu eta gero gure inferentziei segi lekukotzaz lekukotza, gertaera haien begi-lekuko eta ikusleenganaino heldu arte. Hitz batez, gure oroimenaren eta zentzuen aurrean dagoen gertaera batetik abiatu ezik, gure arrazoiketak hipotetiko hutsak lirateke, eta nahiz eta katenmaila denik eta elkarlotuen egon, inferentzi kateak, oro har, ez luke inolako euskarririk eta bere bitartez ezingo genuke inoiz egiazko existentzia baten ezagutzara heldu. Kontatzen didaten zeinnahi izatezko zer zergatik sinesten duten galdetzen badut, arrazoi bat eman behar didate, eta arrazoi hori harekin loturiko beste gertaera bat izango da. Baina era honetan in infinitum jotzerik ez dagoenez gero, oroimenaren edo zentzuen aurrez den gertaeraren batean amaitu behar da, edo bestela sineste hori guztiz funskabea dela aitortu behar.
38. Zein da, beraz, auzi guzti honen ondorioa? Bakarra eta xumea, nahiz eta, aitor dezagun, ohizko teoria filosofiko guztietatik nahiko urrun. Izatezko zer edo egiazko existentzia ororen sinestea soil-soilik dator oroimenaren eta zentzuen aurrez den objekturen batetik eta objektu honen eta besteren baten ohizko loturatik. Edo beste hitz batzuetan: nolanahiko bi objektu-mota -garra eta beroa, elurra eta hotza- beti elkarloturik egon direla kasu askotan ikusi ondoren, garra edo elurra berriz zentzuei aurkezten bazaie, ohiturak beroa eta hotza itxarotera, eta kualitate hori benetan existitzen dela eta gehiago hurbilduz gero agertu egingo dela sinestera daramake gogoa. Sineste hau gogoa halako zirkunstantzietan jartzearen ondorio nahitaezkoa da. Arimaren eragiketa hain baztergaitza da hau, hala situaturik gaudenean, nola den maitasun-grina sentitzea, ongarri zaigunean, edo gorroto-grina, kaltegarri zaigunean. Eragiketa guztiok berezko sen gisakoak dira, ezein arrazoiketak edo pentsamen- eta ulermen-prozesuk ez sortu ez kendu ezinekoak.
Une honetara heldutakoan, oso zilegi litzateke gure ikerketa filosofikoetan gelditzea. Auzirik gehienetan ezin dugu urrats bat harago eman eta denetan, azkenean, ikerketa setatien eta arretatsuenen ondoren, hementxe amaitu behar. Baina, nolanahi ere, gure jakinmina barkagarria eta agian txalogarria izango da, ikerketa aurreratuagoetara bagaramatza eta sineste honen eta beronen sorrarazle den ohizko loturaren izaera zorroztasun gehiagoz azterrarazten badigu. Honela atsegin emateko moduko azalpenak eta analogiak aurki ditzakegu, gutxienez zientzia abstraktuak maite eta, diren zehatzenean ere, zalantza eta ez-ziurtasun maila bat gorde dezaketen espekulazioekin entretenitzen direnentzat. Gusto ezberdinak dituzten irakurleei buruz, atal honetatik gelditzen dena ez da haientzat pentsatua izan, eta hurrengo ikerkuntzak berdin uler daitezke, hau albora utzi arren.
II PARTEA
[aldatu]39. Giza irudimena baino askeagorik ez dago ezer. Eta kanpo eta barne zentzuek emandako lehen multzoa gainditzerik ez badu ere, ahalmen mugagabea dauka ideia horiek nahasteko, konbinatzeko, banatzeko eta bereizteko, fikzioaren eta irudipenaren barietate guztietan. Gertaera mordo bat asma dezake errealitatearen antz guztiekin, denbora eta leku konkretuetan ezarri, existenteak bailiran bururatu eta berak ziurtasun osoz sinesten duen edozein gertaera historikoren zirkunstantzia guztiekin pintatu. Zertan da orduan halako fikzioaren eta sinestearen aldea? Ez da halako ideia jakin bat, gure onespena lortu eta zeinnahi fikzio ezagunek falta duen bururapenari lotua. Zeren gogoak, bere ideia guztiengan agintea duenez gero, ideia partikular hau nahiki erants baitiezaioke edozein fikziori eta beraz, nahi duena sinesteko gai litzateke, gure eguneroko esperientzian topatzen dugunaz batera. Gure bururapenean giza burua eta zaldi burua bil ditzakegu. Baina ez dago gure esku abere hori egiatan izan dela sinesterik.
Hortik, beraz, fikzioaren eta sinestearen arteko aldea bigarrenari, ez lehenegoari, eransten zaion sentipen edo sentsazioren batean egotea eta nahimenaren mende ez egotea, ez norbere gogara moldatu ahal izatea. Naturak eragina izan behar du, beste sentipen guztiek bezala, eta egoera berezi batetik sortua, zeinean gogoa ere adiuntza berezian aurkitzen den. Objektu bat oroimenari edo zentzuei azaltzen zaien bakoitzean, berehalaxe, ohituraren indarrez, bultzatzen du irudimena normalean hari loturik dagoen objektua bururatzera. Eta bururatze honi fantasiaren hara-honez beste sentsazio edo sentipen batek laguntzen dio. Honetantxe bakarrik datza sinestea, zeren izatezko zerik ez dagoenez gero, bere kontrakorik ezin bururatzeko bezain irmoki sinestekorik, bururapen onartuaren eta baztertuaren artean ez bailegoke alderik, bata eta bestea bereizteko sentipenik ez balitz. Bilar-bola bat gain leun batean beste baterantz mugitzen ikusten badut, aise burura dezaket hura jotzean gelditu egingo dela. Bururapen honek ez darama kontradikziorik. Baina nolanahi bola baten besteaganako bultzada eta mugimendu ezartzea errepresentatzen dudan bururapena oso bestela sentitzen dut.
40. Sentipen honen definiziorik intentatuko bagenu, agian oso lan zaila genuke, ezinezko ez bada, hotzaren sentipena edo suminaren grina sentimendu hauen esperientziarik inoiz izan ez duen izaki bati golkoratu nahi bagenio bezalaxe. Sinestea da sentipen honen izen zuzena eta egiazkoa, eta inork ez dauka hitz horren esanahiaz jabetzeko eragozpenik gizakumea ohartzen ari baita unero errepresentatzen duen sentimenduaz. Agian ez litzateke desegokia sentimendu honen deskripzioa intentatzea, era honetan bere azalpen osoagoa eskura lezakeen analogiaren batera iristeko itxaropenez. Diodana, beraz, sinestea ez dela objektu baten bururapen biziago, zorrotzago, indartsuago, irmoago eta seguruagoa besterik, irudimenak, berez, atzeman lezakeena baino. Hain ez-filosofikoa eman lezakeen hitz aniztasun honek adierazi nahi duen bakarra da gogoaren egintzak, errealitateak eta hartakotzat hartzen ditugunak fikzioak baino presenteago ez egotea egiten duen egintza horrexek ebazten duela pentsamenean pisu gehiago izan dezaten eta eragin handiagoa ematen diela grinen eta irudimenaren gainean. Zerari berari buruz ados egonez gero, ez du merezi hitzei buruz eztabaidatzea. Irudimenak bere ideia guztien gain agintzen du eta litezkeen era guztietan bil, nahas edo alda ditzake. Objektu fikziozkoak noiznahi eta nonnahi burura ditzake. Gure begi aurrean jar ditzake, nolabait, euren egi egiazko kolorez, existituak bailiran. Baina irudimenaren ahalmen honek ez baitu sekula, bere kabuz, sinestea erdiesterik, argi dago sinestea ez datzala ideien izaera edo ordena berezian, euren bururatzeko eran edo gogoak haietaz duen sentikeran baizik. Aitortuko dut ezinezkoa dela sentikera edo burutapen hau zehazki azaltzea. Inguruko zerbait adieraz dezaketen hitzak erabil ditzakegu. Baina euren izen egiazkoa eta berezia, arestian esan bezala, sinestea da, eta hau bizitza arruntean nornahik aski ulertzen duen hitza da. Eta filosofian ezin dugu harago joan sinestea judizioaren ideiak irudimenaren fikzioetatik bereizten dituen gogoak sentitutako zerbait dela esatetik. Pisu eta eragin gehiago ematen die, garrantzi handiagokotzat agerrarazten ditu, gogoari ezarri egiten dizkio eta gure egintzen printzipio arautzaile bihurtzen ditu. Esaterako, ezagutzen dudan norbaiten abotsa dantzut orain, eta hotsa aldameneko gelatik datorrela dirudi. Nire zentzen inpresio honek pentsamena berehala daramait pertsona horrengana inguruan dituen objektu guztiekin batera. Oraintxe bertan existitzen bezala pintatzen dut dena, aurretik ezagutzen ditudan kualitatez eta erlazioz osatua. Ideia hauek indartsuago eurenganatzen naute gaztelu xarmatuaren ideiek baino. Sentitzeko ahalmenaz oso bestelakoak dira, eta alde guztietara eragin gehiago daukate atsegina edo mina, poza edo tristura sorrarazteko.
Har dezagun, bada, doktrina hau bere zabalera guztian eta aitor dezagun sinestearen sentipena irudimenaren fikzio soilei dagokiena baino bururapen biziagoa eta irmoagoa dela eta bururatzeko era hau objektua oroimenaren eta zentzuen aurrez den zerbaitekin lotzeko ohituratik datorrela. Suposizio hauetatik hara, uste dut ez dela zaila izango beste gogo-eragiketa analogo batzuk topatzea eta fenomeno hauen lorratzei segitzea orokortasun handiagoko printzipioetaraino.
41. Hauteman dugu naturak ideia partikularren arteko loturak jarrita dauzkala eta, ideia bat gure pentsakizunetara aurkeztuz batera, bere korrelatiboa ekartzen duela, eta gure arreta hartarantz eramaten, mugimendu xume eta somagaitzez. Lotura eta asoziazio printzipio hauek hirutara bildu ditugu: Antza, Aldamentasuna eta Kausalitatea, eta eurok dira gure pentsakizunak loturik dauzkaten lokarriak eta gutxi asko gizadi osoan aurkitzen den gogoeta eta diskurtsu-jite erregularra sorrarazten dutenak. Baina bada auzi bat, oraingo arazoaren irtenbidea bere mende daukana. Gertatzen al da erlazio guztiotan ezen, objektuetariko bat oroimenari eta zentzuei aurkezten zaienean, gogoak, haren korrelatiboaren bururapenera eramana izanez gainera, beste era batera lortu ahal izango zuen baino haren bururapen irmoago eta indartsuagoa hautematen duela? Badirudi hauxe dela kausa-efektuen erlaziotik datorren sinestearen kasua. Eta beste erlazio- edo asoziazio-printzipio batzuetan ere kasu bera bada, lege orokortzat ezar daiteke gogoaren eragiketa guztietarako.
Beraz, gure asmorako lehen esperimentutzat hauteman dezakegu ezen, lagun ausente baten erretratuaren aurrez, hartaz dugun ideia nabarmenki biziarazten duela antzak, eta ideia horrek dakarren edozein grinak, bai pozak, bai tristurak, indar eta sendotasun berria hartzen duela. Efektu honen eragiketan biak biltzen dira, erlazioa eta oraingo inpresioa. Erretratuak haren inolako antzik ez badu, edo edukitzeko asmorik izan ez badu behintzat, gure pentsamenik ez du eraman ere egingo harengana. Eta erretratua bera ere ausente izanez gero, laguna bezala, nahiz eta gogoa bataren pentsakisunetik bestearenera pasa ahal izan, pasatze horrek haren ideia bizitu baino areago ahuldu egin duela aurkitzen du. Atsegin zaigu lagun baten erretratuari begiratzea aurrean daukagunean, baina erretratua kendutakoan laguna bera zuzen jotzea nahiago dugu hain irudi urrun bezain ilunaren isladan baino.
Erromatar Erlijio Katolikoaren zeremoniak gisa bereko adibidetzat har daitezke. Superstizio horren debotoek, leporatzen zaizkien amarrukerien zurigarritzat, mugimendu, jarrera eta ekintza haien efektu ona somatzen dutela alegatzen dute, euren debozioa bizituz eta euren berotasuna berretuz, zeina motelduko omen litzatekeen, objektu urrun eta ezmaterialetara bakarrik zuzenduz gero. Gure fede-objektuak, diote, ikur edo irudi sentigarriz taxutzen ditugu, eta ikur hauen berbertako presentziaz adimenezko ikuspen eta kontenplazio hutsez ahal izango genukeen baino presenteago egiten ditugu. Objektu sentigarriek beste edozein motatakoek baino eragin gehiago daukate irudimenean eta eragin hau erraz eransten die eurekin zerikusia edo antza daukaten ideiei. Praktika hauetatik eta arrazoiketa honetatik aterako dudan gauza bakarra da oso ohizkoa dela antzak ideien indartzea ekartzea, eta kasu guztietan antza eta oraingo inpresioa batera behar direnez gero, aurreko printzipioaren errealitatea frogartzeko sobera esperientziaz horniturik gaude.
42. Esperimentu hauek beste era batekoekin indar ditzakegu, aldamentasunaren efektuak antzarenak bezala kontsideratuz. Ziur da distantziak ideia ororen indarra gutxitzen duela eta edozein objektutara hurbiltzeak, gure zentzuei agertzen ez bazaie ere, berbertako inpresioaren antzeko eragina daukala gogoarengan. Edozein objektutan pentsatzeak gogoa erraz eramaten du haren aldamena denera. Baina objektu baten presentzia aktualak bakarrik eramaten du bizitasun gehiagoz. Etxetik mila gutxitara naizenean baino gehiago eragiten dit, nahiz eta distantzia horretantxe ere etxekoen eta lagunen hurreko zernahik sortzen duen, noski, haien ideia bat. Baina aurreko kasuan bezala, gogoaren bi objektuak ideiak dira. Hala ere, batetik bestera aise iragaten da. Iragate hori bakarrik ez da gauza edozein ideiari bizitasun gehiago emateko, berbertako inpresioa falta bada8.
43. Inork ez dezake zalantzarik izan kausalitateak beste aldamentasun- eta antz-erlazio bien eragin berdina daukanik. Pertsona superstiziosoak santuen eta gizon gurenen zaleak dira, debozioa bizteko eta imitatu nahi dituzten bizitza exenplugarrien bururapen intimuago eta biziagoa emateko sinboloak eta irudiak bilatzen dituzten arrazoi beragatik. Baina bistan da debotu batek lor lezakeen erlikiarik onenetarikoa santuaren eskulan bat dela, eta haren soinekoak eta altzariak alde honetatik begira badaitezke, haren esku egonak eta hark erabiliak direlako da. Alde honetatik efektu inperfektutzat jo behar dira, haren existentziaren egia ikasarazten digun edozein baino ondorio-kate laburragoz hari lotuak.
Demagun lagun aspaldi zendu edo ausentearen semea aurkezten digutela. Argi dago objektu honek berehalaxe piztuko lukeela bere ideia korrelatiboa eta gure pentsakizunetara behinolako intimitate eta etxekotasun guztia ekarriko lukeela, beste kasu batean aurkez zitezkeen baino kolore biziagoz. Gorago aipatu printzipioa frogatzen duen beste fenomeno bat da hau.
44. Fenomeno hauetan beti presuposatzen dela ikus dezakegu objektu korrelatiboa sinestea. Bera gabe, erlazioak ez luke inolako indarrik. Pinturaren eraginak suposatzen du gure laguna noizbait existitu dela sinesten dugula. Gure etxetiko hurbiltasunak inoiz ez dezake gure etxe-ideiarik kina, hura egiatan badela sinesten ez badugu. Orain, ordea, sineste hau, oroimena eta zentzuak gainpasatzen dituen kasu guztietan izaera berdintsukoa dela baiezten dut, eta hemen azaldutako pentsamen-iragate eta bururapen bizitasunaren antzeko kausek sortua dela. Egur-zati lehor bat sutara jaurtitzen dudanean nire gogoak berehalaxe bururatuko du garra gehitu egingo dela eta ez gutxitu. Kausatik efekturako pentsamenaren iragate hau ez dator arrazoimenetik. Bere jatorri bakarra ohituran eta esperientzian dauka. Eta lehenengotik zentzuen aurrez den objektutik abiatzen denez gero, garraren ideia edo bururapena indartsuago eta biziago egiten du horrek irudimenaren edozein amets jare eta flotakorrek baino. Ideia hori berehalaxe sortzen da. Une berean pentsamenak hartarantz jotzen du eta zentzuen aurrez den inpresiotik harako bururapenaren indar guztia ezartzen dio. Ezpatak bihotzera apuntazen didanean, ez al nau biziago larritzen zauriaren eta minaren ideiak, edalontzi bat ardo aurkezten didatenean baino, nahiz eta halabeharrez objektu honen ondoren ideia hori bururatu? Baina prozesu guzti honetan zer dago hain bururapen bortitza sorrarazteko gai denik, objektu presente bat eta honekin lotu ohi dugun beste objektu baten ideiara ohiturazko iragatea besterik? Hauxe da gogoaren eragiketa izatezko eta existentziazko zerei buruzko gure ondorio guztietan eta poztekoa da euren argiz hura azaltzeko moduko analogiak topatzea. Objektu presentetik harako iragateak erlaziodun ideiari indara eta sendotasuna ematen dio kasu guztietan.
Hemen dagoena, beraz, naturaren abioaren eta gure ideien segidaren arteko harmonia aurrez jarria da, eta, nahiz eta lehenengoa arautzen duten indar eta ahalmenak guztiz ezezagunak zaizkigun, hala ere, gure pentsakizunek eta bururapenek naturako beste obren norabide berari jarraitu diotela aurkitzen dugu. Gure espeziearen iraupenerako eta giza bizitzako zernahi zirkunstantzia eta gertaeratan gure jokabidea gidatzeko hain beharrezkoa den egokitasuna eragin duen printzipioa ohitura da. Objektu baten presentziak ohiki berari lotutako objektuen ideia berehalaxe piztuko ez balu, gure ezgutza guztiak gure oroimenaren eta zentzuen barruti estura mugatu beharko luke, eta inoiz ez ginatekeen helbideak helburuei egokitzeko edo gure ahalmenei on egiten edo gaitza baztertzen ariarazteko gauza izango. Kausa finalak aurkitzen eta kontenplatzen gozatzen duten horiek badute hemen gai zabalik, euren harridura eta miresmena enplegatzeko.
45. Erants dezadan, aurreko teoriaren indargarriagotzat, ezen, gogoaren eragiketa hau, zeinaren bitartez kausa berdinetatik efektu berdinak eta alderantziz ateratzen ditugun, gizaki guztien iraupenerako hain funtzezkoa denez gero, ez dela probable eragiketetan hain geldoa dugun arrazoimenaren dedukzio engainosoen esku uztea; arrazoimen hau, izan ere, ez baita agertzen inondik ere haurtzaroko lehen urteetan, eta kasurik onenean, adin eta giza bizitzako aldi orotan errore eta huts egitera oso emana baita. Naturaren ohizko jakinduriarekin adosago dator gogoaren egintza hain beharrezkoa, sen edo joera mekanikoren batez segurtatzea, bere eragiketetan hutsezina dena, biziaren eta pentsamenaren lehen agerpenetik abiatzen dena, eta adimenaren dedukzio lantsuetatik independentea izateko modukoa. Naturak gure organoak erabiltzen irakatsi digun bezala, hauek mugiarazten dituzten muskulu eta nerbioen ezagutzarik eman gabe, halaxe ezarri du guregan sen bat, gure pentsamena kanpo-objektuen artean jarrita daukanari dagokion abiotik daramana, nahiz eta objektuen abio eta segida erregular hau bere orotasunean gidatzen duten ahalmen eta indarren berririk ez jakin.