VI. Atala. Probabilitateaz
Nolanahi ere, bada probabilitate bat, alde batean posibilitate gehiago izatetik datorrena; eta gehiagotasun hori goratu eta aurkako posibilitateak gainditu ahala, probabilitatea hein horretan gehitzen da eta bere gehiagotasunak aurkitu dugun aukeraren aldeko sineste edo baiezpen handiagoa sortzen du. Dato batean halako zenbaki bat edo puntu-kopuru jakin bat markatuko balitz bere sei aldeetariko lautan, eta beste zenbaki edo puntu-kopuru bat beste bietan, bigarrena baino probableago litzateke lehenengoa agertzea, nahiz eta askoz probabilitate handiagoa eta gure sinestea edo gertaeraren espero askoz sendoagoa litzatekeen, mila alde berdin eta bakarra bestela markaturik balitu. Pentsamen- edo arrazoiketa-prozesu honek jakina eta bidezkoa eman dezake, baina geldiago kontsideratzen dutenentzat espekulazio-gaia ekar dezake.
Bistakoa dirudi, gogoak dato jaurtitzetik etor daitekeen gertaera deskribatzeko aurrerantz begiratzen duenean, alde bakoitzak irteteko probabilitate berdina duela jotzen duela. Eta hauxe da adurraren benetako izaera, hartan diren gertaera partikular guztiak berdin-berdinak izatea alegia. Baina gertaera batean bestean baino alde kopuru handiagoa dela topatzean, gogoak maizago jotzen du gertaera horretarantz, eta azken emaitza erabakiko duten probabilitate eta aukera ezberdinak aztertzean, hura maizago azaltzen zaio. Gertaera partikular beraren ikuskera batzuk biltzeak berbertan dakar, naturaren joko azalgaitz batez, sinestearen sentipena, eta gertaera hura nagusiarazten dio kontrakoari, zeina ikuskera-kopuru txikiagoak eutsia den, eta gogoaren maiztasun gutxiagoz agertzen den. Sinestea irudimenaren fikzio soilei dagokiena baino objektuaren bururapen irmoagoa eta sendoagoa dela onartzen bada, eragiketa hau, agian, ulergarria izan daiteke. Ikuskera edo blistada batzu horien biltzeak ideia gogorkiago irartzen du irudimenean, indar eta sendotasun gehiago damaio, grinen eta afekzioen gaineko eragina sentigarriago egiten du, eta hitz batez, sinestearen eta iritziaren izaera osatzen duten fidantza eta segurantza sortzen du.
47. Kausen probabilitatea eta adurrarena kasu bera da. Badira kausak erabat uniformeak eta konstanteak direnak efektu jakin baten sorreran, eta hauen eragiketan inoiz ez da aurkitu inolako hutsik edo irregulartasunik. Suak beti erre du eta urak beti ito du zeinnahi gizaki. Mugimenduaren sorrera bultzadaz eta grabitatez, lege unibertsala da, oraingoz behintzat inolako salbuespenik ikusi ez baitzaio. Baina badira beste kausa batzuk irregularrago eta ez-ziurrago agertu direnak. Rubarboa ez da beti purga gertatu, ezta opioa logarri ere, sendagai hauek hartzen dituzten guztientzat. Kausa batek bere ohizko efekturik sortzen ez duenean egia da filosofoek ez diotela hori naturaren irregulartasunari leporatzen, baizik suposatzen dutela eragiketa hori kausa ezkuturen batzuek, osatzaileen egitura bakanean daudenek, eragotzi dutela. Baina gertaerari buruzko gure arrazoiketak eta ondorioak printzipio hau ez balitz bezalakoak dira. Ohiturak gure inferentzietan iragana etorkizunera pasarazten digularik, iragana erabat erregularra eta uniformea izan denean, geroko gertaera segurantzarik handienez itxaroten dugu, eta kontrako suposamenari ez diogu inolako tokirik uzten. Baina, itxuraz, kausa berdin-berdinak direnetatik efektu ezberdinak sortu direla aurkitzean, efektu guzti horiek gogoaren baitan egon behar dute iragana etorkizuneratzean, eta gure kontsiderapenean sortu behar dute gertaeren probabilitatea jotzen dugunean. Maizen gertatzen ikusi dugun eta huraxe gertatuko dela sinetsirik gauden efektua hautatzen badugu ere, beste efektuak ezin ditugu bertan behera utzi, baizik bakoitzari pisu eta balio jakin bat ezarri, maizago ala ez-maizago izan den kontu. Europako laterririk gehienetan, urtarrileko zenbait aldiz izotza egitea probableago da hilabete osoan eguraldi jasoa izatea baino, nahiz eta probabilitate hau klimen arabera aldatu, eta ipar laterrietan ziurtasunera iritsi. Beraz, edozein kausatatik harako efektua erabakitzeko iragana etorkizuneratzen dugunean, argi dago iraganean agertu diren hein berean etorkizuneratzen ditugula gertaerak eta bururatzen dugu bat, esaterako, ehun aldiz, beste bat hamar aldiz eta beste bat behin gertatu dela. Ikuskera-mordo handi bat gertaera berean biltzean une batez, gertaera hau indartu eta finkatu egiten dute gure irudimenean, sinestea deitzen diogun sentipena sortzen dute eta haren objektuari lehentasuna ematen diote kontrako objektuaren gainetik, zeina ez dagoen esperimentu-kopuru berdinak eutsia eta ez den ere pentsamenera hain maiz azaltzen iragana etorkizuneratzean. Saia bedi nornahi gogoaren eragiketa hau hartutako edozein filosofi sistematatik esplikatzen eta ikusiko du nolako zailtasuna dakarren. Nire aldetik, aski izango dela uste dut aipu hauek filosofoen jakinmina kinatzen badute eta jabearazten badiete ohizko teoriak zein erkinak diren hain gai bitxi eta gurenak jorratzean.