Orrialde:AxularGero.djvu/26

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Beztitu zukeien, etxedun egin zukeien. Ordea etzuen hala ibeni nahi izatu. Eta zergatik ez? Alfer etzegoen amoreakgatik. Eta San Anbrosiok dioen bezala, errezibitu duen adimendua enplega dezangatik. Soli autem homini, ut rationale quod accepit exerceat, vitae cursus in labore praescribitur (Ambros. in praefat. in Levit). Zeren baldin orai, gauza guztiak hain nekez eta hanbat gostarik, erdiesten ditugularik, hain nagi eta alfer bagara; zer geneidike, nahi dugun guztia, nahi bezala eskuen artean bagendu? Deus falta ezpalitzaiku? Erran genezake Ebanjelioko aberats hark bezala: Anima, habes multa bona, posita in annos plurimos, requiesce, comede, bibe, epulare (Lc. 12). Dezagun ian eta edan; dezagun pausa eta atsegin har; zeren berdin eztugu deusen eskasik, eztugu egun hautan eskean ibiltzeko perilik.

Erraiten du Aristotelek, on dela, alferkeriaren herritik khentzeko, eta desterratzeko: eta herrien ere bere erregeren edo bertzeren kontra iaikitzetik begiratzeko, zenbait obra handiren hastea, zenbait dorreren edo gazteluren egitea, eta hetan iendearen enplegatzea (Arist. lib. 5 Politic. cap. 11). Nola ageri baita Ejiptoko Piramidetan, zein eragin baitzituen er-