Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/16

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Europa iparraldeko ongizate erregimenak (sozial-demokratak ere izendatuak) ez dira gutxieneko biziraupen neurritan oinarritzen eta eskubideak era unibertsalean eman izan dituzte, hau da, merkatuarekiko erlazioa ez da ezinbestekoa bizitza duina izateko (hala ere, hori geroz eta zailagoa da azken urteetan bizi dugun pribatizazio prozesu neoliberala dela-eta). Ongizate erregimen liberalak kontrakoa dira. Estatua (erakunde publikoak) txikia izan ohi da eta lan merkatuarekiko harremanaren araberako bizitza dute herritarrek. Egungo sistema politiko-ekonomikoan oso zaila da bizitza duina izatea lan merkatutik kanpo (eta lan merkatuak ere ez du ziurtatzen), erakunde publikoek ez badituzte eskubideak unibertsalki bermatzen; lan estatusaren araberakoak baitira normalean eskubideak. Estatu liberaletan desmerkantilizazioa oso txikia da, hortaz, ongizate gutxien eskaintzen duten erregimenak dira, eta desfamiliarizazioari dagokionez, diru nahikoa duten emakumeek bakarrik desfamiliarizatu daitezke baldin eta merkantilizazioaren estrategia erabiltzen badute (adibidez, emakumeek lan ez ordaindua egiteari uzten diote norbait kontratatu badezakete). Azkenik, erregimen kontserbadore eta mediterranearrak liberalenak baino merkantilizazio zertxobait txikiagoa dute eta familiarizazio handiagoa. Hau da, hierarkia tradizionalak mantentzearen aldekoak dira, estatua ez da liberaletan bezain txikia eta korporatismoaren logika jarraitu izan ohi dute, liberaletan ez bezala (Esping-Andersen, 1999). Hortaz, eskubideak lan estatusari lotuak daude baina estatua handiagoa da eta familiarekiko, hau da, emakumeen lan ez ordainduarekiko dependentzia handiagoa dago ongizatea lortzeko. Herrialde kontserbadoreak/korporatibistak eta mediterranearrak katolikoak (katolikoagoak) izan ohi dira, liberalak eta iparraldekoak baino komunitarioagoak (onerako eta txarrerako) eta egitura politikoei dagokionez, sexistagoak, emakumeek egiten duten lan ez ordaindua askoz handiagoa baita beste bi erregimenetan baino. Hortaz, liberalak baino desmerkantilizazio handiagoa dute baina familiarizazio handiagoa.

Ongizate Estatuek, modu eta intentsitate desberdinetan bada ere emakumeek musutruk egiten zituzten zenbait lanen ardura hartu dutenez, emakumeen bizitzetan transformazio handiagoa eragiten dute gizonengan baino. Gainera, ongizate Estatuen lau tipologien konparaketekin ikusten da dimentsio honetan horietako bakoitzak emakumeekiko ondorio diferentzialak dituztela eta gizonekiko orokorrean ez. Hau da, ongizate Estatu sozialdemokratek, desfamiliarizaziorako politiken bitartez, emakumeek doako lanetan denbora gutxiago jardutea eragiten dute. Gainera, erregimen liberalean ez bezala, desfamiliarizazioa pribatizazioaren bidez gauzatu ordez ongizate Estatuak lan publikoaren bitartez eragin izan du, hau da, desfamiliarizazioa merkantilizatzen du hein handi batean baina ez nahita nahiez prekarizatu (esan moduan, geroz eta prekarioagoa da merkantilizazio oro Europan). Andersenek orobat erakusten digu Europa iparraldeko ongizate erregimenek (sozial-demokratek) askoz gehiago boteretzen dituztela emakumeak, erregimen mediterranearrek (Espainiak, Italiak, Greziak), kontserbadoreek (Alemaniak, Frantziak) eta (neo)liberalek (Erresuma Batuak, Estatu Batuek) baino. Bestela esanda, hiru erregimen-mota horietan, egiturazko sexismoa handiagoa da, eta, emakumeen aldean, gizonak boteretuago daude gizonak boteretuago daude (hau da, kapital ekonomiko, sozial eta sinboliko handiagoa dute): hala, hiru erregimen horien demokratizazio-maila txikiagoa da (Esping-Andersen, 1999: 66). Europa iparraldeko estatuek bakarrik hartzen dituzte emakumeen desfamiliarizazioa sustatzeko neurri esplizituak, eta, hortaz, emakumeen jabekuntza eta berdintasuna hauspotu. Europa iparraldeko erregimenek dauzkate, besteen aldean, estatu handienak, instituzio eta