Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/33

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

gainbeherarekin) harreman handia dauka. Eta hau ez da, ordea, emakumezkoen artean gertatu.

Borjaren arabera (2013), 2008-2012 aldian, enpresa kopurua (lantegiak, tailerrak, bulegoak...) % 10,2 jaitsi zen (18.773 enpresa gutxiago). EAEn egoitza nagusia duten enpresen ehunekoa % 97,7 da oraindik. Hala ere, industria sektorearen aberastasuna (BPG industriala) jaitsi egin zen 16.532 milioi eurotik 14.565 milioi eurora, eta enpleguari dagokionez, 240.728 langiletik 194.927 langilera jaitsi zen (45.801 lanpostu gutxiago). Aldi horretan, zerbitzuen sektorean sortutako aberastasunak gora egin zuen, BPGaren % 56,5etik % 61,6ra, eta enpleguaren % 69,2 zegokion sektore horri (ikus Goikoetxea, 2017b, zerbitzuetan oinarritutako egitura ekonomikoen ondorioak aztertzeko).

Nolanahi ere, ikusteke dago krisi osteko “susperraldi” ekonomikoaren testuinguruan genero desoreken portaera aurrerantzean. Uste dugu, berriro ere genero desorekak handituko direla, esku artean ditugun beste datu batzuk kontuan hartuta (Ikus 5. Grafikoa).

Gizonezkoen artean bezala, emakumezkoen jarduera maila handiena 25-34 eta 35-44 urteko belaunaldietan ematen da. Baina jarduera mailaren gaineko genero desoreka handia da ere 35 urtetik gorakoen artean, eta erretiro adinetik zenbat eta gertuago egon, orduan eta handiagoa da. Horrela, 55-64 urte bitarteko belaunaldian genero desoreka 14,3 puntukoa da.