Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/34

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

55-64 urte bitarteko belaunaldian egun dagoen genero desorekari garrantzia kendu gabe (14,3 puntukoa), genero desoreka hori 32 puntukoa zen 2000 urtean, eta 24,1 puntukoa 2010 urtean. Hau da, 2011 urtetik aurrera, krisi ekonomikoaren ondorioak etxeko ekonomian nabarmenak izaten hasi zirenean, batez ere emakumezkoak izan dira laneratutakoak, eta ondorioz, genero desoreka hau gutxitzen joan da urtetik urtera lan ordainduaren eremuan. Fenomeno hau oso presente dago ere 45-54 urteko belaunaldian, eta maila apalago batean, 35-44 urte bitartekoen artean. Isabel Otxoa, Asociación Trabajadoras del hogar (ATH-ELE) Etxeko Langileen Elkartea: Krisia baino lehenago, gizonek zaintza lanetan emakumeek baino askozaz ere gehiago irabazten zuten, aldea ikaragarria zen. Ondoren gizonei ere soldatak jaitsi zizkieten eta kapital sinbolikoa nahiz auto-estimua ere jaitsi zen.

Genero desorekak, kapital ekonomikoari dagokionez, gutxitu dira baina errealitateari neurria hartzeko datu bat: egun 35 eta 54 urte bitarteko inaktiboen ia hiru laurdenak (%71,8) emakumezkoak dira. Krisi osteko ufada ekonomiko berriarekin emakumezkoen proportzioaren gutxitzea eten egin da, hurrengo grafikoak erakusten duen bezala.