Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/35

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Laburrean, belaunaldi guztietan gizonezkoen jarduera tasa emakumezkoena baino garrantzitsuagoa da. Esan bezala, erretiro adinetik zenbat eta gertuago egon orduan eta genero desoreka handiagoa da aktibitate tasan, demografikoki zaharkituriko gizarte batean, gainera. Hipotesi ariketa batean, EAEko emakumezkoen artean gizonezkoen jarduera tasa emango balitz, 2017 urtean 119.000 bat emakumezko gehiagok lan egingo lukete (edo 16-64 adineko 63.000 emakumezko).

Kapital kulturalari dagokionez, azken urteotako laneratzeko zailtasunek formazioan sakontzeko joera indartu dute, eta ildo horretan, krisi ekonomikoaren epealdian 34 urtetik beherakoen jarduera tasa apaldu egin da, bai gizon zein emakumeen artean. Horrek bi ondorio ditu gutxienez: batetik, EAEko 30-34 urte bitarteko gazteen formazio mailak Europako handienetakoa izaten jarraitzen du (krisi aurreko aroan bezala), nabarmenki emakumezkoen artean; bestetik, norbanakoen autonomia ekonomikoa eskuratzea adinean atzeratu egin da (horrek dituen ondorio guztiekin, ugalkortasunean esaterako).