Orrialde:Garoa (1912).pdf/168

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Beor ta moxal errukarriak, galbidearen aurrean elkarturik, arpegiz arpegi lagun guztiak batera jarrita, etsaiari atzekoaldea erakutsiaz, gogor egin zioten noski ostikoka, bada atzetik zituzten beren zauriak, eta gañera, otso ta beor-oñatzez, pitsez, korotzez ta odolez naspillatutako lokatz-uztai zabala zegoan Arteagako bizkarrean.
Uraxe zan nunbait gau artako guda-enparantza. Antxen izandu zan, jan bearrak eta bizinaiak ematen duan indar ta adorez abere basatiak egin zuten borroka errimea.
Jan bearrak eta bizinaiak askotan darabilzki esetsaldietan abereak... eta gizonak. Eta noiznai oidira otsoak eta otsotarrak nagusi.
Egun orretan, Urbiako artzai danak artalde ta beortegiak aurretik zituztela, beren etxe ta neguko ellorretara jetxi ziran. Gertatu zana gertatu ezkero, ezin zitezkean mendian egon.
Etzan bada-ezpadakoa baserrietara eraman zuten poza. Bai ba: gizasemea edonun edozerk aspertzen du, luzaroko gauzetan badabil, ondo ibillita ere. Gizasemeak arpegi alaia jartzen dio gauza berriari