Orrialde:Garoa (1912).pdf/34

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

tza urrengo, urdai azpikoa gero, ta sagar erreak edo gaztai zati bat azkenean, sagardoaren laguntasunarekin Etziran oraindik Zabaletara eldu gaurko baserrietan izaten diran arrautzopil, aragizerra, tripaki gozo ta beste orrelako. Ana Joseparen iritziz, geiegizkeriak. Gauza oiek eta geiago auzoko edo erbestekoak ziranean; etxekoentzat naikoa zan artoa ta babea, ugari eman ezkero.
Ta egiaz Zabaletako mutillak etzuten geiagoren bearrik, betetze on bat eginda bereala, bata or ta emen bestea, lo kuliska bat egiteko asmoetan, zugatz azpian etzaten ziranean. Laster asko entzuten zuan aitak, pipa erretzen zegoala, eltxoen zunburrunarekin batean, semien lo-zurrunga lodia, ta baita laster deitu ere lengo lanbideari jarraitzera. Lasterregi, semien ustez.
Kentzen zuten orduan aiek, astiro astiro, buruko estalkia, nagiak botatzen zituzten, zorroztzen zituzten dranga dranga aingura gañean, itaien aoak, jaikitzen ziran noizbait gizonok, eta berriren berriz asten ziran beren lanean; ez asi bakarrik, asi ta ekin, ekin ta jarraitu, aurrera ta aurrera beti, ez goizean baizen alai ta adoretsu;