Orrialde:Garoa (1912).pdf/40

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

berea basoa Lan gogorrean bizi izanagatik artara oitua ta berez gogotsua zalako, etzeukan ogi gabe gelditzeko bildurrik. Pedro Antonek esaten zuanez, Andre Ana Josepak bazeukan urre mordoxkaren bat norbaiti emanda ere, edo non edo non ondo gordeta.
Pedro Anton etxeko morroi zar maitea zuten, etxeko seme bezela. Etzan ezagun Zabaletan zein zan seme ta zein morroi. Mai baten jaten zuten guztiak, guztiak berdin lo egin, danak egun osoan lanean jardun, danak berdin samarrean jantzi ta bear zan orduan alkarri lagundu. Etxe artan zarrenak ziran nagusi, ta beste danak anaiarreba kristau paketsu ta zorionekoak.
Gurutzearen itzalpean zegoan Zabaleta baserria. An zeukaten gurutzea, sarrerako ate gañean, egiazko anaitasuna erakusten. Eztegu nai ukatu an ere bazirala argaltasun ta griña batzuek. Non ez? Baña Jaunaren legea zan Zabaletako argaltasunen sendatzalle ta griña gaiztoen lokarri, euskal basetxe geienetan bezela.
¡A! ¿Zer izango litzake gure baserrietan Jaunaren legeko esi biguna urratuko balitz?