Orrialde:Garoa (1912).pdf/62

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Azkenez, «orain dirua eman da kito» —esanaz— sartu zuan bularrean eskua, atera zuan sudur-zapi urdin zimur bat, pelota bezala biribildua, askatu zizkion korapilloak, jarri zuan kutxa gañean, eta agertu ziran urre gorri zarrak: ogei ontzako, amar eun errealeko, bost larogeiko ta berrogeiko bat. Estutu zan gizadizko esia kutxaren jiran. Danak ikusi ta ukutu bear zituzten urreak. Mari Batistak banan banan eskuetan artu, bat edo bat buruko illean igortzi, besteren bat arri gañean jo, iru edo lau aldiz zenbatetu ta lengo sudur-zapian berriz lotu bitartean, etziran, aldemenekoak ixildu:
—Lenago ere naikoa igortzi artuak daude.
—Onak dira, bai. Asko bageunzka...
—Ederrak. Gure astoaren arranak baño soñu obea dute.
—Zenbat ardo edan leiteke diru oiekin!
Ana Josepak amaitu zuan ainbeste lan eman zion arloa, jarri zan Bitoriatik ekarritako eserleku baten, erabilli zituan inguru guztian bere begi nabarrak, atsegiñez, zer deritzozue? galdetuko balu bezela, ta gero, buruko zapia askatu, belarrondoko illetxoak beatzakin jaso ta lotu