Edukira joan

Orrialde:Kresala (1906).djvu/16

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

I

EKATŠA

Ipargoiko aizea, geiagoko barik, bat batera ta guztizko aserre amorratuan sartu zan Arranondoko erritxoan. Bakean da geldirik egozan kale bazterretako paper, zotz, zakar, lasto, buruko ule ta maluta galdu guztiak, arrastaka ta bira-biraka ibilli ta gero, egazti biurtu gura baillirean, jaso ebazan aize orrek etxien buruak baño askozaz gorago; zabalik egozan ate ta leio danak, jo au ta bultza bestea, itxi zituan danbadaka egundokorik ariñen, kristal edo leiarkien erruki bage; etxe gañetan ondo lotu barik egozan tella zarrak eta tellatuen egaletako arriak zatitu ziran lipar batean kalekoen kontra, ta euren bizilekuetatik urten da asi ziran emakumeak eta errian egozan gizon banakak itxas aurrera egiñaletan.

—Ai ene, gure txalopak! —ziñoan atso gerri lodi, gonamotz, esku zikindun batek, ondo lotu barik eukan buruko zapiaren atzeko txistana dindilizka, oin bat orpozik eta bestean abarketa