eieban orduan Artoberok —Saguzarrari Don Julian asmau eideutsie.
Eztedilla, bada, iñor miraritu izen gaizto asko ipinten ditudalako: izengaizto guztiak, Arranondon, egiazko bakarrak dira.
Ta onenbestegaz, goazen etenda itxi dogun neure zeregiñaren aria orapildutera.
Sardinzarren txalopakoak Getarian sartu zirean, da ondo zainduu egozan, guztiz ondo.
Ikusi eztabenak eztaki zelan artu oidituen, edozein erritan, euskal lurrean bada erri ori, itxasoagaz guda ezbardin ikaragarrian ibillita gero legorrera datozen arrantzale anaiak.
Legorretik ia ondatuan ikusi diran gizonok eurenez badatoz erri batera, an idoroten ditue legorrekoak, bakotxak bere etxera arrantzale nekatuok eruan naian, batak salda beroa, besteak Santandertik ekarritako kaña gorria, onek jaka lodi bat, arek oe zuri garbia ta urliak su eder galanta eskeñiaz, danak etxean dauken guztia emon guran, daukena baño geiago nai leukiela, anai beartsuai guztia emoteko.
Sarrera txarra badago errira ta nunbaiteko arrantzaleak sartu ezinda badabiltz, legorrekuok, izugarrizko azartasunik andienagaz, eriotzaren atzamarretatik gizon batzuen bizitzea kendu ta irabazteko asmo leñargitsuagaz indartuta, urteten deutsie txalopetan itxas bidera; euren buruak galtzeko zori txarrean doiazala igarri edo gogoratu barik, sartuten dira itxas barrura, etxeak añako baga zuri sendoen artetik, ekiñaren ekiñez,