Edukira joan

Orrialde:Kresala (1906).djvu/50

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

ten dira beti erriko jai nagusirako) orduan izaten da euren eguna.

Arranondotarrak, mendi gañean, errira begira daukie, erriaren zaintzallea data, Ama Mariaren irudi eder bat, baseliza polit politean ondo gordeta. Guztiz da maitegarria ta oso dabie maite arrantzaleak: bera da euren artizarra, euren itxaropen, argi ta poza, euren biotzeko Ama Kutuna. Ama orren jaia da Arranondoko egunik andiena, ta egun orretarako, lurbirearen azkenengo mugarrietatik bada be, ta naiz zerbait irabazteko ereti bat galdu, arranondotar guztiak inguratuten dira euren errian.

Ikustekoa egoten da orduantxe Arranondo. Iri edo kaleak garbi, etxeak zuri, suburuak ketan, gizon da emakumeak dituen soñekorik onenak jantzita; erbestetarren batzuk baselizaruntz, Antiguako Andre Mariari eskintzeko argizariak eskuetan daroezala; Mendaroko edo Ispasterko opil-gozo saltzalleak enparantzan, elizondoan edo gizategirik geien dabillen irietan jarrita, balotzara zabalak aurrean dituela; ta erriko neskato mutikoak, adurra dariuela ta otzaretako gozoak begiakaz jaten, euren ortz da agiñen zindotasuna erakusteko txanpon zarren baten jabe ezpadira.

Amar-amarretan, kanpaiak dilin dolon atsegintsuan da zotz-egalariak, goietara igonda, tipi-tapaka asten diranean, urteten dabie abade guztiak baselizaruntz urre-zidarrezko jantzirik ederrenakaz apainduta, Ave maris stella gozoro erestuten; abadien aurretik, errenkada bikotx nai-