atzetik joaten jakoz irudimena, burua ta biotza; zarrak ezteutsie jaramonik egiten; jolasa baño ardao ona gurago dabie; lagun artean egoteagaitik askotan dakie jolasaren deadar zoro barregarriari entzungor egiten; gazteak, bero ta sutsu, jolasaren atzetik oidabiltz; zarrak, aren bada-ezpadako kiñuari lepoa emon edo erakutsi oi dautsie geienetan.
Luze iritxi eutsen Mañasik be amabietatik eta iru ta erdietako bitarteari Arranondoko Andre Mariaren jai egunean. Etzan Mañasi buru ariña; etzan ibilkaria; maratza zan, ganoraduna, zentzun andikoa; baña gaztea, ta gazteak, landako jolas aizearen durundia belarrira jatorkonean, barruko urduritasunen bat edo arimako irakite bizi gozoren bat izaten dau ta ezin deiteke orduan geldirik egon.
Bazkarraldoak zituen etxean, da areiri begira astiune azitxoa galdu eban, da gero, etxetik urten baño lenago, ontziak jaso gura, eskaratza txukundu nai; uleai ikututxu bat emon, eskuak ondo garbitu ta jantzi barria ipiñi bear, da onetan da orretan luzatu egiñ jakon. Bere zeregiñetan ebillen artean, esku bustiak amantalpean gordeta edo erratza bazter batean itxirik, amarren bat bidar atara eban leiotik burua. Bein tanboliña beko kalean alboradea joten egoala, beste bein kanpaiak bezperetara deiez ziarduela; gero, aurreko etxean erbestekoa baebiela norbait; ostera, kalean zear eioala urlia, betekada ederra egin ondorean... dapa beti leiora, ta auzora begirada-