ezta inolako auzolanik ere, ez sentimendurik, ez oroipenik. Soildua eta, aldi berean, babestua zen bizitza eskaintzen zitzaien, aldirietako geltoki hutseko itxarongela bezalako bizitza, gela biluzia, grisa, epela, berogailu beltza erdialdean eta egurrezko aulkiak pareten luzera osoan.
Eta pozik zeuden, lekua gustatzen zitzaien, ia-ia etxean bezala sentitzen ziren, harreman onak zituzten atezain andrearekin, esne-saltzaile andrearekin; garestiena ez zen auzuneko tindategi arduratsuenera eramaten zituzten jantziak.
Ez ziren behin ere saiatzen euren garaiko jokoetako landazabala gogora ekartzen, ez ziren behin ere saiatzen hazi ziren herriaren kolorea eta usaina berriro aurkitzen, ez zuten behin ere ikusten beraiengan sortzen, auzuneko kaleetan ibiltzen zirenean, denda handietako erakusleihoei begiratzen zietenean, atari aurretik pasatzen zirenean eta modu onez atezaina agurtzen zutenean, ez zuten behin ere ikusten beraien gogoan nabarmendua bizitzaz blai egindako irudirik, edo etxarte bateko galtzadarri bizi eta ferekatzailerik, edo haurtzaroan esertzen ziren eskala bateko harmaila leunik.
Noizean behin, etxeko eskaileran «goiko