Edukira joan

Orrialde:Tropismoak nathalie sarraute.djvu/34

Wikitekatik
Orri hau balidatu da

emeki mugitzen zuen batuta, ballet irakaslea izango bailitzan. Hor, hor, hor, dantza egiten zuten, jira eta bira egiten zuten, gogo pixka batez, adimen apur batez, nahi gabe bezala baina, atsekabe lezakeen eremu debekatura inoiz pasa gabe baina.

«Eta zergatik? Eta zergatik? Eta zergatik?» Tira ba! Aurrera! A, ez, ez da hori! Atzera! Atzera! Baina bai, tonu alaiaz, bai, berriro, emeki, oin punttaz, txantxa eta ironia. Bai, bai, saiatzea badago, badoa. Eta orain, latzak irudi zitezkeen egiak esaten ausartzeko era xaloa, berataz arduratzeko, hark horixe maitatzen baitzuen, bera zirikatzeko, joko hori maitatzen zuen. Hor, kasu! emeki, emeki, gero eta arriskutsuagoa, baina badago saiatzea, agian kitzikagarria deritzo, dibertigarria, probokagarria. Orain istorio bat da, eskandalu baten istorioa, ezagutzen dituen pertsonen barru-barruko bizitzarena, euren etxean harrera egiten diotenena eta bera estimuan dutenena. Hori interesatuko zaio, normalean hori gustatzen zaio... Ez ba! Oi! Erokeria zen, ez zaio interesatzen edo ez zaio gustatu: bat-batean betozko jarri da, hau beldurra!, keinu txarrez errieta egitera doakie, purrrustari, zitalgarria den zerbait esango die, jabe daitezen (ez dakite nolaz) haien