sabelkoi, gozakor eta gogotsu. Haien ezerk ez zion alde egin behar: margolan aretoak, agertzen ziren liburu guztiak... Hori dena ezagutzen zuen. «Urtekari»-ekin zen hasia, orain Gide-runtz lerratzen zen, berehala oharren hartzerat joango zen, begi biziz eta gutiziatsuz, «Egiaren aldeko Batasun»-era.
Horretan guztian zehar paseatzen zen, leku guztietan usnatzen zuen, atzazal karratuko atzamarrez dena altxatzen zuen; axaletik horretaz hitz egiten zen momentutik, haren begirada argitzen zen, lepoa irrikaz luzatzen zuen.
Haiek esanezinezko nazka sentitzen zuten. Ezkutatu hori —bizkor— hark usnatu baino lehen, zokoratu, haren ukitze zitalgarritik kendu... Baina berak huts egin arazten zien, dena ezagutzen zuen eta. Ezin zitzaion Chartres-ko katedrala ezkutarazi. Hartaz dena zekien. Péguy-k zer pentsatzen zuen irakurria zuen.
Zoko sekretuenetan, hoberen gainzurituriko altxorretan, haren hatz gogotsuz miaka aritzen zen. «Intelektualtasun» guztia. Hura behar zuen. Harentzat. Harentzat, orain gauzen benetako prezioa bazekien eta. Behar zuen intelektualtasuna.