Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/18

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

mugimendu batenaren hurbilekoak liratekeen ezaugarriak geureganatuz;

  • alde batetik, afiliazio-aukera eskainiz pertsona orori, baldin Ezker Abertzalearen proiektu politikoarekin ados badago eta funtzionamendu kolektiboaren oinarrizko joko-araua onartzen badu - hau da, kolektiboki hartutako erabakiekiko norbanakoaren atxikimendua - ; eta, beste alde batetik, partaidetza- eta ekarpenbideak eskainiz, proiektua bera eta aipaturiko joko-araua onartu arren, hala ere Sortun militatu nahi ez duten edo ezin duten pertsona guztiei ere.

Subjektu independentista-eraldatzailearen artikulazioa

  1. Sortuk artikulatu eta dinamizatu egin behar du emantzipazioaren subjektua, hots, euskal herritargoa bera, eta, bereziki, herritargo horren sektore ezeukienak (langabetuak, langile prekarioak, autonomoak, ikasleak, kooperatibistak, klase ertain soldatapekoak…), horiek baitira euskal estatu burujabe, erabat demokratiko, berdinzale eta sozialki justu batean benetan interesaturik egon daitezkeenak.
  2. Horretarako, lehen urrats gisa, Sortuk antolatu egin behar ditu, gaur egungo errealitatea (menperakuntza franko-espainiarra eta kapitalista) errotik eraldatzearren, beren burua lanabes politiko erakundetu batez hornitu nahi duten pertsona guztiak. Eta erreferente politiko bihurtu beharra du, maila nazionalean eta sozialean, gauzen egoera aldatu gura duten pertsona guztientzat, zeinahi delarik ere horietako bakoitzak borrokan diharduen lubakia (instituzioak, herri-mugimendua, mugimendu sindikala, gazte-mugimendua…).
  3. Nolanahi ere, Sortu beharrezkoa da, baina ez bere horretan aski adinakoa, independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokaren garaipena bermatzeko. Horregatik, Sortuk aliantzak egin beharko ditu bien-bitarteko maila edo jokaleku ertain horiek berak erdiestearren interesaturik egon daitezkeen beste zenbait indar eta sektorerekin.
  4. Izan ere, estatu espainiarrari eta frantsesari nahiz neoliberalismoari aurre egiteko gai liratekeen gehiengo sozialen artikulazioak Fronte Zabal edo Fronte Sozial Independentista bat eratzea beharresten du, bai erakundeetan bai kalean prozesu independentista-eraldatzaile bat lideratzeko gai izango litzatekeena. Fronte horrek, Sorturen iritziz, indar politikoak ez ezik, indar sozialak eta sindikalak ere bildu beharko lituzke bere baitan.
  5. Zentzu honetan, eta etorkizuneko Fronte Zabal horren ernamuina izan litekeen neurrian, EH Bildu eta EH Bai garatzen eta indartzen laguntzeari deritzo Sortuk bere